Euskararen Gramatika

43.9.2. Birformulatzaile berraztertzaileak


43.9.2. Birformulatzaile berraztertzaileak

43.9.2a Berraztertzaileek, berriz, birformulakizunean emandako azalpena beste ikuspuntu batetik aurkezten dute, modu partzial edo osoan aurretik esandakoa baieztatuz, sendotuz edota aurrean esandakoari kontrajarriz. Alegia, formulazio berrira pasatu aurretik, aurreko formulazioko elementu guztiak (inplizituak edo esplizituak) aztertu edota ebaluatu dira. Hala ere, horrelakoetan ere ez dago urruntze handirik bi formulazioen artean.

43.9.2b Hau da berraztertzaileen (azken batean, azken buruan, azken finean) balio nagusia: diskurtso markatzailearen bidez aurretik esandakoa (birformulakizunean esandakoa) berraztertzen da eta hausnarketa edo azterketa horri bidea ematen zaio atal birformulatzailean, azken hori behin betikotzat hartuz. Beste era batera esanda, diskurtso markatzailearen bidez diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakora itzultzen da esataria, baina ez bertatik funtsezkoena ateratzeko, baizik eta birformulakizunean adierazitako hori beste ikuspuntu berri batetik aurkezteko atal birformulatzailean.

Argiago mintzatu zen Le verbe basque en tableaux liburuan: Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere, eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean (Zuazo).

Birformulakizuna

Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere,

Azalpena: atal birformulatzailea

eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean.

Marmolezko kaperako elkar ikustearen ondoren, arteraino ez bezalako alaitasun eta pozaldian bizi izan zen Fabrice. Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko, baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza, bere pentsamendu guzti-guztietan sartua zeukan izaki jainkozkoak bera maite zuelako. Elkarrizketa haren ondoko hirugarren egunean, lanpararen seinaleak oso goiz bukatu ziren: gauerdia aldera (Jon Muñoz).

Birformulakizuna

Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko,

Azalpena: atal birformulatzailea

baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza,

Lehenbiziko adibideko birformulakizunean informazio-segida dago eta atal birformulatzailean azken batean diskurtso markatzaileak txertatzen duen enuntziatuaren ikuspuntua aurretik esandakoaren ildo beretik doa.

Bigarren adibidean, berriz, azken batean diskurtso markatzailea ageri den atal birformulatzaileak txertatzen duen ikuspuntua desberdina da birformulakizunean adierazitakoarekin alderatuta. Aurkaritza agertzen duten atalak, aurkaritza esplizitu egiten duen baina juntagailuaren bitartez loturik agertzen dira.

43.9.2c Birformulazio prozesuetan beste balio batzuk bideratzeko erabiltzen dira sarri berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean): bereziki, azalpenak emateko, eta ondorioa adierazteko, bi adibideotan bezala:

Herrian denek ezagutzen zuten elkar eta, bidean topatzean, elkar agurtzen zuten guztiek. Hamabi familia ziren osotara, eta denek zekiten gainerako guztien historia; bazekizkiten aitatxi-amatxiren izenak, arbasoenak, lehengusuenak, eta guztiek zuten besteen ondasunen berri zehatza. Herria, azken buruan, familia handi eta bakar bat bezalakoa zen. Zutoinen gaineko etxeetan antolatuta zegoen, eta etxe azpietan kakaraka eta lurrari mokoka ibiltzen ziren oiloak eta ahateak. Agurea jabetzen da lehenaldia erabiltzen duela bere artean herriaz mintzatzen denean. Horrek minez ziztatu dio bihotza (EPD, Diaz de Ultzurrun).

Gogorra gertatzen zaio amari ordu horietan sukalderatzea, baina ohitzen hasia da. Xabi noiz esnatuko eta altxatuko den jakiteko araurik ez dago. Atzo, hamarretan jaiki zen; herenegun, zazpiak eta laurdenetan. Ez dago araurik, ez dago erregulartasunik, ez dago jakiterik hurrengo egunean zein ordutan esnatuko den, ez dago, azken buruan, ezer planifikatzerik. Alferrik da; ebazpiderik ez duen hieroglifikoa. Hieroglifiko tranpatia. Dena dela, gauza bat ziurra da, esnatzeko orduari dagokionez, amaren ordutegia Xabiren ordutegi bera da (EPD, A. Arrieta).

43.9.2d Hiru kokagune hauetan agertzen dira berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean): atal birformulatzailearen hasieran eta tartekatuta agertzen dira maizenik; eta, bakanago, amaieran.

43.9.2e Sintaxiari dagokionez, gehienetan perpaus bat sartzen dute laburbiltzaile berraztertzaileek (azken batean, azken buruan, azken finean). Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote. Ikus orain datozen bi adibideak:

Lagapen ordaintzaile orok bezala, lagapen horrek bi forma hauetako bat har dezake: 1) Pro soluto: lagapen bidez, lagapen-hartzaileak kreditua ordaindutzat jotzen du. Azken batean, kreditua ordainketan ematea da (L. Imaz).

Eta erabakitzeko moldeari buruz desadostasuna baldin badago, orain Espainiako Gorteen eta Eusko Legebiltzarraren artean gertatuko den bezala, Estatuak koakzio mekanismoekin egiten du mehatxu. Indarkeriarekin, azken batean (Berria).

Juntagailuekin eta lokailuekin batera ere agertzen dira maiz:

Kasu horietan aditzoinak ez du kontsonanterik amaieran, eta, beraz, ezin dugu araurik ezarri. Ondorioz, entzuten dugunak atzizkiak hiztegi mentalean duen forma garbi eta aldagabea izan behar du, hau da, d hotsa. Hizkuntzalaritza modernoaren aurkikuntza nagusietariko baten froga ederra: alegia, azken buruan ahoskatzean izango duenaz bestelako forma batean gorde daitekeela morfema bat buruko hiztegian (ZIO, G. Knörr).

43.9.2f Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean). Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

43.9.2g Tradizio zabala dute egungo euskaran hiru birformulatzaile berraztertzaileek (azken batean, azken buruan, azken finean), eta adberbio (“al final”, ‘azkenean’) nahiz markatzaile (“a fin de cuentas”) funtzioarekin jasota daude OEHn. Egungo euskaran ere maiztasun handia dute: askotariko testuetan ageri dira, baina, bereziki, azalpenezko diskurtso zainduan (idatzian zein ahozkoan).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper