Gaur, Donostian egin den Osoko bilkuran jakin izan denez, Miriam Urkia, Karmele Jaio eta Roberto Gonzalez de Viñaspre izango dira Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituen hutsarteak betetzeko proposatutako hautagaiak. Gaur bertan amaitu da 2017ko azaroan sortu ziren hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea, eta, Akademiaren arautegiaren eta barne-erregelen arabera, otsaileko Osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako dira bi euskaltzain oso berriak.
Azaroaren 24an, Donostian egindako Osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zituen Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak. Gogoratu behar da emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek.
Patxi Uribarren euskaltzain emerituaren lekua betetzeko hautagaiak:
Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970), kazetari, idazle eta euskaltzain urgazlea da. Kazetaritzaren arloan, hainbat komunikabidetan egin du lan eta zenbait komunikazio bulegoetako buru izan da. Egun, Emakundeko komunikazio arduraduna da. Literaturaren arloan, 2004an argitaratu zuen lehen liburua, Hamabost zauri (Elkar) ipuin bilduma, eta ordutik beste bi ipuin liburu -Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012), bi nobela -Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2009)-, eta poesia liburu bat -Orain hilak ditugu (Elkar, 2015)-, argitaratu ditu. Hainbat sari jaso ditu eta bere lanak zinerako eta antzerkirako moldatuak izan dira.
Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961). Bilbotarra jaiotzez, Araban -Trebiñun- bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa da, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatua 2015ean, eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkari eta Onomastika batzordearen buruorde 2017ko ekainaz geroztik. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa.
Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren lekua betetzeko hautagaia:
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965) Euskal Filologiako doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2007tik.
Omenaldia Fernandorena, Minaberry, Charritton eta Mujikari
Euskaltzaindiak Ageriko bilkura egin du gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta 2017. urtean hil ziren euskaltzainak omendu ditu. Mahaiburuan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria egon da, eta, ekitaldian zehar musika izan dute lagun hizlariek (tarteka, Joxan Goikoetxeak lau pieza jo ditu -Artze eta Minaberryren hitzekin eginiko kantak-, Josune Marin kantariak lagunduta).
Ondoko hilberri txostenak irakurri dira, gaur, Aldundiko Iargi Aretoan:
- • Hiazinto Fernandorena Setien (1930-2017) euskaltzain urgazlearena (Patxi Zabaleta euskaltzain osoak eta J. Iñaki Etxezaharretak irakurri dute).
- • Marie Jeanne Minaberry (1926-2017) ohorezko euskaltzainarena (Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak irakurri du).
- • Piarres Charritton (1921-2017) euskaltzain emerituarena (Txomin Peillen euskaltzain emerituak irakurri du Jean Louis Davantek idatzitako testua).
- • Luis Mari Mujika (1939-2017) euskaltzain urgazlearena (Paulo Iztuetak irakurrik du).