Auspoa bilduman hiru sail bereiz daitezke. Lehena eta ugariena, Auspoa liburutegia deitua; arrunki Auspoa bildumarekin identifikatzen da eta 2006ra arte 302 zenbaki argitaratu zituen. Horretaz gain, bada beste bilduma laburrago bat: Auspoa liburutegi nagusia deitua, 12 zenbaki atera dituena. Eta, azkenik, hirugarren saila: izenik eta zenbakirik gabea, zortzi liburuz osatua. Antonio Zavalaren gidaritzak ematen die liburu guztiei batasuna.
Hasieran, Auspoan mota aski desberdinetako liburuak argitaratu ziren: bertsoak, antzerki herrikoiak, nobelak, itzulpenak, ipuinak... Baina, urteen poderioz, bertsoak eta bertsolariei buruzko liburuak nagusitu ziren; eta gero, azkenean, oroipen-liburuak eta biografiak, bertso-liburuekin batera.
Artxibo honetan, Auspoa bilduman 2006ra arte plazaratutako liburu guzti-guztiak dituzu zerrendatuak. Liburu bakoitzeko PDF artxibo bat sortu da, OCR aplikazioaz hornitua. Beraz, testu-bilaketak egin daitezke, nahiz eta emaitzak ez diren erabat zehatzak; izan ere, OCR aplikazioak oraindik ez du horrelako kalitate-mailarik eskaintzen.