2008tik, Bilboko Udala eta Euskaltzaindia elkarrekin ari dira lanean hirian euskararen erabilera indartu eta bultzatzeko. Asmo horri jarraituz, euskararen alde bateratsu lan egiteko konpromisoa berretsi dute gaur erakunde biek. Honela, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmen berria sinatu dute euskararen erabilera soziala indartzeko, bai, baina hizkuntzaren kalitatea zaintzeko ere bai.
Hartara, erakunde biek luzatu dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena. Akordio berriaren bidez, kultur jarduerak, euskarazko ikastaroak eta euskararen aldeko hitzaldi eta erakusketak antolatzeko konpromisoa hartzen du Akademiak. Bere aldetik, Udalak (Euskara eta Hezkuntza Sailaren bitartez) 35.500 euroko urteko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari, besteak beste, hirian euskal literaturaren ikaskuntza sakona bultzatzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzaren arloko aholkularitza ziurtatzeko.
Akordio hau euskara sustatzeko Udalak duen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea. "Azken helburu honetan funtsezko eginkizuna du Euskaltzaindiak, hizkuntzaren normalizaziorako beharrezkoa den estandarizazioa zaintzeko eta euskarak arlo guztietan bizirik iraun dezan, hain zuzen", esan du Juan Mari Aburto alkateak, gaur egindako ekitaldian. "Sinadura honekin Euskaltzaindiarekin ditugun lokarriak estutzen ditugu, helburu jakin baten mesedetan: Bilbon euskara bultzatzea eta zaintzea", aitortu du alkateak, eta hortik gora jo du bere adierazpenetan: "Bilbok eta euskarak elkarren eskutik joan behar dute, gure azken helburua Bilbo euskaldunago bat lortzea baita. Eta urteotan urrats esanguratsuak egin ditugu zentzu honetan: euskararen aholku batzordea eratu dugu, lan batzordeak egin ditugu euskaltegiekin, elkarteekin, hedabide eta gizarte eragileekin. Euskara zenbait esparrutan bultzatu dugu, merkataritzan, aisialdian, hezkuntzan, teknologia berrietan... Baina, hala ere, badakigu hau dena ez dela nahikoa, eta horregatik eskatzen diogu laguntza Euskaltzaindiari, euskara gizarteratzen jarraitzeko".
Eta ideia honekin tematu da Aburto bere berbalditxoan: "Bilboko kaleetan euskaraz erosi nahi dut, kafe bat hartzera noanean euskaraz erantzun diezadatela nahi dut, eta kobratu ere euskaraz kobratzea nahiko nuke, Internet euskaraz erabili... Eta, horretarako, lanean jarraitu behar dugu egunean-egunean, gure hizkuntza zaindu eta erabiltzeko".
"AKADEMIA ETORKIZUNARI BEGIRA DAGO"
Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da, gaur, alboan izan dituela Akademiako beste ordezkari batzuk ere (berarekin egon dira Xabier Kintana idazkaria, Erramun Osa idazkariordea, Joseba Zabaleta kudeatzailea eta Adolfo Arejita Zuzendaritzako kide eta Iker sailburua). Urrutiak gogoratu du Akademiak Bilborekin betidanik izan duen lotura estua (sorreratik, hirian egon da bere egoitza nagusia), bertatik "zabaldu baitu bere lana Euskal Herri osora", eta berretsi du euskal gizartearekin Akademiak duen konpromisoa, hots, "euskara zaindu, ikertu eta hedatzearena, sekula santan ahaztu ez ditugun helburuak eta beti aurrera eramaten ahalegindu garenak, garai erraz zein latzetan".
Horregatik, Akademia "etorkizunera begira" dagoela esan du euskaltzainburuak: "Etorkizunari begiratzen dio Bilboko Udalarekin sinatu dugun akordio berri honek, baina iragana ahaztu gabe. 2018-2019 bitartean ospatuko dugu gure mendeurrena, eta hor ehun urtetan eginikoaren testigantza emango dugu. Tartean, Bilbon bertan argitaratu zen euskarazko lehen aldizkari zientifikoarena, hau da, 'Euskera' aldizkariarena, 1920an kaleratu zena".
"Gure eginkizunerako ezinbestekoa da Bilboko Udalaren laguntza eta konplizitatea izatea, eta badakigu konplizitate hori badugula, eta Udalak jakin behar du, baita, baduela gurea, hiriko beste eragileekin batera, bion artean aurrera eraman dezakegulako euskara eta euskal kulturaren sustatzea Bizkaiko hiriburuan".
(Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia, akordio berria sinatzen)
Hona hemen sinatutako hizarmenak biltzen dituen akordioak, banan-banan:
-Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntza eta aholkua emango dizkio, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.
-Bilbok euskararekin izan duen lotura estua eta denboraren joanean bilbotarrek euskarari erakutsi dioten atxikimendua gizarteratzeko asmoz, Bilborekin lotura izan duten pertsona esanguratsuen lanak edota bibliografiak argitaratzeko ahalegina egingo du Euskaltzaindiak.
-Bilbok euskararen indarberritzean duen garrantzia kontuan hartuz, udazkenean, euskararen eta euskal kulturaren zabalkundearekin lotura duten hitzaldiak, kantaldiak, erakusketak, kultur-ekintzak eta abar antolatuko ditu.
-Bere egoitzako zerbitzu orokorren bidez, Akademiak informazioa, aholkularitza eta laguntza eskainiko die herritarrei.
-Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barriko 15.ean duen egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, kultur-ekintzei buruzko prentsaurrekoak eta bestelako ekimenak egiteko, herri-erakunde eta elkarteekin elkarlanean.
-Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskainiko die Udaleko sail desberdinei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.
Bilbon euskararen erabilera bultzatzeko akordio berri bat sinatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak urtebeterako luzatu dute 2008tik hona indarrean dagoen erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmena.
Horrela, Bilboko Udalak 35.500 euroko urteko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari, Bilbon euskal literaturaren ikaskuntza sakona bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea: "Bilbok eta euskarak elkarren eskutik joan behar dute, gure helburua Bilbo euskaldunago bat lortzea baita".
Andres Urrutia euskaltzainburua: "Badakigu Udalaren konplizitatea daukagula, eta Udalak jakin behar du gurea ere baduela, hiriko beste eragileekin batera, bion artean aurrera eraman dezakegulako euskara eta euskal kulturaren sustatzea Bizkaiko hiriburuan".