Emile Larre Otxobi Baigorri-Bastidako Belarria baserrian jaio zen, 1926ko urtarrilaren 3an. Oinarrizko ikasketak Baigorrin egin ondoren, Uztaritzeko Seminario Txikian (1937-1944) eta Baionako Seminario Handian (1945-1951) ikasi zuen. Irakasle aritu zen Mauleko ikastetxean (1944) eta Donibane Garaziko laborantza eskolan (1954-1956).
1951ean apaiztu zen eta Baionan eman zuen lehen meza. 1962an, Hazparneko misio taldean sartu eta zazpi urtez herriz herri ibili zen, predikari, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Zazpi urte horiek igaro ostean, Aiherrako errektore izendatu zuten.
1956an Gazte izena zuen aldizkarian hasi zen idazten. Aldizkari horretako lehen alean “Sokorri” goitizena erabili zuen.
Euskal liturgian eta eliz testuen itzulpenean lan handia egin zuen. Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan bildu zen taldeko kide izan zen, liturgia latinetik euskarara itzultzeko. Dozenaka kantika berri idatzi edo zaharberritu zituen. Halaber, abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia eman zion.
Euskaltzaindia, Herria, bertsolaritza
1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1975eko urtarrilaren 1ean, berriz, euskaltzain oso. René Lafonen ordez hautatu zuten eta sarrera hitzaldia 1975eko irailaren 28an egin zuen, Aiherran, “Aiherar euskal idazle batzuen goresmenez” gaiari buruz. Jean Haritschelharrek erantzun zion.
2006ko uztailaren 20an, euskaltzain emeritu izendatu zuen Euskaltzaindiak.
Akademian, herri literaturaren arloan jardun zuen, batez ere. Herri Literatura batzordeko kide zen.
1969. urtean Herria aldizkariaren zuzendari hautatu zuten -Piarres Lafitte zenaren lekukoa hartuz- eta 33 urtez iraun zuen postu horretan, 2003ra arte. Orduz geroztik, ohorezko zuzendari zen.
Gaztaroan, Lafitterekin ematen zuen ordu pare bat, astero, euskal kantutegia eta euskal historia ikasten.
Bertsozale sutsua, txikitan apenas ez zuen bertsolaririk ezagutu. Hain zuzen ere, Lafitteren bidez izan zuen bertsolaritzaren berri.
Bertsolaritzarekiko benetako zaletasuna, baina, Urruñan zegoela piztu zitzaion. Han ezagutu zuen Teodoro Hernandorena: "Hernandorenarekin dut nik hasiera, anitz bertsolarik bezala", azaldu zuen Larrek. Urruñan egon zen bitartean bertso saio ugari antolatu zituen eta horrela jarraitu zuen aurrerantzean ere.
Jende askoren ustez, Iparraldeko bertsolari gazteei bidea ireki zien, neurri handi batean. Herria astekarian lanean hasi zenean, bertsolari gazte askok horra bidaltzen zituzten euren lanak. Berak inoiz esan zuen legez, “astekarian bertso idatzientzako txoko berezia genuen eta iristen ziren gazteon bertsoak ez ziren betiere erabat zuzenak izaten eta nik maiz etxera bidaltzen nizkien bueltan, zuzenketa batzuekin. Horrela ikasi zituzten bertsoak moldatzeko arau nagusiak”.
Epaimahaikide izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1962, 1965, 1967, 1982) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan (1984-1994), besteak beste. Bertso jarrien idazle zen.
Bertsularien Lagunak Elkarteko kide eta Euskal Herriko Eliza Kantarien Batasuneko sortzaile (1969) izan zen.
Pilotarien Biltzarreko arduradun ere aritu zen, pilotazale izateaz gain pilotari ere izan baitzen. Antzerkigintzan ere saiatua zen, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen eskutik.
Jean Hiriart-Urrutik Herrian idatzitako artikuluak bildu eta argitaratu zituen bost liburutan (1977-1992), baita Jean Baptiste Etxeberriren hamahiru liburu argitaratzeko bidean jarri ere (1959-1991). Bertsolariei dagokienez, hainbat egileren lanak bildu zituen: Ernest Alkat, Jean Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai, Xanpun, eta abar.
Hurrengo sari eta ohoreak jaso zituen: Pilotarien Biltzarraren omenaldia; Argia Saria (1990); Bertsularien Lagunak Elkartearen eta Euskal Kultur Erakundearen omenaldia (Irisarri, 1992); Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen omenaldia Bertsolari Egunean (Donostia, 1992); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 1998); Euskal Idazleen Elkartearen omenaldia (Uztaritze, 1999), eta abar.
Argitaratutako lan nagusiak:
- Aiherra Nafarroaren leihoa (1980)
- Jauna dut argi : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1977)
- Fedea gidari : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1981)
- Ipar Euskadiko bertsolariak (1980)
- Pierre Lafitte-ren omenaldia (1978)
- Artzain solas : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (1984)
- Izar alde / Jean Hiriart-Urruty (1989)
- Aitaren etxerat mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty 1992
- Eta beste biga /J. Hiriart-Urruty
- Ene artzain-etxolak (2001)
- Xanpun bertsularia (2006)
- Ene bertsuen feiria : (bertsu bilduma) / Jean Pierre Mendiburu (2007)
- Ene ezkilaren dangak : (bertsu bilduma) / Ernest Alkat 2007
- Biotz barneko solasak / Joanes Arrosagaray (2007)