Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

zuresi

1 iz. Zurezko hesia. Zuresiak eraiki zituzten behar ziren tokian.

2 iz. Altzari mota, tolestu edo heda daitezkeen panel modukoez osatua dena eta gela bereko bi zati bereizteko erabiltzen dena. Ik. bionbo. Mahai bat, bi aulki, zuresi bat eta kartak; igarle baten kabinetea, alegia. Kazetarien eta kameren aurrean zuresi tolesgarri bi baino ez.

zuretar

iz. Zure familiakoa, zure artekoa, aldekoa edo alderdikoa dena. Bestez ari zara gehienbat, ez zeure buruaz eta zuretar hurkoez. Hilko zarete zu zeu eta zuretar guztiak.

zuretu, zure/zuretu, zuretzen

da/du ad. Zure egin, zure bihurtu. Liburu honen funtsa zuretu duzu?

zureztatu, zurezta, zureztatzen

du ad. Zurezko gain batez hornitu. Kandelek argitzen zituzten zureztaturiko paretak.

zurgarri

adj. g.er. Harrigarria.

zurgatu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, zurgatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. xurgatu].

zurgihar

iz. Enborraren bihotza, zur ilunena, gogorrena eta iraunkorrena duena. Ik. zurgizen.

zurgin

iz. Ogibidez altzariak, zurajeak eta kidekoak egiten dituen pertsona. Ik. arotz. Zurginak zura lantzen eta apaintzen duenean. Zurginaren lanabesak. Zurginaren etxea zotzez, zotzez ere motzez (esr. zah.).

zurgindegi

iz. Zurginaren lantegia. Nazareteko zurgindegian.

zurgingo

iz. Zurgintza. Zurgingoan aritu.

zurgintza

iz. Zurginaren lanbidea eta jarduera. Jesusek bazeraman bere gaztaroa, zurgintzan ari zela. Dela laborantza, dela hargintza, dela zurgintza. Zurgintzako on diren zuhamuak.

zurgizen

iz. Zurgiharraren inguruko zura, hura baino bigunagoa, urtero geruza berri bat gehitzen zaiona.

zuri

1 adj. Elurraren edo esnearen kolorekoa. Elurra baino zuriagoa. Hortz zuri haiek dir-dir egiten zidaten. Ehun behor zuri. Lau arrasto beltz lirain paper zurian. Zapi zuri-zuriak. Galtzak zuri eta gerrikoa gorri. || Beltz guztiak ez dira ikatzak, ez zuri guztiak irinak. || (Adizlagun gisa). Zuri-zuri jarri zaio aurpegia.

2 adj. Kidekoak baino kolore argiagoa duena. Ardo zuria. O, aingeruen ogi zuri ederra!

3 adj./iz. Azala zuria-edo duen giza arrazakoa. Mendea bukatu aurretik Texasen epaitu zituzten bi gizon zuri, gizon beltz bat hil zutelako. Zuriek soilik osaturiko gobernu bat.

4 adj. Pertsonez mintzatuz, faltsua, losintxaria. Euskaldunak zirelako, zuri faltsu ez zirelako. Mikel ogipeko zuri gezurti bat zen.

5 adj./iz. Erregetiarra edo apaiztiarra dena. Bozkatu aitzinean, anitz egunez, aitak semeen kontra, semeak aiten kontra, zuriak beltzen edo gorrien, eta azken hauek zurien kontra ikusi dira. Espainiako gorriek elizak erre dituztela? zuriek Espainiako Eliza galaraziko dute.

6 (Hainbat testuingurutan, beltz-en aurrez aurre). Zuri eta beltz ikusten nuen zuzentasun eta bidegabekeria hitzen erabateko balioa. Zuria eta beltza, eguna eta gaua, ura eta ardoa... kontrakotasun kasik erabatekoa. Gauza askotan iruditzen zait zuria eta beltza direla gure bizitzak. Nik badakit errealitatea ez dela gehienetan zuria edo beltza izaten. Harro-harro esaten zuen lau gobernuri zuriak eta beltzak entzunarazi zizkiela ordurako.

7 iz. Kolore zuria, beste koloreen nahasturaz sortzen dena. Zuriz jantzia.

8 iz. Zerbaiten zati zuria. Begiko zuria.

9 iz. Zurikoa, antzinako zenbait txanponen izena. Zuri baten pupua eta lau zuriren trapua.

10 iz. Mus. Biribilaren erdia balio duen musika-nota. Zuriak bi beltzen balioa du.

zuri-beltz 1 Zuria eta beltza. Gazazko jantzi zuri-beltza soinean zuela. Oinetan udako zapata zuri-beltzak. Harlauza zuri-beltzezko zorua. Haietako batek lerro zuri-beltzak zituen ilean, azkonarrak bezala.

2 Irudiez eta kidekoez mintzatuz, kolore zuria, beltza eta grisa bakarrik dituena. Grabatu zuri-beltz batean eszena errealista bat ikusarazten digu. || Film hau zuri-beltzean duk. Artean telebista zuri-beltzean zen. Zezenek zuri-beltzean ikusten dute, guk telebista ikusten dugun bezala! || Zuri-beltzeko film zaharrak. Argazkietako batzuk zuri-beltzezkoak ziren. Zuri-beltzeko ametsetan bezala, Maria agertzen zitzaion. || Telebista zahar-zahar bat, zuri-beltzekoa.

zuri-gorri 1 Aurpegiaren koloreaz mintzatuz, arrosa. Larmintz mehe zuri-gorria. Begi urdinak ditu eta aurpegi zuri-gorria.

2 Zuria eta gorria. Bandera zuri-gorria. Kotoizko soineko zuri-gorri bat. Taldearen elastiko zuri-gorria.

3 Kirol taldeez eta kidekoez mintzatuz, elastiko zuri-gorria duena. Jokalari horrek ez du datorren denboraldian talde zuri-gorrian segituko. Jokalari zuri-gorria. Zuri-gorriak jaun eta jabe izan ziren zelaian.

zuri-urdin 1 Zuria eta urdina. Elastiko zuri-urdina. Ipuruako harmailak zuri-urdinez jantzita zeuden.

2 Kirol taldeez eta kidekoez mintzatuz, elastiko zuri-urdina duena. Berrehungarren partida jokatuko du talde zuri-urdinarekin. Jokalari zuri-urdinak. Zuri-urdinek ahal den azkarren sartu nahi dute onenen artean.

zuriarazi, zuriaraz, zuriarazten

du ad. Zuritzera behartu. Zuriaraz itzazu zure mertxikak ur irakinean.

zuribide

iz. Norbera edo beste norbait zuritzeko erabiltzen den argudioa edo aitzakia. Zordunaren zuribidea ontzat hartuz. Leialtasun legea aipatu zuen bere jokabidearen zuribide.

zurigarri

1 iz. Hutsegite bat zuritzen duen gauza. Non bilatu bere jokatze makurraren zurigarria?

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Bere buruaren zurigarri esana.

zurikail

adj. Jas. Zurbila.

zurikatu, zurika, zurikatzen

1 du ad. Losintxatu. Ik. balakatu. Ez zitzaion iruditzen elkar zurikatuz ezer aurreratu daitekeenik.

2 da/du ad. (Arropa koloredunak) histu.

zurikatzaile

adj. Zurikatzen, losintxatzen duena. Ik. lausengari; losintxari; balakari. Adiskide zurikatzaileek makurtzen gaituzten bezala, etsai ziztatzaileek zuzentzen gaituzte inoiz.

zurikeria

1 iz. Losintxa. Zurikeria labainak isuriaz. Zintzo eta biziro, inorentzat zurikeria eta balakurik gabe. Batzuk hasi zaizkigu zurikerian, batez ere fraideak, gure txanda baletor ere. Lausenguka eta zurikerietan. Zurikeriazko hitzak.

2 iz. Faltsukeria, bertuteen itxurakeria. Ik. azaluskeria; hipokrisia. Gobernariak, handik laster, kanpo nahiko zituen giristinoak ezarri, baina horrek ere portuges tratulariak nahi baitzituen bildu, dena zurikeria, ongietorria egin zion Frantsesi.

zuriketa

1 iz. Zuritzea (adiera guztietan). Ik. zuribide; artazuriketa. Zuriketa on bat ere hartuko luke gure etxeak. Ondasunen kontrabandoan eta diru zuriketan nahasiak daudelakoan.

2 iz. Ipar. Lixibatzea, bokata. Arropa zuriketa.

3 iz. Zurikatzea, losintxatzea.

zurikin

1 iz. Artoa-edo zuritzen denean gertatzen den hondakina. Ik. maluta 4. Nahiko zurikin badun, lastairak betetzeko. Artaburuari zurikin gehiegi utzita.

2 iz. Atuna harrapatzeko beita, artaburuko hostoez egiten dena. Ik. maluta 5.

zuriko

1 iz. Antzinako zenbait txanponen izena; bereziki, marabedi erdi balio zuen txanpona. Zortzi arbi buruk hamabi zuriko edo hiru lauko balio dute.

2 iz. Balio hutsaleko txanpona. Nahikotxo irabazi arren, zuriko bat aurreratzen ez dakien langilea.

zurimenta

iz. g.er. Ohe-jantzia eta barruko arropa. Etxean zurimenta ona dugu.

zurin

iz. Oidioa. Gorrinak, herdoilak, zurinak, zanbroak eta onddoek sortutako antzeko gaitzek gustuko dute arrosondoa.

zuringo

1 iz. Arrautzaren gorringoa inguratzen duen gai likatsu zurixka. Jo itzazu zuringoak elur gisa egin arte. Arrautza freskoa denean, zuringoa lodia da eta gorringoa erdian dago.

2 iz. Begiaren alde zuria.

zuringotu, zuringo/zuringotu, zuringotzen

du ad. Begien zuria agertu. (begiak zuringoturik eta kideko esapideetan erabiltzen da). Begiak zuringotuta, otoitzean.

zuritasun

iz. Zuria denaren nolakotasuna. Elurraren zuritasuna. Gorria eta beltza ari dira deiadarka liburuaren azalean, zuritasun tanta batzuen bidez alaituak.

zurito

iz. Heg. Kaña erdia. Kaña bat eskatu eta zurito bat atera didak!

zuritu, zuri/zuritu, zuritzen

1 du ad. Zuriz margotu. Igeltsuz zuritutako etxe txiki bat.

2 da ad. Kolore zuria hartu. Buruko ileak zergatik zuritzen diren bizarra baino lehen. Etiopiako beltz bat zuritzen denean, eta katamotzak uzten dituenean bere orbanak. Burua zuritu zait zure bihotz eske. || Zapiak eguzkitan ondoen zuritzen dira.

3 du ad. (nork eta nor osagarririk gabe). Inguruak elurrez estali. Elurra egin du, baina ez du zuritu.

4 du ad. Azala kendu. Artoak zuritu, abarkak josi. Afaritako patatak zuritu zituen. Sutondoan gaztainak zuritzen.

5 du ad. (Norbait bere edo besteren hutsegitea) onargarri egiten saiatu; norbait errugabetzen saiatu. Ezezagun baten aurrean galesez mintzatzeko, nork bere burua zuritu behar izaten du aurrenik, barka eske. Oraingo jokabidea zuritu nahi luke. Ezin zurituzko bidegabekeria. Hire bizitzan egin dituan belzkeriak zuritzeko. Baina Zesar handiaren heriotza zuritzeko, ezin eramana eta bekaitza baino estalki apainagorik behar. Ametzagak ez du inoren aurpegirik belzten, ez zuritzen; ikusten duena kontatzen du, eta kontatzen duenak badu beti indarra. Hor ari da, belea baino beltzagoak nondik zurituko dituen, bere nagusiak bidenabar zurituko dituelakoan.

6 du ad. (Legez kanpoko negozioetatik lortu den dirua) legezko bihurtu, legezko negozioetan inbertituz. Drogaren salerosketaren bidez lortutako dirua zuritzeko. Dirua zuritzen eta lapurretan arituz.

7 du ad. Auziez eta kidekoz mintzatuz, argitu, konpondu. Nago ez ote dugun herri-eskubideen eta giza eskubideen arteko auzia zuritu gabe utzi.

8 (Era burutua izenondo gisa). Hilobi zurituak. Egur zurituak ez du, hurbiltzeko ere, egur azalduna balio.

zuritzaile

1 adj./iz. Zuritzen duena. Nornahi da zuritzaile, gisua izanez gero. Arto-zuritzaileak maiz kantua ahoan du.

2 adj./iz. Zurikatzailea. Etsaiaren ezpata baino, zuritzailearen mingaina kaltegarriago.

bokata zuritzaile, bokata-zuritzaile Bokata egiten duen pertsona. Ik. bokatari.

zuritze

iz. zuritu aditzari dagokion ekintza. Ik. arto zuritze; zuriketa. Patata zuritzea utzirik. Etxe zuritzea egin.

zuriune

iz. Orban edo tarte zuria. Besoan zuriune batzuk zituen. Orriak alde bietatik idatzita zeuden, zuriune bakar bat ere utzi gabe.

zurixka

adj. Zuriaren antzekoa, zurirantz jotzen duena. Zuhaitz horren zura zurixka da; arotzek pozik hartzen dute, gauza arinak egiteko. Azal zurixkakoa.

zurizta

adj. Zurixka.

zurkaitz

iz. Zuhaitz gazteei eta zenbait landareri euskarri gisa alboan jartzen zaien makila edo zutoina. Ik. paldo. Ilar zuri hauei zurkaitzak ezarri behar dizkiegu. || Irud. Jainko maitearen laguntza berezia: horra gizon zuzenaren zurkaitza eta zoriona.

zurkaiztu, zurkaitz/zurkaiztu, zurkaizten

du ad. Zurkaitzez edo zutoinez eutsi. Ezpondak zurkaiztu eta azkartzeko.

zurki

iz. Ipar. Zur zatia.

zurkulu

iz. Bizk. Zokoa, ezkutalekua. Ik. zoko-moko. Bazter eta zurkulu guztietan. Kale zurkulu batean. Badakite plazako zurkuluen berri.

zurmindu, zurmin, zurmintzen

da/du ad. Ipar. Lizundu; ozpindu. Zenbait janari urdinduz eta edari zurminduz ahoa beterik.

zurmindura

iz. Zurmintzea; lizuna. "Xuria" deitzen duten zurmindura mota bat. Hilarri biribilak, zurminduraz janak.

zurpail

adj. Ipar. Zurbila, zuhaila. Harkaitz zurpail izugarri batzuk. Mutiko kolore-zurpail bat. Begitartea hits, larrua zurpail.

zurpaildu, zurpail/zurpaildu, zurpailtzen

da/du ad. Ipar. Zurbildu, zuhail bihurtu. Han dago, aurpegia zurpaildua, bihotza erdiratua.

zurra

1 iz. g.er. Larrua ontzea, larrua apaintzea.

2 iz. Astinaldia, jipoia. Zurra eman. Zurrak hartu zituen mila garrasiren erdian.

zurrakapote

iz. Ardo beltz gozoa, berotua hartzen dena; ardo beltza azukrearekin eta zenbait frutarekin nahasiz prestatzen den edaria. Katarroa kentzeko zurrakapotea ere ona izaten da. Zurrakapote lehiaketa, Alaiak lagun taldeak antolatua.

zurratu, zurra/zurratu, zurratzen

1 du ad. (Larrua) ondu, apaindu.

2 du ad. Astindu, jipoitu. Makila kolpez edo esku-huska zurratzen du.

zurratzaile

iz. Larrugina, larru-ontzailea.

zurrean

adb. Nahian, bila. Seme ergela joan zen urrutietara, eta zuen guztia hondatu zuen emakume zurrean. Zeren zurrean dabil hori?, zure sosen zurrean. Lasai dabil, horri eskerrak, erdi maila atsegin batean: gora nahian, baina ez goregi; erraz zurrean, baina ez narrasegi.

labur-zurrean 1 adb. Labur beharrez. Luzeegia zen begiz jo nuen hitza, eta, labur-zurrean, honako hau hautatu nuen.

2 adb. Laburbilduz. Hemen dituzu haren irakatsiak labur-zurrean.

merke-zurrean adb. Ahalik eta merkeena. Merke-zurrean erosi. Merke zurrean ibili: ahalik eta merkeena erosteko asmoarekin ibili.

zurruburru

1 iz. Ipar. Nahasmena, nahaspila, istilua. Mundu honetako zurruburruak. Nagusi eta langileen arteko makur eta zurruburruak.

2 adj. Ipar. Nahaspilatsua; askotarikoa. Oroitzapen zurruburruez mihia trabatua. Ile-mozle, tindatzaile, musikari, dantzari, ostalari, kazeta-egile, horra zer ofizio zurruburruak dituzten frantses umeek Amerikan.

3 iz. Ipar. Garrantzi gutxiko lan edo zeregina. Abeltzain, eta laborari etxeetan mutikoek egiten dituzten beste zurruburru batzuetan aritzen zen.

4 iz. Ipar. Balio gutxiko gauza. Ik. huskeria. Bazen han oihal, zatar, oinetako urratu eta bertze holako anitz zurruburru.

zurruburruka

adb. Ipar. Era nahasian. Ez da mintzo zurruburruka eta nehork deus ezin ezagutuzko gisan.

zurrukutun

iz. Bakailaoarekin edo atunarekin egiten den arrain zopa modukoa, zenbait tokitan patatekin ere prestatzen dena. Zurrukutun-jana dugu gaur Ondarroan.

zurrumurru

1 iz. Hots arina. Ik. marmar. Ur xirripak egiten duen zurrumurrua. Berba zurrumurrua entzun zuen. Gizonezkoen zurrumurrua eta noizean behingo eztulen bat.

2 iz. Ahoz aho dabilen berria, zehaztu eta egiaztatu gabea. Zurrumurrua zabaldu. Zurrumurru zital bat barreiatu da bazter guztietan. Beste adiskideren bat ba ote zuen zurrumurrua bazebilen mingain-luze batzuen artean. Zurrumurru hori egia izan zitekeen.

zurrumurruka

adb. Marmarka, marmarrean. Erleen antzera batu dira herriko guztiak, zurrumurruka.

zurrun

1 adj. Malgutasunik ez duena. Hilotz zurruna. Eskularru lodi zurrunez jantziko ditu eskuak.

2 (Adizlagun gisa). Zutoina bezain zurrun gelditu zen.

3 iz. Haga. Zurruna baino tenteago. Metaren zurruna: erdian duen haga.

zurrunbilo

1 iz. Uraren edo airearen higidura lasterra eta birakakoa. Hego haizearen harroaldiak orbel zurrunbiloa sortu zuen atari aurrean. Hauts zurrunbiloa.

2 iz. Irud. Arimen barrunbean ekaitz eta zurrunbiloak sortzen dituena. Bata bestearekin nahaste bizi garen zurrunbiloan. Hizkerarekikoa da gutxiena, ez baita hori barren sakonean dabilen zurrunbiloaren gaina eta axala baizik.

haize zurrunbilo, haize-zurrunbilo Haizezko zurrunbiloa. Ik. haize zirimola. Bitartean, haize zurrunbilo gaitza sortu zen.

zurrunbiloan adb. Zurrunbilo bat edo zurrunbilo moduko bat eratuz. Itsaso guztia guregana zetorren zurrunbiloan. || Irud. Iratxo taldea garrasika eta zurrunbiloan.

zurrunbiloka

adb. Zurrunbiloan. Elur hodeia zurrunbiloka hastean.

zurrunbilotsu

adj. Zurrunbiloz betea. Bere bizitza zurrunbilotsuan.

zurrunbilotu, zurrunbilo/zurrunbilotu, zurrunbilotzen

du ad. Zurrunbiloa eratu. Ura zurrunbilotzen zuten haize bolada izugarri haiek. Haizeak zurrunbilotutako hostoak aurpegira zetozkion.

zurrundu, zurrun/zurrundu, zurruntzen

1 da/du ad. Zurrun bihurtu, malgutasuna kendu edo galdu. Nagiak gerria zurrundu dio.

2 (Era burutua izenondo gisa). Haren beso zurrunduak estuki eusten zion oraindik.

zurrunga

iz. Lo egonik arnasa hartzean sudurraz egiten den hots berezia. Horiek zurrungak, badirudi enborrak zerratzen ari dela. Zure zurrungak urrundik aditzen ziren. Luze-luzea etzana lurrean lo, zurrunga luzean. || Basurdearen zurrungak.

(lo) zurrungan adb. Zurrunga eginez. Zurrungan hasia zen ja, erori zitzaionean sudur mokora ezkur bat. Alegia lo, hura ere lo zurrungan zegoen. Ohera joan eta lo zurrungan jarri. || Urdailaren beteaz, lo pisu zurrungan.

zurrunga egin Aitak gauaz zurrunga egiten zuen. || Lo gelditu da; zurrunga txiki batzuk egiten ditu. Gure osaba zenak zurrunga izugarriak egiten zituen.

zurrungaka

adb. Zurrunga eginez, zurrungan. Irakurle guztiok, zurrungaka lo?

zurrungari

adj. Zurrunga egiten duena.

zurrungatu, zurrunga/zurrungatu, zurrungatzen

du ad. (nor osagarririk gabe). Zurrunga egin.

zurrunki

adb. Zurrun, zurruntasunez.

zurruntasun

iz. Zurruna denaren nolakotasuna. Hilotzaren zurruntasuna.

zurrupa

iz. Hurrupa.

zurrupaka

adb. Zurrupatuz. Zurrupaka edan.

zurrupakari

adj. Asko edaten duena. Gormanta, maiz zurrupakari.

zurrupatu, zurrupa/zurrupatu, zurrupatzen

du ad. Hurrupatu, xurgatu. Arrautza zurrupatu. Ostadarrak itsasoko ura zurrupatzen zuelako ustea. || Delako mea gipuzkoarrei kentzen zietela (zurrupatzen zietela, zehazkiago) uste zuten hauek.

zurrupatzaile

adj./iz. Zurrupatzen duena. Garai hartan Jerusalemen aurkitzen zen erreinuaren zurrupatzaile Herodes.

zurrust

onomat. Bizk. Zurrupatzean egiten den hotsaren onomatopeia. Ik. hurrup; zurrut.

zurrust egin Bizk. Zurrupaka edan. Ik. zurrut egin. Katilutik zurrust egiten.

zurrusta

iz. Turrusta. Iturriko zurrusta. Eta malkoei ataka zabalduz, zurrustak atera ziren. Ura teilatu hegaletarik zurrustan erortzen.

zurrustaka

adb. Zurrustan. Azkenaldi honetan gure euskara gaixoari bizia zurrustaka dihoakio, nork uka hori?

zurrut

iz. Hurrupa. Txakolin zurrut bana edanaz. Iluntze eta jai, gustatzen zaizkio zurruta eta kantua, hamaika aldiz egunsentian dago etxera sartua. Zurrut bat ere edan nuen eta animaturik bihotza, txoria baino alaiago Lekunberritik honantz.

zurrutean adb. Zurrut eginez. Lanerako alferrak, bizkor zurrutean. Beltzetik edo zuritik zurrutean. Zurrutean ibili.

zurrut egin 1 Edari alkoholdunak edan. Zurrut eginaz alferkerian pasatzen du eguna. Adiskideekin zurrut egin eta senitartean bazkaldu.

2 Xurgatu. Nekazari gizagaixoari odola zurrut egitea.

zurruta

iz. Jario ugaria. Negar zurruta.

zurrutan adb. Ik. zurrutaka. Odola zurrutan zerion santu haren gorputzari. Ura zurrutan zihoan alde guztietarik.

zurrutada

iz. Hurrupa, zurruta. Zurrutada bat ur fresko edanaz. Zurrutada esne hori hartu ezinik. Zurrutada batean irentsi gura du dena.

zurrutaka

1 adb. Jario ugarian. Ik. purrustan; turrustaka; zurrutan. Odola zurrutaka dihoakio alde orotarik.

2 adb. Zurrupaka.

zurrutero

adj. Lgart. Edalea. Aita zurrutero eta jokalaria. Senarra nahi zuen bihozbera, zurruteroa ez zena, afaltzera zintzo-zintzo etorriko zitzaiona.

zurt

adb. Erne. Adi eta zurt zegoen.

zurtoin

iz. Landareetan, sustraiaren aurkako noranzkoan hazten den eta hostoak ematen dituen zatia. Belar landareen zurtoina. Begiak zabal-zabalik, apio zurtoin bati ausikika. Saltokiko neska arrosen zurtoinak paperean biltzen ari zen. Lurpeko zurtoina duten landareak.

zurtu, zur/zurtu, zurtzen

da/du ad. Harritu. Munduko jakintsu guztiak zurtu behar dituen gauza. Mikel zurtuta zegoen, esaten zuela: "gizonaren zoroa!". Harri eta zurtu daitezen.

zurtz

1 adj. Haurrez mintzatuz, aita, ama edo guraso biak galdu dituena. Ik. umezurtz. Jende zurtz eta beharrentzat. Haurtxo bat bezain ahul eta zurtz gelditzen delarik. Zurtzak eta emazte alargunak.

2 adj. Irud. Halatan, bada, gure euskara zurtz jabe gabeko honentzat nahi nuke bilatu buruzagi on bat bakarra. Hortxe dago, harkaitz zurtz, aratz eta gogor horren gainean. Beraz, poz handi hartaz zurtz gelditzeak zauritzen zidan arima.

zurubi

1 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Sokaz eginiko eskailera; esku eskailera, bi langa luzeren artean zeharka ezarririko langa-mailaz egina. Sorbaldan zurubi bat daraman gizona. Zurubia eman zuen murruari kontra. Gauerdian joaten da Migel Santa Barbarako eskola-etxera, kordazko zurubi bat galtzarbean, sastakaia papoan.

2 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Eskailera. Bigarren solairura igotzeko zurubia. Ametsetan zurubi handi bat ikusi zuen, lurretik zeruraino zihoana. Begoñako zurubietan behera nentorrela. Zurubian gora joan zen. Zurubiaren mailetan. Zurubiaren gain-gainera igoa. Jakoben zurubiak.

zurztasun

iz. Zurtza denaren nolakotasuna eta egoera. Oi, nolako ama galdu dudan, nolako zurztasun dohakabera erori naizen! Euskararen zurztasunak, ahaiderik ezak, irtenbideak mozten dizkigu.

zurzuri

iz. Makalaren familiako zuhaitza, garaia eta hostotsua, leku hezeetan hazten dena, zura zuria, arina eta uretan usteltzen zaila, azala grisa, eta hostoak gainetik berdeak eta azpitik zuhailak dituena (Populus alba). Zurzuria bezain luzea. Zurzuri ahul eta meharrak.

zut

1 adj. Plomuaren norabidean doana. Ik. tente. Lerro zuta. Landare lerden eta zuta dirudi arrantzale gazte hark. || Ehunaren hari zutak eta zeharkakoak.

2 adj. Beste lerro edo plano batekin angelu zuzena egiten duena. Ik. elkarzut. Beste batekiko zuta den lerro zuzena. || Zut bat marraztu.

3 adb. Plomuaren norabidean. Ik. zutik. Haiekin nenbilen, burua zut, nire bideak maitatuz, ez Zureak. Lepoa luzaturik, bi belarriak zut. || Gogoa zut egon arren, ez dago gorputza gai.

zut-zuta adb. Ipar. Makila handi bat eskuan zut-zuta.

zutabe

1 iz. Eraikin baten euskarri zuta, gehienetan zilindro eitekoa, oinarri baten gainean ezarria eta kapitel batek burutua. Ik. pilare. Bi zutabe eta goi habe bat. Zutabeen idulkia.

2 iz. Orrialde idatzia banatzen den zerrenda zut bakoitza. Testua bi zutabetan antolaturik zegoen, tokia aurrezteko.

3 iz. Egunkari edo aldizkarietako iritzi artikulua, aldizka agertzen dena eta egile ezagun eta bakarra izan ohi duena. Egunkarian astero zutabe bat idazten dutenei.

4 iz. Taula batean, goitik behera doazen gelaxkek edo bertan dauden datuek osatzen duten segida.

zutabegile

iz. Egunkari edo aldizkari batean zutabe bat idazten duen pertsona. El País egunkariko zutabegile finkoa da Millas. Duela gutxi, zutabegile ezagun batek honela zioen, bere buruarekin haserre: (...).

zutabegintza

iz. Egunkari edo aldizkarietako zutabeak idaztea; zutabegilearen lanbidea. Zutabegintzak gauzak azkar egiten erakutsi dit, epe baten barruan lan egiten.

zutaratu, zutara, zutaratzen

da/du ad. Ipar. g.er. Zureganatu.

zutarri

iz. Harroina. Prentsa askatasuna funtsezkoa da, demokraziaren zutarrietako bat da.

zutiarazi, zutiaraz, zutiarazten

du ad. Zutitzera behartu. Besotik hartu eta zutiarazi zuen.

zutiarazle

adj. Zutiarazten duena. Gihar zutiarazleak.

zutik

1 adb. Oinen edo oinarrien gainean zuzen, ez eseririk, ez eroririk, ez etzanik. Ik. tente. Esan zion jaiki eta zutik jartzeko. Zutik eta makilak eskuan dituzuela egon behar duzue. Nekatuko zara zutik. Han zeuden, bada, eliz atarian zutik, Oteizaren apostoluak. Auzi nahasiak bideratzen, etxeak zutik edukitzen bezain trebea zen. || Zuhaitza zutik dagoenean, makurtua dagoen aldera erortzen baita. || Gogoko dute sinagoga eta plazetan zut-zutik otoitz egitea.

2 adb. Irud. Ez diot ezer Oñatiko Unibertsitateaz, eroria baikeneukan zutik zegoelako itxuran. Argitasun huts horiek, ordea, teoriaren hezurrak behar dituzte, zutik egongo badira. Ea gizartea zutik egon daitekeen Jainkorik gabe. Zutik gelditzen zitzaizkigun mito apurrak ere deseginik ikusi behar orain.

zutikako adj. Zutik dagoena. Bi kana-erdiko, bata zutikakoa eta etzana bestea. Zutikako erloju handia. Zutikako euskarriak.

zutikai

iz. g.er. Euskarria.

zutiko

iz. Euskarri zuta. Gure etxeak bazituen behean zutiko lodiak.

zutikor

adj. Zutitzeko gai dena, zutitzeko joera duena. Atal zutikorra.

zutikortasun

iz. Zutikorra denaren nolakotasuna.

zutitasun

iz. Zuta denaren nolakotasuna.

zutitu, zuti, zutitzen

1 da/du ad. Zutik jarri. Elbarriari esan zion zutitzeko. Gero, zutitu eta jende guztia bedeinkatu zuen. Belaunikatzera doala, bat-batean zutitu eta atzeratzen da. Erortzen naizenean zutitzeko. Azkenekoz, paldoa zutitzen da eta lurrean landatzen. || Nire aurka nire gaiztakeriak zutitu ninduen.

2 (Era burutua izenondo gisa). Gauza jakina da belarri txiki zutituak dituen txerria ez dela izango lodi eta handia. Orduko lotsa poz bihurtu zaio, orain zutik du burua; ekaitz ondoko eguzkipetik, hala lore zutitua.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper