EIZIEk ikastaro berri bat antolatuko du Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan
Juan Garzia irakaslearen eskutik egingo den ikastaro berri bat antolatu du EIZIEk: 'Nola jokatu euskaraz erdarazko prosa bihurrien aurrean'. Donostian egingo da, Euskaltzaindiaren egoitzan (Luis Villasante Ikergunean/ Tolare baserria-Almortza bidea, 6), maiatzaren 23an, 24an eta 29an, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Guztira 12 ordu izango ditu (lau orduko hiru saio).
Mintegi honetan, euskarazko prosaren bide naturaletatik aldentzen diren testuetako egiturak itzultzeko estrategia eta taktika egokiak landu nahi ditu Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak; horretarako, egunero darabiltzaten itzulgaietatik lagin batzuk hartu, eta haiei ekingo diete; aukerako diren itzulpen-bertsioak konparatu, eta haien egokitasuna ebaluatuko dute.
Izena emateko epea: 2017ko maiatzaren 8tik 15era, biak barne.