Euskararen Gramatika

42.19. Emendiozkoak


42.19. Emendiozkoak

42.19.1. Sarrera

42.19.1a Emendiozko diskurtso markatzaileek halako gehitze zentzu bat ematen dute testuan zehar. Jakina, gehitze zentzu hori nabarmen ageri da eta bezalako juntagailu batekin: lehenago esan den moduan, partikula hau berez juntagailua baldin bada ere (bi perpaus nahiz bi izen sintagma lotzen baititu), diskurtso markatzaile moduan erabiltzea ere ez da batere gauza arraroa, beste juntagailu askorekin gertatzen den legez. Ikus ditzagun, esate baterako, hurrengo adibideok. Lehenbiziko hiruetan eta juntagailua DM moduan agertzen zaigu perpaus hasieran. Ondoren datozenetan, berriz, juntagailu bera daukagu (DM moduan hemen ere) perpaus hasieran ez ezik, pasarte hasieran ere:

Izan ere, egungo eguneko hizkuntzaz ari ez denak, ingurukoak begi-belarriz jasotzen ez dituenak, testuak behar ditu lekuko, ordukoari nahiz bart arratsekoa izan, antzemango badio, inoizko hizketaren bitartez inoizko hizkuntzaren muinera helduko baldin bada. Eta filologia da, besterik baino areago, testuez, bestela esan, gatzaturik, “érgon” bihurtutik, gelditu den hizketaz (esaldi, perpaus eta luzeagoez) mintzatu behar duen jakite mota (Mitxelena 2011, OC XIII: 234).

Kasu honetan, gainera, Beriain berarengana jo dezakegu, erosoenetakoa ez bada ere bidea, bitartekoak bertan behera utziaz. Eta bitartekoa bera, Larramendi alegia, ez zebilen oker, oraingo Telletxeak erakutsi duen legez (Mitxelena 2011, OC XIII: 235).

Baditu bere legeak, baina, lege horiek erabiliko baditu, erabilkizun den gaia behar du horretarako. Eta gaia ezin izan daiteke testua baizik, testu idatzia, noski, izkribuzkoekin ari garenean lanean (Mitxelena 2011, OC XIII: 237-238).

Eta honeraino, ustez, esanahia ongi jaso dut: ez dut, haatik, garbiro ikusten zer zor zioten ontziek Etxeberriri eta honen esku abilari (iaioari, trebeari, nahi duzuenari) (Mitxelena 2011, OC XIII: 237).

Eta argi bezain garbi irudituko zaigu gramatika aldetik (Mitxelena 2011, OC XIII: 239).

Eta Arestik, horren oraintsuko dugun Arestik, hainbeste ezagutu dugun Arestik, hain ozenki mintzatzen zen Arestik, “contra esto y aquello” maiz aski, utzi du pasarte ilunik ugari (Mitxelena 2011, OC XIII: 240).

42.19.1b Hala ere, zenbait partikula DM (eta ez DM bezala erabilitako juntagailu) huts dira batez ere. Emendiozkoen artean aipatu behar ditugu, batetik, ere, gainera, bestalde, halaber eta, bestetik, behintzat, bederen, bederik, behinik behin eta abar. Hauek guztiak gehienetan adberbioak dira berez, lokailu lana egiten dutenak testuan zehar.

Lehenbiziko multzoko lau diskurtso markatzaileek, hau da, ere, gainera, bestalde eta halaber-ek, aurreko perpausean esandakoari zerbait gaineratzen diote. Gaineratze hori aski neutroa da, aurreko perpausean zerbait gehitu besterik ez baitugu egiten (X + emendiozko lokailudun perpausa): Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, gainera; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, bestalde; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, halaber.

42.19.1c Horrela, lehenbiziko perpausean herriko plazari buruz emandako kualitate bati (handia izateari, alegia) beste kualitate bat gaineratzeko erabili ditugu diskurtso markatzaile horiek, adibideetan ikusten den bezala. Guztiz berdinak ere ez dira, jakina, ere DMa gainerako guztiekin konbinatzen ahal baita, baina beste hirurak nekezago aurkituko ditugu elkarren artean bat eginez: Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere (bai), gainera; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere (bai), bestalde; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere, halaber.

42.19.1d Beste hiru markatzaileekin, ikusiko dugun bezala, honako hau bakarrik esaten da, nonbait: Gure herriko plaza oso handia da. Gainera bertzalde, ederra.

Lau markatzaile horiek kendurik, bigarren multzoan agertzen zaizkigunekin, eta horien artean behintzat jarriko dugu lehenbizikoa, gehitze hori ez da hain modu ‘neutroan’ gertatzen eta betiere aurreko perpausetik biltzen dugun erreferentzia hori (“X” hori) nahikoa markatua da, eta kontzesio kutsua du batzuetan, baldintzazkoa besteetan…: Miren ez dakigu joango den. Gu behintzat joango gara; Ez dugu esango egunero egin behar denik kirola. Baina, astean behin bederen egitea, oso komenigarria izaten da; Ongi ongi, ez dugu uste. Baina konpontzen da ingelesez, konpontzen, trakeski badere.

Har dezagun hemen sail horretako lehenbiziko adibidea. Mireni buruz zerbait esan dugu eta berehala hau gaineratu: Miren joaten bada edo ez bada…, aipatu baldintza ezarriz. Horregatik bereizi ditugu emendiozkoen sailean bi azpimultzo.

42.19.2. Ere

42.19.2a Ere diskurtso markatzaileak bi forma erakusten dizkigu, euskalkien arabera: ere eta bere. Lehenbizikoa da zabalduena. Diskurtso markatzaile hau beti ezkerreko aldean duen osagaiari atxikia doa, bien artean halako batasun bat eginez.

Euskal hiztegi eta gramatiketan ez da xehetasun handiegirik ematen morfema honen kategoriari buruz. Gure ustez, DM hau, kategoriari dagokionez, adberbioa dela esan daiteke, DM bezala erabiltzen duguna, solas mailan bi esaldiren artean nolabaiteko erlazioa eta lotura gertatzen dela adierazten diguna.

Balioaren aldetik, esan dezagun DM honek zabaldu egiten duela perpausaren erreferentzia mundua, ondoko adibideotan ikusten den gisan: Miren eta Maddalen afaltzera joan ziren. Peru ere haiekin joan zen; Koldo eta Jone ez dira agertu gaur. Patxi ere ez da agertu.

Ikusten ahal denez, perpaus horietako interpretazio hau dugu, gutxi gorabehera: lehenbizikoan bada talde edo multzo bat “Miren”ek eta “Maddalen”ek osatzen dutena eta multzo horren ezaugarria da multzoko kideak afaltzera joan zirelako hori. Beste hitzetan esanda: testuinguru jakin batean multzokide guztiak afaltzera joan ziren. Bada, “Peru”, besteak bezala, multzo horri dagokiola baieztatzen dugu, multzo horren barnean sartu behar dugula alegia, beste biekin batera, “Peru”ren tokia horixe dela adieraziz. Bigarrenean, ber gauza, ezezko batekin oraingoan: bada multzo bat “Koldo” eta “Jone”k osatzen dutena eta multzo hori definitzen duen tasuna da multzoko kideak ez direla agertu gaur. Nolabait ere esateko, ezezko tasun batek definitzen du oraingoan multzoa. Bada, “Patxi” beste biekin, batera sartu behar dugula ari gara esaten oraingoan.

42.19.2b Ere DMa ageri zaigun bakoitzean suposizio bat egin behar du perpaus horren erreferentzia munduaz. Gure kasu hauetan badakigu norbait joan dela afaltzera edo norbait ez dela agertu. Hori dela-eta afaltzera joan den norbait horretaz gain edo agertu ez den norbait horretaz gain, Peruk eta Patxik gauza bera egin dutela ari gara esaten. Perpaus hauek zuzen ulertu nahi izanez gero, nahi eta nahi ez onartu beharko dugu batean “Peru + X” joan direla, eta bestean “Patxi + X” ez direla agertu. Normalean “X” hori testuinguruak aldian aldiko egoerak identifikatzen du beti. Ohart gaitezkeenez, halako balio anaforikoa du ere markatzaileak, aurreko zerbaitekin duen lotura adierazten baitu.

Adibideetan ikusten denez, ere DMa dagokion izen sintagma bestelako perpaus osagaiaren ondo-ondoan jartzen da, sintagmari erantsia, eta enklitiko bezala ahoskatzen dugu: “Peru(e)re”, “Patxi(e)re”, “Perube” “Patxibe”. Beste hitzetan esateko, DM honek ezin dio inola ere hasiera eman perpausari, izen sintagma, aditz edo adizlagunen baten laguntzan erabiltzen dugulako, beti zerbaiten ondoan eta ondoren. Zoritxarrez, egun hedatzen ari diren eta hain sarriegi entzuten diren perpaus hasierako *Ere bai…, *Be bai…, *Eta ere bai… bezalako esaldiak guztiz arrotzak ditugu euskaraz, euskara ezagutzen dugun neurrian behintzat: Nor joango da mendira? Peru. *Ere bai Jone.

42.19.2c Hala ere, euskaldunen usadioa desberdina baita kontu hauetan euskalkien artean, ekialdean aski hedatua dago honako jokabide hau: Nahiz ez den halako estado haundia Idahok badauka denetarik franko polliki: desertu gorak, gaitzeko mendi eta oihanak eta ere laborantzako lur aide onak (Herria). Ez da nolanahi agertzen hor eta ere segida, nahitaez halako enumerazio bat edo eskatzen baitu: “desertuak, mendiak, oihanak eta ere lurrak”. Dena dela, esan bezala, ekialdeko egileetan bakarrik aurkituko dugu normalean erabilera hau.

42.19.2d Beste erabileretara itzultzen baldin bagara orain, agian erabilerarik maizena goian jarri dugun Peru ere haiekin joan zen eta gisako horietan jarri duguna dateke, izen sintagmaren ondoan ageri zaigunean. Ez da hori leku bakarra, hala ere, beste edozein perpaus osagairen ondoren ere jar baitaiteke: Etxe hau planta ederrekoa da. Handia ere (bai); Herriko gazteekin ederki konpontzen omen da alkatea eta zaharrekin ere oso ongi; Gaur ez du astirik izan egunkaria irakurtzeko eta bihar ere ez du izango; —Nor joango da mendira? —Antton. Eta Amaia ere (bai); Nora joango zara oporretan? — Parisera. Eta Nizara ere (bai).

Adibide horietan guztietan halako presuposizio garbi bat seinalatzen du hiztunarentzat ere DMaren erabilerak, lehen adierazi dugun moduan. DMaren ezkerraldean geratzen dena mintzagaitzat hartzen dugu, hitz egingo dugunaren erreferentzia ingurune bezala definitua oraingoan mintzagaia, nahiz eta hor ematen dugun informazioa ere berria den. Eta hori gertatzen da galdera baten erantzunari beste zerbait gaineratzen diogunean ere, azkeneko adibideetan ikusten den moduan: “Antton” galdegaia da, horretan ez da dudarik, baina ondokoak “Amaia ere” eransten duenean, “Amaia” ez da galdegaia, mintzagaia baizik, perpaus horretan galdegaia perpausaren baiezkotasuna baita. Badira hori horrela dela pentsatzeko bi froga gutxienez: hasteko, “Nor zara zu?” bezalako galdera bati (hau da, galde hitzen bat agerian duen perpaus bati) ezin diezaiokegu besterik gabe “Antton ere” nahiz ere DMa inguruan daraman beste edozein sintagmaz baliaturik erantzun. Gainera, adizki sintetiko batez itzultzen dugunean esaldia, baiezkotasuna azpimarratzeko balio duen ba- partikula (adizki analitikoetan edo ezezkoetan ez da desberdintasun formal hau ikusten ordea) erabili behar dugu: —Nor doa gaur mendira? —Antton (doa/*badoa) —Eta Amaia ere (badoa/*doa).

42.19.2e Nolanahi ere, diferentzia formalak beti ageri ez diren arren, presuposizioa aldaturik geratzen zaigu ere diskurtso markatzailea jarri bezain laster, DM honek solas mailako beste zerbaiten erreferentzia hartu behar baitu.

DMaren ezkerrekoa mintzagaia den aldetik, perpausaren hasieran nahiz amaieran joan daiteke: Amaia ere badoa; Badoa Amaia ere.

Bestalde, perpausaren edozein osagai izan daitekeenez mintzagai —aditza bera ere barne—, edozein osagaik eraman ahalko du ere bere eskuinetara: Afaldu, berandu afaldu zuen egun hartan. Eta, hortik, testuingurua aldatzen dugula orain: Afaldu ere, berandu afaldu zuen egun hartan. Alegia, zerbait berandu egin zuen egun hartan, eta zerbait horretaz gain, afaltzera ere berandu joan zen. Honen tankerakoak ditugu beste honakook ere: Irakurri ere, halako zerbait irakurria naiz ni; Etorri ere, oraintxe nator betetzetik (Etxaide); Egiari zor zaion lekua ematen dio, eman ere (Zaitegi).

Hauek bezalakoetan (ikusi ere, joan ere eta abar) badirudi itzuli hauek nolabaiteko autonomia hartu dutela eta zenbait kasutan bederen normalean ere diskurtso markatzaileak bete behar duen zeregina bigarren mailan geratzen dela. Argi aski ikusten da hori izan ere esapidearekin, esate baterako. Esapide hau bere aldetik doala dirudi eta ondoren edozein aditz darraiola aurkituko dugu egungo eguneko euskaran. Hori dela eta, kausazko DMen artean sailkatu dugu esapide hori.

42.19.2f Honaino egin dugun aurkezpenean jarri dugu, nolabait esateko, ere markatzailearen erabilera estandarra, euskalki guztietan berdin samar erabiltzen dena. Jakina denez, ordea, euskaldunen artean ohitura desberdinak daude.

Har dezagun perpaus sinple bat: Miren gaur Iruñera joango da. Perpaus horren barnean sartzen badugu orain ere DMa, esanahia bera aldatu egingo zaigu, DMaren kokagunearen arabera: Miren ere gaur Iruñera joango da; Miren gaur ere Iruñera joango da; Miren gaur Iruñera ere joango da. Perpaus horietan, hemen ez da dudarik, ere sintagma diferentearekin doa aldi bakoitzean eta horrexegatik esanahia aldaturik agertzen zaigu aldi oro: “Norbait joan da eta Miren ere joango da”, “Miren noizbait joan zen eta gaur ere joango da”, “Miren gaur beste norabait joan da eta Irunera ere joango da”.

Kontu handia izan behar dugu DMak biltzen duen sintagmarekin. Horrela, aldrebeskeriak entzuten dira sarritan, ere horrek berarekin daraman presuposizioa guztiz aldaturik gertatzen baita. Ikus ditzagun ondoko adibide hauek: —Guk goian afalduko dugu. Eta zuek?

Hemen galdetzen ari gara zuek zer egingo duzuen, ez non afalduko duzuen. Hortaz, horren erantzun zuzenak honakook dira: —Guk ere (bai); —Guk ere (goian). Baina ezin dezakegu erantzun beste hau: *Goian ere. Nahiz erantzun hori zuzena izan beste testuinguru batean: —Hemen behean bada lekua afaltzeko. Eta goian? —Goian ere (bai).

42.19.2g Arrazoi beragatik, elkarrizketa honetan oso gaizki erabilia da diskurtso markatzailea: —Nobela saria Patxik irabazi du. Eta olerki saria? —*Patxik ere. Hor eman daitekeen erantzun bakarra hau baita: —Olerki saria ere (bai). Lehen esan dugun moduan, ere-rekin batera doan sintagma perpausaren beste tokietan ere agertzen ahal zaigu: Gaur Iruñera joango da Miren ere; Iruñera joango da gaur Miren ere; Miren joango da gaur ere Iruñera eta abar.

Adibide hauek guztiak oso arruntak direnez, ez digute inolako arazorik planteatzen perpausen esanahia interpretatzeko orduan. Zer egin, ordea, ondoko bi adibideokin? Miren gaur Iruñera joango ere da; Iruñera joango da ere gaur Miren.

Esaldi hauetan ikusten dugu ere DMa aditzaren ondoan dagoela: adizki nagusia eta adizki laguntzailearen artean, batean, eta adizki nagusia eta adizki laguntzailearen ondoren, bestean. Esan dezagun, hasteko, erabilera hau orain arte ikusi ditugun besteak baino mugatuagoa izateaz gain, interpretazio kontuetan ere badirela desberdintasun franko euskaldunen artean. Ikus dezagun lehenbiziko kasua, hots, ere DMa adizki nagusia eta adizki laguntzailearen artean jartzen dugunekoa: Irakurri ere dugu Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela. Perpaus horrek bi interpretazio ditu: bat, horrelakoak entzun edo esaten dituen euskaldun orok emango liokeena eta, bestea, batez ere ekialdeko euskalkietara mugatzen dena: Gaur goizean irratian entzun dugu Lehendakaria Madrilera joango dela. Eta ez bakarrik entzun, irakurri ere egin dugu egunkarian hiri hartara joateko asmoa duela; Hau guztia ere irakurri dugu: Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela.

Bigarren interpretazio honetan iduri du aditzaren eskuinaldera bota dugula perpausaren zati bat, hain zuzen, ere DMak ukitzen zuen zatia, luzeegia delakoan edo. Orduan, DMa lekuz kanpo bezala geratu zaigu hor, adizki nagusiaren ondotik. Parafrasia, bigarren kasu horretan, honela egin genezake: Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela ere irakurri dugu. Ohartzen ahal garenez, adibide horretan ere perpaus osoarekin doa: [Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela] ere irakurri dugu.

42.19.2h Hori dela eta, euskal perpausean sintagmek agertzeko duten askatasunagatik, batzuetan hau bezalako adibideak aurkitzea ez da batere zaila: Madrilera joateko asmoa duela Lehendakariak ere irakurri dugu. Jakina, horren interpretazioa honako hau da, nahiz eta DMa izen sintagma baten (“Lehendakariak”) ondoren, eta ez aditzaren ondoren, doan: [Madrilera joateko asmoa duela Lehendakariak] ere irakurri dugu. Beste hitzetan esana: ere DMa perpaus osoarekin doa, eta ez “Lehendakariak” izen sintagmarekin bakarrik. Betiere, zernahi gisaz, testuinguruari egin behar zaio kasu: —Sailburuak Madrilera joateko asmoa duela jakin dugu. —Bai, egia. Asmo bera duela Lehendakariak ere irakurri dugu.

Beraz, hor irakurri behar da ‘Lehendakariak ere asmo bera duela’, ‘Lehendakariak ere Madrilera joateko asmoa duela’. Zernahi gisaz, ere-ren erreferentziak ez du nahitaez eskuinaldean egon beharrik, testuinguruaren arabera aurreko esaldian ere egon baitaiteke. Horiek ditugu bi interpretazioak, bada: ‘ez bakarrik entzun, irakurri ere bai’ eta ‘zerbait ere irakurri’.

42.19.2i Geroago ikusiko dugunez baita ere bezalako itzulietan halako zerbait egiten dugu, hor ere DMa aurreratua bezala ageri baitzaigu. Berehala ukituko dugu puntu hau.

Hona hemen literaturako adibide batzuk: Zazpi urtetan pozoatu nahi izan zuten; bainan ez zion edariak deusik egin. Behar bada on egin ere zion (Hiribarren); Eta hala apezek nola aintzindariek, denek atseginekin ikusi zuten Jesus jauna estekatua eta beren soldaduen eskuetan. Egin ere zioten anitz laido eta azkenean, oihu egin zuten guziek, hiltzea merezi zuela (Joanategi); Egin zuen baratxuri-salda koipe puska batekin, baina Agerak laster ezagutu zuen ez zela haragi-salda, eta galdetu zion: Jualimo: gaur ere ostirala al dugu? Salda honek ala dirudi, bada haragirik ikusi ere ez du (Urruzuno); Nik, zure tokian, liburutxo horretan euskeraren alboan itzulpen on bat ipiniko nuke. Hala egin ere dut, haren aholkuari nagokiola (Orixe).

42.19.2j Badugu, azkenik, beste erabilera bat: zenbaitetan, ere DMa adizki nagusia eta adizki laguntzailearen ondoren ageri zaigu. Goiko adibide berbera erabiliz gero: Irakurri dugu ere Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela. Erabilera hau ekialdera mugatua dago eta mendebaleko euskaldunen artean neketan aurkitzen da. Interpretazio aldetik, nolakoa den testuingurua, esaldiari ematen diogun hizkera doinua eta abar, hiru aukera eskaintzen dizkigu, orain arte aipatutakoak eta beste hirugarren bat: DMa, askotan, bere eskuinaldean ageri diren sintagmetako bati loturik dago, eta esaldiaren interpretazioa oso anbiguoa gertatzen da orduan. Zenbat eta sintagma gehiago, hainbat eta anbiguoago: Hola uste dute ere ene lana ikusi duten guziek (Artxu). Adibide honen parafrasia hauxe da: Ene lana ikusi duten guziek ere hala uste dute. Honen pareko dirateke ondoko adibideok, zeinetako batzuk mendebaldekoak baitira: Beila tokietan bereziki, zenbat jende ez dira jarraikitzen egiazki graziarik darion bederatziurrun balios horri! Hala nola Xaberrin. Horrat biltzen dira ere, oste gaitzean, Nafarra guziko gizonak eta gazteak, berdin urrunetik oinez jinak (Narbaitz); Baderitzat […] txit gauza egoki ta baliotsua izango dela bizitza hau maiz irakurtzea. Denbora berean aurkituko dute ere hemen beste asko kristau erok, Jaungoikoaren beldur gutxirekin zeruaz ahazturik, lurreko atsegin debekatu igarakorren bila dabiltzanak, beren arimako eritasunen sendagai berezia (Beobide); Badakigu ere zer diren “eskolatu” eta bai “ikastolatu”, erroak eskola eta ikastola (Mitxelena); Joan beharko dute ere ospitaletara, adinetakoen etxeetara, eta abar (Landart).

42.19.2k Hortaz, zalantzarik egon ez dadin, esan dezagun hiru sail bereziko ditugula DM honen erabileran:

Sintagma baten ondoan jartzen dugunean. Euskaldun guztiontzat berdin: Jon ere etorri da.

Adizki nagusiaren ondoan dugunean. Euskaldun guztiek interpretazio arrunta, ekialdekoek bigarren interpretazio bat ere bai. Ikus gorago emandako adibideak eta azalpenak: Jakin ere badakigu hori.

Adizki laguntzailearen ondoan dugunean. Oro har ekialdean bakarrik erabilia, oso anbiguoa gerta daiteke: interpretazio arrunta, bigarren interpretazioa eta baita edozein sintagmari lotzeko aukera ere (hirugarren interpretazioa). Nolanahi ere, anbiguotasun hau bigarren kasuan ere gertatzen da, ere DMaren ondoan sintagma bat baino gehiago suertatzen denean. Beraz, badirudi perpausaren esanahia aski ukitua geratzen dela ere hori ‘lekuz kanpo’ ikusi bezain laster. Ikus, esaterako, ondoko adibide hau: Aitor dezagun bada euskara orain arte, Euskal Herriko eskoletarik kanpo atxiki izan dugula, hori baita Herrian Herriko mintzaira hiltzera kondenatzea. Ikusi ere da horrelakorik munduan barna “koloniak” deitzen ziren eskualdeetan eta izan du gaitz horrek ondoriorik, ondorio odoltsurik (Herria).

Nola interpretatu hori? Hiru interpretazioak dira posible: “kontu hau guztia ez da bakarrik buruan daukagun ideia bat, ikusi ere da…”. Besterik gabe esan dezakegu “horrelakorik” sintagmarekin doakeela, bigarren interpretazioan (“horrelakorik ere ikusi da kolonietan, alegia…”)? Edo, hirugarren interpretazioan, “koloniak deitzen diren eskualdeetan ere ikusi dela horrelakorik” ulertu behar da hor?

42.19.2l Aipa dezagun, azkenik, oso arrunta ez den arren, zenbaitetan indarturik (ba-rekin edo ez-ekin) ageri dela adizki laguntzailea: Jakin ez ezen, irakurri ere badut oharrez (Larramendi); […] aurki adituko dira eta gehienak dagoeneko aditzen ere badira (Larramendi).

Izan ere, baditu beste erabilera batzuk DM honek. Zenbait kasutan, oso arrunta da perpauseko osagai guztiak ezabatzea, DMarekin doan sintagma eta DMa bera izan ezik (batzuetan bai edo ez erants dakioke DMari ondoren: batez ere mendebalean gertatzen da hau): —Peru gaur etorriko omen da; —Jone ere (bai). Hala ere, hor aukeran eman ditugun arren Jone ere nahiz Jone ere bai, biak erabiltzen baitira, euskalkien arabera, ez dira bi itzuliak pare-parekoak: bai horrek aditz sintagma ordezkatzen duenez biak batera ezin dira ageri: Jone ere etorriko omen da; *Jone ere bai etorriko omen da.

42.19.2m Orain arte ikusi ditugun adibideetan ez bezala, zenbait kasutan ere diskurtso markatzailea perpaus koordinatu baten barruan agertzen ahal zaigu. Azkeneko esaldia bera har dezagun lekuko: Peru gaur etorriko omen da eta Jone ere (bai). Koordinazioan ageri den bigarren perpausaren baiezkotasuna azpimarratzeko bai erabil daiteke (egin dugun oharra kontuan hartuz, jakina), adibide horretan bezala edo juntagailuaren ondoren jarriz. Orduan itzuli hauek sortzen dira: Peru gaur etorriko da eta bai Jone ere. Gauza berbera suertatzen da ezezkoetan ere: Peru ez da gaur etorriko eta ez Jone ere.

Kontua da, ordea, juntagailuak eta baiezko nahiz ezezkotasuna markatzeko erabiltzen dugun partikulak elkarren artean duten ordena aldaturik ere ager dakigukeela: Peru gaur etorriko da, bai eta Jon ere; Peru ez da gaur etorriko, ez eta Jone ere.

42.19.2n Baina orain beste zerbait gertatzen zaigu: “bai+eta” eta “ez+eta” segida elementu autonomotzat jotzen du hiztunak maiz aski “baita” edo “ezta” bezala ahoskatuz, gainera, hizkera arruntean: —Egunon —Baita zuri ere; Hotzildu zen, epeldu gero eta azkenik, hoztu ez ezik, baita izoztu ere. Eta hori gertatzen denean ez da batere harritzekoa ere bera ere lekuz aldatu eta dagokion osagaiaren ondoren ez, baizik aurrean jartzea: Peru gaur etorriko da, baita ere Jone; Peru ez da etorriko gaur, ezta ere Jone. Hau egitean, jakina, badirudi ere-ren erabileraren funtsezko arau bat hausten dugula, esan den bezala, DM honek beti behar baitu aurretik sintagma bat edo osagai bat.

Itzuli hau idazle klasikoetan ere agertzen den arren, ez da dudarik batere XX. mendean ezagutu duela hedadurarik handiena. Horrela, Axularrek hiru aldiz erabiltzen du, Belapeirek behin bakarrik, Larramendik bi aldiz eta abar. XIX. mendetik hasten dira adibideak ugaltzen eta XX. mendean erabilera guztiz arrunta da, denok dakigun moduan. Koordinazio juntagailuaren aurrean jarri nahi izanez gero, ez dirudi desberdintasunik gertatzen den hor. Geratzen zaigun beste aukera bat ere betetzen da orduan, “eta+bai” edo “eta+ez” eta ere segidan emanez: Peru gaur etorriko da, eta bai ere Jone; Peru ez da etorriko gaur, eta ez ere Jone.

42.19.2o Esan beharra da, nolanahi ere, ezta edo eta ez sarriago eta ugariago ageri direla liburuetan beren pareko diratekeen baiezkoak baino (baita, eta bai), berdin dela ere DMa agerian duten nola DM hau gabe ere. Hona hemen adibide batzuk eta ez ere itzuliaren gainean moldatuak: Inori gaizkirik ez egitea ez egintzaz, ez hitzez eta ez ere gutiziaz (Legaz); Eta egia hau da: euskera ez da, nabarmenki, oker-bide, jakin-bide egin ez dugulako; ez dugu egin jakinbide zuzen, eta ez ere makur (Lizardi). Adibide horietan ere legokiokeen lekutik kanpo dagoenez, neketan jakinen dugu orain perpaus luzeago batean zeri dagokion zuzen. Jo dezagun ondoko oinarrizko adibide hau: Zerbitzaria ez da bere jauna baino handiago eta ez morroia nagusia baino gehiago ere. Oinarrizkoa deitzen dugu, horko osagai guztiak zein bere tokian baitaude: koordinazio juntagailua bi perpausen artean, ezezko partikula perpausaren buruan eta azkenean aztertzen ari garen diskurtso markatzailea. Goian egin dugun interpretaziora jotzen baldin badugu hauxe da ere DMak adierazten duena: bada multzo bat non ukatu egiten dugun norbait beste norbait baino handiago dela. Ba, bada beste zerbait ere multzo berean sartzen duguna (morroia ez dela nagusia baino gehiago, alegia). DMa orain lekuz mugitzeko askatasuna emanez gero, ondoko aukera hauek guztiak aurkitzen ditugu idazleen artean (Altuna 1986): Zergatik, ez da zerbitzaria bere nagusia baino handiagoa, ezta ere dizipulua, bere maisua baino (J. C. Etxeberria); Morroia ez baita nagusia baño aundiago, ezta ikaslea ere, irakaslea baño (Apaiz batek); Ez da ikaslea irakaslea baino gehiago, ez eta morroia nagusia baino gehiago ere (Olabide); Ez da ikaslea irakaslea baino gorago, ez eta mutila bere jauna baino (Jesu Kristoren Berri Ona); Ez da dizipulua nagusia baino gutxiago eta ez sehia bere jauna baino gutxiago (Haraneder); Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago; ez morroia ere nagusia baino (Orixe); Ikaslea Maisua baino gehiago ez da; morroia ere ez nagusia baino (Lardizabal).

42.19.2p Eman arrazoiagatik beharbada, hau da, “baita+ere” eta “ezta+ere” segidek euskararen oinarrizko lege bat hausten dukeelako edo, idazle anitzek ez du guztiz gogoko erabilera hori eta bigarren mailan uzten du. Esan dezagun, zernahi gisaz, Mitxelenak berak ere, usu eskaintzen ez dizkigun arren, ez dituela batere gaitzesten:

Badakigu, behintzat, “geniezazkizuekeen” esaten, baldin ederki esana badago. Baita ere, gainera, “topikoa bihurtu” da (ze arraio bihurtu ote da “topiko” hori?) eta “bi penike bakoitzeko”, harako zahar elbarrituek “bina” esango luketenaren ordainetan (Mitxelena 2011, OC X: 86).

Etxeberri Ziburukoaren Manual-ak, badu zatitxo bat, balearen arrantza dela eta, nahikoa eta gehiegi nahasia. Baita ere, horrek edo Etxeberriren beste obraren batek, latineko distikoetan egina den eskeintza, nik zeharo ezin aditu dudana (Mitxelena 2011, OC XIII: 236).

Eta ez nuke nahi inork hau txartzat har lezan, neure buruari harrika eta ez besteri ari naizenez gero. Ezta ere harako gorago esan dudan hura: euskaldunok, alegia, geure hizkuntzaz landa besterik ere beharko dugula etorkizunean (Mitxelena 2011, OC X: 77).

Dena dela, ohart gaitezen, tradizioari dagokionez, adibide horietan baita ere edo ezta ere segida horiek perpaus hasieran jartzen ditugula bakarrik, eta ez amaieran. Adibide gutxi aurkituko ditugu perpaus amaieran. Gaur egungo testuetan, ordea, holako adibide asko aurki daiteke.

Hori zergatik gertatzen den hola tradizioan azaltzea ez da gauza erraza. Badakigu ere DMa, halako itzulietan, lekuz kanpo dagoela perpaus hasieran (ez baita legokiokeen osagaiaren ondoren ageri). Hala ere, “baita+ere” perpaus hasieran jarriz gero ez dago arazorik. Kontua da, ordea, ere-z gainera baita edo ezta horiek ere perpausaren azkeneraino eramaten baldin baditugu eta juntagailua lekuz kanpo dagoela, ezin baita juntatzen dituen bi osagaien atzean, bien erdian baizik, joan. Agian horregatik ez dira erabiltzen halakoak literatura klasikoan.

42.19.2q Jakina, horietaz kanpo, ere anitzetan ezagun da beste DMak indartzeko edo (halaz guztiz ere, halarik ere, zernahi gisaz ere eta abar), forma klixetuetan (batere, asko ere asko, batez ere, izan ere) edo mendeko perpausetan (erosi badu ere…, …baino ere handiago, esatea ere!…). Gauza bera gertatzen da inor, ezer, deus, inoiz eta abar bezalako egituretan. Horiek guztiak bere lekuan ikusiko ditugu, ez hemen; hemen, hain zuzen ere, ere bakarrik ageri denean eta bere oinarrizko esanahia galdu gabe ageri zaigunean aztertu nahi izan baitugu.

Esan dezagun, azkenik, ere DMa edozein juntagailurekin (emendiozko balioa nahiz bestelako balioa izan juntagailuekin) ager daitekeela: eta zu ere joan zaitezke; baina zu ere joan zaitezke; edo zu ere joan zaitezke eta abar.

Hau guztiau laburtuz, hortaz, honela geratzen zaigu (eskema hauek guztiak adibideetan zehar esplikaturik daude):

Edozein euskalkitan

Ekialdean

Mendebaldean

(edozein X osagai) ere

… eta bai ere X

… baita ere X

… eta X ere (bai)

… eta ez ere X

… ezta ere X

… eta X ere (ez)

… eta bai X ere

… eta ez X ere

EZ DIRA EGOKIAK

… bai eta X ere

*… X baita ere

* X ere ezta

* X ezta ere

* ere bai X

* ere X

* ere ez X

* X ere baita

* eta ere X (ekialdean bai, enumerazioetan)

… ez eta X ere

… baita X ere

… ezta X ere

42.19.3. Gainera

42.19.3a Forma aldetik berehala ikusten dugu gain izenak eta adlatiboaren kasu markak osatzen dutela emendiozko DM hau. Postposizio bezala ere erabiltzen dugu (fonetikaz eta fonologiaz gainera…). Baina hemen DM gisa ageri zaigunean bakarrik hartuko dugu kontuan. Noiz erabiltzen dugu? Dagokion perpausak aditzera ematen duena, aurreko perpausean emandako informazioari gaineratzen zaionean: Askojakina zen Axular eta trebea, gainera, zekiena esaten. Perpaus horren bigarren zatian ageri zaigu gainera DMa. Hortaz, bigarren zatiko informazio hori (“Axular trebea zen zekiena esaten”) gaineratu egiten zaio aldez aurretik geneukan informazioari (“Axular asko jakina zen”). Esan daiteke gainera-k balio argumentatiboa duela, esan nahi baita, hiztunak dioenaren bermagarri edo indargarri erabiltzen dugula, aurretik aipatu beste zerbaiten ondoan: Ez du balio orain harengana joan nadin. Akiturik nago eta oso berandu da. Gainera euria ari du.

Diskurtso markatzaile honek, ikusten denez, bere autonomia osoa du, gain-ek izen gisa izan lezakeen erreferentzia guztiz galdua baitu: Arrigorrietan beste ohitura bat dago. Gainera, zer daki ama batek muttikoen gauzaz, edo… (Oskillaso); Harritzekoak ziren haren adimenaren irardausia eta hark eraiki zuen etxaguntzaren ederra. Gainera, askotarako gizona zen, izan ere: eta honela harrigarriago eta ikusgarriago egiten zaigu (Zaitegi).

42.19.3b Gehienetan, beti ez bada ere, perpaus hasieran doa DM hau: Egunero norberak bere burua azter beharra zeukan, hiru galdera horiei erantzunik: zertan egin dut huts? Onik egin al dut? Egin behar nuenik egiteke utzi al dut? Gainera, ez zuten zilegi babarrun eta gazta-belarrik jaterik… (Zaitegi); Patxik ez zuen aurkitzen atseginik neskatilen jokoetan, eta gainera euren aginduak bete behar izaten zituen beti (Oskillaso).

Zenbaitetan, hala ere, perpaus azkenean ere aurkitzen dugu gainera DMa: Zuk merezi baino txikiago izango da gaurko penitentzia; ta neronek lagunduko dizut, gainera (Etxaniz); —Han bertako gizonak dagozak, nik liburu batean irakurri nian, jakintsu bati gainera. —Bai ote? erantzun zion Matxinek barrez-barrez, tranpan harrapatu zuela pentsaturik. —Ai, ai-ai, asto bedeinkatua, sinistu egiten duk gainera; zelan biziko dituk ba iretargian gizonak? (San Martin).

Beste batzuetan, berriz, perpausaren barnean ere: Ez omen dio mutilak nahi lukeen bezela aurpegirik ematen Malentxok; ez omen daki harek, gainera, neskatxari non eta nola hitz egin liezaiokeen (Agirre).

42.19.3c Diskurtso markatzaile hau zenbaitetan eta juntagailuarekin agertzen da: Asko jakina zen Axular eta gainera, idazle aparta; Ez naiz hemen horretaz jardungo, txit nahasia baita gai hori eta, gainera, oraindik ez daukadan jakitea eskatzen du (Mirande); Egia da, denok egiten genuen gauza zen, lehenago, geure gurasoak halantxe erakutsi zigutelako, eta, gainera, guztiok ekandu zaharren gordezaleak ginelako (Agirre).

Baina gainera eta ere gainera ere aurkitzen ahal dira: Esan dut isilik galde dezazula; baina orain diot gainera, urliaren kontrako gauzaren bat jakiten baduzu, isilik gorde behar duzu zeregan (Agirre Asteasukoa); Haurrak hola mendian ikaratzea, ez da gauza zaila, baina ezta egokia ere. Gosaria ere jan digu gainera (M. Lekuona).

Esan dezagun, azkenik, ezin direla nahasi gainera eta gainerantzean (eta honen aldaerak), azken DM hori aztertzen dugunean ikusiko den bezala (§ 40.2.4): […] bat-batean sentitu dut nik tipo horrekin gauza asko neukala komunean, hura pobreagoa izatea, gainerantzean antz harrigarria genuen (Sastre).

42.19.4. Bestalde/bertzalde

42.19.4a Beste izenondoak (bertze lapurteraz) eta alde izenak (althe Zuberoan) osaturiko hitz elkartua dugu berez. Baina diskurtso markatzaile bilakatzen zaigu askotan. Eta orduan ‘beste (alde bate)tik’ esan nahi du. Perpausaren barnean betetzen duen funtzioa, gainerako emendiozko markatzaileekin gertatzen den bezala, gehitzearena da: ‘lehen esandakoaz gainera, beste hau ere bai’ bezalako zerbait adierazten duenean nabari da ongi aski funtzio hori. Beraz, ekintza bati beste bat gehitzen zaiola adierazteko balio du. Hori ikusten da ondorengo adibide hau bezalakoetan: Euria da. Haizea, bestalde. Beraz, ez dago mendira joaterik; Jakin behar da, bestalde, hori egia dela.

Adibide horiek erakusten dutenez, bestalde DMak aurreko “Euria da” perpausak dioenari ‘haizea ere badela’ gaineratzen dio. Edota ‘lehen esandakoaz gainera, egia ere badela jakin behar dela’. Beraz, bestalde diskurtso markatzaileak gainera diskurtso markatzailearen balioa hartzen duela esan daiteke: Euria da. Haizea, gainera. Beraz, ez dago mendira joaterik; Jakin behar da, gainera, hori egia dela.

42.19.4b Lekuari dagokionez, DM hau ia-ia nonahi agertzen ahal zaigu: perpausaren hasieran batzuetan, edozein osagairen ondoren besteetan (galdegaiaren ondoan salbu, jakina) eta perpaus amaieran ere, beti aukeran, ondoko adibide hauek guztiek frogatzen duten gisan: Ez daiteke ez lumaz, ez margoz, ez argazkiz, etxe-barne-ikuskizun hori bizikiago ikusarazi. Zein erraz ta neurriz datorkion behar-mintzoa. Bestalde, baduzu hor olerkari-aztarnarik ere (Lizardi); Aita maitea, ez da egun arrain aro. Bertzalde, arrain guti da itsaso honetan, eta ez dugu lehen aldia hutsik goazela (Laphitz); Bristi, brasta, basoan, bide politari behera, gaztainondoen itzaletik haitz ederren itzalera, bere buruarekin irriz. Beti irriz ari zen, bestalde, Zaroko zapatagina! (Barbier); Aberearen sen eta grinetatik gehien aldendu dena, eta horregatik arriskurik haundienean dagoena. Egia da, bestalde, diote, abere denetan interesanteena ere badela (Villasante); Mugaz bertzaldeko bertsolari lagun horiek aunitz estimatzen eta maitatzen ditut nik, eta uste dut horiek ere egiten nautela ni. Badut bertzalde alde horretan adiskide asko (Xalbador); Hona zer dioen bertzalde gizon aipatu batek: Gaskoina bera ez daiteke galtzerat utzi behar, baina are gutiago euskara (J. P. Arbelbide); Haren ahaleko eskualzale guti orai, gutartean. Astia non genuke bertzalde? Urte idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko anitz edo gutiegi, irabaziak xuhur… (J. Etxepare); Orduan agorrarazten dute berriz lur hura bera idortegian; aintzinean bezala errautsetara bihurrarazten dute bigarren aldiko, eta kausitzen da lehenbiziko pisu bera duela. -Zer? -Leheneko pisu bera, eta kuiarena bertzalde? (Duvoisin).

42.19.4c Zenbait kasutan eta juntagailuarekin batera erabiltzen da, gainerako emendiozko diskurtso markatzaileekin gertatzen den bezala, betiere perpausaren hasieran jarriz: Libro zara, beraz! Libro! Eta bestalde ikusten dut ez zarela mentsa (J. B. Etxepare); Aita on hark erraiten dio: To! bi milioi urretan. Eta bestalde izanen dituk hiru milioi lurretan (M. Etxamendi); Garbia ez baldin bada, nola atrebitzen zara predikatzerat? Inaziok ez du ihardesten. -Eta bertzalde, nondik du zure lagunak planta gabeko arropa hori? (Laphitz).

42.19.4d Esan dezagun, azkenik, baina juntagailu eta berriz diskurtso markatzailearekin ere ikusten dela zenbaitetan. Eta ere-rekin ere: Bai orixe! Bestaldetik, berriz, nahiko eskasak ziren lehenago ere gariak-eta, ez zetorren handik galkuntza haundirik (Barrensoro); Haren esanetara zeuden Bañeztar guziak. Bestaldetik, berriz, zeinek baretu Guraiatarren aldekoak? (Etxaniz); Erakutsi dugu jadanik hori gezurra dela… Bainan, bestalde, nongo teologiak dauku buruan sarrarazi sakramentu baten hartzeko gizonak behar duela, lehenik, eta bere baitarik grazia horren gai bilakatu? (Narbaitz); Zeren eta baitzekien denek zer gar sainduarekin predikatzen zuen Ebanjelio saindua, eta bertzalde, predikatzen zuela Ebanjelio saindua Jondoni Joani apostoluak irakatsi bezala (Joanategi); Jendeak, bereziki gaixoa zaintzen beilan daudenik, eskertu egiten dute doktorea desorduan sartzen ikustea dena ongi doan jakiteko, eta bestalde, ziur da erizainek neurri batean ohitura horregatik pentsatzen dutela lehengoetako medikua dela, nahiz igarri egiten dioten nondik datorren (Saizarbitoria).

42.19.4e Euskara mintzatuan gainera eta bertzalde biak batera ere aurkitzen ditugu: Hori oso gizon aberatsa da. Gainera bertzalde erranen dizuet, zuen jakineko, hemengo auzapeza dela.

42.19.5. Halaber (orobat, berebat)

42.19.5a Azkuek bere hiztegian sartu zuenetik hartu du hedadura jatorriz ekialdeko euskalkietakoa zen DM honek: euskal literatura ikustea aski da konturatzeko batez ere lapurteraz izan dela erabilia hasiera-hasieratik, mendebaldean ia-ia agertzen ez baita historian zehar. Egungo euskara idatzian, ordea, erabilia da. Formari begiratuz badirudi hala adizlagun modalak eta ber morfemak (“berriz”, “berrehun”, “berregin”, “bera”, “berau”, eta horrelako hitzetan ageri den partikula berak alegia) osatzen dutela. Ez da harritzekoa, hortaz, halaber DMa emendiozkoa izatea, aurreko perpausean esandakoari zer edo zer gehiago gaineratzeko erabiltzen baitugu.

Nolabait ere itzultzekotan ‘gauza bera’, ‘gisa berean’, ‘modu berean’ edo horrelako zerbait esan nahi luke honek: Zorakeria da biztua luzea desiratzea; zorakeria da halaber etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea. Kontura gaitezen perpaus horretan ederki ordezka daitekeela ere diskurtso markatzaileaz: Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; zorakeria da ere etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea; Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; zorakeria da ere etorkizuneko bizitzaz oroitzea ere.

Esan bezala, perpaus hori honela interpretatzen dugu: Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; gauza bera etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea. Alegia, zorakeria bati (“bizitza luzea desiratzea”ri) beste zorakeria bat gaineratzen diogu (“etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea”). Horregatik esan dugu DM honek zuzenean eransten diola beste zerbait aldez aurretik esandakoari.

42.19.5b Diskurtso markatzaile hau lotura ezartzen dion perpausaren hasieran joaten ahal da: Ezkurretik ezagun da haritz larrainekoa, bere fruiturik sagarra, bai beretik pikua. Halaber da ezagutzen beretik herioa, ezen lastimagarria uzten du hatz ondoa (Etxeberri Ziburukoa); Bada lege dugu examinatzeko doktrinan ezkondu baino lehen guziak, ezi zer erakutsiko du ez dakienak? Halaber ikasi gaztetik emazteki lanak josten, errokan, ogi ta lixua egiten, kozinatzen, ta gainarakoak (Lizarraga); Artizarrak bertzetarik abantaila darama; halaber da anderetan ni penatzen nauena (Etxepare); Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia, / halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia (Xalbador); Baldin maiz erortzen badira, halaber maiz jaikitzen dira; baldin maiz egiten badute bekatu, halaber maiz erremediatzen dute (Axular).

42.19.5c Nolanahi ere, ez da perpaus hasiera DM hau ikusiko dugun leku bakarra. Esate baterako, perpaus amaieran ere joan daiteke: Urruñarrak, berantegi jakinik, ezin etorri dira; eta bertze franko halaber (Hiriart-Urruti).

Halaber perpausaren azkeneko aldean ageri zaigularik, garbiago ikusten da diskurtso markatzaile honen aditzondotasuna. Badirudi hor aditzondo hutsa besterik ez dela, adberbioa alegia.

42.19.5d Bide batez, halaber eta ere zein hurbil dauden ohartzeko, aski dugu honako adibide hau ikustea: Gizonek zuei egin deitzaizuen nahi dituzuen gauza guziak egin diezazkiezue zuek halaber haiei ere. Gainera, itzulpenetan ageri den pasarte hori nola itzuli izan duten beste idazle batzuek ikustea baino ez dugu: … zuek ere, hei (Haraneder); … ere gisa berean (Testament Berria); … zuek ere egiezute (Uriarte); … zuek ere ekin (Etxenike, in Salaburu 1980).

Batzuetan mintzagaiaren (mintzagai hanpatuaren, askotan) ondoan ageri zaigu: Inazio ez zen jakintsua. Nekez mintzo zen, urriki zitzaion ateratzen elea; haren idaztietan, halaber, ez da ezagun idazlearen antzik (J. Etxepare); Mediterraneoa ezagutzen dugu guk ere […] Lau dago eta naro bere hedadura guzian. Bere hedadura guzian, halaber, urdin-urdina da (J. Etxepare); Eskerrak eman zituen, ogiak hautsi ta bere ikasleai banatu zizkien, haiek gizataldeari eman zietzaien. Bi arrainak halaber guziei banatu zizkien, bakoitzak nahi adinbat (Iraizoz); Eta ezkontza saindu Jainkoaz ordenatu hau da halako bertutetako, non haren kausaz senarrak ez baitu bere gorputzaren boterea, baina emazteak: emazteak ere halaber ez du bere gorputzaren boterea baina senarrak (Leizarraga).

42.19.5e Maizkara erabiltzen da aditzaren ondoren: Merezimendua ez datza zeruko bisioneen eta kontsolazioneen izatean; ez datza halaber eskritura sainduaren ongi aditzean (Xurio); Ikusten duzunean norbait, zuhurtziaz, zuzentasunez […] berregindua, separa ezazu halaber, bere baitarik duena, Zerutik errezibitu duenaganik (Haraneder); Errebizi ezazu, eta bete gaitzazu zure graziez. […] Oroit zaitez halaber, Jauna, Purgatorioan diren arima gaixoez (Andre-dena).

42.19.5f Baiezko nahiz ezezko partikularekin ere ageri da: Otoitz egin diezazugun hilez eta biziez / Bai halaber atsekabe guri egin nahiez (Etxeberri Ziburukoa); Halatan beraz erran behar da jakintasuna dela gizonaren perla, jujusa eta diamante preziatua, bai halaber adimenduko goibeldurak urmariarazten dituen eguzkia (Etxeberri Sarakoa); Zorrozki begiratu behar gara jendeen laudorioen eta munduko ohoren gutiziagatik, deusik ez egin sekulan xede hortaz, ez halaber huts egin gabe egin gogo zenik deusik, mundutarren burlen eta erasoen beldurrez (Duhalde).

42.19.5g Eta juntagailuarekin batera: Heldu naiz zure oinetara / Amudioz kargatua, / Eta halaber etortzen naiz / Beldurrez arrailatua (Gazteluzar); Obligatuak dira hartu dutenaren lehen baino lehen errendatzera, eta halaber egin duten damuaren erreparatzera (Akizeko katixima); Nagusi batzuk halakoak dira non, ezagutzen ahal balituzte beren sehiak eta halaber beren burua (J. Etxepare).

42.19.5h Eta juntagailua eta baiezko nahiz ezezkotasunaren partikularekin: Eskribitzen den gauza, hobeki pentsatzen eta konsideratzen baita, berehala solasean erraiten dena baino, eta bai halaber, halatan huts ere gutiago egiten (Axular); Behin elkargana abiatuz gero, gaitz da handik pizten den suaren iraungitzea, eta bai halaber jendearen ixilik edukitzea (Axular); Alde horretatik, aztertu egin beharko litzateke diktaduraren eragina euskararen galeran, eta bai halaber —burura datorkidan lehen etsenplua jartzearren—, herritar ez euskaldunei ematen omen zaien tratu gutxieslearen egiazkotasuna (Atxaga).

42.19.5i Ere diskurtso markatzailearekin bakarrik agertzen ahal da: Eta ezkontza saindu Jainkoaz ordenatu hau da halako bertutetako, non haren kausaz senarrak ez baitu bere gorputzaren boterea, baina emazteak: emazteak ere halaber ez du bere gorputzaren boterea baina senarrak (Leizarraga).

42.19.5j Autore batzuen artean aski arrunta da DM hau modu-konparazioa egiteko erabiltzen ditugun perpausetan aurkitzea, eta hala hutsaren ordez jartzen da orduan: Nola espantatzen baitu dragoiak marinela / Halaber izuturen du Antekristok fidela (Etxeberri Ziburukoa); Ezen nola zelaietan erriberek bidea / Halaber nahi dik egin Justiziak berea (Etxeberri Ziburukoa). Hemen ikus daiteke berriz ere halaber eta ere-ren artean dagoen parekotasuna, nola … halaber bikotea bezala … ere bikotearekin ordezka baitaiteke: Ezen erriberek zelaietan bidea egiten duten bezala nahi du Justiziak ere berea egin.

42.19.5k Esan dezagun bukatzeko, diskurtso markatzaile gisa aztertu dugun honek -ko atzizkia hartzen ahal duela, izenlagun bihurtuz horrela: Fermuki sinesten dut entzutera noan meza dela. Jesu-Kristo zure seme Jainkoaren gorputz eta odolaren Sakrifizioa; ofritzeko manera halaberekoa ez izan arren, hark berak Kalbarioko mendian gizon guztientzat ofritu zuen Sakrifizio hura bera (Andre-dena). Adibideak erakusten digu orain markatzaile honen aditzondotasuna argiago, ezin baitugu ahaztu, azken batean, diskurtso markatzaile asko aditzondoak (edo aditzondo izanak) ditugula lotura kontuetan erabiltzen ditugunak.

42.19.5l Markatzaile honen parekoak ditugu berebat eta orobat DMak ere. Ondoko adibideotan ikus daitekeenez, halaber bezala, DM hauek ere perpaus hasieran, perpausaren barnean, juntagailuekin eta abar erabiltzen dira.

Hona hemen batzuk perpaus hasieran, esate baterako: Hirugarren egunean goizean-goiz mendia hodei ilun batek hartu zuen, eta hasi ziren tximistak irteten, eta trumoia jotzen. Berebat aditzen zen tronpeta-soinu zorrotz bat, jendea mendiranz alderatzeko, ziona (Lardizabal); Mirenek eskeni didan baino zorion biziagoa behar du nere bihotzak, eta aurkitzen ahalegindu behar dut denaren gainetik. Berebat, pentsatu gabe aukeratu nuen nere bizibidea; eta ez naiz zoriontsu inola gabe (Txillardegi); Bat-batean aziendak janariz aldatzen badira. etortzen zaie hantura edo bertze gaitz zenbait. Orobat, bazka berdeak akabatzerakoan, ez dizatzula abereak bat-batean ezar jan idorrean: bero daitezke (Duvoisin); Baztandarra zen Francisco de Elizondo aita kaputxinoa ere, besteen artean “Lore usaindun mamitsuak” liburua izkiriatu zuena. Orobat Amaiurko erretore izan zen Cruz Goyeneche jaunak ere euskaraz apainki idatzi zuen (Izeta).

Perpausaren barnean orain: Han ez nuen ordea irakurri, bereetara etorri zela eta bereek ez zutela ongi hartu; ongi-etorri egin ziotenari Jainko-seme izateko eskubide eman ziela. Han irakurri nuen berebat, hitza, Jainkoa, haragitik, odoletik, giza-gogotik ez baino Jainkoagandik sortua dela (Orixe); Zerura igaten banaiz, zu han zara; ifernura jausten banaiz, orobat han zara (J. P. Arbelbide).

Juntagailu nahiz diskurtso markatzaileekin oraingoan: Ikara latzetan nengoen, eta berebat sutu nintzen, aita, zure urrikia itxaron ez eta hartan poz- jauzi eginez (Orixe); Jatekoak diren zerak ere, ageri dira eskaparate zabaletan, eta edariak orobat (Erkiaga); Jainkoaren fedea beheraka dijoan neurrian, morala ere berebat amilka dijoakigu (Villasante).

42.19.5m Aipa dezagun hemen, azkenik, orobat…nola egitura ere ageri dela euskal literaturan (hala…nola, nola…hala esanahiarekin): Hemen emaztekia orobat trabajatzen da, nola gizakia, mendi lanetan (Mendigatxa); Nola hegaztiak ikusten duen saretik ihes egiten baitu, orobat egizu (Zerbitzari).

Horietan aski argi dago egiazki aditzondoa dela, adberbioa.

42.19.6. Behintzat (eta segurik)

42.19.6a Hasieran esan dugu emendiozko diskurtso markatzaileak bi sailetan banatzen ditugula. Orain arte ikusi ditugu lehenbiziko multzokoak, nolabait ere ‘neutroenak’ direnak edo. Gaineratze hutsa egiteko erabiltzen ditugula aitortu dugu sarreran. Orain ematen diogu hasiera bigarren multzoari: baldintza estuagoetan erabiltzen ditugu DM hauek. Eta hauen artean behintzat dugu lehenik aztertuko duguna. Forma aldetik, eta DM honen historia kontuan hartzen baldin bada, ongi ikusten ahal da behin adizlagunak eta -tzat destinatiboan eta prolatiboan ageri den atzizkiek osatzen dutela DM hau. Idazleen artean aldaera bat baino gehiago izan du, ohitura den bezala anitzek ez baitute tarteko ‘h’ hori erabili eta beste batzuek ‘-tzat’ horren ordez ‘-zat’ nahiago izan baitute: beintzat, behintzat, beinzat eta behinzat, ageri dira lekukoetan. Zenbait euskalkitan behin bera bakarrik ere erabiltzen da: Honek behintzat, ez dio berriz ere sartuko eskua zakurrari letaginetan; Honek behin, ez dio berriz ere sartuko eskua zakurrari letaginetan. Literaturan ere ez dira holakoak falta: Patar gaixtoetan, arbolak du ematen hobekienik; hastapenean ongi artatuz, oihana nagusiarazten bada. Semeak. Gaur behin erran didazu xitxuriak egin behar duela (Duvoisin); Itsasoa ez ote dugunez, hemen ere ikusi gabe utzi behar? Hala luke iduri, behin (J. Etxepare).

42.19.6b Bestetik, hitz hau biltzen duen kategoria eta ere hitza biltzen duena, kategoria bera ez bada, oso hurbilekoa dela esan dezakegu. Biek egiten diote erreferentzia ‘beste’ zerbaiti, aurreko perpausen batean baieztatu nahiz ukaturiko zerbaiti alegia. Horrela, ni ere joango naiz esaldian ‘beste norbait’ joango dela baieztatzen ari gara. Honen antzera, ni behintzat joango naiz baldin badiogu, berriz, ‘beste norbait’ez ere ari gara, norbait hori ez dakigularik joango den ala ez, dudan jartzen baitugu ekintza hori. Baina ekintza bera dudan jartzen dugun arren, behintzat diskurtso markatzaileak berarekin darama erreferentzia horren egitearen ezinbestekotasuna. Hau da, bi kasuetan (ere-rekin eta behintzat-ekin) erreferentzia hori nahitaezkoa da: halako tasunak dituen multzo batean sartzen naizela ni, diogu batean, ere darabilgunean; behintzat-ekin, berriz, ez gaudela ziur bestea multzo horretan ere sartzen den ala ez, baina ni bederen, ni hor sarturik nagoela kontu segurua da.

42.19.6c Funtzioari dagokionez, esan denari buruz nolabaiteko muga jartzeko erabiltzen du hiztunak behintzat diskurtso markatzailea. Esanahiaren aldetik bederen, behinik behin, segurik edo bederik DMen baliokide da gehienetan. Izan ere, zenbait kasutan, aurrerago ikusiko dugun moduan, eta batez ere harridurazko esaldi mota batzuetan, behintzat bakarrik erabiltzen da, ez gainerakoak. Azken urteetan aski zabaldu den gutxienez DMa ere sail berekoa da, baina honen erabilera batez ere zenbatasuna adierazten duten sintagmetara mugaturik ageri da literaturan: Gurutzean josirik zegoela ere, hiru hitz gutxienez otoitzezkoak izan ziren (Inza); Ez ziren zentzatu, gehienak behintzat, aginte honekin ere, eta agindu behar izan zuen berriro elizak, komulga zitezela gutxienez urtean behin, pazko loratuan (Agirre Asteasukoa).

42.19.6d Esanahiaren aldetik diskurtso markatzaile guztiok oso hurbil baldin badaude ere elkarren artean, distribuzioari dagokionez, euskalkiak hartu behar dira kontuan. Ondoko lerroetan esango denez, oso esanahi zabala har dezake DM honek, nolakoa den testuingurua. Maiz aski, perpausean adierazten den ekintzaren baiezkotasun edo ezezkotasunean, markatzailearen aurrean biltzen diren sintagmei halako muga bat jartzeko erabiltzen du hiztunak behintzat, horri kontrajartzen zaion informazioa isiltzen dugula adieraziz edo: Koldo eta Jone behintzat etorri dira.

Hain zuzen ere, adibide horretan, Koldo eta Jone (Koldo eta Jone bederik, Koldo eta Jone behinik behin) etorri direla adierazten dugu, gainerakoen etortzea zalantzan jartzen dugun bitartean. Gure adibidearekin segituz, Koldo eta Jone etorri direnen multzokoak direla ari gara esaten, multzo horretako besteak nor izan daitezkeen, baldin badira ere, berdin zaigula.

Adibide hori izan daiteke agian diskurtso markatzaile honen erabilerarik zabalenaren ispilu. Orain arte ikusi ditugun gainerako DMekin gertatzen den moduan, testuinguru egokia izan gabe nekez erabil daiteke DMa, esan nahi baita, ez garela gure solasean besterik gabe hasiko DM hau barnean daukan perpaus batekin zuzen-zuzenean, beste zeozer presuposatzen ez dugun bitartean behintzat. Goiko adibide horretan hiztunak badaki norbait etorriko dela edo jendearen esperoan dagoela, nahiz agian une horretan ez den ziur jende guztia azkenean agertuko denentz. Horregatik baieztatzen du Koldo eta Jone gutxienez baietz, horiek etorri direla, perpausaren galdegaiaren baiezkotasuna azpimarratzen delarik hor. Esaldi hori honako galdera honen erantzun egokia litzaieke: Etorri da norbait?

42.19.6e Ekintza horren ezezkotasuna markatzeko ere berdin-berdin erabil dezakegu diskurtso markatzaile bera: Koldo eta Miren behintzat ez dira etorri. Adibide horretan egoera desberdina dugu: badirudi Koldo eta Miren, besteak beste, espero genituela baina oraingoz hauek ez zaizkigula agertu. Ez dakigu ziur besteak etorri diren ala ez, baina badakigu Koldo eta Miren ez daudela hemen. Ekintzaren baiezkotasun eta ezezkotasun hau dela-eta ez da harritzeko diskurtso markatzaile honen ondoan bai eta ez (edo baiezkotasuna nahiz ezezkotasuna adierazteko erabiltzen ditugun bestelako partikulak) ere agertzea. Horixe da, hain zuzen ere, literaturan behin eta berriz ageri zaiguna: Herriari gebendu zaion hura lurperatzeko asmoa al dun? Hura behintzat bai, neba baitut, baita hik ere, nai ez badun ere (Zaitegi); Gizon guztiak, Kain bezala, izandu ziren gaiztoak? Gehienak behintzat bai (Ubillos); Hori duk-eta, astotxu! Honetan behintzat baietz neu nagusi izan! esan zuen otsoak, pozaren pozez dantzan hasten zala (F. Bilbao); Ikusiko duzu beti diharduela euren buruak garbitzen. Txerriak behintzat ez (Uriarte); Egun denetan daude sarturik elizan, / abadien aurrean santu baten gisan; / gero ikusi behar zer moduz dabiltzan, / zintzo asko orain arte behintzat ez da izan (K. Enbeita).

42.19.6f Perpaus galdegaiaren baiezkotasunaz eta ezezkotasunaz aritu gara: ez da beharrezkoa, hala ere, galdegaia perpausaren baiezkotasuna nahiz ezezkotasuna izatea, galdegaia beste zerbait ere izan baitaiteke: Rahab emakume galduaren izenekoa zen: hala ere, edo bere bizitza gaiztoa utzita zeukalako, edo Jainkoak ordu hartan bihotzean ukitu ziolako, Israeldarrei behintzat, txit arrera ona egin zien (Lardizabal); Eta neure buruaz baino urrikiago nintzen nire nagusi gaixoaz, zortzi egunez ez zuen ezer ahora eraman-eta. Etxean behintzat, ondo egon ginen jan barik. Nik ez dakit nondik zebilen eta zer jaten zuen (Orixe).

Adibide horietan behintzat-en ezkerraldean ageri dena mintzagaia den arren, galdegaia gauza anitz izan daiteke: txit harrera ona eta ondo.

42.19.6g Oso arrunta da behintzat diskurtso markatzailea zenbatasuna adierazteko erabiltzen ditugun adberbio eta zenbatzaileen inguruan agertzea: Zazpigarrena, prestaera ederrarekin hartzen duenaren bihotzean isurtzea, askotan behintzat, bere gozotasun miragarriak, arimako bakea, eta atsegin- kontentu garbiak (Agirre Asteasukoa); Bai, hamar… edo asko behintzat, ardi, behor, moxal eta otso denak nahastean, batabestearen atzetik lehiaz, garo sailetan aurrera itsuturik, otarietan barruna zarrapaztaka… (Agirre).

42.19.6h Esan dezagun laburtzeko, bada, behintzat DMa pareka daitekeela batzuetan segurik-ekin eta bederen-ekin ere: adibide horietan edozein DM jar daiteke. Dena dela, azkeneko honek baditu behintzat-ek biltzen ez dituen esanahiak.

42.19.6i Diskurtso markatzaile hauen erabilerak, beti bezala, zerikusi handia du hiztunaren eta entzulearen presuposizioekin. Esaldi bera gerta liteke onargarri edo ulertezina, hiztunaren presuposizioa ere aldatzen denean. Horrela, jo dezagun ondoko hau: Nahiko bat behintzat aterako du.

Hor ulertzen dugu, gure presuposizioa da, nahiko baino gehiago ere atera daitekeela, bestela ez bailuke zentzurik perpaus horrek. Ikus dezagun beste honako hau: Bikain behintzat aterako du.

Egoera arrunt batean ulertezina litzateke perpaus hori. Jo dezagun, ordea, ikasketak bukatu berri dutenen artean aukeratzen ditugula hoberenak eta haien artean banatu nahi ditugula sariak. Eta sari horiek bi direla: “Ikasketen Sari Berezia” (hoberenentzat) eta “Bikain”, besterik gabe (bigarren gelditzen direnentzat). Orduan, testuinguru horretan (Bikain baino sari hoberik onartzen dugulako presuposizioan), goiko esaldi hori zuzen legoke. Ez dezagun ahaztu, norbait edozein azterketatara aurkezten denean ‘zero behintzat’ seguru daukala. Ber gauza suertatuko zaigu bestela ere: Everest behintzat igoko du.

Guretako, segur aski ere, normalean Anbototik edo Gorramenditik pasatzen ez garenondako, ez du ez, perpaus horrek zentzu gehiegirik. Hala ere, gu izan beharrean Himalaia aldera abiatu den mendizale batek esaten baldin badigu, eta mendizale horren asmoa baldin bada Everest-ekin batera Lhotse eta Annapurna ere igotea, orduan, eta orduan bakarrik, perpausa bere tokian egongo litzateke.

42.19.6j Behintzat, ordea, ez da euskalki guztietan ezaguna eta diskurtso markatzaile honen lekuan zenbait euskalkitan segurik da erabiltzen dena, horrela bereizten direlarik mendebaldeko (behintzat) eta ekialdeko (segurik) euskalkiak: Hortaz, goiko adibide horietan berdin-berdin erabil daitezke bi DMak, bata zein bestea, pare-parekoak direlako: Koldo eta Miren behintzat etorriko dira; Koldo eta Miren behintzat ez dira etorriko; Koldo eta Miren segurik etorriko dira; Koldo eta Miren segurik ez dira etorriko.

Horien parekoa dugu, geroago ikusiko dugun moduan, bederen DMa ere (§ 42.19.7) eta behintzat bezalaxe erabil daiteke, nahiz, literaturan ikusten denez, ezezko perpausetan maizago ageri diren beste bi DMak: Koldo eta Miren bederen etorriko dira; Koldo eta Miren bederen ez dira etorriko.

Zernahi gisaz, honek ez du adierazi nahi behintzat eta bederen berdin-berdinak direnik. Bi diskurtso markatzaile horiek alor semantiko diferenteak dituzte, eremu handi eta zabal batean (handienean) bat egiten duten arren: bederen DMak badu besteak ez duen baldintzazko kutsua. Beherago itzuliko gara puntu honetara.

42.19.6k Behintzat diskurtso markatzaileak baditu beste bi erabilera aipagarri: harridurazko zenbait perpausetan ageri zaigunean, eta lehenik edo horrelako zerbait adierazi nahi duenean. Jakina, DM hau perpaus arrunt guztietan aurkituko dugu (adierazpen perpausetan, baldintzazkoetan, aginte perpausetan eta abar). Zernahi gisaz, badira literaturan harridurazko perpaus berezi batzuk: Jasoko dute deabruak, eta hondatuko dute behingo-behingo baten ifernuko sugarretan. O zori-gogorreko bekatuak behintzat! (Añibarro); Zu zara ene odola eta ene gauza guztien gainetiko gauza. O odol estimagarria beintzat! (Añibarro); Inaziok, Santa Teresak, San Joan Kolunbanok, beste mila ta mila askorekin batera, egiaztuko dute nik diodan gauza hau. Bai beintzat, liburu santuak dira zeruko su ederra bihotzean pizteko su-harri ta kaltzeru alazokoak (Uriarte).

Halako kasuetan, ikusten denez, behintzat jarri baldin badu ere idazleak, aski argi dago hor ez dela segurik edo bederen erabiltzen ahal. Egun, hau esango genuke, besteak beste, hor: bai noski, bai horixe, bai eiki, bai segurki, bai phürü (euskalkien arabera, eta ezezka ere gauza bera).

Ohart gaitezen, bide batez, segurki diogula hor, eta ez segurik. Beraz, behintzat eta segurik parekoak izanik ere, harridurazko esaldiotan idazle bakan batzuek behintzat erabili arren, ez dugu guk horrelako adibiderik aurkitu segurik-ekin. Aldiz, oso arrunta gertatzen da segurki halakoetan.

42.19.6l Idazleen arabera, behintzat leku askotan ageri zaigu perpausean. Perpaus hasieran, esaterako: Kondairatzaile adituenek, goian jaio zala diote […] Behintzat sala-nagusi izandu zen atalburuban kanpoko aldetik eta ondoko sala-aurrearen etxe-goian irakurtzen da honela (J. I. Arana); Gaixoren bat zeharo gaizkitu zaio-eta. Azpiletako gizona. Beintzat, ez zigula hitz egin nahi bazirudin. Lehenago ez zen honelakoa (Labaien).

Kontua da, ordea, behintzat-ek, perpaus hasieran jartzen dugularik, beste esanahi bat ere izan dezakeela, hiztun askoren ohiturari harrigarri egin baldin badakioke ere: Jorratzeak bi on dakarzke. Behintzat, hiltzen ditu belar gaixtoak, zeinek irensten baitute lurrak ogiari eman behar lukeen gozoa, eta horrengatik premia dira jorrak, bereziki belar tzarrak hazitzen hari direnean edo aintzintxean (Duvoisin).

Badirudi hitz honen esanahia bestelakoa dela hemen. Aurreko zerbaitekin lotura adierazten du, bai, baina beste era bateko lotura, adibide horietan guztietan ‘hasteko’ edo ‘lehenbizikorik’ edo horrelako zerbait esan nahi baitu: Hasteko, hiltzen ditu belar gaixtoak…; Lehenbizikorik, hiltzen ditu belar gaixtoak…

42.19.6m Halako kasuetan, badute lekurik bederen eta behinik behin diskurtso markatzaileek ere? Antza denez, zenbait hiztunek behin bederen erabil dezake (zentzu honekin, hain zuzen): Behin bederen hiltzen ditu belar gaixtoak…

Bestetik, behinik behin ere erabili izan da adiera honekin: Hiru gisatara hutsegin daiteke gai honetan. Hutsegin daiteke behinik behin baldin apaintzen bada bat duen adinari ez dagokion eran (Agirre Asteasukoa).

Testu horretan ikus daitekeenez, ‘hasteko’ edo halako zerbait esan nahi du. Berriro ere ohartzen gara zein hurbil dauden elkarren artean hiru DM hauek: behintzat, bederen eta behinik behin.

42.19.6n Orain arteko adibide gehienetan diskurtso markatzailea perpausaren hasieran aurkitu baldin badugu ere, arruntean, hasiera-hasieran agertu beharrean, tartean agertzen zaigu, hiztunak formula bat baino gehiago erabili ohi duelarik, adibideetan ikusi den moduan. Esana dago hauxe dela agian maiztasunaren aldetik gehien erabiltzen dena: Salatu behintzat, salatu zituen.

Diskurtso markatzailearen ezkerrekoa, aipatu bezala, mintzagai hanpatua da sarritan. Bide batez, esan dezagun mintzagaiaren eta aditzaren arteko erlazioak modu askotara gerta daitezkeela. Goiko adibideak erakusten duen bideaz gain, beste honakook ere ez dira falta: Salatu behintzat, salatu zituen; Salatu behintzat, egin zituen.

42.19.6o Esan dezagun, azkenik, diskurtso markatzailea perpaus amaieran ere agertzen ahal dela: Baina… zuk ere egin behar duzu nik agintzen dizudana, nik egin ahal nezakeena bada behintzat (B. Mokoroa); Ondo ulertu du eskabidea? Gulangokoekin berorren burua bat egitea, Zeuek gura baduzue behintzat (Agirre); Etxerako zerbait inguratu behar. Eta onik al dira gizona ta semea? Oheak hozten ditugu, behintzat (Etxaniz).

42.19.6p Edo koordinazio juntagailu hautakariarekin ere agertzen da noizean behin: Bigarren dohaina: Apaizari dagozkion gauzen jakiundea, edo behintzat hartarako gogotsua, eta arretaduna izatea (Agirre Asteasukoa); Bada sarritan egindako konfesioarekin oso paga zenezake bizitza honetan, edo behintzat atera zenezake zorren zati handi bat (G. Arrue).

Oharño gisa esan dezagun, azkenekoz, DM hau aurreko sintagmari (edo dagokion perpaus zatiari) loturik ematen dugula hizkera doinuan, etenik gabe gehienetan. Hori dela-eta arruntean ez darama komarik aurreko aldetik idazteko orduan, baina komadun adibideak ere aski ugari eta arruntak dira literaturan: Israeldarrei, behintzat (Lardizabal); Afaria, behintzat (A. M. Zabala).

42.19.6q Laburtzeko, hortaz, honela geratzen zaigu DM honen distribuzioa:

a) behintzat, bederen, behinik behin, gutxienez (zenbatasuna), segurik

b) behintzat (harriduretan): segurki, jakina, noski

c) behintzat: hasteko, lehenbizikorik, behin bederen, behinik behin

d) bederen: kontzesio kutsua

Hitz batean: behintzat diskurtso markatzaileak balio du beste lauak ageri diren tokian jartzeko (‘bederen’, ‘behinik behin’, ‘gutxienez’ eta ‘segurik’); behintzat DMa, harridura berezi hori adierazten duenean, ‘segurki’, ‘noski’, ‘jakina’ eta halakoez ordezka daiteke, euskalkien arabera; behintzat DMak beste esanahi bat ere biltzen du, ‘hasteko’ edo halako zerbait adierazi nahiko lukeena: literaturan ‘behin bederen’ eta ‘behinik behin’ ere ageri dira esanahi berarekin inoiz. Azkenekoz, bederen kontzesio kutsuarekin erabiltzen dugu maiz.

42.19.7. Bederen, bederik, behinik behin

42.19.7a Formaz ez, baina esanahiaz (gehienetan segurik) ikusi dugun behintzat diskurtso markatzailearen pareko dituzkegu hiru diskurtso markatzaile hauek. Forma aldetik bederen (edo honen aldaera bedere) eta bederik haurrideak ditugu (bata genitiboaren markarekin eta bestea partitiboaren morfologiaz hornitua). Argi ikusten da, bestalde, behinik behin delako hori behin adberbioaren gainean eraikia dela.

Denek esanahi bera dute, neurri batean behintzat, eta euskalkien arabera daude sailkatuak, lehenago ere esan dugun gisan. Hortaz, “bai” / ”ez” partikulen inguruan, harridurazko perpausetan, sintagmen artean, perpaus hasieran, perpaus amaieran… ondoko adibide hauek erakusten diguten gisan: Haserrego bortitzek, […], osasunik hazkarrena maiz flakatzen dute, batzuetan laster ere bai, eta beti kasik berantxago bederen bai, sukar langita batek bezala (Duhalde); -Berantegi heldu zara; Marianne gaixoa Jainkoa baitan pausatu da! -Alo! Aldi honetan bederen ez dut galdu ene Pauerako bidaia! (Lafitte); Neskatxa kanporat orduko, bere hamar sosekoarekin doluz, urrikitzen zaio muthilari, eta bere khexuan, sakreka hasirik, erraiten du: deabruak eraman baleza bederen! (Barbier); Denborak denak kontsolatzen ditu! Bederen zurekin Europarat eraman nazazu… (Larzabal); Hortik zehar joan eta zer alderdi den itaunduko al dizut? —Bai, enetxo! inor bizi bada bederik (Zaitegi); Edo ez zuen uste ihes egin zezakeenik, edo berak utzi zion, erdizka bederik etsita (Orixe).

42.19.7b Diskurtso markatzaile hauek guztiak oso loturik daude elkarren artean eta sarritan oso zaila da benetako bereizketak egitea. Hori dela-eta (alde batera utziko ditugu harridura perpausez eta “hasteko” bezalako itzuliei buruz aipatu ditugun ñabardurak), ez dirudi batere zaila denik DM hauek elkarren artean trukatzea, erabilera arruntenetan behintzat: Koldo eta Jone behintzat etorriko dira; Koldo eta Jone bederen etorriko dira; Koldo eta Jone behinik behin etorriko dira.

Horretaz gain, lehen esan bezala, harridurazko zenbaitetan behintzat DMa segurki-rekin ordezkatzen dugu eta beste batzuetan (egia esan, gehienetan) segurik-ekin, bederen-ekin edo behinik behin-ekin. Nolanahi ere, eta hemen legoke bederen eta beste DMen arteko desberdintasunik azpimarragarriena, bederen diskurtso markatzaileak badu besteek askoz ere nekezago eskuratzen duten (inoiz eskuratzen baldin badute) kontzesio kutsua: Helduko da, zeharka bederen; Otxoa de Arin, esate baterako, ez da berebizikoa, baina nolabait ere, Bizkai kutsuari eskerrak agian, moldatzen da, trakeski bederen. Argi dago hor ‘zeharka bada ere’ eta ‘trakeski bada ere’ esan nahi duela. Ezin dugu multzo honetako beste DM batez ordezkatu hor.

42.19.8. Badere

42.19.8a Bereiz utzi dugu hitz hau, gure ustez honek aparteko esanahia baitu bere erabilerarik arruntenean. Esan dugun bezala, bederen diskurtso markatzaileak badu zenbait kasutan kontzesio kutsua: Euskaraz ez daki ongi, baina gaztaroan entzunari esker agian, moldatzeko gai da, trakeski bederen. Hor ezin da behintzat esan, adierazi nahi dena ‘bada ere’ edo antzeko zerbait izango bailitzateke. Bada, badere diskurtso markatzailea hortik dator, hain zuzen: “bada+-ere” itzulitik.

Beraz, argi dago bada ere itzuliak baduela kontzesio kutsua. Gure idazleen artean anitzek kontzesibo moduan erabiltzen dute bada ere nahiz badere (badare bezala ere), mendeko perpaus arruntak sortuz horrela. Hori gertatzen da Leizarraga, Oihenart, Duvoisin, Bordel eta beste batzuekin. Berdin-berdin bertsolari askoren artean ere. Kasu hauetan guztietan, esaterako, ez da ailegatu diskurtso markatzaile beregaina izatera eta mendeko perpausaren aditz arrunta dugu: Mundu honetako bizitzea hainbat miseriatara sujet badere, fidelarentzat Jainkoaren benedikzione bat da (Leizarraga); Nauka ni, hotz badere, errerik bihotzean (Oihenart); Guziok nolerebait, eta nola ez dakizuela badere, Meditazio, Kontsiderazio eta Orazio mentala egin ohi duzue askotan (Kardaberaz).

42.19.8b Askotan ez da, ordea, adizki oso bat, iharturik geratu den zerbait baizik: Bi-hiru urte da pasatuxea / zintzotu zela gizona, / nekez badere sinetsi zuen / emaztearen esana; / lantoki ona harrapatu du, / entregatzen du kintzena; / garai batean hori bezela / orain ni nago gizena (Txirrita).

Hor adizkia balitz, badirudi “bazen ere” edo halakoren bat behar genukeela. Bere adizkitasun osoa galtzen duelarik, ordea, diskurtso markatzaile bihurtzen zaigu beharbada, emendiozko gainerakoen esanahia eskuratuz: Beragatik asmo onekin egunean orritxo bat badere leitu behar duzu (Beobide); Nik este bakar bat dut tripan, eta bera zuzen-zuzena, eta hala, ahotik sartuahala, beteahala dijoa bere bidez kanpora, eta apurtxo bat badere barruan geldituko bada, egarria hiltzeko, askotxo sartu behar izaten dut (Urruzuno).

Jakina, hemen formak hain labainkorrak izanik, bederen eta badere bezalakoekin nahasbideak sor daitezke: Bigarrena: urtean behin bedere konfesatzea, edo lehenago heriotzeko peligroan aurkitzen bada (Baztango katixima).

Hor, noski, bederen da: euskalki batzuetan ongi bereizten dira bedere (bederen esan nahi duela) eta badere (bada ere esan nahi duelarik: Hori badere eginen dugu = Hori baizik ez bada ere eginen dugu). Kontua da, nolanahi ere, hitz hau (badere) argi eta garbi diskurtso markatzaile ez baldin bada ere, idazleek erabiltzen duten neurrian, diskurtso markatzaile izateko bidean den adizkia izan daitekeela.

42.19.9. Badarik (ere)

Sail honetan sartu beharko genuke, halaber, badarik ere esapidea (eta horren aldaerak): Eta debozionezko sentimendu haiek guziak merezi ez ditudalarik, badarik ere presentatzen dizkizut ene bihotzeko afekzioneak (Pouvreau); Emazte baten senarra urrutitik heldu bada, emazte hark dakien bezain sarri bihurtu dela, eta haren hitza entzuten duenean, egitekotan amarratua delarik, eta zenbait kontsiderazione bortitzek hura bertzeren artean badauka ere, badarik haren bihotza ez dago loturik, aitzitik bertze gogoeta guziak largatzen ditu, bere baitan solas egiteko senar etorriarekin (Pouvreau).

Zernahi dela, esapide hau ez da gaur egun ia-ia erabiltzen, orain arte ikusitako diskurtso markatzaileek jan baitiote tokia.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper