Euskararen Gramatika

43.10. Birformulatzaile urruntzaileak


43.10. Birformulatzaile urruntzaileak

43.10a Birformulazioaren bidez aurreko diskurtso atal bat beste era batera adierazteko aukera dugu. Prozesu horretan, ordea, funtzio diskurtsibo nagusia mantentzen den arren, erabiltzen den markatzailearen arabera zentzu edo esanahi ezberdina eslei dakioke esandakoari; birformulatzaile urruntzaileak erabiltzen direnean, adibidez, aurreko diskurtso atalarekiko nolabaiteko urrunketa geratzen da agerian eta, oro har, haren garrantzia apalduta geratzen da. Hiztunak, aurreko formulaziotik urrundu eta lehen esandakoa birbideratuko duen formulazio berria ekoizten du; horrela, birformulatzaile urruntzaileek aurreko enuntziatutik, hau da, birformulakizunetik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen dituzte. Interpretazio egokia, beraz, bigarren atalak lehendabizikoarekin duen harremanean oinarrituta egin behar da. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Horrek Mundu Zaharreko makakoen (rhesus makakoen) eta Mundu Berrikoen (tamarinen) arteko desberdintasunen bat adierazten ote duen ez da oraingoz argitu, eta beste espezie adierazgarri batzuekin proba gehiago egin arte itxaron beharko da. Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko (ZIO, Aldasoro).

Oraingoz ez dakigu nola eragiten dioten elkarri bi ezagutza-alor horiek, ez eboluzio-bidean, ez garapen-bidean. Gure zenbaki- eta hizkuntza-sistemen azpian dagoen lanabes konbinatorialak eragiten du elementu kopuru finitu baten birkonbinaketatik esapide ugaritasun infinitua sortzea. Dena den, oraindik ez da argitu gaitasun horren jatorri ebolutiboa zein den (ZIO, Aldasoro).

Hona hemen adibide horien zenbait interpretazio. Lehenengoaren kasuan, birformulatzaile urruntzailearen bidez (nolanahi ere) garrantzia kentzen zaio aurretik esandakoari (oraindik proba gehiago egin beharko dira gauza batzuk argitzeko); bestalde, birformulatutako zatian esaten dena nabarmenduta geratzen da: alegia, gauza batzuk argitu gabe daude oraindik, baina gauza bat argi dago behintzat (Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko).

Bigarren adibidean, dena den elementuak birformulakizunaren garrantzia apaltzen du: asko ikasi da, baina oraindik gauza asko dago ezagutzeko; dena ez dagoela konponduta azpimarratzen du.

43.10b Adibide gisa hartu ditugun markatzaileek (nolanahi ere, dena den) hasieran esandakoarekiko nolabaiteko urrunketa adierazten dute. Irakurketa lehenengo enuntziatuan oinarrituta eginez gero, ondorio okerra aterako genuke; horrenbestez, irakurketa zuzena bigarren enuntziatua kontuan hartuta egin behar da. Markatzaileok, bi enuntziatu artikulatuz, atera litezkeen ondorio oker edo desegoki horiek birbideratzen dituzte irakurketa zuzena egiten laguntzeko, eta esandakoari benetako zentzua har diezaiogun.

Ikusi bezala, aipatutako elementuen funtzioetako bat bi enuntziatu edo testu zati artikulatzea da. Baina birformulatzaile urruntzaileek nolabaiteko izaera instrukzionala ere badute, lotu diren bi zatien artean ezarri den harremana nola interpretatu behar den adierazten baitute.

43.10c Dena dela, bestelako erabilera diskurtsiboak ere erakuts ditzakete: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea eta abar.

Alde horretatik, beraz, litekeena da, partekatzen dituzten ezaugarriekin batera desberdintasunak ere agertzea haien artean. Bestalde, litekeena da, gainera, portaera diskurtsibo zenbait bat etortzea birformulatzaile urruntzaileen sailetik kanpo sailkatuta agertzen diren beste markatzaile batzuekin (dena dela-k, esate baterako, laburbiltze-zentzua izan dezake testuinguru batzuetan).

Esandakoaz gain, badago azpimarratzeko beste alderdi bat. Zenbaitetan, hizpide ditugun elementu edo partikulok adberbio edo lokuzio soilak izan daitezke, eta ez diskurtso markatzaile. Eta markatzaile direnean ere funtzio anitz betetzen dituzte.

43.10d Askotariko erabilera horretatik datoz, hain zuzen, bi zalantza nagusi. Alde batetik, eman behar zaien izendapenaren gaineko zalantzak. Bestetik, sailkapenari dagokion zalantza; askotariko funtzioak bereganatzeko gaitasuna izanik, ez baita erraza sailaren edo multzoaren mugak ezartzea.

Erabaki bat hartu behar473 eta gaztelaniaz Martín Zorraquino-k eta Portolés-ek (1999: 4082) diskurtso markatzaileentzat egiten duten sailkapenari jarraituta, birformulatzaileen multzoan kokatu ditugu, eta zehazkiago, birformulatzaile urruntzaileen sailean. Nolanahi ere, izendapen hori oso modu zabalean ulertu behar da.

Ahalik eta balizko birformulatzaile urruntzaile gehienak identifikatzeko, zerrenda hau osatu dugu: dena dela, dena den, edonola, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan (ere), edozelan (ere), esanak esan, guztiarekin ere, hala (eta) ere, hala eta guztiz ere, hala izanik/izanda ere, hitzak hitz, kontuak kontu, nolanahi (ere), nolanahi dela ere, susmoak susmo, usteak uste, izatekotan, IS + gorabehera, zernahi gisaz, horratik ere.

Dena dela, EUDIMA corpuseko datuen arabera hauek dira birformulatzaile urruntzaile erabilienak:

Birformulatzaile urruntzaile nagusiak

EUDIMA corpusa

Agerraldi kopurua

Maiztasuna (100.000ko)

DENA DEN (7.794), DENA DELA (4.754)

12.548

20,0

NOLANAHI ERE

[nolanahi ere den, nolanahi dela (ere), nolanahi den (ere)]

5.003

7,9

EDONOLA ERE (1.950) / EDOZELAN ERE (497)

2.447

3,9

EDOZEIN KASUTAN (1.525), EDOZEIN KASUTAN ere (463)

1.988

3,1

EDOZEIN MODUTAN (ERE)

[edozein moduz (ere)]

714

1,1

43.10.1. Dena dela, dena den

43.10.1a Birformulatzaile den aldetik, bere funtzio nagusia da solaskideen arteko elkar-ulertze arazoak gainditzea eta haien arteko harremana gidatzea. Diskurtso markatzaile honen erabilerak aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen ditu474. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen du agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen da.

Bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da, eta lehenengo formulazioaren garrantzia, apalduta. Bigarren enuntziatuak lehenengoaren argumentazio- indarra mugatzen du eta argudio berriei indarra ematen. Beraz, interpretazio egokia diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarrituta egin behar dela adierazten du markatzaileak.

Haren zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea, baizik eta auzipean jartzea lehen atalean aurkeztu diren ideien pisu edo garrantzia. Eta urruntze-prozesu hori bi modutara gertatu ohi da, batez ere (Garcés 2008: 143).

43.10.1b Aurretik esandakoari garrantzia kentzea edo aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzea edo berrorientatzea. Beheko testuan, adibidez, aurreko enuntziatuan esaten denaren garrantzia ezabatuta geratzen da: dena dela-k leundu egiten du lehenengo enuntziatutik atera genezakeen ondorioa, garrantzia kentzen die handik atera daitezkeen ondorioei eta arreta beste zerbaitetara bideratzen du (mutilak arazoak eragiten ditu, baina zorionez arazo horiek ez dira gaindiezinak):

—Madarikazioa! —orro egin zuen disimulurik gabe—. Zer mila arraio gertatu da? —Ohartuta zeunden —erantzun zion Luthek erbinudea lasaitu nahian ferekatuz—. Banengoen ba ni, mutil horrek arazoren bat ekarriko zigula. —Dena dela, hau oztopo txiki bat besterik ez da. Gure planak apur bat aldatu eta kitto (Urkixo).

43.10.1c Aurretik esandakoarekiko indiferentzia adieraztea. Ondorengo adibidean, aurreko zatian azaltzen den egoerarekiko indiferentzia adierazten du birformulazioak:

Ezkutatzeko ahalegina izan zitekeela pentsatu dut. Aurretik doazen lekunberritarrek zalantza egin dute tupustean bidera atera zaien hondartzako sarrerarekin topo egitean. Atzera so egin dute, amaren bisaiaren bila. Amak Mateori so egin dio laguntza bila. Mateok sorbaldak altxatu eta baiezkoa egin du. Ezezkoa egin zezakeen moduan. Dena dela, berdin du. Sekreturen bat baldin bazegoen, joana da (Olasagarre).

Diskurtsoari dagokionez, askotariko erabilera edo balioak bereganatzen ditu testuinguruaren arabera: hizketagaia aldatzea, zehaztapen bat gehitzea, ahots desberdinak testuratzea, konklusioa adieraztea, desadostasuna edo gaitzeste-kutsua erakustea, esandakoa justifikatzea, kontrastea nabarmentzea, garrantzitsuena azpimarratzea… Ondoko adibideak, hurrenez hurren, balio horiek adierazteko:

Euskal alaba, orain zenuke tragedia bat zer den egiaztatzeko aukera. Zure aitaren eta nire arteko aurrez aurreko bat, errua eta alegrantzia, iragana eta oraina, techne eta tyche, ausa eta halabeharra anabasan, gatazkan, bizitzen… -Barrutia, alde hemendik. Dena dela, nork jo zaitu? Ahoskatzearekin bat, Barrutiaren amarruan erori naizela ohartu naiz. -Zure gurasoak bezalako batzuk, zu bezalako batzuk, beharbada. -Eta ez zaitu defendatu? -seinalatu diot Kaskamotza (Olasagarre).

XVII. mendekotzat jotzen da, eta “Viva Jesus” izenez ezagutzen da (in Mitxelena 1954: 92): -Birtute esperanzakoa zer da? Saio honetara ekarri ditudan izkribu zaharretako ortografia gaurko joeretara egokitu dut irakurlearen lana errazte aldera. Dena dela, kontuan eduki ditut euskalkietako eta garaian garaiko bereizgarriak (Zuazo).

Agoteren eta Amatriainen lorpena izan da munduari euskal kostaldeko olatu erraldoien berri ematea. Agote, Amatriainekin batera, aitzindari erabatekoa da Europako olatu erraldoien bilaketan. Olatu handi hitzak aipatu, eta erronka hitza datorkio Agoteri. «Olatu handiak hartzea niretzat erronka bat da, atsegin handia sentitzen dut momentu horietan, naturarekin bat eginez eta eskaintzen dizkidan fruituez gozatuz». Argi utzi du, dena dela, olatu mota guztiak dituela gustuko, eta ez handiak bakarrik (M. Diaz).

Bere motxila handi bakarra fakturatzeko bost lagun besterik ez du aurretik. Daramaten maleta kopurua aztertu eta azkar joango dela pentsatu du. Errenkada bi daude Frankfurtera, eta aukeratzerakoan betiko zalantzak: ni hemen, azkarrago han. Ez du ematen, dena dela, alde handirik dagoenik. Motxila behearen gainean utzi du. -Tira, ama, itzul zaitezke, eta eskerrik asko ekartzeagatik. Ama Amets baino txikixeagoa da, ez oso, ile labur ondulatua xerloka horiz tindatua; neurrian, ez nabarmenegi (Luzarraga).

43.10.1d Atal birformulatzailearen hasieran doanean sarritan erabiltzen da juntagailu baten ondoren (baina, eta), eta baita, noizbehinka, atzetik ere lokailua duela.

Era askotako testuetan agertzen da; erregistro zainduan zein lagunartekoan; hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

Baliokideak dira: dena den, edonola ere, nolanahi ere.

43.10.2. Edonola ere (edozelan ere)

43.10.2a Dena dela eta dena den birformulatzaile urruntzaileen baliokidea da, eta, beraz, haien balio oinarrizko bera du: aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du. Bi modutara gauzatu ohi da urruntze- prozesua eta bietan atal birformulatzailea gailentzen da.

43.10.2b Aurreko formulazioaren garrantzia apaldu edo handik atera daitekeen inferentziari muga jarri, eta garrantzizkoena azpimarratzen da birformulazioan:

Izan ere, artista profesionalei begira laguntza programak martxan jarriko dira. Batez ere, proiektuak finantzatzeko ildoak izango dira, De la Horrak azaldu duenez. Kasu eta egitasmo bakoitza banan-bana aztertuko dute, erabakia hartu baino lehen. Orain arte, Araban kultura sustatzeko bideratzen ziren laguntza gehienak amateur edo erdi-profesionalentzat ziren. Edonola ere, diru-laguntza zuzenak ere emango dituzte (Berria).

43.10.2c Aurreko enuntziatuarekiko indiferentzia adierazten du, eta hiztunak atal birformulatzailean esandakoa egiten du bere.

Gure arazoa azaldu genien, baina, jakina, haiek ezin zuten ezer egin; gure aparatuak, behintzat, ez zien interferentziarik egiten berenari. Edonola ere, ez ginen gehiago hartaz arduratu: soinuak deserosoak ziren, baina, Maddik negar egin ezkero, ondo baino hobeto entzuten genuen, eta ohitu ginela esan daiteke. Asteburu batean, alabaina, aiton-amonenera abiatu ziren auzotarrak, eta interferentziak ez ziren haiekin joan (Zaldua).

Bestalde, dena dela-ren balio kontestual berberak hartzen ditu: tematizazioari laguntzea, zehaztapen bat gehitzea, konklusioa adieraztea, ahots desberdinak testuratzea, kontrastea, justifikazioa… Testu honetan, adibidez, hizketagaia aldatzea eta solasaldia gai berri batera berrorientatzea ahalbidetzen du.

Andoni.—Bai. Koldorena ondo lotuta utzi duzue.

Eduardo.—(ase, ironia puntu batekin) Sekulako pena izan duk. Tipo jatorra zuan (“zen” hau azpimarratuz).

Isilunea.

Eduardo.—(gaiaz beste) Edonola ere, beste kontu bategatik deitu diat.

Andoni.—Bota.

Eduardo.—Dena jakin nahi diat Txerrenkori buruz. Baita berak gobernatzen duen Irinaren klubari buruz ere (Goenkale).

Bere baliokideak diren dena den eta dena dela markatzaileak baino maiztasun txikiagoarekin agertzen da. Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbidekoetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

43.10.3. Edozein kasutan (ere)

43.10.3a Edozein kasutan (ere) birformulatzaile urruntzailea475 atal birformulatzailean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio. Birformulatzaileak ahalbidetzen duen birformulazioaren lehenengo atalean esplizituki agertzen dira aukera batzuk, baina atal birformulatzaileko ideia gailentzen da haien gainetik: birformulakizuneko aukeretako edozein hobestea hutsala da, ez baita erabakigarria atal birformulatzailean adierazten denerako edo diskurtsoaren jarraipenerako. Bestela esan, atal birformulatzailean adierazten dena ez dago birformulakizuneko aukeren menpe eta, gainera, eztabaidaezina da.

Ondorengo testuan, adibidez, bi aukera aurkezten dira lehen atalean (egunean bertan egitea ekografia edo beste egun batean egitea), baina edozein kasutan birformulatzaileak aukera horien garrantzirik eza azpimarratzen du eta atal birformulatzaileko ideia nabarmentzen (aukeratzen dutena aukeratzen dutela, haiena izango da erabakia).

Bulegotik altxatzen ez zela ikusirik, jarri egin ginen.Ekografia egin aurretik jakinaren gainean ezarri behar zaituztet. Gero posible izango zaizue, benetan nahi baduzue, gaur bertan ekografia egitea. Bestela, beste egun baterako utziko dugu. Edozein kasutan, erabakia beti zuena izango da” (U. Apalategi).

43.10.3b Erabilerari dagokionez, bi hauek nabarmentzen dira. Batetik, birformulakizunak bi aukera adierazten ditu, bata zein bestea hauta daitezke, baina ez du horrek eraginik atal birformulatzailean gailentzen den ideian:

[…] atestatu hori guardiako epaitegiari igorriko zaio, ustezko erantzulea atxilotu bezain laster edo aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera hari zitazioa egin bezain laster, edozein kasutan ere, hurrengo bost egunetan. Kasu horietan, auziaren instrukzioa egin ahal izango du atestatua jaso duen guardia-epaitegiak bakarrik (Zuzenbide Corpusa).

Bestetik, hiztunak birformulakizunean gogoeta edo ideia gehiegi dagoela sumatzen duenean, jarduna mozteko formulatzat erabil dezake birformulazio eragiketa, birformulakizuneko ideien gainetik atal birformulatzaileko ideia jarrita:

Euskal kultura benetan existitzen da ala ilusio politikoa da? Euskal kultura existitzen da, jakina, euskararen kultura existitzen delako. Galdetzen badidazu norainokoa den kultura hori, ea euskal kulturarik dagoen euskararik gabe, edo euskal kultura soilik den Euskal Herrian gauzatzen dena, orduan erantzuna zailagoa da. Edozein kasutan, ez da ilusio politikoa (Urkiza).

Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbideko lege testuetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

43.10.3c Baliokideak ditu: edozein modutan (ere), edozelan (ere), edonola (ere), dena dela…

43.10.4. Edozein modutan (ere)

43.10.4a Edozein modutan birformulatzaile urruntzailea ere atal birformulatzailean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio. Bi modutara gauzatu ohi da birformulazio urruntzailea, baina kasu batean zein bestean atal birformulatzailean adierazten da ideia garrantzitsua.

43.10.4b Batzuetan, atal birformulatzailean ez da aintzat hartzen birformulakizunaren edukia: nahiz eta eduki hori ez den zalantzan jartzen, ez zaio kasurik egiten; hots, indiferente zaio enuntziatzaileari birformulakizunean adierazten dena.

Beheko testuan, esaterako, ez dago zalantzan birformulakizunean azaltzen dena (hau da, espezie batzuetako emeek beren umeen sexu-proportzioa aldatzeko duten gaitasuna), baina ideia hori alde batera utzi eta bigarren ataleko baieztapenari ematen dio enuntziatzaileak garrantzia (ama-kontrol kasurik argiena himenopteroena da).

Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak) (Morillo).

43.10.4c Beste batzuetan, birformulakizunean adierazitakotik ondoriozta daitezkeen inferentziei balioa kentzen zaie.

Beheko testuan, adibidez, birformulakizunean adierazten den ideiatik (Einsteinen teoriarekiko jarrera kritikoetatik aldentzen da enuntziatzailea) ondoriozta liteke inferentzia hau: enuntziatzailea Einsteinen teoriaren jarraitzaile guztiz fidela da. Baina inferentzia horren aurka doa atal birformulatzailean baieztatzen dena (Einsteinen teoria ezin da azken hitza izan…).

Hori guztia Einsteinen ekuazioa baliozkoa izatearen baitan dago (eta Tab gaiarekin zerikusia duten hipotesi fisikoki zentzuzko batzuen baitan). Zenbaiten iritziz, Einsteinen erlatibitate orokorraren sakoneko gabezia baten seinale dira singulartasun-teoremok. Ni neu apur bat aldentzen naiz jarrera horretatik. Badakigu, edozein modutan, Einsteinen teoria ezin dela azken hitza izan espazio-denboraren eta grabitazioaren izaerari buruz (Morillo).

43.10.4d Askotariko testuetan erabiltzen da, baina batez ere testu akademikoetan, filosofikoetan eta zuzenbideko lege testuetan agertzen da ugarien. Erregistro zainduan maizago agertzen da lagunartekoan baino, eta maizago hizkuntza idatzian ahozkoan baino.

43.10.4e Baliokideak ditu: dena dela, dena den, edonola (ere), edozelan (ere)…

43.10.5. Hala ere esapidearen bi balioak

43.10.5a EUDIMA corpusean oso maiztasun altua dute hala ere eta hala eta guztiz ere markatzaileek:

Birformulatzaile urruntzaile / aurkaritzakoa

EUDIMA corpusa

Agerraldi kopurua

Maiztasuna (100.000ko)

HALA ere (30.915)

[halere, halarik ere, halaz ere]

37.969

60,6

HALA ETA GUZTIZ ERE

[hala eta guzti ere, halaz guztiz ere]

2.869

4,5

Hala ere, hala eta guztiz ere markatzaileen maiztasuna

Dena dela, funtzio bat baino gehiago betetzen ditu hala ere diskurtso markatzaileak. Nolabait esan daiteke bi hala ere ditugula: a) aurkaritza adierazten duen lokailu kontraargumentatiboa (hala ere 1), eta b) birformulatzaile urruntzailea (hala ere 2).

Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990) aurkaritzako lokailuen artean sailkatu zuen hala ere, eta egia da funtzio hori betetzen duela gehienetan. Hau da, gehienetan ez da birformulatzaile urruntzailea, lokailu kontraargumentatiboa baizik (Martín Zorraquino eta Portolés 1999).

43.10.5b Hala ere [1]: lokailu kontraargumentatiboa. Gehienetan aurreko diskurtso ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala ere lokailua duen diskurtso atalak.

Beheko adibidean, lehen atalean esandakotik (Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen) inferi daitekeenaren kontrakoa adierazten da bigarren atalean (eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra).Espero zitekeen 50 urte baino gehiagoko edonork buruko ileak eta bizarra urdinduta edukitzea; hala ere, beltz zituen eta ideia hori nagusitzen da. Beraz, espero zitekeen ondorioaren aurkakoa adierazten da bigarren atalean. Bestela esanda, aurkaritza- lokailua da hala ere halakoetan:

Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra (Epaltza).

Zikindurik zeukan lumaje berdea; hautsaren azpian, ezagun zuen, hala ere, gorri-gorriak zirela hegaletako luma muturrak (Jon Muñoz).

Laket izan zitzaidan ganbera hartakoak itzuli zidan irudia. Frantzian barna bidaiatzen ari ginela gelditu nintzen bizarra egitetik. Ministroren batek kargu hartua zidan horretakoz. Ez, ordea, nabalara makurrarazi. Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen. Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz (Epaltza).

43.10.5c Hala ere [2]: birformulatzaile urruntzailea. Bestalde, zenbaitetan birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ere-ren bidez: diskurtso markatzailearen erabilera horrek aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; eta haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei.

Ez da esplizituki ukatzen edo baliogabetzen lehen atalean esandakoa, baizik eta bestelako orientazioa duen ideia bat azaltzen da atal birformulatzailean. Lehen atalean adierazitakoa alde batera uzten da: baliogabetu, ez da baliogabetzen, baina lehen atalekoa indiferentea da atal birformulatzailean aurkezten den konklusiora iristeko, eta, hain zuzen, bigarren atal horretan kokatzen du indargunea enuntziatzaileak.

Beheko adibidean, birformulakizunean hizkuntza deskribatzeko erabili diren termino batzuk aipatzen dira (gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza); aukera horien balioa zalantzan jarri gabe, idazleak gogokoago duen beste termino bat gehitzen du eta horixe egiten du bere (Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena”).

Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen logika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, informazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoetatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena” (G. Knörr).

Hona hemen beste adibide bat:

Irratia eta telebista aipatu ditugunez, esan horietan ere antzera batean dagoela kontua: nazio osorako euskara hutsezko hedabideak oso-oso gutxi dira eta euren ikus-entzuleria ez da handia; ezin ahantzi, hala ere, euskaraz diharduten kate lokalak ugaltzen ari direla (erdaraz dihardutenak ere bai, bidenabar esanda) (Zuberogoitia).

43.10.5d Aldaera nagusi hauek ditu hala ere-k: halere, halarik ere, halaz ere. Kokaguneari dagokionez, atal birformulatzailean agertzen da; batez ere hasieran eta tartean; gutxitan amaieran (ikus EGLU-III 1990: 123). Edozein testu motatan azaltzen da. Erregistro zainduan zein lagunartekoan. Hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

43.10.6. Hala eta guztiz ere esapidearen bi balioak

43.10.6a Esapide honek, hala ere-k bezala, bi funtzio nagusi hauek betetzen ditu: a) lokailu kontraargumentatiboa; b) birformulatzaile urruntzailea.

43.10.6b Hala eta guztiz ere [1]: lokailu kontraargumentatiboa. Gehienetan aurreko diskurtso ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala eta guztiz ere lokailua duen diskurtso atalak. Aurkaritzako hala ere [1] lokailuaren baliokidea da, baina aurreko atalean ematen den argudioa —eragozpena— are pisu handiagokoa dela adierazteko erabiltzen da.

ADELAREN BISITAK are gehiago bultzatu ninduen abiatua nuen bidetik. Egia da inoiz baino bakartiago ibili nintzela, ia misantropo bihurturik, ez nintzela asteburuetan lagunekin irteten, edozein tarte libre edo opor baliatzen nuela irakurtzeko eta ikasteko. Hala eta guztiz ere, hilean behin edo, beheko auzoko mendizale talde batekin joaten nintzen ibilaldiak egitera (Igerabide).

Ur azaletik gorakoari emaiozu gogoa. Bai, ur azpikoa hor dago, hutsean zintzilik bezala gaude, baina zure irudimenean dago beldurraren kausa. -Bai, badakit hori dena, horixe esaten diot behin eta berriz neure buruari, eta hala ere, hala eta guztiz ere, ezin beldurrari ihes egin (Iñurrieta).

43.10.6c Hala eta guztiz ere [2]: birformulatzaile urruntzailea. Zenbaitetan, birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ere-ren bidez: haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei. Ez da esplizituki ukatzen edo baliogabetzen lehen atalean esandakoa, baizik eta bestelako orientazioa duen ideia bat azaltzen da atal birformulatzailean.

Aitak hizketan jarraitu zuen, eta guk irribarrez entzuten genion; aprobetxatu beharra zegoen abagune hura, ez baikenekien zenbat denbora igaroko zen berriro halako joerak ematen zion arte. Hala eta guztiz ere, hark esan zizkigun istorio guztiak gerra aurrekoak ziren; hantxe zeukan muga aitak, gerran; handixe hedatzen zen amildegi ilun isila. Adela gauerdi aldera joan zen. Agurtzerakoan, estu besarkatu ninduen, ilobaz harro dagoen izeba batek bezala. Gorputza biguna zeukan artean, kanaberaren eitekoa, haragiak tenk, baina haren estutuan urteen zama nabari zen, edo urteak baino zama pisutsuago bat (Igerabide).

43.10.6d Hala ere eta hala eta guztiz ere baliokideak izan arren, alde nabarmena dago bien artean bukaerako kokaguneari dagokionez: hala eta guztiz ere oso nekez erabiltzen da atal birformulatzailearen bukaeran.

Biak erabiltzen dira beste juntagailu batzuekin batera (baina, eta).

43.10.7. Birformulatzaile urruntzaileak: kokagunea, sintaxia, puntuazioa…

43.10.7a Kokaguneari dagokionez, gehien-gehienetan, atal birformulatzailearen hasieran erabiltzen dira birformulatzaile urruntzaileak (dena dela, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan…); batzuetan, tartekatuta; eta, nekez, amaieran.

43.10.7b Sintaxia hartzen badugu kontuan, gehien-gehienetan perpaus bat sartzen dute urruntzaileek. Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote. Ondoko adibide hauek erakusten dute hori:

Zure aurretik gure ikasle izandakoei galdetu beharko litzaieke emaitza nolakoa izan den eta, benetan, gure trebakuntzak hobera egin ote duen urte horien buruan. Edonola ere, uste dugu, badela garaia, urteotan landu eta orrazten saiatu garen “klaseko apunte” hauek euskarri txukun batean jarri eta zuri eskaintzeko (Zuzenbide Corpusa, Alkorta).

Baina eta eta juntagailuekin batera ere agertzen dira maiz:

Azkenean soinu edo hitz edo dena delako horiek grabatu eta Iñigo nire lagunari eramango nizkiola erabaki nuen: filologoa da, eta hizkuntza asko daki. Nire eskaerak harritu egin zuen (ez nion azalpen handirik eman), baina zinta entzungo zuela agindu zidan. Biharamunean deitu zidan: “Alemana dela esango nikek, baina oso aleman arraroa, edonola ere. Yiddisha, agian; badakik: ekialdeko juduen dialektoa. Baina ez diat gauza handirik ulertu”. Aparatua kaxa baten barruan eman zigutela gogoratu nuen orduan, eta, bizkor, argibideen papera eskuratu nuen (Zaldua).

43.10.7c Puntuazioari dagokionez, atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile urruntzaileak (dena dela, edonola ere, edozein modutan…). Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

473 Fuentes-ek bere hiztegian (2009) kontzesiozkoen barruan sailkatzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileen gaztelaniazko ordainak. Eta Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990) aurkaritzako lokailuetan sailkatzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileak.

474 Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990: 118) aurkaritzako lokailuen artean sailkatzen badu ere, dena den esapideak ez du adierazten aurreko ataletik inferi daitekeenaren kontrako ideia, baizik eta aurreko ataleko argudioaren garrantzia mugatzen du edo harekiko indiferentzia adierazten du.

475 Testuinguru askotan ez da diskurtso markatzaile, denborazko osagarria baizik (edozein kasutan aplikatuko da, beste edozein kasutan…).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper