Euskaltzaindiaren Euskera agerkari akademiko-zientifikoak ehun urte bete ditu aurten, eta eraberrituta agertzen da orain Akademiaren webgunean (https://www.euskaltzaindia.eus/euskera).
Oso-osorik digitalizatu da Euskera; zenbaki guztiak PDF formatuan jaitsi daitezke, baita artikulu solteak ere; artikuluei laburpen-oharrak gehitu zaizkie; bilatzaile bizkorra jarri zaio... Halaber, artikuluak bidaltzeko prozedura edo inprimaki jakin bat ezarri da, ikertzaileei lanak bidaltzeko bidea erraztuta.
Euskerak izan duen etenik gabeko eraldaketan, beste pausu bat baino ez da oraingo hau, azken urteetan indexatu edo homologatu egin baita agerkaria, ebaluatzaileak jarri dira, prozedura estandarizatu, zuzenketa linguistikoa egiteko HIZBEA zerbitzua sortu da...
Baina, zer da Euskera eta zein leku bete du Euskaltzaindian?
Batetik, argitalpen akademiko bat da Euskera, euskararekin lotutako ikerketak eta antzekoak plazaratzen dituena, bereziki Hizkuntzalaritza eta Filologia esparrukoak, eta, inoiz, euskal kulturari lotutakoak ere bai.
Bestetik, erakundearen berripaper edo agerkari ofiziala da, eta Akademiaren bilkura eta erabakien berri Euskera-ren bidez ematen ditu Euskaltzaindiak, beste edozein erakundek bezala.
Bikoiztasun hori sorreratik datxekio agerkariari eta bere izaeraren ezaugarri nagusia da. Azken hamarkadan (2009ko berriztapenetik aurrera), beste urrats bat egin da eta bi eratako zenbakiak kaleratzen dira Euskeran: bizitza akademikoa jasotzen dutenak (2016tik soilik formatu digitalean, webgunean) eta ikerketa artikuluak biltzen dituztenak. Finean, Euskera da Euskaltzaindiaren bizitza akademikoaren eta ikerlanen ispilurik zintzoena.
EHUN URTETAKO JARDUNA
Laburbiltzeko, esan daiteke hiru aro nagusi bizi izan dituela Euskerak. Lehena 1919tik 1979ra doana litzateke. 1919an, Pierre Lhande euskaltzaina izan zen Euskera abiatzeko eskaria jaso zuena, eta hari zor zaio lehen zenbakian agertzen den euskaltzain guztien zerrenda, erakundearen organigrama, euskaltzain oso bakoitzaren curriculum xehea eta lehen hildakoen (Txomin Agirre eta Pierre Broussain) hilberri-txosten laburrak.
Gerra Zibilak eta frankismoak erabateko etena ekarri zioten Euskerari, eta 1953ra arte ez zuen jaso berriz publikatzeko baimena. Baina hiruzpalau urtetan zailtasun handiak izan zituen argitaratzeko; 1956tik aurrera, ordea, agerkaria arrunt argitaratzen hasi zen, gero eta sendoago. Batez ere, Euskeraren lehen sendotze hori 1968tik aurrera gertatu zen (bitxikeria bezala aipatu behar da 1968an egin zen Arantzazuko Biltzarraren aktak ere agerkarian jasota daudela).
Bigarren aroak 1980tik 2008ra bitarteko tartea hartzen du. 1980. urtetik aurrera antzematen da jauzia aldizkariaren kudeaketan, aurrekoa ez bezalako sendotze bat, bai alde materialean, bai akademikoan. Ikerketa artikulu akademikoei gagozkiela, sendotzea dago (aro horretan, orotara 2.830 artikulu argitaratu ziren).
Hirugarren aroa 2009an abiatu zen. Alde materialetik aldaketa bat egon zen diseinu orokorrean, eta agerkariaren bikoiztasuna sakondu zen, bizitza akademikoa eta ikerketa artikuluak bereiziz (lehena soilik formatu digitalean argitaratzen da 2016tik aurrera).
Gainera, azken urteetan indexatu (homologatu) egin da Euskera, ebaluatzaileak jarri dira, prozedura estandarizatu, zuzenketa linguistikoa egiteko HIZBEA zerbitzua sortu da... Eta, ikerketari dagokionez, agerkaria honako zerrenda eta datu-baseetan aurki daiteke: Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren katalogoan; Akademiaren webgunean; Latindex katalogoan; Inguma datu-basean; ISOC datu-basean; Linguistic Bibliography datu-basean; eta Dialnet datu-basean. Horrezaz gainera, kalitate adierazleak ere eskuratu ditu Euskerak azken urteotan (CIRC-eko C maila; MIARen 8.0). Beraz, eduki guztien digitalizazioa etenbako eraberritze horren azken ahalegina baino ez da.
SARRERAK, ARTIKULUAK ETA EGILEAK
Une honetan, Euskeran argitaratu diren itemak edo sarrerak (batzar-agiriak, artikuluak, arauak, albisteak...) 5.000tik gora dira, tartean batzar-agiriak (1.000 inguru), arauak, gomendioak, irizpenak eta antzekoak (600etik gora), adierazpen instituzionalak, gutun ofizialak eta antzekoak (100etik gora), euskaltzainen hilberri-txostenak (240tik gora), hitzarmenak, albisteak eta abar (100etik gora), eta, nola ez, artikulu akademikoak eta antzekoak (2.000tik gora).
Euskaltzain guztiak ageri dira Euskeran, hor jasotzen baita Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa oso-osorik. Bertan idatzi dute, besteak beste, R. M. Azkuek, Jon Etxaidek, Manuel Lekuonak, Henri Gavelek, Gerhard Bähr-ek, Luis Villasantek, Jean Haritschelharrek, Alfonso Irigoienek, Karl Boudak, Juan San Martinek, Jose Maria Satrustegik edo Piarres Lafittek.