Euskaltzainek beraiek aginduta, beste lau urtez gidatuko duzu Akademiaren lema. Dena den, ez zitzaion hauspo handirik eman pasa den azaroan izan zen Akademiako hauteskunde-prozesuari. Zergatik?
Ez da hots handikoa ala txikikoa hauteskundearen kontua, Euskaltzaindiaren barneko normaltasun instituzionalarena baino. Akademia erakunde bat da eta bere araudi eta barne-erregelen arabera lau urterik behin berriztatzen du Zuzendaritza. Nolanahi ere, eta erakundea izanik, barnean kolektibotasunak dauka pisurik handiena eta horren ondorioz hilero biltzen den Osoko bilkura da euskaltzain osoen erabakiz Euskaltzaindiaren zereginak aurrera eramaten dituena. Hartara, Zuzendaritzak Osoko bilkuraren ahalaz dihardu eta Osoko bilkuraren gehiengoak ematen dio horretarako bidea. Hala bete da orain arte eta oraingoan ere bai.
Beraz, nola gauzatzen dira Akademiaren hauteskundeak?
Beharbada, gizarteak jakin behar duena da euskaltzain osoak berdinak direla bere eskubide eta betebehar guztietan eta Euskaltzaindian guztiak direla hautagai eta hautesle, guztiak ere proposatuak izan daitezkeela Zuzendaritzaren kide izateko, euren kabuz, edo, beste euskaltzain oso batek edo batzuek proposatuta.
Izan ere, Euskaltzaindian, eguneroko politikan ez bezalaxe, guztiz irekia da prozesua euskaltzain osoen artean, aurreko galbaherik gabe. Horrekin betidanik nahi izan da euskararen lurralde eta pentsamolde desberdinetakoak Zuzendaritzako kide eta partaide izatea.
Hori aldatzea komeniko litzateke?
Sistema guztiak dira aldatzeko modukoak, baina aldakuntzak egin baino lehenago beharrezkoa da gogoeta sakona egitea, eta hasieratik bertatik izan ditugun jarraibideak bermatzea: pluraltasuna, euskararen herrialde eta pentsaera diferentetakoak… Guztiak daude hor eta, gero, gehiengo demokratikoak erabakiko du, behar den moduan.
"Krisialdiak krisialdi, kudeaketaren egonkortzea ere lortu dugu"
Laugarren agintaldi hau hasi berria, azken lau urteetan egindakoaren balantze txiki bat egiterik?
Lau urteetako balantzea egitea ez da erraza, hainbat zereginetan murgilduta ibili delako Euskaltzaindia. Hala ere, zerbait azpimarratzekotan, nabarmendu beharko lirateke Akademiaren lana gizarteratzeko ahaleginak eta, gizarteratze horrekin batera, zerbitzua emateko pausoak, ikerketa eta teknologia berriak alboratu gabe. Urratsez urrats eta ezarian-ezarian, Akademiak aurrera egin du bere ohiko zereginetan, alegia, Iker eta Jagon sailetan, euskarari bide berriak ireki nahian eta egungo gizarteak eskatzen dituen behar horiei erantzuna eman nahian.
Gauza konkretu batzuk aipatu behar badira, besteak beste, Hiztegiaren argitaratzea -eta digitalizazioa- eta, horrekin batera, Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa eta berak ekarri duen metodologia berria. Krisialdiak krisialdi, kudeaketaren egonkortzea ere lortu dugu, eta, horrez gain, iaz Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskara eta euskal kulturaren aitzinamendurako egindako ahaleginak nabarmenduko nituzke, hau da, Baionako Herriko Etxearekin lortutako akordio historikoa eta Nafarroako Gobernu eta Parlamentuarekin izandako hartu-emana, hots, harreman instituzionalak sendotzea.
Iazkoa ekimenez betetako urtea izan zen: barne-hauteskundeak, Baionako Udalarekin eginiko akordio hori, Luis Baraiazarrari eman eta kendutako saria, zuk aipatutako Hiztegi berriaren aurkezpena -eta haren estreinako digitalizazioa-... Akademiak 'Ekin eta jarrai' lemari eusten diolako seinale?
Guk lanean dihardugu, Euskaltzaindiaren jarduna etengabekoa baita. Une honetan batzordeak lanean ari dira normaltasun osoz eta, datozen lau urteei begira, arnas handiko egitasmoak daude Akademian, gerora moldatu egin beharko direnak, erakundeak dituen baliabide ekonomikoen arabera. Argi dago baliabide horiek, gizartearen beste arlo batzuetan bezalaxe, murriztu egin direla eta Euskaltzaindiak egokitu behar izan dituela bere proiektuak eta barne-ibilbidea. Horrek arazoak ekarri ditu eta ekarriko ditu. Zuhur ibili behar dugu eguneroko kudeaketan, herriaren diruak direlako. Haatik, gaur egunean esan daiteke konponbidean jartzeko osagaiak badirela euskararen Akademian.
Bestalde, lau urte hauek esangura handikoak izan dira teknologia berrien alorrean eta Euskaltzaindiak gogoz eta indarrez jorratu ditu bere webgunearen bitartez euskararen baliabide linguistikoak, ikertzaile nahiz publiko zabala, nahiz halako gaietan interesa duen edonoren esku jarriz material hori guztia. Hor daude, besteak beste, atlasa, hiztegia, gramatika, literatura, toponimia, soziolinguistika edo euskararen estatusa, Euskaltzaindiak ematen dituen bestelako zerbitzuak ere bazter utzi gabe, Toponimia, Azkue Biblioteka eta Artxiboa, argitalpenak, komunikazioa… Egunero, gure webguneak jasotzen dituen kontsultak ikustea nahikoa da, alor horiek guztiak zein interes pizten duten jakiteko: hilero-hilero, 300.000 bistaratze inguru izaten ditu gure plataforma digitalak; 80.000 bisita, guztira. Horrek zer edo zer esan nahi du, baina zerbitzu gehiago ematen ahaleginduko gara etorkizunean, azaldu ditudan hauek ez baitira nahikoak.
(Euskaltzaindiaren Hiztegia ondu duen lan-taldea)
"Euskaltzaindia ez da erakunde hertsia; nekez aurkituko duzu Akademia hau baino erakunde gardenagorik"
Bideratu dira Gramatika batzordeko kide batzuen dimisioak aspaldi sortu zituen ika-mikak eta lan-hitzarmen berriaren inguruko gora beherak?
Jakina denez, lagun asko gara Euskaltzaindian eta iritzi desberdinekoak. Hain justu ere, hori da erakundearen eginkizuna, horiek guztiak biltzea, bideratzea eta aurrera egitea. Gogoratu behar da Euskaltzaindia borondatezko erakundea dela eta nork bere burua ez duela aurkezten euskaltzain izateko, ezpada beste batzuek aurkezten dutela, ustez hautagai horrek meritu nahikoak dituela euskaltzain oso, urgazle edo ohorezkoa izateko.
Hortaz, Euskaltzaindiaren historian izan dira eta izango dira iritzi desberdinak eta kontrajarriak. Berez, hori aberasgarria da. Garrantzitsuena da erakundearen lana bermatzea eta gizarteari zerbitzu ematea Euskaltzaindiak legez dituen berezko arloetan, horrek esan nahi duelako erakunde bizia dela eta biziberritzen doala.
Euskal gizarteko sektore batzuetan zabaldua dagoen uste bat: Euskaltzaindia erakunde hertsi, ilun eta zaharkitua dela. Horrela dela uste duenari, zer esango zenioke?
Beharbada topiko bihurtu da euskararen Akademia erakunde hertsia eta iluna dela esatea. Edonola ere, begien bistakoa da hori ez dela gertatzen. Gutxitan agertuko da beste erakunde bat euskalgintzan Euskal Herri osoko kideak dituena eta Euskal Herri osoan lan egiten duena, tokian tokiko euskalgintza eta erakunde publikoak kontuan hartzen dituena eta elkarrekiko lana bilatzen duena euskara eta euskal kulturaren mesederako.
Gainera, Euskaltzaindiaren osoko bilkuren aktak urtero argitaratzen dira Euskera agerkarian eta Oroitidazkian aurreko urteko egintzen nondik-norakoak zabal kanporatzen dira, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Horren berri izan nahi duenak jo beza Euskaltzaindiaren webgunera: www.euskaltzaindia.eus edo Twitter edo Facebook lanabesetara. Beraz, ez, Euskaltzaindia ez da erakunde hertsia; are gehiago, nekez aurkituko duzu Akademia hau baino erakunde zabal eta gardenagorik.
Hori bai, onartu beharra dago oraindik arazoak ditugula egiten ditugun egitasmoak edo hartzen ditugun erabakiak behar den bezalaxe gizarteratzeko. Hori ere konpondu nahian gabiltza.
Eta zaharkituarena?
Egia da euskaltzainak ez direla gazteak, baina euskaltzain izateak berak eskatzen du ibilbide eta jakintza bat, curriculum bat euskalgintzan. Hala diote gure arauek. Horrek ez du esan nahi, Euskaltzaindia erakunde zaharkitua dela. Aitzitik, gure batzordeetan jende asko dago lanean, tartean, dozenaka urgazle eta teknikari gazte eta horrela bermatzen da, belaunaldiz belaunaldi, Euskaltzaindiaren edukia eta zereginak eskualdatzea.
Aipatu duzun zabalkunde horretan, ezinbestekoak dira teknologia berriak?
Areagotu egin behar da Euskaltzaindiaren presentzia gizartean, bai, hainbat ekimen eta eraginen bidez. Eta bai, horretan zerikusi handia dute teknologia berriek. Hor dago erakundearen bidea hurrengo urteetan: berez lantzen dituen arloak egoki zabaltzea eta hedatzea, euskara eta euskal kultura barreiatzeko asmoz.
"Gizartearen aldeko borondatezko zeregina da euskaltzain osoena eta hori azpimarratu behar da"
Jendeak badaki euskaltzainek ez daukatela soldatarik, hau da, beraien lana egiteagatik ez dutela ezer kobratzen?
Batzuek akaso ez dute jakingo, baina hala da. Euskaltzainek ez daukate soldatarik, hau da, euren lana borondatez egiten dute; dietak baino ez dituzte kobratzen. Hartara, gizartearen aldeko borondatezko zeregina da euskaltzain osoena eta hori azpimarratu behar da, garai hauetan ez baita ohikoa. Eurak dira batzorde eta egitasmoetan ari diren Euskaltzaindiaren profesionalak zuzentzen eta artezten dituztenak, azken emaitzak lortu eta gizarteratu arte. Beraz, Euskaltzaindiaren lana, erakundearen lana, lantalde lana da, ez pertsona bakar batena, ezpada guztiona. Hitz batez esateko, Akademiak fidel jarraitzen du betetzen behinola sortzaileek duela mende bat jarri zioten zeregina.
Eta, ezagutu izan da inoiz kargu-ixterik? Hau da, euskaltzain batek utz dezake bere ardura?
Ez, ez da ezagutu. Euskaltzain izatea borondatezkoa da eta ixteko modukoa ere bada. Behin beste euskaltzain batzuek proposatu eta botoak eskuratu ondoren, euskaltzain hautatu horrek bere burua euskaltzain izatea idatziz onartu behar du. Beraz, alderantzizkoa ere guztiz egingarria da, alegia, euskaltzain oso batek bere izate horri uko egitea, horretarako Osoko bilkuraren aurrean bere eskabidea aurkeztuz. Gaur egun, bestalde, egingarria da, modu berean, euskaltzain oso izateari utzi nork bere eskabidez, eta euskaltzain ohorezko izatera igaro, hori eskatzen badu euskaltzain oso izandako horrek, hirurogeita hamar urte bete ondoren.
Erakundeak bai, baina herri-eragileak kontuan hartzen ditu Akademiak bere egitasmoetan?
Azken urteetan, berebiziko eginahalak egin ditu, gizarte mailan ari diren herri eragileekin batera jarduteko. Euskaltzaindia, berez, erakunde aholku-emaile ofiziala da eta hortik abiatuta ezinbestekoa du harreman instituzionalak izatea euskararen herrialde guztietan, erakunde publikoekin. Madrilgo Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak, Euskararen Erakunde Publikoa, Hego eta Ipar Euskal Herriko hiriburuetako udalak, bestelako udalak… guztiekin ditu harremanak euskararen Akademiak. Horren adibiderik berriena Baionako Herriko Etxearekin ondu den hitzarmena. Hitzarmen horiek, alabaina, ez dira edukirik gabekoak. Aitzitik, horretan mamitzen da Euskaltzaindiaren zereginak herrian herriko eta tokian tokiko euskal lanetan, bertako gizarteari irekiak.
Aldi berean, Euskaltzaindiak hainbat herri-eragileekin lan egiten du. Aipagarriak dira asko eta asko, eta arlo desberdinetakoak. Guztiak aipatzea ezin, baina Euskaltzaindiaren gogoa eta asmoa, halakoetan, bitarikoa izaten da: batetik, horiekin batera jokatzea eta baterako ekimenak bultzatzea, eta, bestetik, hizkuntzaren ikuspegitik hainbat datu jasotzea, gerora Euskaltzaindiaren corpusetan gizarteari eskaintzen zaizkionak.
Adibide aipagarririk bai?
Aipagarria izan daiteke Ipar Euskal Herriko Euskal Konfederazioarekin Akademiak azaroan egin duen azkeneko jardunaldia, etorkizuneko eta egungo Euskal Elkargoari buruzko gogoetak bideratu dituena euskararen inguruan. Beste adibide bat esatekotan, aipa ditzaket hainbat komunikabiderekin egindako lan hitzarmenak, euren euskarazko testuak jaso ahal izateko.
(Jagon jardunaldian adierazpen bateratua egin zuten Euskal Konfederazioak eta Akademiak)
"Batua berriz asmatu baino, egokitu eta aitzina eraman behar da"
Akademiaren lana sozializatu beharraz jardun duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Gizarteak berak, herriak berak sortzen duena eta Euskaltzaindiaren eskuetara iristen dena, berriro ere, Euskaltzaindiak herriari itzultzen diola, moldatua eta egokitua, berak sortutakoa, gizarte moderno batean euskara izan dadin tresna erabilgarri eta baliotsua.
Azkenaldian, batuaren eta euskalkien arteko auzia berpiztu dela dirudi, hauspotuz euskalkiak funtzionalagoak direla euskara estandarra baino. Aspaldiko kontua, baina. Estandarrak porrot egin duela, ez duela balio egunerokotasunerako, intimitaterako eta abar... Batua berriz asmatu beharra ikusten du Akademiak?
Batuaren eta euskalkien afera ezaguna da eta azken mende erdian presente dago euskararen bizimoduan. Hala ere, estandarrak porrot egin duelako esate horren aurrean, ñabardura asko egin daitezke. Bestela esango nuke nik, garai batean euskalkietatik batura sortu zen katea guztiz aberasgarria izan zen. Hala ulertu eta bizi izan dugu euskalkietako hiztunek, berbarako Bizkaian. Hasieratik batuak bazituen bere mugak, idatzirako zen eta euskaldunen arteko komunikagarritasuna errazteko bidea. Berrogeita hamar urte geroago, euskara batu hori nonahi ageri da eta euskalkien hiztunok ere, gehiago zein gutxiago, ezagutzen dugu edo ikusten dugu
Bistan da berriz asmatu behar dena ez dela euskara batu hori, ezpada euskalkietatik batu horretara doan etengabeko biziberritzea. Aski da Euskaltzaindiaren Hiztegia, oraintsu argitaratu dena, eskuan hartzea, horren egiaztapena izateko. Zenbait kasutan euskalki marka ere bada, eta beste batzuetan, hitza zabaldu egin da euskara batuaren bidez, nahiz eta euskalki batekoa izan horren jatorria. Hala ikasi ditugu greba, kodea…
Beraz, berriz asmatu behar dena da katea, euskalkietatik batu horretara doana eta batu horren esparruan asmatu behar direnak hizkuntzaren erregistro desberdinak dira, intimitaterako, formaltasun handiagoko ekimenetarako… Eta horretan guztiz lagungarriak dira euskalkietan diren aberasbideak, lexikoa, adierazkortasuna, hitano aditza eta abar. Are nabarmenago, prozesu horretan euskalduntze/alfabetatze bidean ari direnen eskarmentua, beroriek baitira ingururik erdaldunenetan euskara aho-mihietan erabiltzen dutenak.
Hainbatez, batua berriz asmatu baino, egokitu eta aitzina eraman behar da, premia berri horiek batuaren bidez adierazi ahal izateko. Batuaren erabilgarritasuna frogatzeko, horra hor literaturan eta itzulpenean euskarazko testugintzak lortu duen maila esanguratsua, testuak sortzen edota molde eta jatorri askotako testu unibertsalak euskaratzen direnean.
Sarritan, Euskal Herrian sumatu izan da halako sokatira bezalako bat, erakundeen eta eragileen artekoa, euskara nork bere egin nahia erakusten duena, lehiaketa bat balitz bezala, gauza berdinak egiteko proiektu desberdinak aurkeztuz, han eta hemen. Sentsazio bera duzu?
Lehiaketa kontu hori nabarmena izaten da zenbait kasutan. Deitoragarria ere bada, ahaleginak bildu beharrean sakabanatu eta galdu egiten direlako. Horretan argi esan behar da Euskaltzaindiaren aldetik eta batez ere Zuzendaritzaren aldetik, inongo lehiaketan parte hartzeko gogorik ez dagoela. Euskaltzaindiak bildu egin nahi ditu, zubi-lana moldatu nahi du ekimen horien artean, bakoitzak duela bere ibilbidea eta errealitatea.
Sarri askotan, lurraldetasuna izaten da oztopo, batzuek beste batzuen egitasmoen berri ez daukatelako. Euskaltzaindia horretan sekulako lanabesa izan daiteke, baldin eta badaki koordinazio lana egoki egiten. Koordinazio hitza da gakoa eta ez inolako ezarpen goitik beherakoa, gaur egun hori ez baita egingarri. Baina koordinazioa egunero egin behar da, egunerokotasunean irabazi behar da horretarako ahalmena eta hor Euskaltzaindiak badu zer hobetu eta zer garatu.
Euskara ez dugu ideologia bakar batera lerratu behar. Euskarak behar ditu hizkuntza politika adostua eta halakoa egiteko foroak.
Duela ia ehun urte sortu zen Euskaltzaindia. Beharrezkoa da oraindik? Diot, badagoelako hori ere zalantzan jarri duenik, eta zuk zeuk ere aipatu zenuen, iaz, elkarrizketa batean. Orduko hartan esan zenuen Akademiak ez badu euskararen alde lan egiten, herri eta gizartearen alde, sobera dela.
Hizkuntza baten esparruan Akademia izatea aukera bat da, beti betetzen ez dena. Euskararen kasuan halakoxea aukeratu zuten gure aurrekoek, XIX. mendetik hona, eta asko kostatako prozesu baten ondorioz sortu zen, 1919. urtean. Ordurik hona, lanean ari da etengabe Euskal Herri osoan, aldi latz eta gozoagoetan.
Horrenbestez, Euskaltzaindia beharrezkoa izango da bere zereginak betetzen dituen neurrian, hau da, gizartearen premiei euskara eta euskal kulturaren alorrean erantzuten dien neurrian. Halakorik ez badu egiten, begien bistakoa da alferrik egon daitekeela.
"Esfortzu berezia egiten ari gara teknologia berriak ezarri eta gure lana gizarteratzeko"
Abiadura handiz gertatzen ari dira aldaketak gure gizartean. Abiadura horretara egokitzerik badu Akademiak?
Euskal gizartea eta euskara etengabe mugitzen ari da, abiada ikaragarrian. Euskaltzaindiak berebiziko erronka du abiada horri jarraitzea euskararen alorrean eta zerbitzu linguistikoa ematea, aldiotan behar den bezalaxe. Hori egingo ez balu, jakitun batzuen goi-mailako bilkura izango litzateke, gizartetik urrun eta inolako onurak ekarriko ez lituzkeena. Beraz, eta zentzu horretan, adi gaude.
Eta, tarteka jasotzen dituen kritikak, nola digeritzen ditu Akademiak? Esaterako, sexua bereizten duen euskal izendegiari buruzkoa eta abar...
Zentzuz eta arrazoituz egiten direnean, ongi etorriak dira kritikak eta ekarpenak. Kritikatzen gaituztela? Bizirik gaudelako seinale. Bestelako kritikak ere badira, baina horrelakoetan, eta sarri ikusi den moduan, kritikatzen duena bere burua erakutsi nahian dabil. Kritikak kritika, Akademiak bere lanari eusten dio, euskal gizarte osoaren mesedetan, akatsetatik ikasi eta hobetzen ahaleginduz, ahal duen neurrian.
Hori bai, batzuetan eskatzen zaio Akademiari ez dagozkion arloetan sartzea edo tematzea. Euskaltzaindia gizarte-eragilea da, bai, baina dagokion esparruan, hau da, euskararen arloan. Hortik gora ez du zertan sartu.
Beraz, esango zenuke Euskaltzaindia XXI. mendeko akademia bat dela edo oraindik zerbait falta zaio mende berrian bete-betean sartzeko?
Euskaltzaindiak iraganean, orainean eta etorkizunean jarri behar du begia, halabeharrez, baina, aurretik esan dudan legez, esfortzu berezia egiten ari gara teknologia berriak ezarri eta gure lana gizarteratzeko. Kontu horretan dago kezka, gakoa eta giltza Akademiaren etorkizunerako. Bere kautan ixten bada, nekez beteko du erakundearen sortzaileek egotzi zioten eginkizuna. Modu ireki eta zabal batean jokatzen badu, eta harreman eta aliantza egokiak gauzatzen baditu, bere zereginak ondo bete eta XXI. mendeko euskararen Akademia izango da.
2004tik zara euskaltzainburu. Nekerik ez? Mantentzen duzu hasierako ilusio berbera?
Bai, ilusiorik ez dut galdu. Erronka ugari eskaintzen ditu XXI. mendeak, eta horiei aurre egin behar die Akademiak, tentuz eta zorroztasunez. Neke eta lor guztien gainetik, aipatu ditudan desafioek bultzatzen eta motibatzen naute. Izango al da gai Euskaltzaindia horiek guztiak aintzat hartu eta aurrera eramateko? Nik, behintzat, horretan dihardut egunero.