2014ko azaroan, Olaso Dorrea Fundazioak Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII (Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. Mendeetan) lana aurkeztu zuen, Juan Madariaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak idatzitako liburua. Euskal Herri osoa kontuan hartzen saiatzen da ikertzailea eta eskuartean dagoen iturri eta bibliografia ahalik eta osoena erabiltzen du gizartearen azterketa sozio-historikoa egiteko, hizkuntzaren ikuspuntutik.
Liburuak interesa piztu eta bere bidea egin zuen. Kaleratu eta hilabete gutxira agortu egin zen, eta, harrezkero, lana berrargitaratzeko hainbat eskari jaso dira. Horiek guztiak eta lanak duen garrantzi historikoa aintzat harturik, Euskaltzaindiak bigarren argitaraldi bat egin du.
XVII. eta XVIII. mendeetako estruktura soziala
Hamahiru zatitan banatuta dago liburua; zati gehienek aski estruktura finkoa dute. Bere ikergaiari buruzko iturri garrantzitsuenak zeintzuk diren zehaztu ondoren, XVII. eta XVIII. mendeetako estruktura soziala zehaztu du Juan Madariagak eta, zehaztapen horiek dira liburuaren zutabe.
Hamar interesgune zehaztu ditu autoreak (instituzioak, eliza, hezkuntza etab.), eta interesgune bakoitzari kapitulu bana eskaini dio. Azken kapitulua, aldiz, berezia da: euskararen eta euskaldunen geografia eta demografia aztertzen ditu bertan autoreak. Aukeratutako gizarte-alor bakoitzeko (administrazioa, eliza, hezkuntza etab.), hiru lan egin ditu autoreak: 1) alorrari buruz interesgarriak diren aipuak jaso; 2) euskaraz dauden iturriak jaso; 3) iturriek euskararen egoerari buruz ematen duten informazioa jaso. Lan hori guztia eginda, gizarte-alor bakoitzari buruzko aurkezpena egin du Juan Madariagak bere liburuan.
Eliza, hezkuntza, osasuna...
Bere lanaren esparrua eta metodologia aurkeztu ondoren, bigarren kapituluarekin lanaren mamian sartzen da egilea: euskararen historia sozialean sartzen gara bete-betean. Atalburu honetan euskararen presentzia instituzio administratibo jakinetan lantzen du autoreak. Historia soziala izanik, kasu guztietan testuinguru soziala xeheki deskribatzen du Madariagak, hiztunen eta hizkuntzen kokapen soziala zehaztu ahal izateko.
Hirugarren kapituluan, elizaren esparrua jorratzen du Juan Madariagak. Pastoralgintzaren hizkuntzari buruzko posizio ofiziala aztertu ondoren, apaizen hizkuntza-gaitasunari buruzko informazioa aurkezten du.
Laugarren kapituluan hezkuntza-alorreko hizkuntza-erabilera nolakoa zen aztertzen da. Euskarazko eta erdarazko hezkuntza aurkeztu ondoren, euskararen erabilera baztertzeko erabili ziren zigorrak aurkezten dira batetik eta, kapitulua bukatzeko, hezkuntzarekin lotutako bi erakunde garrantzitsuren azterketa egiten da: Jesusen konpainiarena alde batetik eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-ena bestetik.
Bosgarren kapitulua, osasunaren alorraren ingurukoa da. Kapitulua laburra da: gizartearen beraren hizkuntza-gaitasunari eta eguneroko hizkuntzari buruzko informazioa ematen digu atal honek.
Seigarren kapitulua hizkuntza-bitartekariei eskainita dago. Euskal Herriaren hizkuntza-egoera diglosikoa zen: hainbat esparru geografikotan nagusiki euskaldun zen gizartea alde batetik, baina administrazioak eta gainontzeko instituzioek erdaraz egiten zuten lan. Gauzak horrela izanik, hizkuntza-bitartekari batzuk behar izaten ziren, erdaraz erabakitakoa euskaldun hutsei helarazteko.
Zazpigarren kapituluan, hiztunen hizkuntza-gaitasunean eragiten duten hiru aldagai aztertzen ditu Juan Madariagak: generoa, maila sozio-profesionala eta bizitokia. Zortzigarren kapituluan, literaturaz aparteko testuetan euskararen testigantza idatzia zer-nolakoa izana den jasotzen saiatzen da autorea. Horren barruan sartzen dira, adibidez, euskaraz idatzitako gutunak batetik, erdaraz idatzitako gutunetan euskaraz agertzen diren esaldiak eta esamoldeak, bestetik.
Bederatzigarren kapituluan, hizkuntza guztiei aitortzen zaizkien bi ezaugarri nagusi aztertzen dira: ezaugarri pragmatikoa (komunikatzeko ahalmenarekin lotutako aldea) batetik; ezaugarri sinbolikoa (hori da hizkuntzak identitatea osatzeko duen funtzioa), bestetik. Hamargarren eta hamaikagarren kapituluak, bereziki, Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako historiari lotuta daude. Alde batetik, inkisizioaren sorginkeria epaiketatik zein ondorio linguistiko atera daitekeen aztertzen du Juan Madariagak. Bestetik, euskaldunen historia sozialean hain garrantzitsua den bertsolaritzaren fenomenoa analizatzen du.
Hamabigarren kapituluan euskararen hedapen geografikoa eta euskaldunen demografia zehazten saiatzen da Madariaga, kopuru zehatzak proposatuz. Hasteko, lurralde historiko bakoitzari atal bat eskaintzen dio eta hegoaldeari buruzko XIX. mendearen hasierako datuak ematen ditu. Ondoren Euskal Herriko egoera linguistikoaren hainbat testigantza biltzen ditu: okzitanieraren presentzia Euskal Herrian aurkezten du eta euskaldunen hizkuntzari buruzko testigantzak jasotzen ditu, Euskal Herritik kanpoko bidaiarien ikuspuntutik bereziki. Bere lana bukatzeko, hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran eragina zuten aldagaiak zehazten ditu, euskararen bilakaeran eragina izan zituzten faktoreak zerrendatuz (faktore sozialak, politiko-estrukturalak, ekonomikoak etab.). Hori guztia kontuan izanik euskaldunen ehunekoak eta kopuruak zeintzuk izan zitezkeen proposatzen du.