Charritton eta Minaberry omenduko ditu Euskaltzaindiak Sarako Biltzarrean
Aurten, bi egunez egingo da 34. Idazleen Biltzarra, hain zuzen, Pazko igande eta astelehenean. Eta, urtero legez, Sarako polikiroldegian izango da Euskaltzaindia. Aldi honetan, 17an aurkeztuko ditu bere azken lanak, goiz partean (10:40).
Batetik, Isabelle Echeverriak ondutako 'Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitatioaren paradigmak' liburua agertuko du jendaurrean Akademiak. Lartzabalen antzerkigintza sakonetik aztertzeaz gain, argitaratu gabeko bi antzerki-lan eskaintzen ditu liburu mardulak. Bestetik, Euskaltzaindiak bere hiztegi berriaren nondik norakoak aletuko ditu Saran.
Amaitzeko, 12:00etan, omenaldi bateratua egingo zaie azken hilabeteotan zendutako Piarres Charritton euskaltzain emerituari, Marie Jeanne Minaberry ohorezko euskaltzainari eta Hasier Etxeberria kazetariari.