Aurten, ‘Tradiziozko kantu ikastaroa’ antolatu du Aiko taldeak Euskaltzaindiarekin lankidetzan. “Euskal kantuaren gizarteratzearen alde, zabaltzearen alde eta demokratizatzearen alde” agertzen dira Aiko taldeko kideak, eta antolatu duten ikastaroen osagarri modura, k@ntari egitaraua gehitu diote.
Zer da k@ntari? Hilean behin, ikasturtean zehar, tradiziozko kantuan adituak diren kideak gonbidatuko dituzte, saio bat eurekin partekatzeko. “Bertan, kantuaren inguruko iritziak, bizipenak, kantuak, kontuak, doinuak eta pasadizoak partekatzeko gunea sortu nahi dugu”, aurreratu dute Aikokoek. “Gonbidatu batzuk musika tresnez lagundurik agertuko zaizkigu –azpimarratu dute-, eta agian tresna horien inguruan ere arituko dira: panderoa, rabela, koilarak, akordeoia...”
Non egingo dira tailer berezi hauek? Bilboko Euskaltzaindiak duen egoitzan (Plaza Barria, 15). Noiz? Ostiralero, urriaren 26tik aurrera. Ordua? 19:00etan. Matrikula? 20 euro ekitaldi bakoitzeko.
Hona hemen, hilez hileko egitaraua:
- Urriaren 26a: Xabier Berasaluze ‘Leturia’
- Azaroaren 9a: Thierry Biscary
- Abenduaren 28a: Joseba Tapia
- Urtarrila: Gonzalo Perez Trascasa / Yesca taldea
- Otsaila: Vanesa Muela
- Martxoa: Maddi Oihenart
- Apirila: Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida
- Maiatza: Benito Lertxundi