Liburuaren aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Xabier Arauzo Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Mikel Zalbide euskaltzain osoa.
Agerpenean, azken hamarkadetan Euskal Herriko Unibertsitatean euskarak eman dituen urratsak aletu ziren, aitzindarien ahaleginak gogoratuz. Orain dela mende erdia Bilboko Unibertsitatea sortu zen eta haren baitan Zientzia Fakultatea; gero, aldaketa sakon batzuen ostean, gaurko Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultate bilakatu zen. Urte horietan guztietan, euskarak urrats asko egin ditu normalizazio bidean. Unibertsitatea erdalduna zen sasoi hartan. “Orduko jende askori, gainera, ez zitzaion burutik ere pasatzen unibertsitate mailan euskaraz jardun zitekeenik”, gogoratu zuten egileek liburuaren agerraldian.
Horrela, liburuak egileen lekukotasunetik abiatu eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean euskara nola txertatu zen kontatzen du. Irakasleek atzera begiratu eta aldi bakoitzeko giroa ekarri dute gogora, zientzia eta teknologia euskaraz bizi daitekeela beti sinetsi duten bi pertsonen lumaren bidez. “Korrontearen kontra egiten genuela sentitzen genuen, bai unibertsitatean, bai gizartean, askok ez zuten uste zientzia euskaraz irakats zitekeenik. Ia hutsetik hasi behar izan genuen: euskaraz sortutako zientzia liburuak irakurri, nazioarteko komunitate zientifikoaren arauak xurgatu eta orduan zeuden euskarazko hiztegiak erabili genituen”, gogorarazi du Jacinto Iturbek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika irakasleak, 1986an UPV/EHUko Euskararako lehen errektoreorde izan zenak.
70eko hamarkadan egindako lanaren uzta jasotzeko unea heldu zen, eta 1979ko urrian euskarazko lehen ikasgaiak eskaini zituen Fakultateak. Hala, Matematika, Fisika, Kimika, Biologia eta Geologia euskaraz jaso zituzten 42 ikaslek. Jesus Mari Txurrukak oso gogoan ditu urte haiek: “Ezjakintasunaren ausardiarekin abiatu genuen ikasturtea, baina argi genuen egitasmo hura guk eraman behar genuela aurrera. Alabaina, gure esfortzua baino gehiago, Fakultatean euskaraz hasi ziren 42 ikasle haien balentria azpimarratuko nuke. 1979an etxeko euskararekin heldu ziren, ordura arteko ikasketa guztiak gazteleraz egin ondoren”.