Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

jangai

iz. Janaria, jatekoa. Badaukazu etxean jangaia ugari. Jangaiak erostera.

jangaitz

adj. Jateko zaila dena. Birzahiz eginiko ogi beltz jangaitza.

jangale

iz. Jateko gogoa. Ik. jangura. Jangalea hiltzeko.

jangarri

1 iz. Janaria, jatekoa. Negurako jangarria bildu. || (-en atzizkiaren eskuinean, artikulurik eta kasu markarik gabe). Han gelditu dira erori diren tokian, ehortzi gabeak, piztien jangarri.

2 adj. Jan daitekeena, jateko ona. Basalandare jangarriak izan zituzten aipagai. Iaz mila lagun inguruk jo zuten udal bulegoetara, mendian bildutako zizak jangarriak ote ziren galdetzera.

jangartxu

1 pred. Jateko gogorik gabe. Badaki jango balu osatuko litzatekeela; baina hain dago jangartxu, ezen ezin inondik ere janarazi dion.

2 adj. Mizkina, jatun txikia.

jangartxutu, jangartxu/jangartxutu, jangartxutzen

da/du ad. g.er. Jateko gogoa galdu edo kendu.

jangela

iz. Etxe batean, bazkaltzeko eta afaltzeko prestatua dagoen gela; eskola, lantegi edo jatetxe batean, bazkaltzen edo afaltzen den gela edo aretoa. Ik. jantoki. Jangelan gosaldu dute. Jangelako mahaian. Langileentzako jangelak.

jangura

iz. Jateko gogoa. Ik. jangale. Neke latzak kentzen edo nahasten dio loa eta jangura guztia.

janiza

1 iz. Ipar. Jangale bizia, gose handia. Haren janiza!

2 iz. Ipar. Grina makurra. Gaizkirako janiza.

jankatu, janka, jankatzen

du ad. Ipar. Hozkada txikiz, poliki-poliki jan. Ik. hortzikatu. Grinen harrak bihotza jankatuko dizu.

janleku

iz. Jateko lekua. Ik. jantoki. Baserriko janlekua. Ardien janlekua.

janondo

iz. Jan ondoko denbora. (Batez ere denbora atzizkiekin erabiltzen da). Ik. bazkalondo; afalondo. Esnatzean, janondoan eta lotarakoan. Bihotzerrea zela pentsatu nuen, janondo gaiztoren bat edo.

jansenismo

iz. Jansenius-en doktrina, Jainkoak aldez aurretik hautetsiak soilik salba daitezkeela esaten zuena; doktrina horren aldekoek eragin zuten erlijiozko mugimendua. Port-Royal, jansenismoaren jaiolekua.

jansenista

iz./adj. Jansenismoaren aldekoa. Jansenisten eta Jesusen Lagundikoen arteko borrokak. Jansenisten iritzi hertsiak. Heziera jansenista.

jantegi

iz. Jateko lekua, jantokia. Abereen jantegi batean. Elkarrekin bazkaldu ohi zuten lantokiko jantegian.

jantoki

iz. Jaten den tokia. Ik. jantegi; janleku. Badoaz jantoki batera; bazkari on bat eskaintzen die Matxinek. Jantoki polita, lau lagunentzako mahaitxoekin. Hona fraideen jantokia, orain kaperatzat darabiltena (Ik. jangela).

jantxakur

1 iz. Jan besterik egiten ez duen txakurra.

2 iz. Besteren kontura bizi den pertsona. Jantxakur asko dabil agintzen.

jantzarazi, jantzaraz, jantzarazten

du ad. Janztera behartu. Soineko zuri bat jantzarazi zion, barregarri jartzeko. Beltzez jantzarazi zituen aldareak ere.

jantzi1, jantz, janzten

1 da ad. Gorputza arropaz estali. Ik. beztitu. Ohetik jaikitzean lotsarik gabe jantzi zara? Dotore jantzia. Jendea gero eta hobeto janzten da.

2 da ad. (Gaia, kolorea edo kideko ezaugarriren bat adierazten duen osagarria hartzen duela). Beltzez jantzi zen. Oinetatik bururaino zuriz jantzia. Zetaz jantzirik. Ardi larruz jantzitako otso maltzurra.

3 da ad. (Osagarritzat artikulurik eta kasu markarik gabeko izen bat hartzen duela). Zalduna neskame jantzita. Kaleko jantzitako ertzain batek pistola atera eta airera zazpi tiro egin zituen.

4 du ad. (Arropak) jarri. Mingarri zitzaion zigortuen soinekoa jantzi beharra. Erantzirik soinean zeraman jantzi berri hura, jantzi zion pobreari. Janzteko arroparik ez zeukan (Ik. janzteko). || (nor osagarritzat jantzia gertatzen dena hartzen duela). Berak janzten du bere semea.

5 du ad. Aipatzen den erlijiosoen ordenan sartu. San Domingoren hirugarren Ordenako abitua jantzi zuenean. 1909an jantzi zen frantziskotar eta 1917an apaiztu.

6 du ad. (Soinean erabiltzen diren beste jantzi edo gauzaki batzuez mintzatuz). Oinetakoak, txapela jantzi. Jantzi dituk abarkak? Koroa jantzi zion. Betaurrekoak jantzita.

7 du ad. Zerbait dagozkion arropez estali. Ohea jantzi. Eta gaua igarotzeko jantzi zion Bernardok ohe zuri ederra beraren gelan. Aldarea jantzi. || Etxea janzten duten altzariak.

8 da/du ad. Irud. Lurra behar bezala zuhaitzez jantzia balego. Izotzak arbolak zilarrez jantzi zituen. Irudiz ongi jantzitako liburutxoa. Ondasunez ongi jantziak zeudelako. Zuhur hitzok, mamia euskal mami garbi ez bada ere, euskal azal ederrez jantziak agertzen zaizkigu. Haren idazlanak osotoro biltzeaz gainera, argibide ugariz jantzi ditu. Zentzuz jantzitako edozein gizonek uste duena. Jakintza-gaietan ongi jantziriko gizona. Ez gara gehiegi, ez gaude jakitez jantziegiak, hizkuntza larri dabilkigu. Harritxabaleta berrogeita sei urteko gizon sendo eta buruz jantzia da.

9 (Era burutua izenondo gisa). Ikasia, kultura duena. Gure gazteak bestetan baino haziago, jantziago eta ikasiago agertzen zaizkigu. Erdara politago, jantziago, dotoreago iruditzen zaiolako. Apain, jantzi, landu, goitar den guztia erdarari begira erabiliko dugu.

jantzi2

iz. Janzteko gauzakia edo gauzakien multzoa. Ik. janzki; arropa. Jana, edana eta jantzia. Ken jantzi beltzok! Jantzi berri bat egin zioten jaietarako. Azpiko jantziak. Gaineko jantzi jostura gabekoa. Emakume haiek, hain jantzi arinetan! Errege-jantzi dotorez apainduak. Aldare-jantziak. Hileta-jantziak.

jantzian adb. (Osagarritzat artikulurik eta kasu markarik gabeko izen bat hartzen duela). Aipatzen den eran jantzirik. Hurbildu zen Tolosara baserritar jantzian. Hara, ama!, aurreko Txomin andre jantzian dabil. Arkume-jantzian zebilen otsoa.

jantzi denda, jantzi-denda Jantziak saltzen diren denda.

jantzigintza

iz. Jantziak egitea; jantziak egiten dituenaren lanbidea. Jantzigintzan dihardu. Ehungintzako eta jantzigintzako inportazioak. Europako ehun eta jantzigintza-industriaren elkartea.

janzkera

iz. Jantzia; bereziki, janzteko modua, norbait jantzirik dagoen era. Orduko janzkerak egiten ziren lihoarekin etxean. Oraingo neskatxen janzkera. Zure janzkera ez dadila bekatu arrisku izan inorentzat. Hura zelako niri zegokidan janzkera. Orain boladan dagoen janzkera.

janzki

iz. Jantzia. Igandeetako janzki berriak erosten. Moja-janzki bat. Artilezko janzki beltz dotore batekin.

janzte

iz. jantzi aditzari dagokion ekintza.

janzteko

iz. Jantzia. Jatekoa eta janztekoa beti osatu dugu, sabela ase eta nonahi txukun agertzeko heinean. Egarri bada, edaria; biluzik badago, janztekoa. Janzteko zahar, eten, atsituak.

janztetxe

iz. Elizatik hurbil egoten zen etxea, elizara joan aurretik baserritarrek arropa edo oinetakoak aldatzeko erabiltzen zutena.

janztura

iz. Ipar. Jantzia, janzkia.

japoniar

1 adj. Japoniakoa, Japoniari dagokiona. Japoniar literatura.

2 iz. Japoniako herritarra.

japoniera

iz. Japonian mintzatzen den hizkuntza. Japonierazko liburuak.

jarabe

iz. Heg. Edari lodi gozoa, urez, azukrez eta fruituz edo sendagaiz egina. Ik. ziropa. Gaixotzen zenean, jarabe arrosa nazkagarri bat hartu behar izaten zuen. Marrubizko jarabea.

jaramon

|| Ezeren jaramonik gabe: ezeren ardurarik gabe.

jaramon egin dio ad. Kasu egin, kontu eman, gogo eman. Nola egin diozu jaramon azeri gezurti horri? Mutil ona dago Nikanor, horrelako esanei jaramon egiteko! Mundukoen berriketari jaramonik egin gabe. Erlijioaz badihardu, ez diot batere jaramonik egingo. || Engraziak ez zion jaramon handirik egin mutilaren oihuari. Txakur bat igaro balitz baino jaramon gehiago ez zion egin.

jaraunsle

iz. Oinordekoa. Ik. ondorengo. Bere jaurerriaren jaraunsle egin gaitu. Jaraunsleak ondare osoa (eskubideak eta betebeharrak) jasotzen du oinordetzaren bidez.

jaraunspen

1 iz. Jaraunstea. Ondorengo zuzenik gabeko jaraunspena auzi iturri bihurtu zen.

2 iz. Jarauntsia, oinordetzan hartzen edo ematen diren ondasunak. Ik. seniparte; ondare. Jaraunspena eskuratzeko, beharrezkoa da onartzea.

jarauntsi1, jaraunts, jaraunsten

1 du ad. Oinordekotzan hartu. Jarauntsi dituen izena eta izana.

2 du ad. Oinordekotzan eman. Beren semeei hilburukotzat jarauntsi dien ondarea.

jarauntsi2

iz. Oinordekotzan hartzen edo ematen diren ondasunak. Ik. seniparte; ondare. Erromako lege zaharren arabera, amak ez zuen parterik seme-alaben jarauntsian.

jardin

iz. Lorategia.

jarduera

iz. Jardutea, aritzea. Ik. jardun2. Nekazaritzakoak ez diren jardueretan. Berrehun enpresaren jarduera ikertuko du aurten Ingurumen Sailak. Gorputzaren jarduera guztiak zaintzen dituen organoa. Badira plazer ematen diguten bestelako jarduerak, estetikoak ez direnak.

jardueradun

adj. Pertsonez mintzatuz, lan merkatuan parte hartzen duena, lan ordaindua egiten duena. Biztanle jardueradunak.

jarduketa

1 iz. Hizketaldia. Ik. jardun2 2. Etxean, sukaldea da jantoki, lantegi eta jarduketa eta irakurketarako lekua.

2 iz. Jardutea, aritzea. Ik. jarduera.

jardule

1 iz. g.er. Zerbaitetan jarduten duen pertsona.

2 iz. g.er. Agentea.

jardun1, jardun, jarduten

1 da/du ad. (du aditza denean, nor osagarririk gabea da). Adierazten dena egin; ari izan, aritu. Lanean jardun du egun osoa. Berriketan jardun. Gure aurrekoak aizkoran oso pozik jardun ohi ziren. Pilotan jardun dugu arratsalde guztian. Ikasten jardun gabe. Kanpaiak jo eta jo dihardu. Eginahalean jardun du bere seme hori hezten. Lanbide horretan jardun duten guztiek dakitenez. Entzutekoak ziren trikitilariak, egun guztian jotzen jardun ziren biak. Neroni jarduna naiz horrezaz bestetan, eta beste anitz jardun dira, ni baino hobeki.

2 da/du ad. Hitz egin, berriketan aritu. Ik. iharduki1 2. Zertaz jardungo dugu gaur? Jardun eta jardun isildu gabe.

jardun2

1 iz. Jardutea, aritzea. Ik. jarduera. Ez ninduen oinazturak jo eta aldarazi, luzaroko jardunak baizik. Bere irakasle jardunean burutu dituen lanak. Ez dago Txomin Agirreri bertsolarien jardunak ematen zion tristura oroitu besterik.

2 iz. Hizketa, solasa. Lagun bien jarduna entzun duzu. Amaren zurekiko jardun jainkozkoa eta nirekiko samurtasun santua.

3 iz. Alferrikako hizketa. Utziko al diogu joaten?, galdetu zuen Hermannek, jardun harekin aspertzen hasita.

gogo jardun, gogo-jardun iz. Zenbait egunetan egiten den gogarte-aldi espirituala. San Ignazioren gogo jardunak.

jardunean 1 adb. Zerbaitetan jarduten. Beti jardunean eta beti geldi.

2 adb. Hizketan, solasean. Hiru emakumerekin ari ginen jardunean; beren istorio, ipuin eta holakoak kontatzen zizkiguten.

jarduneko adj. Kargudun baten ordez behin-behinean ari dena. Bilera egin zenean, Carod-Rovira Kataluniako jarduneko presidentea zen, Pascual Maragall bidaia bat egiten ari baitzen. Presidentea kargugabetu ondoren, eta bozak berriz egin bitartean, Legebiltzarreko burua izango da jarduneko estatuburua. || Jarduneko gobernua.

jardunaldi

1 iz. Zerbaitetan jarduten den aldia. Jardunaldi laburretan egina.

2 iz. pl. Gai bati buruz aritzeko egiten diren lan bilerak edo saioak. Euskalarien lehen jardunaldiak. Jardunaldi aretoa.

jardunarazi, jardunaraz, jardunarazten

du ad. Jardutera behartu.

jardunbide

1 iz. Jardutea, jarduna. Abarkak egiteko jardunbidea.

2 iz. Jarduteko modua. Zenbait bereizkuntza iraunarazten saiatzea ez litzateke beti jardunbide zuzena. Agintarien jardunbidea salatu.

jardungai

iz. Jardunaren gaia. Mesmer-entzat, fisikak jardungai dituen beste irradak bezalakoak ziren bizi irradak.

jardute

iz. jardun aditzari dagokion ekintza. Ik. jardun2; jarduera. Itxura eta errespetu gabeko jardute nazkagarriak. Zerbait buruz ikastea bekatu larria balitz bezala jardute hori ez zen jokabide hobea.

jare

adj. Askea, lokabea. Gizona jare baita. Jare egin ninduen Jainkoak eta jare iraun nahi dut. Jare utzi.

jaregile

iz. g.er. Askatzailea.

jaregin, jaregin, jaregiten

dio ad. (nor osagarririk gabe). Askatu, libratu. Neuk esatean, jaregin usoei.

jaretasun

iz. g.er. Askatasuna.

jargia

iz. Batez ere Zub. Jarlekua. Egotzi ditu boteredunak beren jargietarik eta altxatu ditu apalak.

jargoi1

iz. Tronua. Jakin zuenean Ugolino kardinalak igo behar zuela Done Petriren jargoira.

jargoi2

iz. Gizatalde edo lan jarduera jakin bateko jendeak erabiltzen duen hizkera. Ik. argot. Hizkera arruntaren eta jargoi profesionalaren arteko aukera. New Yorkeko jargoia zerabilten.

jariagai

iz. Jariatzen den gaia.

jariakin

iz. Zerbaitek jariatzen duen gaia. Barrabilen eta guruin lagungarrien jariakinez eratutako likidoa da esperma.

jariakor

adj. Jariatzeko joera duena. Aire epela, ur beroa, lurruna edo antzeko gai jariakorrak.

jariakortasun

iz. Jariakorra denaren nolakotasuna. Likidoek edukiontziaren araberako forma hartzeko duten propietatea da jariakortasuna.

jariarazi, jariaraz, jariarazten

du/dio ad. Jariatzera behartu. Ogia galkatuz, odola jariarazi zion tantaka, zioelarik: "Horra nola jaten duzuen pobreen odola".

jariatu, jaria, jariatzen

1 zaio ad. Tokiren batetik isurkari bat edo gas bat irten. Ur bizizko ibaiak jariatuko zaizkio sabeletik. Soineko zahar hura erantzi zioten, jariatu zitzaion odolarekin gorputz larrutuari itsatsita zeukalako.

2 du ad. Biol. Zelula, guruin edo organo batek, berak sortzen duen gaia kanporatu. Malko-guruinek malkoak jariatzen dituzte. Guruin batek jariatzen duen gaia.

jariatze

iz. jariatu aditzari dagokion ekintza. Ik. jario2. Odol-jariatzea.

jario1, jario, jarioko

1 zaio ad. Jariatu. Ur bizizko ibaiak jarioko zaizkio barnetik. Sudurretik mukia dario. Fabriken tximiniei kea darie. Esnea eta eztia darizkion lurra. Neskari begira, adurra dariola. Ia arnasarik gabe eta sudurretik odola zeriola irten zen. Kandelario-lario, haitzari ura dario.

2 zaio ad. Irud. Gorrotoa dariola dago. Elkarren kontra madarikazioa dariela. Martin alproja trapukerian dabil, hitz adina gezur dariola. Egiari argi dario. Bere poesiari darion tristura. Sartu da lustrea dariola, harro-harro.

jario2

1 iz. Jariatzea; zerbaiti darion gauza. Barrika horrek jarioa du beheko aldean. Jario gutxiko iturria. Ur jarioa. Bekokiko izerdi jarioa xukatu.

2 iz. Irud. Txorimalo ikaragarri horien ahotik isurtzen den jarioa. Gure etxeetatik Ameriketara jario etengabea sortzen zen aldi hartan. Barne bizitzaren jario iheskorra. Hitzen jario bukaezina. Zure begiei darien maitasun jario hori.

3 iz. Jaidura, joera. Ik. isuri2 2. Bekaturako gutizia, grina eta jario makurra.

4 adb. (Hitz elkartuetan, bigarren osagai gisa). Zerraldo utzi zuen kordegabeturik, odol-jario. Basoa beroaren beroz lurrun-jario.

galtza-jario adj. Galtzak erdi erorian daramatzana. Cantinflas galtza-jarioa.

gezur jario, gezur-jario iz. Gezurrez beteriko jarduna. Heure lurrean ere ez ote duk, bada, gezur-jario hori eten behar?

gezur-jario adj. Gezurtia. Zertara deitu dut nik gezur-jario hori?

hitz jario, hitz-jario iz. Jarduna, bereziki asko hitz egiten duenarena. Ik. etorri2 1. Ezin atertuzko hitz-jarioa. Entzutekoa zen mutilaren hitz-jario barregarria.

hitz-jario adj. Hitzontzia, berritsua. Zaharrago eta hitz-jarioago izaten omen gara. Gizon prestu batek emazte alfer hitz-jario bat badu. Hitz-jario ezjakina.

jarioan adb. Jarioka. Beti jarioan dagoen iturria.

txima-jario 1 adj. Txima asko dituena. Urka ezak! —oihu egin zuen emakume txima-jario batek.

2 (Adizlagun gisa). Bistan duzuenez, errukarri natorkizue, ia esku hutsik eta txima-jario.

jariodun

adj. Jarioa duena.

jarioka

adb. Jariatuz. Eskuetan igitaiak dirdai jarioka dituela.

jariotsu

adj. g.er. Jario handikoa. Ibai jariotsua.

jarki, jarki, jarkitzen

1 zaio ad. Buru egin, aurpegi eman. Jarki haize gogorrari. Ezin jarki zitzaion ur-lasterrari. Jainkoari jarki eta gogor egin arren.

2 (Era burutua izenondo gisa). Buru egiten duena. Gizon adoretsu, sendo eta jarkia, inoren beldurrik ez duena.

jarkikor

adj. Jarkitzeko joera duena, erraz jarkitzen dena.

jarkikortasun

iz. Jarkikorra denaren nolakotasuna.

jarleku

iz. Esertzeko egiten edo prestatzen den edozein motatako gauzaki edo altzaria; esertzeko lekua. Ik. eserleku. Aretoko jarlekuetan. Han-hemenka ezarriak ziren zurezko jarleku haietariko batean. Hormari itsatsia, harrizko jarleku bat. Ez zen mahairik, ez jarlekurik. Zeruko jauregian jarleku asko dira. Jarleku andana bat. Erdiko aulkien buruan dute jarleku emakumeek. Bere jarlekua eskaini zion. Jarleku gabe gelditu zen. || Hainbat txoriren jarleku zaren zuhaitza. Euskara zaharrak mendian dauka lehenengo bere jarlekua. Zure bihotza Espiritu Santuaren jarleku izan dadin.

jarrai1

adb. (ibili aditzarekin). Norbaiten edo zerbaiten atzetik, norbaiti edo zerbaiti jarraituz. (Ezkerrean duen izen sintagmak -en edo -i atzizkia hartzen du). Ik. jarraika. Zekenkeria edo ondasun gurari larregia da gaitz guztien sustraia; bere jarrai dabiltzan askok fedea galdu dute. Erregutu iezaiozue Jaunari zuen jarrai dabiltzan edo esesten zaituztenen alde. || Gauaren jarrai eguna. Bazihoazen taka-taka bidezidorrari jarrai.

jarrai2 [Oharra: Euskaltzaindiak, jarrai-k, izenondo gisa, euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, kasu horretan, jarraitu eta jarraiki erabiltzea gomendatzen du: hots, hezkuntza jarraia eta kidekoen ordez, hezkuntza jarraitua edo hezkuntza jarraikia erabiltzea].

jarraian

1 adb. Ondoren, segidan. Aurren gizonezkoak; jarraian emakumeak. On Kixote asto gainean, eta, ondotik jarraian, Rozinante.

2 adb. (-en atzizkiaren eskuinean). Elkarren jarraian zetozen. Erbi biren jarraian doanari batak eta besteak ihes egiten diote.

jarraiarazi, jarraiaraz, jarraiarazten

dio ad. Jarraitzera behartu.

jarraibide

1 iz. Jarraitzekoa edo imitatzekoa izan daitekeela uste den egite edo jokaera. Jarraibidea eman dizuet, nik zuei egin dizuedana zuek ere egin dezazuen. Kontu horretan Tolosa ipiniko dizuet ikasbide eta jarraibidetzat. Horra guretzat jarraibidea. || Jarraibide txarra, gaiztoa.

2 iz. Eredua. Ik. etsenplu. Erdara jarraibide gisa hartu.

3 iz. pl. Zerbait lortzeko edo gauzatzeko jarraitu beharreko bide edo arau orokorrak. Apezpikuak jarraibide moralak ematen ditu; gero, katoliko bakoitza libre da nahi duena erabakitzeko.

jarraiera

iz. Jarraipena, segida.

jarraigarri

1 iz. Eredua. Ik. jarraibide.

2 adj. Jarraitzea merezi duena. Eredu jarraigarria.

jarraigo

iz. Norbaiti lagun egiten dioten pertsonen multzoa. Ik. segizio. Faraoiaren eta bere jarraigoaren irteerak.

jarraika

adb. Jarraituz, jarraitzen. Herriko gazterik bikainenak abiatu ziren Paulari jarraika. Jarraika hasi zitzaion. Norbait atzetik jarraika balute bezala.

jarraiki1, jarraiki, jarraikitzen

zaio ad. Jarraitu. Solasta zaitez harekin eta jarraiki haren kontseiluei. Apaiz gaixoa jarraiki zaio gillotinaren gaineraino. Anartean bere lanari jarraiki zitzaizkion, deus gertatu ez balitz bezala. Gizon horiek osoki erlijioari jarraikiak balira, indar gehiago lukete. Ni narraio San Gregorioren kontseiluari.

jarraiki2

1 adj. Etenik gabekoa, jarraitua. Ik. etengabe. Orain ez baitut lan jarraiki bat egiteko ahalmenik. Haren eraso bortitz eta jarraikien ondoan.

2 adj. Pertsonez mintzatuz, saiatua, zaila. Domingo, izan al zara eginbidetsua, lanean jarraikia, fedean kartsua, senar leiala?

jarraikiarazi, jarraikiaraz, jarraikiarazten

dio ad. Jarraiarazi.

jarraikitasun

iz. Ipar. Eginbehar edo egitekoetan hutsik egin gabe atxikitzea. Zerbitzari haren leialtasuna eta lanerako jarraikitasuna. Herriko gazteei Bezperetarako jarraikitasuna gomendatu zien.

jarraikitzaile

iz. Jarraitzailea. O'Connell eta haren jarraikitzaileak.

jarraikitze

iz. Jarraitzea.

jarraiko

adj. Ondoren datorrena, jarraian datorrena. Ik. ondorengo. Bera da jarraiko orrialdeotan dugun Kode Zibilaren atariko hitzaldiaren egilea.

jarraipen

1 iz. Jarraitzea, beste zerbaiten ondotik etortzea edo gertatzea. Kontakizunaren jarraipena. Haren lanari jarraipena emateko. Zoritxarrez, haren ekarpenak ez du jarraipenik izan.

2 iz. Lan, egitasmo edo jarduera bat behar bezala dagoen edo dabilen aldian-aldian ikuskatzea. Horiek guztiak beteko direla bermatzeko, jarraipen batzorde bat osatuko dute hamaika eragileek.

jarraitu1, jarrai/jarraitu, jarraitzen

1 dio ad. (nor osagarririk gabe). Norbaiten edo zerbaiten ondotik joan edo ibili. Ik. jarraiki1; segitu. Etxeraino jarraitu dio. Jainkoaren deiari baino emaztearen esanari hobeki jarraitu zion. Urrundik jarraituko diot. Mutilak begiez jarraitzen dio. || Bideari jarraitu. Egin zuen aitortza on bat eta jarraitu zion Zerurako bideari. Aitaren lanbideari jarraituz, zuzenbidea ikasi zuen Bordelen.

2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Atzetik joan, aurrekoarekin biltzeko, hura atzemateko. Ik. esetsi 2. Ihesi doanari jarraitu. Jarraitu zion Beleak, eskatzen ziola bere gazta.

3 dio ad. (nor osagarririk gabe). Norbait edo zerbait gidaritzat, arautzat hartu, norbaiten iritziak edo erakutsiak onartu. Jesusi jarraitu dio. Hobe nuen Jaunari jarraitu banio. Urrutiegi aurreratzen bagara, herriak nazka hartuko digu eta ez digu jarraituko. Antzinako joera klasikoei jarraituz. Itsu-itsuan jarraitu.

4 dio ad. (nor osagarririk gabe). Beste zerbaiten ondotik etorri edo gertatu. Ekaitzari jarraitzen dion baretasuna. Zerrendan jarraitzen dionak.

5 du ad. (nor osagarririk gabe). Egoera edo jarrera jakin batean iraun. Lanean jarraitu du. Hura iraintzen jarraitu behar duzu? Teresak irakurtzen jarraitzen zuen. Aurrera jarraitu zuen. Nire hartan jarraitzen dut hala ere. Artzain jarraitzeko asmoz. Bizirik geldituok han eta hemen nolabait jarraitu genuen, zeharo errautsia izan zen herri baten barrenean eta kanpoan. Hurrengoan jarraituko dugu.

jarraitu2

adj. Etenik edo etenaldirik ez duena. Ik. etengabe; jarraiki2. Errotaren hots jarraitua. Otoitz jarraitua egin beharrean.

jarraituki

adb. Jarraitutasunez, eten edo etenaldirik gabe. Lanean jarraituki aritzea.

jarraitutasun

iz. Jarraitua denaren nolakotasuna. Ekintzaren jarraitutasuna. Etenik gabeko jarraitutasuna.

jarraitzaile

iz. Norbaiti edo zerbaiti jarraitzen dion pertsona edo gauza, eta, bereziki, gidari bati, doktrina bati jarraitzen diona. Ik. jarraikitzaile. Non sumatu duzu jarraitzailea? Jesu Kristoren ikasleak eta jarraitzaileak. Haren lanaren jarraitzailea. Kontzientzia itsua da gidari: adimena, jarraitzaile soila besterik ez. Ez dut uste Astarloa Larramendiren jarraitzaile izan zenik: ondorengoa, bai, aitzindariaren onak hobetu zituena gramatika aldetik. Jarraitzaile leiala, suharra.

jarraitze

iz. g.er. jarraitu aditzari dagokion ekintza.

jarrarazi, jarraraz, jarrarazten

du ad. Jartzera behartu. Bere semea lanean jarrarazi nahi du. Nork jarrarazi horretara, baina? Eskuineko aulkian jarrarazi zuen. Bere mahaian jarraraziko ditu. Bertsoak jarrarazi zizkidan.

jarrera

1 iz. Jartzeko era, norbait edo zerbait jarrita dagoen era. Dantzan estuegi edo jarrera txarrean egon delako.

2 iz. Gai edo arazo baten aurrean izaten den ikuspuntua, batez ere jokaera jakin bat dakarrena. Ezin uka zaharra naizela; badira, hala eta guztiz ere, esanak eta eginak, egoerak eta jarrerak, ezagutu ez ditudanak. Euskara batuari buruz duen jarreragatik. Guztiek jarrera bateratua hartzeko.

jarri, jar, jartzen

1 da/du ad. Norbait lehen ez zegoen toki edo egoera batean gertatu; norbait edo zerbait toki edo egoera berri batean gertarazi. Ik. ipini; paratu. Paretari begira jarri zituen. Gelaren bazter batean jarri zen. Zutik jarri zen. Ezpata hartu zuen eta jarri alde batera. Koroa arrebaren eskuetan jarri zuen. Haurtxoaren aurrean jarri zen belauniko. Jaso du burua eta lepoa luzatu, tenteago jarri delakoan. Katuari zintzarria nork jarri? Ez du gaizki hartu sorbalda gainean jarri dioten eskua. Zuri-zuri jarri zaio aurpegia. Lotsaturik jarri nauzu. Zer gerta begira jarriko da. Morrontzan jarri zen. Barren guztia kiskaltzen jarri dit. Euskal prosak dituen maisuen artean jarri du bere burua. Besteek baino gorago zeuzkala jarriak begiak. || Donostian jarri da bizitzen. || Ik. errun. Oiloak arrautza jarri.

2 da/du ad. (Gauza abstraktuekin). Eragozpenak jarri. Adibide batzuk jarriko ditut. Dama batek jartzea horrenbeste lege. Dirua korrituan jarri. Armetan jarria dauka konpainia. Izena jarri. Olerkiari musika jarri diona. Egiak, latza eta garratza izanagatik, osasunbidean jar gaitzake. Euskara batasun bidean jartzeko. Zerbait zalantzan, kolokan jarri. Nork bere burua galbidean, hiltzeko arriskuan jarri.

3 da/du ad. (Esapideetan). Haren barne izaera agerian jartzen duten gauzak. Kontra jarri zitzaiolako. Ondo pentsatzen jarriz gero.

4 du ad. (Paperean) eman, idatzi. Paperean jarri. Gauzatxo bat egin da oker: Axularrek semék eta antzekoak jarri zituenean, semeek eta abar aldatzea. Ez zuen ikusten zer arraiotarako behar zuen Bizkaiko foruak euskaraz jarria egon. Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak. Bertso berriak jartzera noa euskara eder batean.

5 da ad. Eseri. Ik. jesarri. Jar zaitez aulki horretan. Haren eskuinean jarria dagoena. Gogora noren mahaian jarri behar duzun. Eta jarririk dago Jainkoaren eskuinean.

6 da ad. (Egoera berrira) ohitu. Astoa makilara bezala jarri da zure ohituretara. Horrexegatik beragatik ongi jarria behar zuen egon Iruñeko hizkerara. Bestela ohitua eta jarria dagoena.

7 da ad. (Dagokion osagarriak -ra atzizkia hartzen duela). Eman, zaletu. Emakume galgarrietara jarri zelako. Edarira jarriak dauden guztiak. Gaiztakeria guztietara jartzen dira. Jesu Kristoren Ebanjeliora jarri eta kristautzen ziren.

jarrialdi

1 iz. Eserialdia. Bi ordu oso iraun zuen gure jarrialdiak.

2 iz. Zerbait jartzea, zerbait jartzen den aldia. Azken bertso jarrialdian.

jartoki

iz. Jarlekua.

jartzaile

iz. Aipatzen dena jartzen duen pertsona. Bertso-jartzailea. Bertsolari txapelketako gai eta puntu-jartzaileak.

jartze

iz. jarri aditzari dagokion ekintza. Jaunaren aurrean jartze eta ibiltze hau ongi egiteko.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper