Miguel Javier Urmeneta eta Jose Antonio Loidi gomutan, 'Euskera 2016' aldizkari digitalean
Euskaltzaindiak bere web orrian jarri du Euskera 2016, 61,1 zenbakia. Zenbaki honek Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu.
Orain arte paperean argitaratu bada ere, hemendik aurrera, soilik sarean jarriko da.
2016ko zenbakian, ohiko atalez gain, Miguel Javier Urmeneta eta Jose Antonio Loidiren jaiotza-mendeurrenaren karietara antolaturiko ekitaldien berri ematen da.
Halaber, Euskararen biziberritzearen erronkei buruz eta Ipar Euskal Herrian hizkuntzak bizi duen egoera lantzeko egin ziren jardunaldien albiste ematen da. Tartean, Kike Amonarrizen eta Josu Waliñoren ekarpenak jaso ditu argitalpen berriak (Amonarrizen 'Berrikasi eta berrikusi. Euskaltzaleok batzen gaituena garrantzitsuagoa delako' eta Waliñoren 'Euskara eta Internet: zortzigarren lurraldea konkistatzen').