Bi motatako aditzak bereiz ditzakegu izan aditzaren balioen arabera (izan naiz / izan dut). Lehen motakoak dira beldur izan, egarri izan, gose izan, lotsa izan… Bigarren motakoak, balio izan, behar izan, damu izan, ezagun izan, gorroto izan, gura izan, higuin izan, maite izan, merezi izan, nahi izan… Predikatu hauetan ere osagaiak lekuz alda daitezke, bihotz-bihotzez zaitut maite, zu zara horren beldur, ez naiz ezeren damu… Eta ‘izena + egin’ lokuzioetako aditzaz esan dugunaren haritik, aditz arinak direla alegia, hauetan ere izan ia laguntzaile soila dela esan daiteke, aditzaren aspektu balio desberdinak adierazteko bidea (maite izan dut, maite izaten dut, maite izango dut). Emankortasunari dagokionez, Hitz-Elkarketa/3 lanean esaten den bezala, adibideek zerrenda dagoeneko osatua eratzen dutela dirudi; aspalditxoan ez da berririk sortu. Beste modu batera esanda, egitura hauek ez dira gaur emankorrak. Predikatu konplexuei eskainitako atalean aztertzen ditugu xehekiago [izena + izan] egiturak (§ 23.2.1.3.4).
Predikatu horiek osatzen dituzten izenetako batzuk izen elkartuetako mugakizun izan daitezke: diru gosea, erlijio beldurra, odol egarria, bihotz damua, batasun nahia (§ 7.2.6).