Euskararen Gramatika

43.7.2.5. Inferentziazko birformulazioa


43.7.2.5. Inferentziazko birformulazioa

43.7.2.5a Badira, azkenik, beste balio batzuk ere: ondorioa, dedukzioa, konklusioa… Inferentziazko birformulazioa deitu dugu hemen. Zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzakete birformulatzaile esplikatiboek. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulatzaileen nolabaiteko hiperonimoak direnez (Robles 2012), gai dira bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).

Are gehiago, zenbaitetan, eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatu ditzakete inferentzia-prozesuetan.

43.7.2.5b Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa… Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuetan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da atal birformulatzailean.

Hona hemen adibide batzuk: Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea (Herria); -Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: “Guztiaren bide erdia da hasiera”. Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! (Jon Muñoz); Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! (Jon Muñoz).

Alegia-k, bestalde, badu aipatutakoez bestelako balio bat: azaldu nahi denari sarrera ematea. Gehienetan agerian daude testuetan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea). Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, alegia sarritan erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko: —Ta, zer esan dizu? —Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak, txikitxoak direla oraindik eta urruti haietara iritsi gabeak direla (G. Mujika).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper