Honela dio Andres Urrutia euskaltzainburuak liburuaren atarikoan: “Liburu honetan ez da bilatu behar edukia soil-soilik, zaharkitu izan daitekeena urteen poderioz, baizik eta euskara eder, jori, erraz hori nekazaritza kontuak irakasteko. Eta horrekin batera, esan gabe doa, belaunaldi baten historia, Ipar Euskal Herriko Euskaldun Gazteriaren historia, hautu jakin bat egin zuena euskararen alde eta hizkuntzaren mesederako”.
Zer nolako liburua da Adrien Gachiteguyren hau?
HENRI DUHAU: Gauza oso arraroa dugu eskuetan. Oroz gainetik, erran nezake, euskaldungoaren alde egin balentria bikain baten gisara hartzen dugula gaur. Bestalde, badakigu kaleraturiko denboran ez zuela merezitako arrakastarik izan.
1963an argitaratu zen liburua, baina ez zen basamortuan ondu, ezta?
H.D.: Ez eiki, ezen denbora hartan gaitzeko giro berritzailea piztua baitzen Ipar Euskal Herrian, kolore guzietako jendea bildurik. Kristauak gehienak, baina baita zenbait agnostiko ere tartean. Beneditarrak izan ziren mugimendu horren ardatz eta sustatzaile, bai euskara mailan, bai ekonomia alorrean, Euskal Herria bera ahantzi gabe. Lan hau euskaldungoaren alde egin balentria bikain baten gisara hartzen dugu gaur egun.
Euskaldun Gazteria mugimendu abertzalea ere bete-betean zegoen garai hartan.
H.D.: Baliteke irakurle bat edo bertze harritzea Euskaldun Gazteriari liburuan ematen diogun tokiarekin. Alta, liburu honen denborako ingurumenaren erakustea, doi bat bederen, baitezpadakoa iruditu zaigu.
Hastetik erran dugu mugimendu gaitza piztua zela Ipar Euskal Herrian, eta Euskaldun Gazteria olde horren erdi-erdian zebilen. Gainerat, asko zor diot elkarte horri, hor ikasi bainuen dena: jendetasuna, euskaraz idaztea eta Euskal Herriari ohartzea ere bai.
Elizak ere eragin handia zuen euskalgintzan, eta argiro ikusten da hori liburuan.
H.D.: Eragin handia zuen orduko Euskal Herrian, bai, eta Euskaldun Gazteriarekin batera euskal militante sortzaile ikusiko dugu. Bertzeak bertze, ongi ezagutu ditudan eta Gachiteguyren lagunak ziren gure omonier orokorrak, Piarres Charritton eta Jean Hiriart-Urruty euskal aro berri horren argitzaile eta itxaropen pizle suharrak izan ziren.
Hala ere, laikoak ere omentzen dira lan honetan.
H.D.: Eliztarrak ez ezik, hiru laiko ere omendu ditugu liburuan, hirurak zenduak: Jean Errecart, senataria, laborantza berrikuntzen aitzindaria; René Ospital, aihertarra; eta Jean Pitrau, atharraztarra.
LABORANTZA MODERNOA IRAKATSI, EUSKARAZ
Liburua idatzi zuenean, zein izan zen egilearen nahia edo helburua?
H.D.: Gachiteguyk laborantza modernoa nahi zuen irakatsi, euskaraz, eraginkorra baitzitzaion, horixe baitzen euskarak orduan zuen arazorik larrienetakoa: lanbideen euskalduntzea industrian, komertzioan, halaber laborantzan. Gachiteguyk eta Aguerre bere laguntzaileak sekulako lanak izan zituzten hiztegi teknikoarekin tresna eta molde berri haien euskaratzeko, noiztenka frantsesez utzi behar izateraino!
Finean, Gachiteguy-k bildua zuen jakintza zabala ahalik eta osoen transmititu nahi zuen entzule, ikasle edo irakurleari, hurbiltasuna erakutsiz, baikor eta maitekiro jokatuz.
1960tik goiti laborantzak iraultza bizi izan zuen Ipar Euskal Herrian. Hori ere lantzen da liburuan.
H.D.: Bai, 1960etik goiti laborantza ofizioa aldatu baitzen, bertze lan sektoreetan aldakuntza handiak bideratu zituzten bezala, baina daukat laborantzak zuela egiazko iraultza egin. Ez zen haatik goxo-goxoa bera egin: usaia errotuak ere hor ziren, eta sekulako borrokak izan dira gazte berritzaileen eta kontserbadoreen artean. Irakur La Révolution silencieuse, Michel Debatissen liburu arrakastatsua.
Eta zer gertatu zen iraultza horrekin?
H.D.: Iraultza gehienetan gertatzen dena: urrunegi joan zirela batzuk, lurra higatzen eta ingurumena hondatu zutela. Lurrari eta ingurumenari egin desmasia horiek mugimendu berri bat eragin zuten joan den mendearen hondar horretan. Eta, Euskaldun Gazteriakoak lehenak izanen ziren, hemen, laborantza hondatzaile horretako gehiegikeriak salatzeko, bertze aro berri bat sortuz egundainokotan, haize gogorren kontra haatik: jendearen onerako litzatekeen laborantza behar dugula oihukatuz, gure ama-lurra errespetatuko lukeena.
LIBURU ‘ARRAROA’
Liburu arraroa dela aipatu zenuen iaz, Sarako Biltzarrean eginiko aurkezpenean.
H.D.: Eta ez ote da ohargarria ere bi apezek lan bat egitea ekonomia sailean, erlijiorik aipatu gabe nehun?
Gachiteguy apaizak lan honetan darabilen hizkuntza ere azpimarratu duzu sarritan. Zer nolako idazkera dauka egileak?
H.D.: Kasik mintzatua bezalakoa. Ederra, zuzena.
Idazle aparta bai, baina maisu ona ere bazela esan zenuen agerpenean.
H.D.: Gachiteguyren ikasle egona naiz Garron (Lekorne), 1956tik 1959ra. Liburua berriz irakurri arau, errazki gogoratu zaizkit berriz, 60 urteren buruan izanik ere, atzokoak balira bezala, haren boz, kar eta bertute paregabeak. Bertze irakasle bihirik mendratu gabe —denak maila handikoak baikenituen— hura izan zen ohargarriena: bakarra izan baitzen ikastaldiak euskaraz eman zizkiguna; ideiak argi zituen, ahoskera bat paregabea eta bizidunarentzat maitasun bat neurrigabea.
Hiztegia gehitu diozue liburuari...
H.D.: Bai, gaurko gure gazte erdi-hiritartuei laguntzeko asmoz.