Mila urte iraun zuen Bizantziar Inperioak, K.o. IV. mendetik K.o. XV. mendera, eta munduko merkataritza-gune nagusietako bat izan zen. Eragin erabakigarria izan zuen Europako parte handi bateko eta Ekialde Ertaineko legeetan eta sistema politikoetan, eta hari esker gorde eta hedatu ziren mundu klasikoko eta beste kultura batzuetako zientziako eta literaturako obra ugari.
Bizantziar Inperioko izenak latinaren bidetik iritsi ziren, gehienbat, Europako mendebaldera. Beraz, Antzinateko eta Erdi Aroko izen horien euskarazko grafia erabakitzeko irizpideak Antzinateko Greziako eta Erromatar Inperioko izenetarako berak dira. Irizpide horiek 1997an eman zituen Euskaltzaindiak 76. arauan, eta 2014an berretsi zituen arau hori eguneratu eta emendatu zuenean. Ez dago, beraz, irizpide berririk.
Bizantziar Inperioko 59 pertsona-izen ematen ditu arauak, bi zerrendatan antolatuak. Lehen zerrendan, enperadoreak. Bigarren zerrendan, kultura, arte, erlijio, zuzenbide edo arlo militarreko zenbait pertsona nabarmenen izenak ageri dira.
Exonomastika batzordeak lantzen dituen lanetan ohi den bezala, zerrenda eleaniztun bat ematen da, izen bakoitza euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez nola idazten den erakusteko. Eta latinezko eta grekozko izenak ere ematen dira.
Xabier Kintana, Exonomastika batzordeko burua, eta
Alfontso Mujika, batzordeko idazkaria