Aurkezpena amaitzean Udaletxea aurrean taldeko argazkia egingo dute euskaltzainek, Udaleko ordezkariek eta Ignazio Omaetxebarriaren senideek.
Euskara barrutik. Estudios de lingüística vasca liburua Akademiaren "Euskaltzainak" bildumaren 26. zenbakia da, eta Gernika-Lumoko Udalaren eta Arantzazu Edizio Frantziskotarrak argitaletxearen laguntzarekin argitaratu da. Aurkezpena honako hauek egingo dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita Iker sailburu eta liburuaren sarreragileak, Paulo Agirrebaltzategi liburuaren paratzaileak eta Gernika-Lumoko Udalaren ordezkariak.
Liburuan Ignazio Omaetxebarriaren euskararekiko ikerlan bilduma osorik eskaintzen du Paulo Agirrebaltzategik. Argitaraturiko artikuluak biltzeaz gain, Omaetxebarriak plazaratu gabe utzitako testuak aztertu ditu.
Paratzaileak hogeita zortzi artikulu jaso ditu bilduman. Lau sailetan sailkatu ditu:
- Diakronia eta historia (euskararen barne-historia eta historia soziala)
- Onomastika (antroponimia eta toponimia)
- Gramatika (bereziki deklinabidea eta aditz-jokoa)
- Euskara eta kultura (euskararen balioztapen antropologikoa eta horren arazoak kultura modernora egokitzeko)
Ignazio Omaetxebarria
Ignazio Omaetxebarria idazle eta euskaltzain urgazlea izan zen. Frantziskotarra. Gernikan jaio zen 1909ko uztailaren 29an eta Valladoliden hil zen 1995ean. Apaizetarako ikasketak egin zituen. Alemaniako München-Gladbach-en apaiztu zen 1932an. Arantzazun hasitako teologiako ikasketak Alemaniako Fulda herrian jarraitu zituen 1931tik 1933 bitartean; aldi berean hizkuntzalaritzaz arduratu zen bere aldetik.
Alemaniatik Arantzazura itzuli berria zelarik, euskarazko aditz-jokoen eta deklinabidearen paradigmak landu zituen. Euskararekin batera historia izan zuen bere ikergai eta idazgai nagusia. Polifazetikoa izanik, bestelako hainbat alorretan ere jardun zen Omaetxebarria: kazetari (erredaktore eta zuzendari), kanta-moldatzaile, hizlari eta predikari; euskarazko katekesi eta liturgiako materialak lantzeaz gain, olerkiak ere idatzi zituen euskaraz.
Frantziskotarren Ordenako kargu instituzionaletan eman zuen bere bizitzako urte ugari. Euskalaritzaren alorrean, aditza eta gramatikaz gain, euskal antroponimia eta toponimia landu zituen bereziki, ikuspegi historiko zabalez.