Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

para

iz. Bizk. Labean erabiltzen den pala.

parabola1

iz. Liter. Alegiazko gertaera baten kontakizuna, irakaspen bat gordetzen duena. Ebanjelioko parabolak. Salomonen parabolak. Hamar birjinen parabola. Parabola horrek adierazten duena. Parabola moduko berriketaldia.

parabola2

iz. Mat. Puntu finko batekiko eta lerro zuzen finko batekiko distantzia berera dauden puntuek osatzen duten lerro kurbatu irekia. Elipseak, parabolak eta hiperbolak.

paraboliko

adj. Parabolari dagokiona.

parada1

iz. Aukera, egokiera. Ik. abagune. Ezkontzeko parada badut, baina ez dakit ontsa zer egin. Mendekatzeko parada bila zebilen. Ikasteko parada ona. Bekatuko parada gaiztoetatik urrun. Gertatuko zaizkidan parada, arrisku, tentamendu eta behar ordu guztietan.

parada2

iz. Mil. Desfilea. 50.000 ikusle bildu zituen parada militarrak.

parada3

1 iz. Abere arrak emea estaltzeko egokitua den lekua.

2 iz. Ehiztariek ehizaren zain egoteko aukeratzen duten lekua.

paradako adj. Abere arrez mintzatuz, hazitarakoa. Paradako zaldia. Paradako zezena.

paradigma

1 iz. Zerbaiten adibidea edo eredua. Petrolioaren madarikazioa jasaten duten herrialdeen paradigma da Nigeria.

2 iz. Hizkl. Izen edo aditz joko baten arautzat ematen den eredua. Deklinabide mugagabearen paradigma.

3 iz. Hizkl. Testuinguru jakin batean koka daitezkeen hitzen multzoa.

paradigmatiko

adj. Paradigmatzat har daitekeena. Ik. eredugarri. Nahitaezko soldadutzaren akabera gizartearen lorpen baketsuaren adibide paradigmatikoa da.

paradisu

1 iz. Zenbait erlijiotan, heriotza ondoan zintzoen arimek betiereko dohatsutasunaz gozatzen duten lekua. Ik. zeru 2. Paradisua eta Infernua. Paradisura joan. Paradisua irabazteko. Paradisuko santuak. Paradisuko giltzak. Gaur izango zara nirekin, Paradisuan.

2 iz. Jainkoak Adam eta Eva jarri zituen lorategi atseginez betea. Arbola bat zen Paradisuan Jaunak apropos jarria. Paradisuko hizkuntza.

3 iz. Toki edo egoera zoragarria, atseginez betea. Euskal Herriak paradisu bat dirudiela. Ezin baitaiteke izan harentzat paradisuaren antzekorik lur honetan, Donostian izan ezik.

paradisuko hegazti Ginea Berriko hegaztia, kolore biziko luma ikusgarriak dituena (Paradisea sp.).

paradoxa

1 iz. Irudiz logikaren kontrakoa den egite edo esana. Erlijiozko egiak paradoxen bidez adierazten dira askotan. Gezurtiaren paradoxa.

2 iz. Log. Aldi berean egiazkoa eta gezurrezkoa den perpausa (adibidez, beti gezurra esaten dut). Metahizkuntza ez da, ez hizkuntza, ez hizkera berezia, baizik eta paradoxetarik itzurbide izan dadin asmatua izan den mintzatzeko modu motz eta soila.

paradoxiko

adj. Paradoxazkoa, paradoxa daukana edo dakarrena. Mundu paradoxiko honetan.

parafernalia

1 iz. Heg. Zenbait ekitaldi edo egitekotan erabiltzen diren baliabide, tresna edo apaingarri arranditsuen multzoa. Oraingo honetan zaldunen parafernaliaz jantzita zegoen: beltza buru gaineko bisera, zuria alkandora estua, beltzak prakak eta gorriak alkandora gaineko jaka nahiz belaunetaraino iristen zitzaizkion larruzko botak.

2 iz. (Erabilera hanpatu, irudizko edo ironikoan). Heg. Udal eta foru hauteskunde lasterketa aspaldi hasi zen eta, horrekin batera, alderdi askoren parafernalia guztia: inaugurazioak, promesak, azken mementoko "lege aurrerakoiak", ika-mikak... Desarmatzeko, nik ez dut uste parafernalia handirik behar denik borondatea egonez gero. Eskiak eta parafernalia guztia hartu eta furgonetan sartu ditu Mikelek.

parafina

iz. Argizariaren antzeko gai solidoa, zuria, usaingabea, 50 eta 60 °C-ren artean urtzen dena, hidrokarburo nahastura batek osatua, kandelak egiteko eta papera irazgaitz bihurtzeko erabiltzen dena. Parafinarekin egindako kandelak.

parafraseatu, parafrasea, parafraseatzen

du ad. Parafrasia egin. Azkenik, eta XVIII. mendeko pentsalari bat parafraseatuz, hauxe proposatuko nuke etorkizunerako: (...). Gure agintariek despotismo ilustratuaren leloa parafraseatzen dute: "Dena artearen izenean baina arterik gabe".

parafrasi

1 iz. Testu baten azalpen hedatua. Parafrasia egin. Hitz bat parafrasi batez itzuli.

2 iz. Esaldi baten edukia beste hitz batzuekin adierazten duen esaldia; esaldi ezagun baten antzeko egiturarekin beste ideia bat adierazten duen esaldia. Bazter guztietan agertzen dira esaldia baliatuz egindako txisteak eta parafrasi ironikoak.

paragrafo

iz. Prosazko testuetako atala, letra larriz hasten dena eta hurrengo ataletik puntu batek eta lerro batek bereizten duena. Ik. lerroalde. Aitzinsolas honek lau atal ditu, atal bakoitzak lau paragrafo, paragrafo bakoitzak lau esaldi.

paraguaio

iz. Paraguaiondoaren fruitua, zapala eta urtsua, mamiz eta zaporez brinoiaren antzekoa.

paraguaiondo

iz. Arrosaren familiako zuhaitza, mertxikondoaren barietatea, fruitutzat paraguaioa ematen duena (Prunus persica var. nucipersa).

paraguaitar

1 adj. Paraguaikoa, Paraguairi dagokiona. Paraguaitar musika taldeak.

2 iz. Paraguaiko herritarra.

paraje1

iz. Heg. Herr. Aurkintza, alderdia. Hamazazpi urte zituenean zen hemendik atera, Espainiako Alcalá deitzen zaion paraje batera. Jaungoikoak dakien paraje batean.

paraje2

adb. Bizk. Hurbil. Elizatik paraje bizi direnak.

paralela adj./iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, paralela-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. paralelo].

paralelepipedo

iz. Mat. Sei paralelogramoko poliedroa, aurrez aurreko aldeak berdinak eta paraleloak dituena. Kuboa paralelepipedoa da.

paralelismo

iz. Kidekotasuna, antzekotasuna. Nobela honetan paralelismo eta kontraste asko ageri dira, batzuk oso esanguratsuak.

paralelo

1 adj. Lerroez edo planoez mintzatuz, beti elkarrekiko distantzia berera daudenak eta elkar jotzen ez dutenak. Lerro paraleloak. Ozeano Barearekiko paralelo daude Andeak.

2 iz. Beste batekiko paraleloa den lerroa. Paraleloen arteko angeluak.

3 iz. Ekuatorearekiko paraleloak diren zirkuluetako bakoitza. Paraleloak eta meridianoak.

paraleloan 1 adb. Elektr. Buru positiboak alde batetik eta negatiboak bestetik elkarrekin lotuz. Ik. seriean.

2 adb. Beste zerbaitekin lerro paraleloa eratuz. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan.

paralelogramo

iz. Mat. Aurrez aurreko aldeak berdinak eta paraleloak dituen laukia. Erronboa paralelogramoa da.

paralelotasun

iz. Paraleloak diren lerroen edo planoen nolakotasuna edo egoera. Automobil baten gurpilen paralelotasuna.

paralinpiar

1 adj. Paralinpiar jokoei dagokiena. Bi izango dira Paralinpiar Hiriak: Turin eta Sestriere.

2 adj./iz. Kirolariez mintzatuz, paralinpiar jokoetan parte hartzen duena edo parte hartu duena. Munduko atleta paralinpiar onenetakoak bilduko dira Basaurin. Aitor Oroza txirrindulari paralinpiarra.

paralinpiar joko Olinpiar jokoen eredura, lau urtean behin egiten den kirol norgehiagoka, elbarritasunen bat duten kirolariek parte hartzen dutena. Atenasko Paralinpiar Jokoetan urrezko hiru domina lortu ditu.

paralinpiko

1 adj. Paralinpiarra, paralinpiar jokoei dagokiena. Su paralinpikoa piztuta dago dagoeneko.

2 adj./iz. Kirolariez mintzatuz, paralinpiarra. Joseba Larrinaga atleta paralinpikoa.

paralisi

iz. Med. Higitzeko ahalmenaren galera, gehienetan nerbio lesio baten ondorioz gertatzen dena. Ik. elbarritasun; perlesia. Gorputzaren eskuinalde osoa paralisi oso larri batek hartuta, mugimenduarekin batera, sentimena, entzumena eta hitza galdu zituen. Garuneko paralisia.

paralitiko

adj./iz. Paralisiak joa dagoena. Ik. elbarri.

paralizatu, paraliza, paralizatzen

1 da/du ad. Norbaitek edo zerbaitek higitzeko gaitasuna galdu; norbaiti edo zerbaiti higitzeko gaitasuna galarazi. Ebaketa bigarren ornoaz beheragoko puntu batean eginez gero, toraxeko muskuluak paralizatzen ziren. Toxoplasmosiak beso bat paralizatu zion.

2 da/du ad. Higitu ezinik gelditu; higitu ezinik utzi. Kezka horrexek paralizatu nau. Mendiak, belardiak, zabalguneak, handitasun orok paralizatu egiten zaitu. Kurt Wallander paralizatu egin zuen galderak.

3 da/du ad. Irud. Ik. gelditu; geldiarazi. La Paz paralizatu egiten da hauteskunde egunean, bizikletaz eta oinez ibiltzen dira herritarrak, eta botoa eman ostean futbolean aritzen dira kaleetan. Jende uholdeak guztiz paralizatu zuen Hendaiako alde zaharreko karrika nagusia.

4 (Era burutua izenondo gisa). Ez du ezkutatzen bere ahaleginaren bortxa; aitzitik, bortxa hori irakurri egin daiteke haren aurpegi uzkurtu, paralizatu, imintziotsuan.

paramagnetiko

adj. Substantziez mintzatuz, eremu magnetiko baten eraginpean jarrita, horren noranzko bereko magnetizazio ahula hartzen duena.

paramariboar

1 adj. Paramaribokoa, Paramaribori dagokiona.

2 iz. Paramariboko herritarra.

parametro

iz. Kopuru aldagaitza, nahierara finka daitekeena eta aldagai askezko funtzio baten forma zehazten duena. y = ax + b ekuazioan, a eta b parametroak dira.

paramezio

iz. Izaki zelulabakar mikroskopikoa, animaliatzat hartzen dena, mintza hari izpi dardartiz hornitua duena (Fam. Parameciidae).

paramilitar

1 adj. Armada baten antzeko antolamendua eta ezaugarriak dituena. AUC talde paramilitarrak bi urte daramatza gobernuarekin bake prozesua negoziatzen.

2 iz. Talde paramilitar bateko kidea. Guk paramilitarrei hilean hainbeste ordaintzen diegu eta babestu egiten gaituzte.

paraninfo

iz. Heg. Unibertsitateetan, ekitaldi bereziak eta ospakizunak egiteko erabiltzen den aretoa. Urtero bezala, ikasturtea hasteko ekitaldi handia egin zuen Deustuko Unibertsitateak Bilboko egoitzako paraninfoan.

paranoia

iz. Med. Eskizofrenia mota, sistema logiko baten araberako ideia deliriozkoak eta beti-batekoak ezaugarri dituena. Eskizofrenikoa zen eta alferrikako terapia luzeen ondoren paranoia diagnostikatu zioten.

paranoiko

1 adj. Paranoiarena, paranoiari dagokiona. Eldarnio paranoiko bat psikologikoki aztertzen ahalegindu zen lehena izan zen Jung.

2 adj./iz. Paranoiak joa. Eroak eta paranoikoak omen gara.

paranormal

adj. Gertakariez eta kidekoez mintzatuz, azalpen zientifikorik ez duena. Ordutik, herri madarikatua da Otxate eta gertakari paranormal andana bat jazo da bertan.

parapente

1 iz. Jausgailu berezia, mendi gailurretatik, edo bestelako leku garaietatik jauzi egiteko erabiltzen dena. Parapentea hamar metro zen luze eta hiru metro zabal.

2 iz. Jausgailu horrekin jauzi egitean datzan kirola. Gizon bat ito da Bidarten parapente egiten ari zela.

paraplegia

iz. Gorputz atal simetrikoen elbarritasuna, bereziki beheko gorputz adarrena. Ik. perlesia.

paraplegiko

adj./iz. Beheko gorputz adarren paralisia duena. Eroriko txar baten ondorioz paraplegiko geratu zen. Paraplegikoa da eta eskuekin eragiten die pedalei.

parapolizial

1 adj. Taldeez edo elkarteez mintzatuz, poliziako kide izan gabe, eta itxuraz hari laguntzeko, polizia balitz bezala aritzen dena, maiz indarkeria erabiliz. Talde parapolizialek hildakoak hartzen ditu kontuan txostenak.

2 adj. Talde parapolizialena, talde parapolizialei dagokiena. Ekintza parapolizialen ondorioz hil diren 70 lagunak.

parapsikologia

iz. Ongi ezagutzen ez diren gertakari psikikoen azterketa. Parapsikologia azterketak.

parapsikologiko

adj. Parapsikologiari dagokiona.

parapsikologo

iz. Ongi ezagutzen ez diren gertakari psikikoak aztertzen dituen pertsona. Sudre, frantses parapsikologoa.

parasitatu, parasita, parasitatzen

du ad. Biol. Norbaiten edo zerbaiten bizkarroi gisa bizi. Mihurak sagarrondoa parasitatzen du.

parasitismo

iz. Parasitoaren bizimoldea.

parasito

iz./adj. Beste landare edo animalia baten kontura, honi kalte eginez baina erabat hondatu gabe, bizi den onddo, landare edo animalia. Ik. bizkarroi. Barne parasitoak.

parasitologia

iz. Biologiaren adarra, parasitoak aztertzen dituena.

parasitosi

iz. Med. Parasitoek eragindako eritasuna.

parasola

iz. Ipar. Herr. Aterkia. Parasola hetsi, zabaldu. Parasola giderra. || Eguzki parasola.

paratu, para, paratzen

1 du ad. Jarri. Bertso berri batzuk nahi ditut paratu. Bertso paratzen hastera noa. Jesusi paratu zioten arantzazko koroa. Masail batean jotzen zaituenari, para iezaiozu bestea ere. Eskua kopetan paraturik. Ez niri horrelako aitzakiarik paratu. Bere bizia arriskuan paratu zuelako. Kantari paratzen ditut gizonik tristeenak. Bitarteko para ezazu Birjina Maria. Zu salbatzeko Jainkoak paratu dizun apaiza. Haien oihuei ez die belarria paratu nahiko.

2 da ad. Jarri. Bera paratu zen gaiztagin haien guztien aurrean. Bere hutsak begien aitzinean paratu zitzaizkionean. Meza ez entzuteko arriskuan paratzen dena. Nonahi zaizkigu nagusi paratu beltzak. || Eta aurkitu zuten, haizeari eta hotzari paratua zen heia barreiatu hartan, haur bat sortu berria. Hain ongi egon behar duzu atsekabeei paratua nola bozkarioei.

3 du ad. Prestatu. Etxepareren liburuaren edizio berria paratu duena. Eltzea egosi eta mahaia paratu.

paratzaile

iz. Aipatzen dena paratzen duen pertsona. Bertso-paratzailea. Edizio honen paratzailearen oharra.

paraxut

iz. Jausgailua. Paraxutak ireki ez direnez, ontzia oso azkar erori da.

paraxutista

iz. Paraxut bat erabiliz jauzi egiten duen pertsona. Zuhaitzean katigatua gelditu den paraxutista bezala, hankak alferrik astintzen.

pardel iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, pardel-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. fardel].

pare

1 iz. Batera doazen kideko izaki edo gauza biren multzoa. Ik. biko. Oilanda pare eder bat. Arrautza pare bana. Hiru idi pare. Soinean bi galtza pare. Dozena pare bat adibide. Zazpi pare joan ginen ondoko egunean. Ez zaudete zuek inozo pare makala! Zer sorgin parea egingo duzuen biok!

2 (pare bat esapidean, dagokion izenaren ezkerrean edo eskuinean, kopuru txiki zehaztugabe bat adierazteko). Hitz pare bat merezi du kontu horrek. Bata besteagandik pare bat metrora. Urte pare bat geroago.

3 iz. (Ezezko esaldietan, parerik ez izan eta kideko esapideetan, 'berdinik ez izan' adierarekin). Ez da eliza horren parerik Alemania guztian. Bere Tiempo de silencio-k ez du parerik, nik dakidanez, Espainiako oraingo eleberrietan. Armetan sekula ez diat parerik izan. || Izar bat maitatu dut parerik gabea (Ik. paregabe).

4 iz. pl. Musean, balio bereko bi karta. Pareak, bai; ederrak gainera.

-en pare -en berdin, -en kide. Aitaren berdin eta pare dela Semea. Abereekin berdindu zen eta haien pare bihurtu. Azala zuri duzu, elurraren pare. Zaldira igorik, badoa tximistaren pare. Isilik hiltzera daramaten ardiaren pare. Lurreko gauza guztiak basaren pare dauzkana. Otoitz kartsua, intsentsuaren pare, zerurantz altxatzen da. Ur garbiaren pare behar duela izan behar bezalako prosak. Ez zirela elkarren pare bereizkuntza guztiak. Artizarraren pare agertu zitzaigun euskal poesiaren zeru goibelean. Uste horiek, ordea, gainerako usteen pare, ustela dute erdia. Isiltasunezko ur geldi hartan denbora badoa eta, hala eta guztiz ere, egonean dago; urtaroak ez dabiltza, ibili, elkarren segidan: betiko leloa berritzen dute, aspertu gabe, negua neguaren pare, uda udaren. || Adats izpiak zituen urrearen pareak.

parean 1 (Lekuzko testuinguruetan). Lerro, garaiera edo maila berean. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Etxe baten parean igarotzean. Neskatxa bere parean jarri zitzaionean. Burua jaso zuen, Zuriñe bizi zen etxe parean. Eskola parean izan da istripua. Valentziaren parean ekaitz gogor bat izan zuten. Binaka zeuden galderok, bata bestearen parean. Lurreko beste errege guztiak honen parean hutsak ziren. Goikoetxea Perossi-ren parean jar daitekeela uste duzu? Gutxi gorabehera lituanieraren parean gabiltza: hamaseigarren mendean hasten da gure literatura, albanieraren ere parean. Baina betikotasunaren parean ipinita, guztiz laburra ez ezik, hutsa bezala da denbora.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Parean igaro zen neska bati.

pare-parean parean-en indargarria. Haien pare-parean gizon txiki bat eseri zen. Maisuaren mahaia pare-parean nuen. Lehen enborrean, pare-parean jardun zuten aizkolari biek.

parera 1 (Lekuzko testuinguruan). Lerro, garaiera edo maila berera. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Laster heldu zen neskatilaren parera, baina haren atzetik joatea erabaki zuen. Beste hizkuntzetako lanekin berdinduz gero, ez da eleberri hau haien parera heltzen.

2 (Dagokion izen sintagmarik gabe). Hogei ukaldi eman orduko, heldu zaizkie parera. || Ni pare hartara iritsi nintzenean.

paretik (Lekuzko testuinguruan). Lerro, garaiera edo maila beretik. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Haien paretik igaro zirenean, Txiliri oles egitea otu zitzaion. Pago zahar haren paretik atzerantz begiratu zuen.

parez pare Aurrez aurre.

paregabe

adj. Parerik, berdinik ez duena. Berebizikoa zen, izan ere, paregabea. Emazte paregabe Jainkoak egina.

paregabeko adj. Paregabea. Paregabeko arta batez. Zure ontasun, jakintasun eta miserikordia paregabekoak.

paregabeki

adb. g.er. Era paregabean. Margolan horiek paregabeki erakusten dituzte gure bazterrak.

paregabetasun

iz. Paregabea denaren nolakotasuna. Euskararen paregabetasuna.

parekatu, pareka/parekatu, parekatzen

1 da/du ad. Pareka jarri. Ez dakit erretorikari zor diogun hitzak parekatzea.

2 da/du ad. Arra eta emea batu. Bata arra zen eta bestea emea, ez da mirakulu parekatzea.

3 da/du ad. Bikotea osatu. Atsegin genuen orok, behin bederen ikusirik gizon eta emazte bat hain osoki parekatzen.

4 da/du ad. Berdindu. Bilatu dut bertsoak egitea, izarietan ahalik justuenak eta buruak ahalik hobekien parekatuak.

5 da/du ad. Parean edo maila berean jarri. Geure egunotan bertan, lanak izango genituzke obra mordoxka biltzen, inguruko eta urrutiagoko literaturetan sortuen aldamenean pareka dezakegunik.

6 da/du ad. Alderatu, erkatu. Ez zegoen barbarorik edo grekorik, harekin pareka zitekeenik.

parekatze

1 iz. Pareka jartzea; bikotea osatzea. Espezie batzuentzat parekatze garaia hasi da.

2 iz. Berdintzea; parean edo maila berean jartzea. Parekatze horrekin, BBVko kontseilariek % 30 gutxiago irabaziko zuten, eta Argentariakoek % 50 gehiago. Katalanaren eta gaztelaniaren parekatze linguistikoan ere ez dutela akordiorik lortu baieztatu zuen. Itunpeko hezkuntzako langileen lan baldintzen parekatze global baten beharra.

3 iz. Erkatzea, alderatzea. Bretainia eta Kataluniaren arteko parekatze bat egin zuen.

parekide

1 adj. Berdintasun edo parekotasun printzipioan oinarritzen dena. Hezkuntza parekidearen aldeko konpromisoa hartu zuten manifestuaren sinatzaileek.

2 adj. Erakundeez eta kidekoez mintzatuz, parte hartzen duen talde bakoitzak ordezkari kopuru bera duena. Batzorde Parekidea gaur bilduko da.

pareko

1 adj. Kidekoa; maila berekoa. Ez dugu Errenterian, letretan, letrarik ezagutzen ez bazuen ere, Xenpelarren pareko gizonik. Abereen pareko bihurtu. Gure ezjakina, horratik, ez zen Sokratesenaren parekoa. Mistikarako isuria heresia kutsuaren pareko etsi daitekeelako. Egin dezagun euskaldunen batek asmatzen edo aurkitzen duela Einstein-ek fisikan edo Fleming-ek medikuntzan asmatu edo aurkitu dituztenen pareko zerbait. Ez dago deus ere horren parekorik. Parekorik gutxi du erlijio gaietan, eta nagusirik, inor ez. || Erronkariko azentua erdal azentuaren pare-parekoa dela.

2 adj. Parean dagoena. Eta igo naiz lasterka, hizketan sumatu ditudan pareko leihora; handik entzun dut dena.

parekotasun

iz. Pareko denaren nolakotasuna, pareko izatea.

parentesi

iz. Testu batean, tartekatzen den iruzkin gehigarria markatzeko erabiltzen diren bi puntuazio-marketako bakoitza, "(" eta ")". Parentesi artean dauden hitzak.

parentesi karratu Hizkl. Parentesien antzeko funtzioa duten bi puntuazio-marketako bakoitza, "[" eta "]". Parentesi karratuak jarri ditugu mendeko perpausaren mugak markatzeko.

pareo

iz. Zapi handia, emakumeek, bereziki bainujantziaren gainetik, gona edo soineko modura janzteko erabiltzen dutena. Jantzi erosoa da pareoa, hondartzara joateko.

pareta

1 iz. Hargin lanezko eraikuntza bertikala, halako luzera batekoa, bitarteak ixteko edo bereizteko, edo sabaiei edo goiei eusteko balio duena. Ik. horma2; holtz. Gela itsusiko lau paretetatik irten gabe. Paretatik zintzilik. Bi presondegi ziren han orduan; bitarteko paretak baizik bereizten ez bazituen ere, biziki ezberdinak ziren. Zutik ezin egonez, etxe pareta bati eskuz, besoz eta buruz lotzen dira gaixoak. Paretetako pitzadurek, leiho puskatuek eta gainbeherazko sentipen tristeak dena betetzen zuten. Paretarekin ari zara hizketan. Pareta bezain zuri. || Harantzago, mendi paretak sekula baino biluziago zaizkigu agertzen.

2 iz. Anat. Hainbat barrunbe edo gorputz mugatzen dituen egitura.

bi pareta Pilota-jokoan horma-bikoa. Zazpi tanto egin zituen bi pareta eta dejadekin. Bi pareta batekin bukatu zuen partida.

pareta belar, pareta-belar Horma-belarra.

paretsu

1 adb. Berdintsua, kidetsua. Bekatuz betez gero, gaiztotzen da, eta aldez aingeru gaiztoen berdin, deabruen paretsu egiten da. Horren paretsu dabil bigarren liburua.

2 adb. Denbora berean gutxi gorabehera. Bi anaiak iluntzearekin paretsu etxeratu ziren.

paretsuan Parean gutxi gorabehera. Deklinabideko zenbait atzizkiren paretsuan dabiltza -en eta -ko maiztasunaren arabera. Artikulua ez da euskaraz "jatorrizko" gertaria: inguruko hizkuntzen paretsuan sortua, hazia eta hedatua izan da gurean gramatika tresna hori.

paria

1 iz. Indian, gizarte maila apaleneko pertsona, kasta-sistematik kanpo dagoena. Musulmanen bizimodua pariena berena baino errukarriago dela erakusten dute gizarteko azterketek.

2 iz. Behe mailakotzat hartzen delako, gizarteak baztertzen eta gaitzesten duen pertsona. Itotzen ari garen paria batzuk besterik ez gara.

pariatu, paria, pariatzen

du ad. Ipar. Pario egin, apustu egin. Haiek zer zuten pariatu eta jujetzat nor hartu, ez dakar istorioak.

pariatzaile

iz. Ipar. Pario egiten duen pertsona.

parietal

1 adj. Anat. Barrunbe edo organo baten paretan edo paretatik hurbil dagoena.

2 adj. Anat. Hezurrez mintzatuz, burezurraren gaina eta erdialdea eratzen duten bietako bakoitza. Bala bat bularrean, ezkerretara, eta beste bat ezkerreko hezur parietalean.

3 adj. Anat. Hezur parietalekoa, hezur parietalari dagokiona. Lobulu parietala.

pario

iz. Ipar. Apustua, trabesa. Azkaineko erretoreak pario hau egin zuen Senperekoarekin. Pario gehienak Harisperen alde omen ziren.

parispunta

iz. Ipar. Iltze mota txikia. Ik. puntapax.

paristar

1 adj. Pariskoa, Parisi dagokiona. Paristar idazlea.

2 iz. Parisko herritarra. Paristarrekin senarra baino, etxekoandrea hobeki.

parizta

iz. Bizk. Keinua, imintzioa.

parkatu ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, parkatu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. barkatu].

parke

1 iz. Barruti itxia, zuhaitzez eta landarez hornitua, jauregi bati atxikia edo hiri baten inguruan dagoena. Gauaz parke batean. Parkeko zuhaitzak, urmaela, bidexkak, eserlekuak. Parke publikoa: herri parkea.

2 iz. Haurrek jolas egiteko prestaturik dagoen eremua, txirristaz, zabuz eta kidekoz hornitua dena. Ez du inor aintzat hartzen, eta jolasean dabil, umeak parkean bezala.

3 iz. Zerbitzu bat betetzeko behar diren makina, ibilgailu, aparatu eta kidekoen multzoa; horiek gordetzen diren lekua. Suhiltzaileen parkea.

4 iz. Zientziari edo industriari dagozkion hainbat instalazio dituen lekua. Zamudioko Parke Teknologikoa. Nafarroan badira 22 parke eoliko.

ur parke, ur-parke Jolas parkea, uretan jostatzeko instalazioak dauzkana. Aqualand ur parkera irteera egingo dute DBHko gazteek.

parket

iz. Gela edo kidekoetarako zoladura mota, marrazki geometrikoak osatzen dituzten oholtxoz osatua. Parket gainean, oinutsik.

parking

iz. Aparkalekua.

parkinson

iz. Gaixotasun neurologikoa, dardara, giharren zurruntasuna eta koordinazio falta ezaugarri dituena. Gizonek emakumeek baino arrisku handiagoa dute parkinsona garatzeko.

parlamentari

iz. Parlamentu bateko kidea. Ik. legebiltzarkide. Parlamentarien bilera.

parlamentario

adj. Parlamentuari dagokiona. Talde parlamentarioa: parlamentu(ko) taldea.

parlamentu

iz. Legebiltzarra. Nafarroako Parlamentua. Europako Parlamentuan eztabaidatu da. Parlamentuko taldea. Parlamentuko kidea zen (Ik. parlamentari). Parlamentuko eztabaidak. Parlamentuaren ikuspuntua.

parmesano

1 iz. Behi gazta mota, erraz hausten edo birrintzen den mami gogor horixka duena, jatorriz Italiako Parma eskualdekoa dena. Kaneloiak parmesanoarekin.

2 (Izenondo gisa). Gazta parmesanoa.

parnaso

iz. Garai edo leku baten adierazgarri den poeten multzoa; garai, egile edo genero bateko poemen multzoa. Liburu hori irakurtzen ari nintzela aurkitu nuen euskararen parnaso txikia.

parodia

iz. Norbaiten edo zerbaiten isekazko imitazioa. Komedia erromantikoen parodia bat da nire filma.

parpaila

1 iz. Ehunezko zatia, apaingarri gisa arropei eransten zaiena. Zetazko parpailak dituen soineko luzea.

2 iz. Zapi, eskuoihal, soineko eta kidekoen ertzetan josten den ehun sarezko zerrenda apaingarria, eskuz edo makinaz eginiko irudi tapituagoak eta ertz ondulatu edo puntadunak dituena. Ik. puntilla. Lihozko maindirez eta damaskoz itxuraturiko zamauak, eta parpaila apain baliotsuak.

parra1

1 iz. Heg. Hazten uzten den mahatsondoa, euskarri batez eusten zaiona. Parra-hostoz apaindurik. Mahats-parra sendo baten azpitik pasatu behar da baserrira sartzeko.

2 iz. Heg. Arba, baratzeko landareen euskarria. Parrako indaba.

parra2

adb. Berdin. (parra egin, parra gelditu, parra izan eta parra jo esapideetan erabiltzen da). Mila pezeta eman dizkiot, eta parra gelditu gara. Niri parra jotzen dit goiak behea jota ere: niri berdin dit goiak behea jota ere.

parrafo iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, parrafo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. paragrafo].

parranda

iz. Heg. Herr. Olgeta, jostatze edo jai zaratatsua. Parrandan ibili.

parrandazale

adj./iz. Heg. Herr. Festazalea. Parrandazale porrokatua; festazalea, festazalerik bada.

parrandera

adj./iz. Heg. Herr. Emakumezkoez mintzatuz, festazalea.

parrandero

adj./iz. Heg. Herr. Gizonezkoez mintzatuz, festazalea.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper