Zer funtzio zuen antzerkiak Bigarren Mundu Gerra osteko Ipar Euskal Herriko gizartean eta nola aldatu zen hori ondorengo hamarkadetan?
Antzerkia edo komedia tradiziozko ekintza zen herri gehienetan. Erran behar da Lapurdi eta Behe Nafarroan herriko animazio gisa bizi zela, urtean zehar lantzen zela, bereziki gazteen artean, eta Pazko inguruan herriaren aurrean aurkezten zela. Xiberoan antzerkia fenomeno zabalagoa izan da, antzerki forma desberdinak zeuden, nik landu dudana Lapurdi eta Behe Nafarroan kokatzen zen antzerkia da.
Bitxi samarrak izaten ziren, gainera, 'animazio' horiek, ezta?
Gehienetan apezek eta serorek eramaten zituzten eta berandu arte, Bigarren Mundu Gerra bukatu arte, gehienetan neskak eta mutikoak ez ziren nahasten. Ordurarteko testu gutxi bildu ziren, ezagunenak Jean Barbierenak ziren, baina beste batzuek ere idatzi zituzten, Iratzederrek, Lafittek,... askotan erlijioari lotuak ziren. Baina euskaraz idatziak izatearen berezitasuna zuten. Jende gutxik idatzi zuen euskaraz ordurarte; nolabaiteko engaiamendua zen.
Larzabal izan zen aldaketa horren eragile nagusia?
Hegoaldean gerra baino lehen egon zen berpizkundeak bere eragina izan zuen Ipar Euskal Herrian eta Laffitten inguruan gogoetak eramaten ziren eta euskal mundua nola zabaldu, euskal kultura nola azkartu behar zen gogoetatzen zen. Noski, eramaten ziren gogoeta horiek garaiko testuinguruan, gerren artean eta presio handien pean. Haatik, euskaltzaleen artean loturak zeuden eta antzerkiari buruz bazegoen proiekturik. Euskal antzerkia nola berritu behar zen eta nola eraman behar zen hitz egiten zuten, orduko Herria astekariak erakusten digun gisan. Larzabal eragile nagusia izan zen idazle eta taularatzaile zelako, beraz, pentsatzen zuena gauzatu zen, berari esker eta ordurako antolatuak ziren herrietako antzerki taldeei esker.
Esan daiteke Larzabalen jardunak modernitatea erantsi ziola euskal antzerkigintzari? Zenbateraino?
Larzabalek euskal antzerkia ezagutu eta praktikatu zuen bere herrian bertan, gaztaroan. Berantago, Parisen ibili zen; ikusgarri desberdinak ezagutu zituen han eta Frantziako toki desberdinetatik etorritako gazteekin landu zuen antzerkia bertan. Beraz, ideia berritu bat zuen antzerkiari buruz, gogoratu behar bigarren Mundu Gerra baino lehen Parisen antzerkiak garrantzia handia zuela. Haatik, itzuli zelarik euskal antzerki oinarrizko horri lotu zen berriz. Baina Ipar Euskal Herrian frantses antzerkia ezagutzen zen eskolatik eta prentsak frantses antzerkiari ematen zion oihartzunarengatik; horrek guztiak bere eragina zukeela ez da zalantzarik. Bestalde, euskara eta euskal kultura ziren Larzabalen grina eta kezka nagusia; horregatik, euskaraz idaztea normaltasunez egin zuen.
Beraz, idazle oparoa eta berritzailea izan zen.
Erraztasun handiz idazten zuen, gazteekin harreman zuzena zeukan eta antzerki taldeak muntatuak zeudenez galdegile ziren. Testuak eskaintzeko unean testu berriak -publikoari hitz eginen zutenak- sortzen eta eskaintzen zituen hurbiltzen zitzaizkion taldeen arauera. Publikoarekiko lotura hori, herritarrekin komunikatzeko helburu hori zen berria, modernoa, euskaldunei mundu berrian sartzeko bide berria eskaintzen zuen, euskaraz, mundu berria herrietako plazetan erakusten zuten.
Nola?
Problematika berriak ziren plazaratzen, euskaldun ezagunen bizia, problematika sozialak...
Berak, gogoetarako plaza bihurtu zuen antzerkia?
Hori bera. Euskara ez zen ofiziala, euskarak ez zuen eremu publikorik, antzerkia bihurtu zen falta zen eremu publiko hori. Gogoeta mota, problematika desberdinak plazaratzen ziren euskaraz.
Hori izan zen bere helburu bakarra edo bazegoen besterik?
Bai, helburu sinpleak ziren euskarazko sorkuntza, euskaraz plazaratu, proiektu kolektiboak sortu herrietan eta gogoeta piztu gizarteak ezagutzen zituen aldaketen inguruan.
Norentzako idazten zuen Larzabalek?
Euskaldunentzat, euskarari zabalkunde berria eman nahi zion, eskolak ez ziolako tokirik egiten euskarari.
Larzabal bera ere ikertzailea zen, eta euskal antzerkiaren hastapenetan aditua. Gogoan zuen tradizioa? Bere lanak zer jaso zuen iraganeko euskal antzerkitik?
Ikerlaria zen, euskal antzerki tradizionalaz asko zekien, hau ikertzen aritu zen eta horretan oinarritu zen sorkuntza berriak eskaintzeko. Pastorala ere idatzi zuen baina forma berria proposatuz. Berehala debatea sortu zen, kritikak, gaur egun ezagutzen duguna, errepikatzen dena. Tradizioa bai baina berrikuntza gehituz.
Zure lan berrian esaten duzu ez zirela beti ondo hartuak izan Larzabalen testuak, ez zirela 'ulertuak' izan. Nortzuk kritikatu zuten eta zergatik?
Larzabalen testuak Ipar Euskal Herriko gizarteari lotuak ziren, bertako herritarrek ezagutzen zituzten egoerez hitz egiten zuten, bertako memoriarekin eta bertako euskararekin lotuta zegoen. Ondorioz, ez zegoen euskara baturik, eta, ondorioz, beste euskalkietako eledunek ez zuten beti testua ulertzen. Antzerkiak zentsura pasatu behar zuen Hegoaldean, Larzabalen testuek nahiko libertate erakusten zuten, pentsamolde idekia politikaren aldetik ere; muga pasatzeko ez zuten beti erraz. Bestalde, Euskal Herriaren historia egokitu bat plazaratzen hasi zelarik aldarrikapen mota batera pasa zen, ez zen hau denen gustukoa, euskalduna izatearen harrotasuna aldarrikatzen zuen; garai haietan ez zen diskurtso arrunta.
(Isabelle, Xarles Bidegain euskaltzainarekin hizketan)
Idatzi eta hedatu, bietatik egin zuen, ezta?
Bai, ikasleen aurrean hitz egiten zuen asko, gazteak formatzen ere, ez da ahantzi behar apeza zela eta gazteen ardura zuela. Harreman horri esker hedatu zituen testuak, benetako konfiantza zegoen, apezek gizartean zuten eraginarengatik.
Idazle oparoa izan zen Larzabal, baina, zuk zeintzuk lan nabarmenduko zenituzke eta zergatik?
Etxahun antzerki inportantea izanen da beti, euskaldun baten sufrimendua erakusten baitu, izena zuen euskaldun batena. Adulterioaren gaia plazara ekarri zuen, gizarte txiki batean sortzen den sufrimendua erakutsiz. Ondoren, Bordaxuri bordari eta etxetiarren arteko gerla, jatorriarengatik sortzen diren injustiziak; Matalas euskaldunen historia zati nagusi bat kontatzen duelako eta Ipar Euskal Herriko aktore hoberenek parte hartu baitzuten. Beste asko ere badira, oso onak.
Arrakasta ere lortu zuen, neurri batean. Baionako antzokia bete zuen bere lan batek...
Nik uste arrakasta handiena dela gaur egun oraindik ematen ahal direla bere lanak, eta asko ulergarriak direla oso, garaikideak, modernoak. Baina noski antzerkia idatzi eta berehala arrakasta handia lortzen zuen eta antzerkia bera Lapurdi eta Behe Nafarroaren itzulia egiten zuen, antzokiak betez. Beraz, arrakasta itzelak lortzen zituzten antzerki horiek; tartean, Baionako antzokia bete zuen, Matalasekin.
Bere lanak zer nolako eragina izan du Ipar Euskal Herriko antzerkigintzan?
Gaurko idazleak garai horretako ondorengoak dira, bakoitzak bere berezitasuna sortuz, noski. Idazleen kopurua emendatu da, kalitate handiko idazleak dira. Hitza askatu da gaur egun, euskaraz idaztea indarra da eta hitza libroa. Aldiz, euskaldunen publikoa murriztu egin da.
Eta Hego Euskal Herrian, aintzat hartzen da bere antzerkigintza?
Hego Euskal Herrian ez da bere antzerkigintza ezagutzen. Ezagutzen da antzerki idazle gisa, mintzaldi eta topaketetan parte hartu baitzuen, baina luzaz Ipar Euskal Herriko kultur mundua ez zen ezagutzen, trukatzeak murritzak ziren. Hegoaldean, euskararen mundua, hitzari garrantzia ematen ziona, bertsogintza zen; antzerkigintza gordeagoa zen. Hori aldatzen ari da.
Zein egoera bizi du, gaur egun, Ipar Euskal Herriko antzerkigintzak?
Indar handiak egin dira arlo askotan. Alde batetik, antzerki forma desberdinak errekuperatzeko. Hau lan handia da eta zaila. Bestaldetik, sorkuntza eta formazio lana egin da, aniztasuna bada, bai amateurren aldetik bai profesionalen aldetik. Publiko zabalagoa falta da, euskaldun gehiago.
Diozu azken hamarkada hauetan eta Ipar Euskal Herrian ez dela asko aldatu antzerkiaren egoera; ez omen dago profesionaltasunera jauzirik. Zergatik uste duzu ez dela aldaketa hori suertatzen?
Erran dudan bezala, azken urteetan berpizte interesgarria gertatzen ari da, motibazio berri bat, gizarteak ez baitu euskara horrenbeste baztertzen, gizarteak beste harreman bat sortu baitu euskararekin. Motibazio berria nabarmena da, baina horrek ez du kentzen euskaldunen kopurua ez dela emendatzen, eta antzerkiak publikoa behar du.
Dejabu Panpin Laborategia da salbuespenetako bat, beraien jarduna profesionala baita, maiz, Artedramarekin elkarlanean. Honek esan nahi du areagotu egin dela Ipar eta Hego Euskal Herriko antzerki taldeen arteko harremana edo gauza puntual bat da?
Harreman hori handitu da mugaz bi aldeetan profesional handiak ditugulako eta haien artean jokoa oso naturala delako, hizkuntza komuna dutelako. Naturaltasun hori nabarmena da oso beraien obretan. Euskarazko testuak, problematika unibertsalak edo ez, baina kalitatezko arte dramatikoa. Ikusgarri onak ontzen dituzte, publiko aditu batekin komunikatzen dutenak, publiko horretaz ere hitz egiten duena; gure hizkuntzan, gure munduaz eta munduaz hitz egiten digun antzerkigintza da. Beste edozein herritako antzerkiaren pare jarri da euskal antzerkia. Besteak baino aberatsagoa da euskal antzerkia, forma asko hartzen dituelako, antzerki amateurrak ere lan asko egiten duelako.