Hirugarren funtzioa birformulakizunaren esanahia zabaltzea da. Horregatik deitzen dugu definiziozko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, nolabaiteko definizio bati bide egiteko erabiltzen da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da: Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea (Berria); Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren -hots, hidrogenoaren- atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan (Juan Garzia).