Euskararen Gramatika

42.4. Juntagailuak eta menderagailuak


42.4. Juntagailuak eta menderagailuak

42.4a Diskurtso markatzaileez gainera, juntagailuak eta menderagailuak ere eskaintzen dizkio hiztunari gramatikak. Hauen egitekoa ere testuari lotura ematea litzateke, baina, diskurtso markatzaileek testu mailako edo solas mailako lotura bideratzen badute, juntagailuekin eta menderagailuekin perpausak lotu ez ezik, elkartu ere egiten dira. Elkarketa horren ondorioz lortzen dena perpaus da halaber.

Diskurtso markatzaileek bideratzen duten lotura solas mailako lotura dela esan dugu. Horrek esan nahi du markatzaile horien bidez “lotuak” edo “josiak” agertzen diren perpausak zein bere eskuko izan daitezkeela markatzailea gorabehera: Euria dakar. Beraz, euritakoa hartuko dut.

Hori baldin badiogu, hor bi perpaus ditugu, ez bat. Hori intonazioak sala diezaguke edo, idazterakoan, bien artean ezarri dugun puntuak. Hala ere, batak bestearekin badu nolabaiteko lotura. Perpausen arteko mugak non gauzatzen diren, ordea, ez da gramatikak betiere estu eta zehatz erabakitzen duen gorabehera. Batzuetan, egia da, perpausen artean sortzen den erlazioa perpaus elkartuari dagokiona da nahitaez. Horrela loturiko perpausek ezin dute inolaz ere bere eskuko izan; bata bestearen mendeko izango da betiere:

P[ P[Gaizki zabiltzala] esan didate]

P[ P[Hor bizi den] -a anaia dut]

42.4b Beste batzuetan, berriz, —juntadurari eta alborakuntzari dagokienetan, batez ere— aukera izaten dute hiztunek perpausak dauden daudenean, elkartu gisa nahiz bakoitza bere eskuko uzteko, testu mailako loturatik aurrera pasatu gabe: Benetan, haren lepo lodi beltzak izurdearen antz pixka bat badauka. Baina oraindino itxurazko gizona dago (Agirre).

Zein bere eskuko diren perpaus bi ditugu hor, egileak, horrela nahi izan balu, perpaus konposatu bakarra egin bazezakeen ere: Benetan, haren lepo lodi beltzak izurdearen antz pixka bat badauka baina oraindino itxurazko gizona dago.

Berezirik utzi ditu, hala ere, testu mailako harreman lasaiagoan.

42.4c Bi mota handi berez daitezke perpausen artean: bakuna eta elkartua. Bere osagaien artean beste perpausik ez duenari bakuna esaten zaio eta bere barnean beste perpausen bat duenari, berriz, elkartua. Aldera ditzagun, konparazio baterako, honako perpaus hauek: Liburu bat eman nion; Zure laguna bizi da hor; Liburu bat eman nion baina ez du irakurri; Dendan ikusi dugun laguna bizi da hor.

Lehenbiziko bi perpausak bakunak dira: ez batak ez besteak ez du bere barnean beste perpausik. Azkeneko perpausak, berriz, elkartuak dira, hots: errekurtsibotasunaren bidez konplexuago bilakaturiko unitateak dira. Ez gisa berekoak, ordea, ondoko eskemek erakusten duten gisan (bi perpausek beste perpaus handiago bat osatzen dute):

P[ P1[Liburu bat eman nion] junt[baina] P2[ez du irakurri]]

P[P1[Dendan ikusi dugu] mendg[-n ] laguna bizi da hor]]

42.4d Kategoria bateko atal batek bere barnean kategoria bereko osagaiak izateko ahalbideari deitzen zaio errekurtsibotasuna. Hau hizkuntzak duen ahalbide guztiz ezaguna da eta horri esker, hain zuzen, lortzen da elementu kopuru mugatu bat behin eta berriro erabiliz, teoriaz azken gabekoa litzatekeen perpaus kopurua lortzea.

Errekurtsibitatea perpaus mailan ez ezik izen sintagma mailan ere gertatzen da. Adibidez: Gizon horren gurasoen lagunen etxea.

Hori guztia izen sintagma dugu, baina izen sintagma horren osagai den gizon horren gurasoen lagunen ere izen sintagma bat da, eta honek, halaber, beste izen sintagma bat du osagai: gizon horren gurasoen, eta honek beste bat: gizon horren458. Betiere izen sintagma bat aurkitzen dugu beste goragoko izen sintagma baten osagai gisa.

Hau perpaus mailan ere gertatzen da: Egunkarian bi eta bi lau direla uste dudala idatzi dutela esan didate.

42.4e Horregatik, gramatikarentzat perpausetik goragoko unitaterik ez dagoela esaten dugunean, bestela badirudi ere, ez dago inolako kontraesanik. Zeren perpausa beste perpaus baten osagai den neurrian gramatikak perpausekin lanean segi dezake. Esan nahi baita, perpaus baten gainetik ez dago gramatikarentzat unitate zabalagorik. Perpaus bat beste baten osagai izan daiteke, baina iristen da momentu bat non perpausetik gora beste perpausik ez dagoen. Perpausen hurrenkerak testua osa dezake, baina hau ezin da izan gramatika unitatea. Horregatik, perpausaren gramatika ez bezalako batek aztertuko du testua.

42.4f Bi modu ditu errekurtsibotasunak unitateak luzeago eta konplexuago egiteko: juntatze-bidezkoa bata eta txertatze-bidezkoa bestea. Perpaus elkartua, hortaz, bi eratakoa izan daiteke: juntadura-ren bidez gauzatua, hau da, maila bereko perpaus bi edo gehiago juntatzen dituena; eta menderakuntza-ren bidez gauzatua, hau da, perpaus bat beste baten barnean osagai gisa txertatua duena.

Hirugarren mota bat ere berezi ohi da inoiz elkartuen sailean, alborakuntza-z gauzatzen dena, alegia. Hau da, ez juntagailurik ez menderagailurik ez duena. Ondoko perpaus hauek alderatuta ikus daiteke zer den alborakuntza hori: Zu hor zaude eta ni hemen (bi perpaus, juntadura); Zu hor zaude, ni hemen (bi perpaus, alborakuntza); Isilik dago, ezer ez dakielako (bi perpaus, menderakuntza); Isilik dago, ezer ez daki (bi perpaus, alborakuntza). Adibideetan azpimarratu ditugu eta juntagailua eta -elako atzizki menderatzailea. Beste bi adibideetan, ez dugu horrelakorik: alboratze hutsez sortu da perpaus elkartua bietan ere.

Ez dirudi, hala ere, alborakuntza hori juntaduraren eta menderakuntzaren hurren jar daitekeenik, maila bereko hirugarren saila balitz bezala. Haren egitekoa, izan ere, juntadurari dagokiona baizik ez da: perpausak bata besteari erantsita juntatzekoa, alegia. Eta erabilera ere juntadurari dagokiona du: Nik arraina jan dut eta zuk haragia / Nik arraina jan dut, zuk haragia; Nik autoa badut eta zuk ez / Nik autoa badut, zuk ez; Ez duk etorri ez etorriko ere, hik alde egiten ez baduk / Ez duk etorri eta ez etorriko ere, hik alde egiten ez baduk; Laguna dinat Manu eta ez naun bakarrik utziko / Laguna dinat Manu, ez naun bakarrik utziko.

Azken honetan, gainera, menderakuntza ez bezalakoa da alborakuntza: Lasai egon, neska, laster etorriko dun; Lasai egon, neska, laster etorriko baita/*dun.

Juntagailurik gabeko juntadura da, hortaz, labur esateko, alborakuntzak gauzatzen duena.

42.4g Hauxe da, beraz, aipaturiko perpaus mota hauei dagokien eskema:

1. BAKUNA

2. ELKARTUA

  2.1. JUNTADURA

      2.1.1. Juntagailuz: PP1 juntg. P2

      2.1.2. Alborakuntzaz: PP1 P2

  2.2. MENDERAKUNTZA: Px P1 y

perpaus motak, konplexutasunaren arabera

42.4h Perpaus elkartuak sortzeko bideak zeintzuk diren azaldu dugu orain artekoan eta, erraztasunari begira, adibide laburrak eman ditugu gehienetan. Gogoan hartu behar da, dena den, errekurtsibotasunari esker amairik gabe luza daitezkeela perpausak, bere barnean behar adina perpaus berri sartuz. Juntaturiko perpausei, esate baterako, beste perpaus berri bat erantsi dakieke eten gabe. Jakina, perpausek betiere luzera jakin bat izango dute, baina ez dago inon aldez aurretik ezarritako araurik perpaus bati betiere beste bat txertatzea edo gehitzea debekatuko dionik:

P[ P1 P2 P3 P4 …]

Jonek egurra ekarri zuen, Mirenek sua piztu zuen, Andonik patatak zuritu zituen, … (nahi adina perpaus sartu hemen) eta Joxepak gitarra jotzen pasatu zuen denbora guzia.

Edo, txertatze bidezko elkarketa gauzatzen denean, mendekoari beste mendeko bat txerta dakioke betiere, nahi adina luzatuz katea:

P[…P4 [P3[P2[Pl[…] ] ] ] ]

Etorriko zela uste dudala esan nion gizonak ez du sinistu nahi nik esandakoa denek ontzat ematen dutela.

Are gehiago, perpaus juntatuak eta mendekoak nahasi egin daitezke, bere artean unitate are konplexuagoak osatuz. Honen guztiaren argigarri ematen dugun ondoko adibidean, konparazio baterako, juntaturiko bi perpaus ditugu beste mendeko baten mendeko direnak. Nagusi biak bere aldetik juntatuta ageri dira: Zenbat urte dituen eta non bizi den galdegiten zaionean, lotsatu egiten da eta ez du ezer erantzuten.

Bestelako luzapen errekurtsiboetan bezala, honetan ere hiztunon oroimen ahalmen mugatuak eragozten du perpausak neurri jakin batetik aurrera luzatzea; ez, ordea, gramatikak, gramatikaren arabera, izan ere, mugarik gabe luza baitaitezke perpausaren barneko perpaus eranste horiek.

458 Berez, sintagma horien analisia konplexuagoa da: [[[gizon] hori] -en]. Baina hori guztia aurrerago azalduko da. Arazoa azaltzeko egin dugun sinplifikazioa egokia da orain.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper