Martí Tarragonan jaio zen, 1945ean. Bartzelonako Unibertsitateko eta Erromako La Sapienzako Unibertsitateko doktorea (Filologia Erromanikoan eta Lingue e Letterature Staniere-an, hurrenez hurren). Hizkuntzalaritza Diakronikoan, Hizkuntzen Historia Sozialean eta Soziolinguistikan eta Lexikografian aditua.
Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatearen sortzailea, bertako lehen errektorea izan zen, eta baita Filologia Katalanaren saileko zuzendaria ere. Kataluniako eta Italiako beste hainbat unibertsitatetan ere irakasle aritu da.
Institut d'Estudis Catalans-eko kide osoa da, eta 2002tik 2010era bertako Secció Filològicako burua izan zen. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzaren historia, gramatika eta erabilerari buruz, eta baita artikulu ugari ere. Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburua katalanera itzuli du (2013ko abenduan, Eusko legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak aurkeztua).
Hainbat sari jaso du, besteren artean Tarragona Hiriko domina, eta hiri bereko Rovira i Virgili Unibertsitatearena ere. 2014an ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak.