1995ean eman zuen Euskaltzaindiak 36. araua (Frantziako Errepublikako eskualde, departamendu eta hiriburuen izenak). Handik 10 urtera, 2006an, eguneratu egin zuen, izen ofizialetan izandako aldaketak jasotzeko; bide batez, zerrendak aurkezteko modua ere aldatu zen, erabilgarriagoa izan zedin.
2016ko urtarrilaren lehenaz geroztik indarrean dago Frantziako Errepublikan banaketa administratibo berria, eta aldaketa nabarmenak izan dira, batez ere eskualdeetan: 27 eskualde ziren 2016 arte, eta 18 dira orain. Adibidez, Ipar Euskal Herri osoa Akitania izeneko eskualdean zegoen ordura arte. Gaur egun, berriz, lehengo Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak eskualde berri batean elkartuta daude, eta eskualde horren izena Akitania Berria da.
Irizpideak finkatzea
Eguneratzeaz gainera, aldaketa eta doikuntza batzuk egin dira, arauaren barne‑kohesioa ziurtatzeko eta toponimiako gainerako arauekiko koherentzia zaintzeko.Irizpide hauek erabili dira doikuntzak egiteko:
1- Araututa dauden Rodano, Loira, Marne, Saona, Mosela eta Sena ibai-izenak, Alpeak mendi-izena, Mantxa itsasgunea eta Proventza eskualde-izena hala erabiltzea eskualde edo departamendu baten izenaren parte direnean, inguruko hizkuntzetan egiten den bezala.
2- Eskualdearen edo departamenduaren izendapena osatzen duen sintagman, toponimoari laguntzen dioten lexiko arrunteko gainerako osagaiak euskaratzea, inguruko hizkuntzetan egiten den bezala. Adibidez:
- Puntu kardinalekiko erreferentziak (hala nola lehendik arautuak dauden Hego Korsikaedo Ekialdeko Pirinioak).
- Tamainari edo altitudeari buruzko adjektiboak (hala nola lehendik arautuak dauden Korsika Garaia edo Normandia Beherea).
- Kokapen geografikoari buruzko erreferentzia ematen duten osagaiak: adjektiboak edo toponimoarekin hitz-elkartea osatzen duten izenak (hala nola lehendik arautuak dauden Pirinio Atlantikoak edo Itsas Alpeak).
- Bi ibai-izenez osatutako departamenduen izenak —frantsesez A-et-B egitura dute, A eta B ibai-izenak izanik— euskaraz A eta B moldean ematea (adibidez, Lot eta Garona, Maine eta Loira, Eure eta Loir).
Irizpideak aplikatzearen ondorioz egindako aldaketak
Irizpide horiek aplikatu dira eskualde berrien izenen euskarazko ordainak emateko. Eta irizpide horien arabera egokitu dira lehendik emandako departamenduen izenak. Horrenbestez, 1995ean emandako departamendu-izenetan aldaketa hauek gertatu dira irizpideak aplikatzearen ondorioz:
Eure eta Loir (lehen, Eure-et-Loir), Ille eta Vilaine (lehen, Ille-et-Vilaine), Indre eta Loira (lehen, Indre-et-Loire),Itsas Charente (lehen, Charente-Maritime), Itsas Sena (lehen, Seine‑Maritime), Loira (lehen, Loire), Loira Atlantikoa (lehen, Loire-Atlantique), Loira Garaia (lehen, Haute-Loire),Loir eta Cher (lehen, Loir‑et‑Cher), Lot eta Garona (lehen, Lot-et-Garona),Maine eta Loira (lehen, Maine-et-Loire), Mantxa(lehen,Manche), Marne Garaia (lehen, Haute-Marne), Marne Harana (lehen, Val-de-Marne), Meurthe eta Mosela (lehen, Meurthe-et-Moselle), Mosa (lehen, Meuse), Mosela (lehen, Moselle), Oise Harana (lehen, Val-d’Oise), Proventza Garaiko Alpeak (lehen, Alpes-de-Haute-Provence), Rhin Beherea (lehen, Bas-Rhin),Rhin Garaia (lehen, Haut-Rhin), Rodano (lehen, Rhône), Rodanoren Ahoak (lehen, Bouches-du-Rhône), Saona eta Loira (lehen, Saône-et-Loire), Saona Garaia (lehen, Haute-Saône), Sena eta Marne (lehen, Seine-et-Marne), Sena Saint-Denis (lehen, Seine-Saint-Denis), Senako Gainak (lehen, Hauts‑de-Seine), Vienne Garaia (lehen, Haute-Vienne), Vosgeak(lehen, Vosges).
Era berean, honela geratu dira Frantziako metropoliko eskualdeen izenak:
Akitania Berria, Auvernia-Rodano-Alpeak, Borgoina - Franche-Comté, Bretainia, Ekialde Handia, Erdialdea - Loira Harana, Frantzia Garaia, Île-de-France, Korsika, Loirerria, Normandia, Okzitania, eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina.