0

potasa

1 iz. Potasio karbonatoa, batez ere landare errautsetatik ateratzen dena.

2 iz. Potasio hidroxidoa.

potasio

iz. Zilar koloreko metal malgua, 63,5 °C-tan urtzen dena eta oso erraz oxidatzen dena (K; zenbaki atomikoa, 19). Potasio gatzak oso beharrezko dituzte landareek hazteko. Potasio zianuroa.

pote

iz. Heg. Potoa.

potente

1 adj. Heg. Beh. Ahalmen handikoa, potentzia handikoa.

2 adj. Irud. Heg. Lgart. Ik. indartsu. Antolatzaileek esan dutenez "adin guztietarako rock talde potenteak izango ditugu".

tente-potente adb. Adkor. Tente, geldirik. Ate aitzinean zegoen tente-potente. || Tente-potente, txakurra buztana tente.

potentzia

1 iz. Indarra, ahalmena.

2 iz. Nazioarteko politikan, botere handiko estatua. Orain arte, munduko potentzia handienak elkarrekin aritu dira lanean, egitasmoa bera oso garestia izan delako, besteak beste.

3 iz. Fil. Izatera iristeko ahalmena.

4 iz. Fis. Denbora-unitatean egiten den lana. Autoa, potentzia handikoa baitzen, arin eta nekerik gabe egiten ari zen bidea.

5 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, potentzia-k matematikako 'berretura' adieran euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. berretura].

itxurazko potentzia Fis. Potentzia aktiboaren eta potentzia erreaktiboaren arteko batura bektoriala, voltamperetan neurtzen dena.

potentzia aktibo Fis. Lan bihurtzen den potentzia erabilgarria, wattetan neurtzen dena.

potentzia erreaktibo Fis. Kondentsadore eta solenoideetan metatzen den energia, varretan neurtzen dena.

potentzial1

adj. Izan daitekeena, gerta daitekeena.

potentzial2

iz. Fis. Eremu batek puntu jakin batean duen intentsitatea adierazten duen magnitudea. Honelako "gelatxo" batek sorraraz dezakeen potentzial diferentzia volt bat baino handixeagoa da.

potentziometro

1 iz. Elektr. Erresistentzia mota, doitu daitekeena.

2 iz. Elektr. Potentziala neurtzeko erabiltzen zen neurgailua.

poteo

iz. Heg. Beh. Baxoerdiak, garagardoak edo kidekoak tabernaz taberna edaten ibiltzea. Ik. txikiteo. Hirurak eta laurdenak arte poteoan ibili gara Donostiako Parte Zaharrean.

potidear

1 adj. Potideakoa, Potideari dagokiona.

2 iz. Potideako herritarra.

potikoka

adb. Lau oinean, lau hankan. Mendi kasko horretara potikoka igo ginen.

potin

iz. Bizk. Tamaina ertaineko txalupa, arrantzan erabiltzen dena. Legatz potina. Arraina polito zekartzaten potinek. Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko txalupa, potin eta batel, arrantzuan dabiltzan guztiak. Ibaiko potinak.

potka

adb. Pot eginez. Ik. musuka.

poto

1 iz. Heg. Ontzia; bereziki, kontserba ontzia. Dozena eta erdi poto zurezko aitona zenak utziak. Neurrian tranpa egiten da, txikitzen badira, ongi betetzen ez badira, edo hatza potoan sartzen bada. Piper poto mailatua. Oraintsu arte, gizonak ez du biderik izan, esaten zituenak gordetzeko, tomateak potoan sartuta gordetzen diren bezala gordetzeko.

2 iz. Heg. Bertsolariak oin bera esanahi beraz bertsoaren bi puntutan errepikatzean egiten duen hutsa. Hona haren bertsoa, poto eta guzti.

poto egin 1 Porrot egin. Horra asmo eder hori ere poto eginik.

2 Bertsolariak oin bera esanahi beraz bertsoaren bi puntutan errepikatu. Bertsolari zahar batek esan zidan hobe zela poto egitea, bertsoa bukatzeagatik arrazoi txar bat ematea baino. || Bigarren bertsoan poto bat egin du.

sega poto, sega-poto 1 Segalariak gerrian eramaten duen ontzixka, segarria heze izateko erabiltzen dena, gehienetan adar batez edo zurez egina dena. Ik. segarri. Sega potoa, arraitza barruan duela, ukuiluko kakotik zintzilik.

2 (Irain hitz gisa). Jakin al daiteke non sartu den sega-poto hori?

potolo

adj. Gizena, lodia. Mutil potoloa. Fraide potolo bati. Musuka ari ziren bi gazte potolo.

pototxin

iz. g.er. Antoxina.

pot-pourri

1 iz. Izaera edo forma desberdineko gauzez edo haien zatiez osaturiko nahastea.

2 iz. Zenbait musika-lanen zatiekin osaturiko musika-lana. Umore ona ez zen eskas, bost musikariek pot-pourri bat eskaini baitute.

potret

1 iz. Ipar. Argazkia. Haren potret bat atera zuen moltsatik.

2 iz. Ipar. Egiazko pertsona bat, eta, bereziki, haren aurpegia, irudikatzen duen margolana edo marrazkia. Ik. erretratu. Birjina Sainduaren potret haren aitzinean egitea bere goiz-arratsetako otoitzak. Potretaren egileari.

potro

iz. Lgart. Barrabila. Ik. panpalina. Horiek dituk potroak!: hori duk ausardia!.

potrojorran

adb. Lgart. Ezer egin gabe, alferkerian. Lortzen ez bazuen, halere, ez zen potrojorran egoteagatik izango.

potrozorri

1 iz. Lgart. Zorrien ordenako intsektu bizkarroia, giza gorputzaren alderdi iletsuetan, batez ere pubisean, bizi ohi dena.

2 adj. (Irain hitz gisa). Petrala, gogaikarria. Potrozorri hori!

pottoka

iz. Euskal Herriko zaldi txikia, bereziki erdi basa. Ikaraturik joan da ihesi pottoka.

pottoko

iz. Behorraren kume arra. Ik. zaldikume.

pottorro

iz. Berrogei zentimetro inguruko itsas hegaztia, mokoa beltza eta sendoa, aurpegiaren alde bakoitzean begietaraino doan marra zuri bat eta bizkarralde beltza eta sabelalde zuria dituena (Alca sp. eta Plautus sp.).

potxingo

iz. Putzu txikia. Kaleetako istilak eta potxingoak hormaturik topatu genituen ez gutxitan.

potxo1

iz. Ipar. Txakurra.

potxo2

interj. Heg. Astoari deitzeko hitza.

potxola

adj. Adkor. Emakumeez mintzatuz, lodixkoa, gizentxoa. (Gehienetan, txerazko ñabarduraz edo bokatibo gisa erabiltzen da). Ik. potxolo. Emakume zuri-zuri, potxola-potxola bat. Egun on, potxola!

potxolo

adj. Adkor. Lodixkoa, gizentxoa. (Gehienetan, txerazko ñabarduraz edo bokatibo gisa erabiltzen da). Ik. potxola. Gure potxolo sehaskan da.

potzolo

adj. Adkor. Lodia, gizena.

poxelagarri

iz. Ipar. Eragozgarria; oztopoa. Ik. poxelu.

poxelatu, poxela, poxelatzen

du ad. Ipar. Eragotzi, oztopoak jarri, trabatu. Egiteko gehiegitan sartzeak poxelatzen du bakoitza behar bezala artatzea. Batak bestea poxelatu orde, lagunduz. Elkar poxelatzen. Eritasun horrek sudurra zien lehenik poxelatu, gero belarriak. Ez niri besoa poxela.

poxelatzaile

iz. Ipar. Poxelatzen duen pertsona.

poxelu

iz. Ipar. Oztopoa, eragozpena. Nagiaren bidea beti poxeluz betea. Arren poxeluetarik, otoi, libra nazazu. Bihar etorriko da ez badu poxelurik. Poxelu egin: traba egin.

poxi

iz. Ipar. Apurra, zati guztiz txikia. Ik. pitin. Ez dute jaten egunean eguneko poxia baizik. Bere ontasun poxia ere herriko beharrentzat utzi zuen. Ez zuten jateko poxirik. Bere ogi poxiak bustitzen zituen arrautza freskoan.

poxi bat Ipar. Apur bat. Sainduaren bizar handiak poxi bat min egiten zidan. Aldian poxi bat. Gatz poxi batekin. Euskara poxi bat ikasteko. Eskola poxi bat baduzu? Irabazi poxi bat egin.

poxika

adb. Apurka. Poxika-poxika.

poxpolin

adj. Pertxenta, liraina. Elizondoko neska poxpolinak.

poxpolu iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, poxpolu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pospolo].

poz

1 iz. Atsegin beteak sortzen duen gogo egoera edo zirrara. Gure penak poz bihurtuko dira gure ondorengoentzat. Neska-mutil gazteen poz-nahigabeak. Baina gogoan barrena sumatzen dudana poza da eta ez damua. Bere barruko poza ezin gorderik. Hau poza! Hau poza nirea! Haren poza, irabazi zuela jakin zuenean! Poz eta negar iturria bihotz barrenean dago, eta barrengo hutsa ez dezake kanpoko ezerk bete. Poz dardaraz, ikaraz. Pozez beterik, gainezka, zoratzen. Pozak gainez egiten diela egongo dira. Pozezko malkoak. Poz-erakutsi handiak eginaz. Gure poz-ekarlea. Maiatz hotzak dakartza pozak (esr. zah.).

2 iz. Poz iturria. Zu, Paula, nire poz bakarra.

pozak adb. (egon edo ibili aditzekin). Pozik. Pozak egon. Ni berriz ere Jose ikusteko pozak. Irabaztunak pozak dabiltza, galdu dutenentzat kalte.

pozaren pozez adb. Pozaren handiaz. Negar egiten dute pozaren pozez. Pozaren pozez jauzika.

poz(a) eman Norbaiti edo zerbaiti poza sorrarazi. Mutil horren abestiek poz ematen dute, ihintza bezala jaisten dira arimaren erdira. Poza ematen zuen orduan nonahi bertsotan hasteak. || Jaiotza honek gurasoei poz eta atsegin handia eman zien.

pozez adb. Pozik. Etxera pozez bihurtu ziren.

poz(a) hartu Poza sentitu. Besteen pozarekin poz hartu, inoren minarekin atsekabetu. Nire bihotzak poza hartzen du zu hemen ikusita. || Horregatik, poz handia hartu dut zu ikustean.

pozadera

iz. Heg. g.er. Putzua. Pozaderatik ateratzen zuten ura.

pozaldi

iz. Poza, poztasuna; pozezko denbora. Aita edo ama izateak pozaldi handiak ditu. Zuek, aberatsok, hartu duzue honezkero zuen pozaldia.

pozarren

adb. Pozik, oso pozik. Hartu dute Jainkoaren ontasunen ezaguera handi bat, eta bera ikusteko gose bizi batez hiltzen dira pozarren. Haren semea saltoka dabil pozarren. Irribarrea dariola pozarren dabil gure neskatoa. Ipuina entzuteko pozarren zeuden denak. Pozarren ibiltzen zen artzaintzan.

pozbide

iz. Pozteko zioa. Hogei eleberri bidali dituzte sariketara, pozbide ederra dugu hortik euskaltzaleok.

pozgabe

adj. g.er. Tristea.

pozgabetasun

iz. Pozik gabeko egoera.

pozgabetu, pozgabe/pozgabetu, pozgabetzen

da/du ad. Poza galdu edo kendu. Gertatu denak zeharo pozgabetu du.

pozgarri

1 adj. Poza ematen duena. Berri pozgarria. Hizkuntza gutxik egin dute literaturan Etxeparek dantzarako deia egin zionean euskarak egin zuen bezain sarrera pozgarria. Pozgarri da hori, eta ez negargarri. Berea ez den euskalkia, astun eta nekagarri bazaio ere, ez zaio gogaikarri, pozgarri baizik, eta are liluragarri. || Euskaldunen kanta bihotz-pozgarriak.

2 (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Istilu haiek etsaien pozgarri baitziren. Astarloa gogoangarriak 1803. urtean, euskararen pozgarri eta honen etsaien hilgarri, argitaratu zuen liburuan. Lore zuriz josia eta estalia, elurrez betea balitz bezala, begien pozgarri.

3 iz. Poza ematen duen gauza. Ez duzu zure bizitzan pozgarri handirik izan. Ez dakusat inon pozgarririk ezpada zugan, Ama maitea. Eguraldi eder hau, ez hotz eta ez bero, pozgarri handia da.

pozik

1 adb. Pozez beterik, poztasunez. Ik. pozez; kontent. Bai pozik. Pozik zaudete? Pozik hartuko nuke lanbide hori. Pozik emango zizkion begi biak arrebari, honek eskatuz gero. Niri giltza emanda, pozik alde egin zuen, ni pozikago utzita.

2 adb. Askietsirik, gogobeterik. Pozik dago biziak eskaintzen dionarekin. Jendeak egin dion harreraz pozik al zaude?

poz-pozik adb. pozik-en indargarria. Poz-pozik igarotzen ditu zerura heltzeko behar diren nekeak. Poz-pozik hartuko dut.

pozkari

iz. Bizk. Poza, alaitasuna. Beti ibili naiz neure pozkari eta gurarien bila. Bere semea aurkitu zuenean hartu zuen pozkari handia.

pozkida

iz. Jas. Nahigabeen aringarria. Ahulei indarra, eriei osasuna, nahigabetuei pozkida. Bere miserien pozkida bilatuz. Agur zeruko eguzki pozkidaz betea, agur bekatarien kaia eta estalpea.

pozkidatu, pozkida/pozkidatu, pozkidatzen

da/du ad. Jas. Pozkida eman, pozkida hartu. Haren arima nekatua pozkidatzera.

pozkiro

adb. g.er. Pozik.

pozkor

adj. Pozteko, pozik egoteko joera duena.

pozoi

iz. Organismo baten heriotza edo hondamendi larria dakarren gaia. Ik. eden1. Pozoi hilgarria. Pozoirik bortitzena, azkarrena. Pozoia edan. Sugeen pozoia. Pozoi baten kontrapozoia. Pozoizko edaria. Pozoi horretara jarriak gaude eta pozoi horretatik harralditxo bat noizean behinka hartu gabe ezin gaitezke bizi. Eleberriaren pozoiak hain barreneraino kutsatu zaituenez gero. Asko dira sendagai hau beren pozoi bihurtzen dutenak.

pozoidun

adj. Pozoia duena. Ik. pozoitsu. Suge pozoiduna. Bekaizgoaren ezten pozoidun hura sartuko dio.

pozoidura

1 iz. Pozoitzea.

2 iz. Pozoia.

pozoikeria

1 iz. Pozoitzea.

2 iz. Gauza pozoitsua. Pozoikeriaren bat jango bazenu.

pozoitsu

1 adj. Pozoia duena, pozoiz betea. Ik. pozoidun. Ezti pozoitsua. Haginkada pozoitsua.

2 adj. Irud. Orduko idazleek kontuz erabili zituzten hitz asmatu berriak, pozoitsu izan zitezkeelakoan.

pozoitu, pozoi/pozoitu, pozoitzen

1 da/du ad. Pozoia hartuz edo emanez hil, edo hiltzeko zorian gertatu edo ezarri. Zazpi urte zituela pozoitu nahi izan zuten, baina ez zion edariak ezer egin. Arimak belarriaz pozoitzen dira, eta gorputzak ahoaz. Suge gaiztoak hozka pozoitzen du. Pozoitua hil zen. Bere burua pozoitu du.

2 du ad. Zerbaiti pozoia nahasi, pozoia ipini. Abereen bazkalekuak pozoitu. Ura pozoitu zuten.

3 du ad. Irud. Sugeak paradisua pozoitu baino lehen.

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Gaurkoa ez da egun txarra lore sorta pozoitu bat niri bidaltzeko. Nire mihi pozoitua.

pozoitzaile

adj./iz. Pozoitzen duena.

pozoitze

iz. pozoitu aditzari dagokion ekintza. Pozoitze larri baten ondorioz oso eri zegoen.

poztasun

iz. Poza, pozezko egoera. Ik. alaitasun. Ezpainetan irribarrea eta bihotzean poztasun handi bat ditut. Ni ikustean dauka bere poztasun bakarra. Poztasuna ez dago asko edo gutxi edukitzean; poztasuna norberaren barruan dago, norberaren gogoan.

poztu, poz/poztu, pozten

da/du ad. Poz hartu, poz eman, pozez bete. Zure senarra txit ondo dabil, poztu du irabaziak. Poztuko ninduke biziro, oker nagoela jakiteak. Pozten naiz, erabakia ez delako nire eskuetan izan. Poz zaitezte. Besteren baitan piztu duen grinaz pozten delarik. Galtzaileak ere badu zertaz poztu. Ezin eraman dezakedanak berak, ordea, poztu egiten nau beste alde batetik.

pozu

iz. Bizk. Putzua.

pragatar

1 adj. Pragakoa, Pragari dagokiona. Pragatar idazlea.

2 iz. Pragako herritarra.

pragmatika

iz. Hizkl. Hizkuntzalaritzaren adarra, hizkuntza aztertzen duena, hiztunen eta hizketaldia gertatzen den egoeraren aldetik.

pragmatiko

adj. Ekintzari, eta ez gogoetari, dagokiona; praktikari lehentasuna ematen diona. Egia pragmatikoa.

pragmatikotasun

iz. g.er. Pragmatikoa denaren nolakotasuna. Ez du bilatu edertasuna, pragmatikotasuna baizik.

pragmatismo

1 iz. Fil. Egiaren irizpidetzat ideien balio praktikoa erabiltzen duen doktrina. W. James-en pragmatismoa.

2 iz. Politikan-eta, eraginkortasunean oinarrituriko jarrera. Pragmatismoa izan dugu euskaldunok harroen erakutsi dugun ezaugarrietako bat. Pragmatismoari behaztopa gehien jartzen dion bidaide deserosoa da sentimendua.

praiatar

1 adj. Praiakoa, Praiari dagokiona.

2 iz. Praiako herritarra.

praka

iz. pl. Galtzak. Praka lasai barregarriak. Praka zaharrak konpontzen. Alkandora eta praka zuriak, gerrikoa gorria. Behetik gora prakak janzten dituenik inon bada. Senarraren prakekin tabernako atean. || Praka pare bat.

praka barren, praka-barren Praken behealdea. Praka barrena hartu. Praka barrenak tolesturik.

praka-motz Ik. prakamotz2.

prakadun

1 adj. Prakak daramatzana. Emakume prakadunak.

2 iz. Lgart. Gizonezkoa. Gertatzen dira halakoak prakadunen artean prakadunak mutikoak izan arren.

3 adj./iz. g.er. Lgart. Laikoa, apaiza ez dena. Sekulako abegi ona egin digute guztiek, elizgizonek eta prakadunek.

4 adj./iz. g.er. Lgart. Laikoa, erlijioen mende ez dagoena. Kazeta prakaduna behar genuela, ez sotanaduna.

prakagorri

iz. Galtzagorria.

prakamotz1

iz. pl. Galtzamotzak.

prakamotz2, praka-motz

adj. Prakamotzak daramatzana. Laster atzean utzi zuten prakamotza.

prakerre

adj. g.er. Ipurterrea.

prakrito

iz. Antzinako Indian mintzatzen ziren herri hizkuntzen multzoa. Ik. sanskrito.

praktika

iz. Ondorio jakin bati begiratuz aritzea; jardun batean aritzeko molde jakina. Ik. ariketa. Teoria eta praktika. Teknika baten praktika. Kirolen praktika.

praktikan adb. Errealitatean, benetan. Ideal utopikoa da, ederra, baina praktikan, lanerako motibazio falta, ekimenik eta sormenik eza sustatzen dituena. Zer esan nahi du horrek praktikan?

praktikan jarri (Ideiak, teoriak eta kidekoak) gauzatu. Ikasi duguna praktikan jartzeko ordua dugu. Ederki, goazen eta jar ditzagun gure teoria berriak praktikan!

praktikante1

iz. Heg. Injekzioak jartzea, zauriak sendatzea eta kideko lanak egiten dituen erizaina. Injekzioa hartzera praktikantearengana joan behar du.

praktikante2

adj. Bere erlijioaren agindu eta arauak betetzen dituena. Ik. praktikatzaile 2. Gazteen % 8 katoliko praktikantea da eta % 37 praktikatzen ez duen katolikoa.

praktikatu, praktika/praktikatu, praktikatzen

1 du ad. Aritu, jardun; zereginen batean trebetasuna lortzeko, hura behin eta berriz egin.

2 du ad. Erlijio baten agindu eta arauak bete. Kristau horiei eskaini diegu euren erlijioa praktikatzeko askatasun eta ahalmen osoa.

praktikatzaile

1 iz. Praktikatzen duena; zerbait praktikan jartzen duena. Iraultzaile teoriko asko baina praktikatzaile gutxi dago.

2 adj./iz. Bere erlijioaren agindu eta arauak betetzen dituena. Ik. praktikante2. Lehena apaiza, beste biak katoliko praktikatzaileak.

praktiko

1 adj. Ekintzari, errealitatearen eraldatzeari dagokiona; baliagarritasunari, onuragarritasunari begiratzen diona. Sarritan ez dira behar hainbat gogoan hartzen hizkuntza ahaidetasunaren alderdi praktikoak. Hortik dator gaurko idazlan askoren izate praktikoa: eskuliburuak argitaratzen dira, ikasbideak, hiztegi bereziak, etab.

2 adj. Helburuari ongi egokitzen zaiona. Ik. erabilgarri. Tresna praktikoak.

praktikotasun

iz. Praktikoa denaren nolakotasuna. Ik. erabilgarritasun. Tresna baten praktikotasuna.

praseodimio

iz. Kim. Lantanidoen saileko metal zilarkara biguna (Pr; zenbaki atomikoa, 59). Praseodimioari, airearekin kontaktuan, oso erraz altxatzen den oxido geruza berdea egiten zaio.

praxi

iz. Helburutzat mundua eraldatzea duen jardueren multzoa; ondorio bat lortzera zuzentzen den jarduera. Ik. praktika.

prebalentzia

iz. Med. Gaixotasun jakin bat duten pertsonen proportzioa. Europan, elikagaien alergiaren prebalentzia % 1,4-2,4 artean dago, gaur egun, helduetan, eta 0,3-7,5 artean umeetan.

prebarikazio

iz. Zuz. Epaile edo funtzionario batek, norbaiti mesede egiteko, bidegabeko erabaki bat, jakinaren gainean, hartzea. Komisario horri oinarrizko eskubideak urratzea eta prebarikazio delitua leporatu dizkiote.

prebentzio

iz. Istripu, gaixotasun edo kideko bat gerta ez dadin hartu behar diren neurriak aurrez hartzea. Hiesaren prebentziorako neurriak. Europar Batasuneko hainbat estatuk muzin egin diote prebentzio-neurri zorrotzagoak hartzeari. Laneko arriskuen prebentzioa.

prebentziozko adj. Badaezpada, zerbaiti aurrea hartzeko, egiten dena. Ik. badaezpadako; behin-behineko. Prebentziozko espetxeratzea. Prebentziozko medikuntzaren bidez hilkortasun tasa jaisten ari da.

prebiotiko

1 adj. Lur planetan bizia sortu aurrekoa. Mundu prebiotikoan, entzimarik gabe, RNA molekulen hazkundea oso motela izango zen.

2 iz. Hesteetako bakterio onuragarrien hazkundea sustatzen duen gaia, elikagai gisa hartzen dena eta organismoak digeritzen ez duena. Prebiotikoak landare jatorriko elikagaietan daude modu naturalean: baratxurietan, orburuetan, txikorian, zerealetan...

3 adj. Hesteetako bakterio onuragarrien hazkundea sustatzen duena. Probiotikoek ez bezala, elikagai prebiotikoek ez dute mikroorganismorik; mikroorganismoen hazkundea sustatzen duten substantziak dituzte.

predestinatu, predestina, predestinatzen

du ad. Erl. Jainkoak, munduaren sorreratik, betiko salbatuko edo kondenatuko direnak izendatu. Ez daitekeela inor salba predestinatua izan gabe.

predestinazio

iz. Erl. Jainkoak, munduaren sorreratik, betiko salbatuko edo kondenatuko direnak izendatzea. Jainkoak onerako besterik ezin erabil dezake predestinazioa.

predikarazi, predikaraz, predikarazten

du ad. Predikatzera behartu.

predikari

iz. Predikatzen duen pertsona; egiteko nagusitzat eliz hitzaldiak ematea duen elizgizona. Ik. sermolari. Euskal elizetako predikariak. Erregeren predikari entzutetsua.

predikatibo

adj. Hizkl. Osagarriez mintzatuz, gehienetan loturazko aditz baten bidez perpausaren subjektuari lotua ageri dena, izen, adjektibo edo adberbio sintagma izan daitekeena. Ik. predikatu osagarri. Esan dezakegu adjektiboa bi lekutan ager daitekeela perpausean: izen sintagma baten barnean izen bati lagunduz, nahiz predikatuaren barnean, osagarri predikatiboa osatuz.

predikatu1, predika, predikatzen

1 du ad. (Jainkozko egia) erakutsi. Ebanjelioa predikatu. Jainkoaren hitza predikatzeko.

2 du ad. (nor osagarririk gabe). Predikua egin. Hiriko eliza nagusian predikatu zuen. Paulo apostoluarekin ibili zen predikatzen.

3 du ad. Hizkl., Log. Subjektuaz zerbait esan predikatuaren bidez.

predikatu2

1 iz. Hizkl. Subjektuaz zerbait esaten duen perpausaren zatia, ardatz gisa aditza duena. Euskal perpausaren predikatuaz. Perpausaren barnean bi osagai nagusi bereiziko ditugu: subjektua eta predikatua.

2 iz. Hizkl. Predikatu osagarria. Partizipioa, izenondo den aldetik, predikatu gisa ere agertzen ahal da, dagokion izen sintagmarekin komunztadura eginez.

3 iz. Log. Perpausaren bigarren zatia, hitz egiten denaz adierazten dena daukana.

predikatu osagarri, predikatu-osagarri Hizkl. Gehienetan loturazko aditz baten bidez perpausaren subjektuari lotua ageri den izen, adjektibo edo adberbio sintagma. Ik. predikatibo. Izenlagunez osatutako predikatu-osagarrietan beharrezkoa da artikulua: Liburu hori plastikozkoa da.

predikatzaile

iz. Predikaria.

predikatze

iz. predikatu aditzari dagokion ekintza. Misio eta predikatze lanetan jardun izan dute bereziki kaputxinoek.

prediku

iz. Eliz hitzaldia. Ik. sermoi. Jesusen predikuak. Prediku denboran. Prediku ederra egin du.

prediku aulki, prediku-aulki Elizetan, predikua egiteko mintzaleku garaia. Ik. pulpitu; irakastegi 2. Prediku aulkitik orroaz entzuten ziren manuak eta mehatxuak.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper