1919an sortu zen Euskaltzaindiaren Biblioteka, eta 1978an Azkue Biblioteka izena eman zitzaion, lehen euskaltzainburuaren omenez. 2011. urtetik, Azkue Biblioteka eta Artxiboa zerbitzua deitzen da, hain zuzen, Akademiak hasiera-hasieratik bere ondarea euskal gizartearen eskura jartzeko duen gogoaren eta borondatearen erakusgarri.
Azkue Bibliotekaren funtsak Euskal Herriari buruzkoak dira, zentzu zabalean, haren bihotza beti euskara dela. Bilboko egoitza nagusian dago Azkue Biblioteka, eta astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, 09:00etatik 14:00ak arte.
Dena den, Akademiaren egoitza nagusira hurbildu barik ere kontsulta daiteke Bibliotekako katalogoa.
Orain, gainera, erakusketa birtuala estreinatu du Euskaltzaindiak, bere katalogoko sei liburu nabarmenduz. Etorkizunean, liburu berriak gehituko zaizkio erakusketa birtualari.
Erakusketa birtualaren helburu orokorra Euskaltzaindiaren ondarea agertu eta ezagutaraztea litzateke, hots, Akademiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa zerbitzua ezagutzera ematea, Euskaltzaindiak gordetzen dituen ale esanguratsu batzuen eskutik.
Momentuz, sei liburu aukeratu dira: Joanes Leizarragaren (1571) Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (Rochellan argitaratua, 1571n); Silvain Pouvreau-ren (1665) (Combattimento spirituale) Gudu espirituala/ Siluain Pouureau apezac escaraz emana (Parisen argitaratua, 1665ean); Manuel Larramendiren (1728) De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones, y ventajas sobre otras muchas lenguas (Salamancan argitaratua, 1728an) eta El impossible vencido: arte de la lengua bascongada (Salamancan argitaratua, 1729an); Humboldten eta Unamunoren (1889 - Reiseskizzen aus Biscaya) Bocetos de un viaje a través del País Vasco (Guillermo de Humboldt; Miguel de Unamunok itzuli eta idatzi zion hitzaurrea, / 'Euskal-Erria: revista bascongada', 1889); Joakin Lizarragaren (1846) Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac (Donostian argitaratua, 1846an); eta Frai Bartolome de Santa Teresaren (1816) Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba (Iruñean inprimatua, 1816an).
Azkue Biblioteka eta Artxibo Zerbitzuaren oinarrizko datu batzuk:
- Biblioteka 1919an sortu zen, akademiarekin batera.
- 1978an izen berezi bat eman zitzaion, 'Azkue Biblioteka'.
- 2011tik aurrera Azkue Biblioteka eta Artxiboa zerbitzua deitzen da.
- Azkue Biblioteka eta Artxiboko burua eta Bibliotekaria: Andres Urrutia.
- Azkue Biblioteka eta Artxiboko arduraduna: Pruden Gartzia.
- Azkue Bibliotekaren funtsak Euskal Herriari buruzkoak dira, zentzu zabalean, eta haren ardatz nagusia beti da euskara.
- Kopuru batzuk: 56.000 monografia eta 2.089 aldizkari.
- Jendearentzako ordutegia: astelehenetik ostiralera (09:00 - 14:00).
Euskaltzaindiak erakusketa birtual bat estreinatu du Azkue Bibliotekako ondarea agerian jartzeko eta ezagutarazteko
Oraingoz, sei libururen ezaugarri eta bitxikeriak izango dira lehen eskaintza.
https://azkuebiblioteka.euskaltzaindia.eus helbidean dago ikusgai erakusketa birtuala, berariaz diseinatu den banner batean.
Azkue Bibliotekaren funtsak Euskal Herriari buruzkoak dira, zentzu zabalean, haren bihotza beti euskara dela. Bilboko egoitza nagusian dago Azkue Biblioteka, eta astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, 09:00etatik 14:00ak arte.
Idatzi iruzkina