Gaur, martxoak 29 dituela, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu da Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa. Agerpenean parte hartu dute Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak, Miriam Urkia UZEIko kide eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen arduradunak eta Gotzon Lobera Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioko lantaldearen koordinatzaileak.
Ainhoa Aznarezek eman dio hasiera ekitaldiari. Sarrera-hitzaldian goraipatu egin du Euskaltzaindiak bere ibilbidean egindako “zaintza lana", baita ikerketa eta lege gramatikalen garapenean eginiko esfortzua, eta eskerrak eman dizkio Akademiari “hitz eta enuntziatuak biltzeko lan zehatza dagoelako gaur plazaratzen dugun hiztegi parlamentarioaren azpian”.
Ildo beretik, “hizkuntzaren bitartez gure kultura sendotzen lagunduko duten” elkarlan gehiago sustatzera animatu ditu aurkezpenera hurbildu direnak; lehendakariak agerian jarri du Nafarroako Parlamentuak konpromisoa daukala “hizkuntza aniztasunaren errespetuaren alde, halaxe eskatzen baitu Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, bereizkeriarik ezaren printzipioan oinarrituta”.
Hain zuzen, “hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak babestera” jotzen duten Europako politikekin bat etorriz, Ainhoa Aznarezek “hainbat faktore eta omisio-maniobra” aipatu ditu, “euskararen atzerakada geografiko eta funtzionala eragin dutenak, ezin baita inola ere berezkotzat hartu atzerakada hori”.
Bukatzeko, Ainhoa Aznarezek berriz esan du Nafarroako Parlamentua prest dagoela “behar adina lege-egokitzapen bultzatzeko, horrela, hizkuntza politika eraginkorraren eskutik, euskara sustatu eta normalizatzeko eta haren diskriminazioari buelta emateko”.
Euskara sendotzeko tresna
Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak baieztatu duenez, hiztegia egitean ireki den bideak “fruitu berriak ekarri behar ditu euskara sendotzeko; hizkuntza batasuna ekarri behar du, doinu eta kolore desberdinekin eta errealitate sozial eta geografiko desberdinetan murgilduta”.
Nolanahi ere, hiztegiaren funtsezko helburua azpimarratu du, hots, “guztientzat eta bereziki gizartearentzat balioko duen tresna linguistikoa eskaintzea". "Zalantzarik gabe, erabilgarri izanen den argitalpen honek eremu komuna bilatzen du eta onurak ekarriko ditu euskara normalizatzeko eta arautzeko prozesuan”, azpimarratu du euskaltzainak.
Amaitzeko, Gotzon Loberak eta Miriam Urkiak Hiztegi berriaren nondik-norakoak aletu dituzte: Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Parlamentuaren arteko elkarlana, Nafarroako Parlamentuko teknikariek egin duten hizkuntza-ekarpena, Parlamentuak Hiztegi juridiko-parlamentarioari egin dion lege-ekarpena...
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariorde lehena; Mikel Arregi Euskarabideako zuzendaria; Patxi Zabaleta eta Sagrario Aleman euskaltzainak; Cristina Altuna (UPN parlamentu-taldea); Virginia Alemán (Geroa Bai parlamentu-taldea); Adolfo Araiz, Miren Aranoa, Bakartxo Ruiz, Esher Korres, Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea); eta Carlos Couso eta Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea).
Adostasuna, lan-metodologiaren oinarria
Euskaraz lan egiten duten erakunde legegileek 35 urtetan zehar erabili izan dituzten hitz juridiko-parlamentarioek beharrezkoa zuten Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentario honek eskaintzen duen normalizazio- eta estandarizazio-markoa. Honela, lan hau egiteko lantalde tekniko bat eratu zen 2015eko irailean, non parte hartu zuten erakunde legegileen (Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak) eta IVAP, UZEI eta Euskaltzaindiaren ordezkariek.
Gotzon Lobera batzorde teknikoaren koordinatzailearen arabera, egin zituzten bileretan erakunde bakoitzak bere eguneroko lanean erabiltzen duen terminologia partekatu zuten; zehazki, artxibo eta datu-baseetatik ateratako 255.298 hitzekin hasi ziren. "Hortik aurrera, 4.343 sarrera elebidun atera ziren, zeinak abiapuntu gisa erabili ziren Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa sortzeko beharrezko adostasunak iristeko", gaineratu du Loberak. "Lan-metodologiaren oinarria adostasuna izan da, erakunde bakoitzaren hitz esklusiboak errespetatuz eta erakunde legegileek partekatzen dituzten sarrerentzako erabilera normalizatua iritsiz. Era horretan, 1.754 hitz eta esamolderen lan-corpusa erabili da, eta hortik Hiztegiak 1.438 sarrera jaso ditu euskaratik gaztelaniara, eta 1.409 gaztelaniatik euskarara", zehaztu du batzorde teknikoaren koordinatzaileak.
Kontsultarako, Euskaltzaindiaren webgunean
Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa Euskaltzaindiaren webgunean izango da eskuragai, kontsultatzeko edo jaisteko; baita erakunde legegile guztien web orrietan ere, barne-erabilerarako zein erakundeen webgune horietara hurbilduko den edozeinek kontsultatzeko eta deskargatzeko.