Euskararen Gramatika

Aurkezpena

Aurkezpena

Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak ibilbide luzea egin du, 1980ko hamarkadaren hasieran lanean abiatu zenetik. Lehenbiziko Gramatika Batzordea 1980ko apirilaren 18an izendatu zuen Akademiak: Pierre Lafitte zen buru; Jean Haritxelar buruorde; Patxi Goenaga idazkari eta Maria Pilar Lasarte idazkariorde. Eta erabakiaren berri ematen duen Euskaltzaindiaren agiriak hitzez hitz dio batzordelagun izanen direla “Arrasateko batzarrean txostenak egin zituztenak” eta “gaur gramatika lanetan sartuak diren beste zenbait ikerleren izenak”. Izen horiek ere gaineratu beharko direla, hortaz.

Beraz, erraz esaten da gero, orain dela 40 urte inguruko kontuak dira hauek guztiak. Batzordea berehala hasi zen bilerak egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Julio Urkijo liburutegi txukunean. Orduan hainbeste jende hurbiltzen zen bilkuretara, batez ere lehenbiziko hilabeteetan, lanean hasi zelarik. Tartean ziren, noski, Arrasateko batzarrean txostenak egin zituztenak, agiriak nahi zuen bezala. Hastean, norabide argirik gabe abiatu ziren batzordekideen eztabaidak: gramatika egin behar zela, bai, zerbait berria, baina ez zen sobera gehiago zehazten eta inprobisatze puntu handia zegoen. Askatasuna izan zuten batzordekideek gaiak lantzeko orduan: urte horretako irailean Patxi Altunak, adibidez, inesiboari buruzko lan bat aurkeztu zuen, eta Lafittek beste bat euskal artikuluaz. Gero, pixkanaka, egin behar ziren lanak zehaztu ahala, lankide taldea mugatuz joan zen, azkenean dozena bat lagun inguru gelditu artio.

Nahiko fite, Euskaltzaindiak hala eskaturik, batzordeak 1984an Iruñean gramatikari buruz egin behar zen batzarrean aurkezteko bideratu zituen bere eginbehar eta ahaleginak. Eta aurkeztu ere, Iruñean aurkeztu zen geroztik Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) deituko zen lanaren lehenbiziko liburukia. Perpaus bakuna aztertzen zuen liburuak eta, ordenagailuen garaia ere bere hasieretan zela, testua idazmakinaz taxutua argitaratu zen lehenbiziko edizio hartan. Ez zen orduan, jakina, corpusik eta antzeko baliabiderik, eta OEH ere bidean zen oraindik. Holako guztiak geroagoko lanak baitira.

Azkenean, epeka argitaratuz joan diren EGLUren zazpi liburukiak —azkena 2011n argitaratua—, eta bestelako gehigarri batzuk, aski ezagunak egin dira euskararen erabiltzaileen artean. Euskaltzaindiaren babesak, laguntzak, arnasak eta errespetuak egin du posible hori.

Geroztik Gramatika Batzordeak urte horietan guztietan segitu du lanean, gorabeherekin, jakina: batzuetan lan hori joriagoa izan da, orduak eskatu ditu, eta beste batzuetan erritmoa ere apaldu eta moteldu da pixka bat. Kontuan izan behar da batzordea osatzen duten kideek kanpoan egiten dutela lan, ez Euskaltzaindian, eta kanpoan egiten den lan horren aztergaia gramatika bada ere, ezin izan dutela zenbaitetan nahi luketen adina ordu sartu egitasmo honetan. Bestetik, urte luze hauetan batzordea bera asko aldatu da: kide batzuk joan dira, beste batzuek erretiroa hartu eta bizitza beste begi batzuekin ikusten hasi dira, jende berria sartu da... Hasierako batzordea eta oraingoa ez dira, hortaz, izenaz baizik berdinak, kideei dagokienez. Zernahi gisaz, esan behar da lan egiteko sistema nahiko egonkorra izan dela urte hauetan guztietan.

Ez hori bakarrik: ikerketa eta lan akademikoa egiteko baldintzak ere aldatu dira. Egun, orduan ez bezala, inoiz baino jende gehiago ari da lanean euskararekin, eta hizkuntzari buruz euskararen erabiltzaileok ditugun ikuspuntuak aberatsago eta funtsatuagoak dira. Gaur egun euskarak irakaskuntzaren maila guztietan eta jakintza arlo guztietan du indarra; euskararen historia osoan baino gehiago eta hobeki idazten da; itzulpen asko egiten dira; literatura lanak argitaratzen dira; terminologia berezia eskatzen duten arloak lantzen dira; jende askok amaitu ditu euskal filologiako ikasketak eta doktore tesi andana bat ere badugu; hemengo ikasle zenbait kanpora joan da espezializatzera; komunikabideetan hogeita lau orduz entzun daiteke euskara, ongi prestatutako kazetariei esker eta abar. Eta, horren ondorio, inoiz baino lan eta testu masa handiagoa dugu eskura, corpusetan bildua. Ez da gutxi hori. Euskararen argazkiak, 1980koa eta oraingoa, aski diferenteak dira.

Hasiera hartan, euskaltzaleek bere buruaz fidatu behar zuten, edo noizbait lapitz batekin egindako esku-fitxa batzuetan kontsultatu behar zituzten zalantzak: “Halakok hola esaten zuen, eta halako liburuetan hola idatzi zuen”. Egoera horretan landu zituen batzordeak lehenbiziko bi liburukiak, lanabes biziki mugatuak zituela. Euskarri informatikoei dagokienez, EGLU-III liburukitik aurrera hasi zen batzordea lanean Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIEk) testu klasikoen oinarrizko corpus bat antolatu eta CD batean eskuratu zionean. Han hasi ziren txostengileak lehenengo aldiz kontsultak modu sistematikoan, nahiz aski mugatuan, egiten.

Gaur egun gauzak biziki aldatu dira, eta ordenagailuaren sagutxoarekin egin daitekeen klik batek bat-batean irekitzen du euskal testuen munduaren ikuspegi zabala: milaka adibide bistaratzen dira, garai guztietako idazleek idatziak. Iturri aberats horretatik edan daiteke gaur egun, orduan ez bezala.

2011n, EGLU guztiak bukatuak zirela, berriz ere hasi zen batzordea pentsatzen nola hobetu eta gaurkotu lana. Batetik, bistan da, eman diren arrazoiengatik, liburuki guztiak ez ziren lanabes homogeneoekin landuak izan: lanak aurreratu ahala etxeko ordenagailuen erabilera areagotu zen, OEHren liburukiak eskura jarri ziren, corpusak gero eta handiago eta aberatsago ziren, euskal hizkuntzalaritzan sartutako ikertzaile gazteek sintaxiaren eta gramatikaren inguruko puntu zehatzak ikusmolde berriarekin hasi ziren lantzen... Beraz, egoera aldatzen ari zen lastertasun handiz.

Material hori guztia eskuetan zutela, batzordekideak berehala ohartu ziren gero eta gehiago zekitela edo, nahi bada, gero eta gehiago jakiteko bidean zirela, hortaz. Baina zalantzak ere maila berean ugaritzen zirela jabetzen ziren. Ugaritu, gainera, ikusirik nola inguruko hizkuntzetan, batez ere gaztelaniaz eta katalanez, antzeko kezkei erantzuna eman nahian xehetasun handiko gramatika oso landuak argitaratzen hasiak ziren. Eta galegoek ere bazutela bidean zerbait.

EGLU osoak batasun handiagoa behar zuen. Eta horri ekin zion batzordeak: definituz, lehenik, argitaratutako liburuetan zer aldatu behar zen, zer hobetu, zer zuzendu, zer beste modu batera azaldu. Hori definiturik eskema luze bat prestatu zen, behin eta berriz eztabaidatu zena. Eta, ondoren, eskema horren edukia osatzen hasi ziren kideak.

Euskararen Gramatika hau idazteko ez da EGLU idazteko erabili zen metodologia bera baliatu. Orduan, atalak banatu ondoren, kideren batek idatzi txostena mahaian uzten zuen, eta bi, hiru edo lau aldiz eztabaidatzen zen denen artean, lerroz lerro, hitzez hitz. Eztabaida luzeak gertatzen ziren horrela kideen artean. Aldi bakoitzean, txosten egileak bertsioak hobetu behar zituen, bestek esanetara egokitu, esan nahi da, azkenean batzordekide guztien oniritzia izan arte. Gero, liburu osoaren batasun estiloa ematen zioten kide batek edo bik liburukia argitaratu baino lehen.

Orain ez da prozedura bera erabili. Oraingoan txostengile bakoitzak askatasun handiagoa izan du, zentzu batean bederen: testuak ez dira gainerako kide guztien aurrean xeheki irakurri, orduan bezala. Txostengileak, testua kide guztien artean banatu ondoren, denen aitzinean azaldu du idatzitakoa hitzez, zalantzak izan dituen puntuak eztabaidatzeko bereizi ditu, eta azkenean besteren oharrak idatziz jaso ditu. Ez da esan beharrik kapitulu guztiak denen artean eztabaidatuak izan direla, eta kide guztiek izan dutela aukera langaiak sakon eztabaidatzeko. Baina prozedura arinagoa gertatu da oraingoan, aurrekoetan egiten ziren horrenbesteko txosten bertsioen joan-etorriak laburturik.

Zer egin, zer kendu, zer aldatu, zer osatu prozesu horrek beste emaitza bat ekarri du esku artean duzun gramatika hau eta EGLU konparatzen baditugu: badira atal oso-osoak guztiz berriak, aurrekoan ageri ere ez zirenak; badira han ukitu ere egin ez ziren gramatika gaiak, hemen nahiko sakonki landuak; badira orduan esandakoarekin erkaturik errozko zuzenketak egin eta guztiz berrituak aurkezten direnak; badira orduan esandako zenbait gauza azaletik bakarrik aldatuak eta berriz ere hemen bildu direnak; badira, segur aski, ikerketa gehiago behar luketen atalak ere. Baina EGLUrekin konparatuz, lan hau beste zerbait da. Bai formaz, eta bai edukiaz. Formaz, hemengo orrialde hauek EGLUkoak ez bezala, aise trinkoagoak baitira. Orrialdeak bete-betean ageri dira, tarte gutxirekin, eta adibideak ere lerro artean daude gehienetan. Irakurlea ohartuko da sarritan lan honek gai honetaz edo hartaz kontsultak egiteko balioko diola, dena hasieratik amaitu arte segidan irakurtzeko baino gehiago. Horregatik, dei gurutzatu asko egin dira, irakurlea atal batetik bestera bidaliz eta erreferentziak emanez. Eta arrazoi beragatik, kontu batzuk laburturik errepikatzen dira han-hemenka, irakurketa autonomoagoa gerta dadin.

Edukiari dagokionez, esan bezala, hemen material gehiago dago eta gai berriak ere ukitzen dira. Terminologia dela eta, zenbait terminoren egokitu beharra ikusi da (trantsitibo, adjektibo, adberbio, aldia —eta ez tempusa—... hautatu dira, orain arte erabilitakoak arras baztertu gabe). Eta kontzeptu batzuk ere beste modu batera aurkezten dira: esaterako, “deklinabide” termino klasikoaren ordez “postposizio sistema” erabiltzen da, gure ustez aise egokiago eta zuzenagoa baita; trantsitibitatea eta intrantsitibitatea ere beste modu batera definitu dira, gainerako hizkuntzetako gramatikek egiten duten gisan, adizki laguntzailearen motan oinarritu gabe; EGLUn aipatzen zen lokailuen kontua ere birdefinitu eta egokitu da; aditzen argumentu sarea; ahal dela izan, ukan, *edin, *ezan erabili beharrean —nahiz horiek erabiliz euskal aditz sistemaren hezurdura aise garbiago azaltzen den— “da aditza”, “du aditza” eta horien gisakoak erabiltzen saiatu gara, irakurketa errazten duelakoan. Baina zenbaitetan ezinezkoa gertatu da. Adibide batzuk bakarrik aipatzearren.

Ez dira ematen aldi bakoitzean aipatzen diren adibideen iturriak: autorea nor den esaten da, ez besterik. Gramatikan ageri diren adibide gehienak, betiere % 95etik gora, non ez diren kideek zuzenean sortutakoak (hori gertatzen baita adibide arruntekin), gaur egun euskal testuen gainean kontsulta daitezkeen hiztegi eta corpus publikoetatik atera dira. Corpusetan daude bilduak gure tradizioko idazle nagusien testuak eta gaur egungo idazleen testuak ere, dela liburuetakoak, dela egunkarietakoak. Testu horietako batzuk ez dira jatorriz euskaraz idatzi, itzulpenak dira. Horietarik ere hartu ditugu adibideak. Adibide bakoitzean jarri da, parentesi artean, nori dagokion euskal testu hori, bestelako azalpenik eman gabe, eta itzulpenen kasuan ere itzultzailearen izena bakarrik jarri da, hau da, euskal testuaren egilearena. Iturrien zerrendan ere ez dira liburu horiek sartu, baina corpusetan bildua ez den libururen batetik hartua baldin bada adibidea, orduan bai, zerrendan jaso da. Testuan era laburtuan idatzi dira egileen izenak eta zenbait idazlanen izenburuak, eta iturrien zerrendan ikus daitezke izen-deitura eta izenburu osoak.

Adibideak egun sarean eskura ditugun hiztegi eta corpusetatik hartuak dira: EHUko Euskara Institutuak argitaratu dituen corpusetatik (CH, ETC, EPD, EPG, EKC, ETC, EUDIMA eta abar); ZTC corpusetik; Euskaltzaindiaren OEHtik, Lexikoaren Behatokiaren Corpusetik eta abar. Mitxelenaren adibideak ere Mitxelenaren lanen corpusean ikus daitezke (lan guztiak daude bilduak), nahiz haren lan batzuk espresuki aipatu ditugun bibliografian, betiere ez adibideak, baizik Mitxelenak euskal gramatikaz egin ekarpen teorikoa aipatu nahi denean.

Hasiera batean adibide guztiak eredu estandarrean emateko erabakia hartu zuen batzordeak, baina batzordekideak berehala ohartu ziren ezinezkoa zela, horrek irakurleari bideak errazten bazizkion ere, adibideek egilearen eta tokiko mintzoaren kolorea galtzeko arrisku handia baitzuten1. Batzuetan, gainera, ia ezinezkoa zen batuan paratzea (pentsa, adibidez, bertso batzuez ari bagara). Baina bere horretan utziz gero ere beste arazo batzuk sortzen ziren: batzuetan horretara jarria ez denak ez lituzke aise ulertuko, eta irakurketan laguntza izan beharrean azkenean oztopo ere gerta litezke. Hori dela eta, aukera koherente osoa egiterik ez denez, txostengile bakoitzari askatasuna eman zaio adibideak egokien ikusten duen moduan testuan paratzeko. Axaleko aldaketak eginez bakarrik, jakina. Batzuek estandarrera jo dute, oso-osoan ez bada ere, beste kasu batzuetan ortografia bakarrik batu da, eta txostenetan ez dira falta erdiko bidea hartu dutenak ere. Egile klasikoak euskal grafia modernoan eman ditugu (Elizanburu, Etxepare eta abar).

Urte luzeetako proiektuaren beste urrats bat besterik ez da lan hau. Beraz, aldez edo moldez, jende askoren lana da hau, ez bakarrik gaurko egunean batzordea osatzen duten kideena. Honako hauena guztiena: Lino Akesolo (†); Patxi Altuna (†); Iñaki Amundarain; Miren Azkarate; Luis Baraiazarra; Ane Berro; Piarres Charriton (†); Andolin Eguzkitza (†); Beatriz Fernandez; Juan Garzia; Patxi Goenaga; Jean Haritschelhar (†); Nora Iriarte; Alan King (†); Pierre Lafitte (†); Itziar Laka; Joxe Mari Larrarte (†); Maria Pilar Lasarte; Jesus Mari Makazaga; Céline Mounole; Jose Antonio Mujika; Patxi Ondarra (†); Beñat Oyharçabal; Paskual Rekalde; Karmele Rotaetxe (†); Pello Salaburu.

Aurreko EGLU liburukiak bezala, gramatika honek ere baditu bi ezaugarri azpimarratu behar direnak: zuzenean hartarako egin ez bada ere, neurri batean bederen gramatika arauemailea da. Ez arauak ematen dituelako: Gramatika Batzordea ez da nor arauak emateko, hori osoko bilkurari baitagokio. Baina testuan Euskaltzaindiak eman dituen arauak biltzen dira, aztertzen den gaiarekin zerikusirik baldin badute, eta bestela ere idaztankera mota bat hautatu da, lehentasuna eman zaie hautu batzuei, kontu batzuk azpimarratu dira besteen gainetik. Horregatik, iturria izan daiteke arau berriak proposatzeko, betiere komenigarria bada arauak proposatzea, jakina, idazle eta irakasleen artean beti gertatzen baita halako tentsio pertsonal bat, zenbaitetan arauen beharra sumatuz eta beste zenbaitetan arauen gehiegikeria ikusiz. Gramatika deskriptiboa da, zintzotasunez egin nahi izan da hori, baina aldi berean irakurleari norabide jakin bat markatzen dio. Hori, batetik. Bestetik, hau da bigarren ezaugarria, batzordeak lan irekia aurkeztu nahi du, interesa izan dezaketenen artean eztabaidatua izan dadin. Betiere jendearen ekarpenak eskuratzeko prest dago batzordea, ezingo litzateke beste modu batera izan.

Esan dezagun zerbait, azkenean, hemen aurkezten diren kapituluen ibilbide akademikoaz. Denak izan dira batzordean eztabaidatuak, eta denek izan dituzte aldaketak bertsio batetik bestera. Baina, nolabait esateko, lan honen erantzukizuna batzorde osoak hartzen badu ere, kapitulu bakoitzak izan du bere txostengilea, eta horren berri nahi genuke eman hemen.

  1. Euskararen bereizgarri orokorrak. Beatriz Fernandez eta Itziar Laka

  2. Perpausa: sintagmak zer diren. P. Goenaga

  3. Morfologia (sarrera). M. Azkarate

  4. Morfologia lexikoa: Eratorpena (I). Miren Azkarate

  5. Morfologia lexikoa: Eratorpena (II). Miren Azkarate

  6. Morfologia lexikoa: Eratorpena (III). Miren Azkarate

  7. Morfologia lexikoa: Hitz elkarketa (I). Miren Azkarate

  8. Morfologia lexikoa: Hitz elkarketa (II). Miren Azkarate

  9. Morfologia lexikoa: Hitz elkarketa (III). Miren Azkarate

10. Perpausak zer diren. Juan Garzia

11. Kategoriak. Ane Berro

12. Izena. Pello Salaburu

13. Izenordainak. Pello Salaburu

14. Adjektiboa. Pello Salaburu

15. Determinatzaileak (I): Mugatzailea. Pello Salaburu

16. Determinatzaileak (II): Zenbatzailea. Pello Salaburu

17. Determinatzaileak (III): Zehaztugabea. Pello Salaburu

18. Egiturazko kasuak. Pello Salaburu

19. Postposizioak (I). Patxi Goenaga

20. Postposizioak (II). Patxi Goenaga

21. Postposizioak (III). Patxi Goenaga

22. Adberbioa. Pello Salaburu

23. Aditza (I). Miren Azkarate eta Pello Salaburu

24. Aditza (II). Iñaki Amundarain

25. Aditza (III). Céline Mounole

26. Aditza (IV). Céline Mounole

27. Aditza (V). Pello Salaburu

28. Juntadura. Iñaki Amundarain

29. Menderakuntza. Pello Salaburu

30. Perpaus osagarriak. Juan Garzia eta Miren Azkarate

31. Perpaus erlatiboak. Beñat Oyharçabal, Juan Garzia eta Miren Azkarate

32. Konparazio perpausak. P. Goenaga eta J. A. Mujika

33. Ondoriozko perpausak. J. A. Mujika

34. Baldintzazko perpausak. I. Amundarain

35. Denborazko perpausak (I). J. A. Mujika

36. Denborazko perpausak (II). J. A. Mujika

37. Helburuzko perpausak. J. A. Mujika

38. Kausazko perpausak. P. Goenaga eta J. A. Mujika

39. Kontzesio perpausak. J. M. Makazaga

40. Moduzko perpausak. I. Amundarain

41. Hitz ordena eta euskararen sintaxia. M. Azkarate

42. Diskurtso markatzaileak (I). Xabier Alberdi eta Pello Salaburu

43. Diskurtso markatzaileak (II). Xabier Alberdi eta Pello Salaburu

Horiek egindako lana denen artean eztabaidatu zen, oharrak eta zuzenketak sartu, eta ondoren Pello Salaburu Batzordeburuak egokitu zituen atal eta kapitulu guztiak elkarren artean. Azkenean, Koro Segurolak egin du edizio lan aipagarria.

Hartara, txosten guztiak bateratu dira lan beregain, oso eta autonomo batean. Lan hori lan kolektiboa da, Euskaltzaindiaren babespean ondu dena eta berari dagozkio jabetza intelektualaren eskubide esklusiboak.

Prozesu horretan, hasiera-hasieratik batzordekide izan dugun Alan King lagun eta adiskidea zendu zen.

Pello Salaburu
Gramatika Batzordeburua

1 Zer egin, esate baterako, holako adibideekin: Beste gizonak zuei egitea nahi duzuen bezala, zuek ere alaxe egiezue haiei; Beste gizonek zuei egitea nahi duzuen bezala, zuek ere halaxe egiezue haiei; Bertze gizonek zuei egitea nahi duzuen bezala, zuek ere halaxe egiezue haiei; Beste gizonek zueri egitea nahi duzuen bezala, zuek ere alandaxe egiezue haieri.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper