'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa' liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak Sarako 35. Biltzarrean
Apirilak 2 dituela, Pazko astelehenez, lan berri bat aurkeztuko du Euskaltzaindiak Sarako Idazleen Biltzarrean. 2016ko azaroan, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak Baionan egindako Jagon jardunaldiko txostenak biltzen ditu lan honek.
12:00etan da hitzordua eta prentsaurrekoan parte hartuko dute Xarles Videgain euskaltzainburuordeak eta Jean-Baptiste Coyos Akademiako Jagon sailburuak.
Bestelako lanak ere izango dira Euskaltzaindiaren erakusmahaian. Besteak beste, Esteve Materraren Do(c)trina Christiana (1617) liburuaren edizio kritikoa eta Iñaki Caminoren Amiküzeko (h)euskara ikerlana.
Egitarau zabala izango du aurtengo aldiak, eta Sarako Biltzarrean izango da, baita ere, Txomin Peillen euskaltzaina. Jose Anjel Irigaraik gidatutako mahai-inguruan parte hartuko du, Eric Dicharry eta Eneko Bidegainekin batera. Ondoren, Koldo Zuazo euskaltzain urgazleari omenaldia egingo dio Sarako Udalak, herriko saria emanez.