Gorkak jada urte dezente zeramatzan lanean Euskal Herritik kanpo, eta gogoan dut nola saiatu zen biltzarrean parte hartzen ari ginenongana gerturatzen. Bertatik agurtu eta ezagutu nahi gintuen; hemen, ikasketa literarioen arloan, landu berriak ziren gaiak eta arazoak hurbiletik jakiteko, bere burua egunean jartzeko asmoz. Norbaitek elkarri aurkeztu gintuen. Hura izan zen gure arteko lehen harremana.
Renora bueltatu eta, urtebete geroago edo, 1988an, Gorka Euskal Herrira itzuli zen, behin betiko, Mertxe emaztea eta Iker semetxoarekin. Kongon (Katanga), Frantzian (Château-Thierry / Paris) eta USAn egindako ibilbide luzea itxi eta Deustuko Unibertsitateko irakasle bihurtu zen. Garai bertsuan, biltzarraren ondorioz eta Juan Mari Lekuonaren ekimenez, Euskaltzaindian, literaturaren azterketaz arduratuko zen LIB batzordeari eman zitzaion hasiera. Pixkanaka, taldea Euskal Herriko unibertsitateetako irakaslez osatuz joan zen. Han egin genuen topo berriro Gorkak eta biok, beste lankide askorekin batera. Bion arteko ezagutza, sostengua eta kidetasuna, talde horren itzalpean gorpuztu da.
Gainerako taldekideek bezala, nik ere Gorkaren bizialdiko gorabeherak berak kontatuta jakin izan ditut. Bileretako atseden tarteetan, lan eta eguraste bidaietan edo paseo lasaietan, Gorkak oparoki hitz egin izan du bere bizitzaz: pasadizoak eta peripeziak, arriskugarriak ere tarteko; eliza eta gizarte agintariekin izandako gorabeherak; kultura munduko harremanak; gizarte konpromisoak; irakurketak, eztabaidak, bidaiak, kirol zaletasunak… Gorka kontalari iaioa, ahozko kontalari trebea eta atsegina izan da. Azken unera arte iraun dion memoria harrigarriz hornitua, gertalekuak, elkarrizketak eta pertsonen izaerak, baita aspaldikoak ere, gogoan berreskuratu eta xehetasunez azaldu izan dizkigu. Oroitzeko gaitasunarekin batera, jardun luzerako egokitasuna: kontaketaren hariari heldu, handik eta hemendik tiratu, garatu, hariz aldatu, hasierakoari berriro ekin… hari sare joria ehunduz. Ezinbesteko errepika barkagarriak eta guzti, Gorkaren solasa gure arteko elkartze askoren suspergarria izan da maiz. Zergatik ez zuen oroitzapenak idatziz biltzen iradoki izan zaionean, ez dio proposamenari jarraitu nahi izan. Tamalez, bizi-artxibo aberats hori harekin joan da.
Izan ere, Gorka pertsona irekia izan da, burura eta bihotzera zetorkiona kanporatzen zuena. Jendekina, aise sartzen zen harremanean: agurtzera gerturatu ‒”Itxoin pixka bat, halako agurtu behar dut”‒, galdetu, interesatu, maila berean jardun. Tankera guztietako jendearekin. Horrez gainera, adeitsua, umore onekoa, zorrozki eta zintzoki puntuala. Besteen dohainak eta merituak aitortzen eta besteen arrakastaz poza hartzen jakin izan du. Lagunei leiala, baita hildakoei ere: “Goazen. Juan Mariren hilobiari bisita bat egin nahi nioke”. Eta Amaiurtik bueltan, Oiartzungo kanposantura, Lekuona bihotzean. Askorentzat maitagarria izan da.
Gorkari bizipoza zerion poro guztietatik. Baikorra izatez, pozik bizi izan da. Baita azken hilabeteetan ere. “Zoriontsu naiz” errepikatu du maiz. Ez zirudien heriotzaren hurbiltasunak harengan eraginik zuenik. Epe laburrerako proiektuak izan ditu amaiera arte: “San Joanetarako…”, “Irailean nahi nuke…”. Etsipena, tristura, melankolia, arrotz izan zaizkio. Behin ere ez burumakur. “Aurrera! Beti aurrera!” izan du goiburutzat, lanean, nahigabeetan, eta abertzaletasunean. Eta bileren ondoko despedidan, agur esaterakoan: “Hurrengora arte! Eutsi goiari!”. Bizitzaz gozatu du: familia, lagunak, lanbideak, proiektuak, idazlanak, bidaiak, jatetxeetako eguneko menu goxoak eta, nabarmenki, itsasoa. Itsasoa izan da Gorkaren elementu naturala, amnioseko likidoa. Itsasoaren altzoan lurrean baino erosoago moldatu da. Itsasoaren aurrean plantatu, so egin, eta gizona liluratuta; berdin urak bare edo harrotuta egon. Ondarroa, Bakio, Donostia, Zarautz… Tarte luzeko igerilari trebea. Kontxan, badia zeharkatzea izan du gustukoa, eta goizeko bainuko arnas bizigarria.
Bizipoza eta energia, etenik gabeko lanean erakutsiak. Jarraikitasunez eta kemenez aritu da euskal literatura eta literatura unibertsala estudiatzen eta aztertzen. Osatutako bibliografia lekuko: sei bat liburu; artikulu eta liburu kritika ugari aldizkarietan (World Literature Today, Muga, Sancho el Sabio…) eta Euskaltzaindiaren argitalpenetan; EHUko “Esperientzia Gelak” Programan eskola emateko apunte landuak. Euskal literaturaren arloan, bertsolaritza eta euskal idazle zenbaitzuen estudio biografiko-literario argiak eta zabalak landu ditu: idazle garaikideak, baina, batez ere, arreta gerra ondoko eta erbesteratutako idazleengan jarriz. Literatura unibertsalean, berriz, maila handiko idazle askoren irakurle saiatua izanik, horien estudio biografiko-literarioak ere osatu ditu. Aipatutako Programan eskola emateko itxaropenari eutsiz, azken hilabeteetan, estudio horiekin moldatutako bilduma historiko-literarioari azken ukituak ematen ahalegindu da: 35 kapituluetan, VIII. mendetik (Chanson de Roland) XX. mendera arteko (Isak Dinesen, Marguerite Duras…) gertaera historiko giltzarriak eta mugarri literario batzuk uztartu ditu, tartean, Dante, Montaigne, Shakespeare, Cervantes, Hugo, Poe, Baudelaire eta beste zenbait aztertuz.
Gorka hiru kontinentetan bizi izan da, sasoiko, betetasunez. Mundualdia amaitu zaio. Kontinente berri batera aldatu da? Bizirik, beste izate bateko bizitzan, ote dirau? Sinetsi izan du. Izan du esperantza. Menturazko kontinente misteriotsu horretatik, Lauaxetak, “Lur barri bilatzaile (…), Odiseo berri gara (…), pioner gazte gara (…). Aurrera, aurrerantza!”. Lauaxetarekin batera, Gorkak ere, “Aurrera! Beti aurrera!”.
Gure gogoan eta bihotzean, behintzat, iraungo du."
Karlos Otegi (euskaltzain urgazlea)