Bere historian lehenengo aldiz, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egingo du Osoko bilkura Euskaltzaindiak. Irailaren 30ean izango da bilera, Parlamentuko 2. batzorde gelan; Egun berean, harrera ofiziala egingo dio Akademiari Parlamentuko mahaiak.
Aspaldikoa da Akademiak Nafarroako Parlamentuarekin duen hartu-emana, azken urteotan areagotu egin dena. Horren adibide garbia da iazko urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmena (besteak beste, parlamentu-lexikoaren bateratze-lana egiteko baliagarria izan dena). Hartu-eman sendo eta iraunkor horretan, beste pauso garrantzitsu bat litzateke 30eko bilkura. “Keinu honekin, Nafarroako Parlamentuarekin lehendik ere ditugun loturak berretsi nahi ditugu, eta, bide batez, euskararen lurralde guztiak zaintzen ditugula adierazi", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Apirilean, Iruñeko udalak hartu zuen Osoko bilkura, baina orain arte ez zen horrelakorik gertatu Nafarroako Parlamentuan.
Besteak beste, Osoko bilkuran ondoko gaiak aztertuko dira: Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Europako Goi Erdi Aroko pertsona-izenak (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); 178. arauan -Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak- ohar bat erantsi (Exonomastika batzordearen proposamena); Erdal hitzak eta izen berezien baliokide diren adierazpenak deklinatzeko jarraibideak araugaia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Erdi Aroko pertsona-izen ez-kristauak; musulmanak, juduak eta turko-mongolak (aurkeztu); Oinarrizko kimika hiztegia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki).
Bihar, Lodosan izango da Euskaltzaindia
Nafarroa Oinez dela eta, bihar, Lodosako udaletxean batzartuko da Euskaltzaindiko Zuzendaritza. Aurretik, Sartaguda eta Lodosako alkateek harrera egingo diete akademikoei Lodosako Udaletxean. Azkenik, eta ordu bata aldera, Lodosako Ibaialde ikastola bisitatuko dute akademikoek, bertako arduradunen eskutik.