Euskararen Gramatika

40.14. -en moduan, -en eran, -en arau, -en gisa, -en antz, -en molde


40.14. -en moduan, -en eran, -en arau, -en gisa, -en antz, -en molde

40.14a Modua, era, moldea… guztiak ere izenak dira, eta oso loturik daude hemen aztertzen ari garen nozio semantikoarekin. Horietako batetik hartzen dute izena, hain zuzen, moduzko perpausek. Izen gehienek bezala, beren agintepean beste zenbait elementu (izenlagunak, erlatibozko perpausak…) har ditzakete; eta jarraian zenbait postposizio (inesiboa, adlatiboa…) ere izan ditzakete. Horrelaxe sortzen dira hemen aipagai ditugun molde honetako egiturak: [[[perpaus erlatiboa] modu / era / …] postposizioa (-n, -ra…)]. Alegia, Zuk esan didazun moduan egin dut adibidean, azpimarratu dugun zati osoa postposizio sintagma bat da, adberbio sintagma, eta modu izenaren esanahiagatik aditz nagusiko gertaera (‘egin dut’) nola betetzen den adierazteko baliagarri gerta daiteke; modu nozioa adierazten du. Modu izenaren mendean erlatibozko perpaus bat dago, eta perpaus horren barnean, isilean, aurrekaria, ondorengo modu izenaren balio bera duena: ‘[[zuk (Ø)1 esan didazun] moduan1] egin dut’; zenbaki bera jarriz markatu dugu bien arteko (aurrekaria - ardatza) lotura. Antzera gertatzen da sail honetako gainerako izenekin ere (ohikoenak: molde, era, arau, gisa, antz). Baliabide emankorra da oso. Eman ditzagun adibide batzuk: Berak bakarrik dakien moduan egin zuen patata-tortilla; Ahal genuen eran atera ginen egoera zail hartatik; Bibliak esaten duen arabera jokatzen du egunerokoan; Inor ohartzen ez den gisan egiten ditu bere egitekoak; Goizean esan dugun moldean antolatuko dugu eguna.

Adibide hauetan guztietan aurkituko dugu lehen deskribatu dugun egitura: [erlatibozko perpausa + modu izena + postposizioa]. Amaieran joan ohi den postposizio itsatsia gehienetan adlatiboa izaten da, baina inesiboa ere oso arrunta da. Arau eta gisa dira inongo postposiziorik gabe ager daitezkeen bakarrak.

40.14b Edozelan ere, moduzko perpausak egiteko molde hau ez da izenok duten beste erabilera arruntarekin nahastu behar; izen horiek genitibo markaren bidez perpaus erlatibo batekin lot baitaitezke. Azaldu dezagun desberdintasuna. Ondorengo perpausa moduzkoa da: Erabaki dugun arabera egin behar dugu. Honela deskriba dezakegu: [[perpaus erlatiboa] arabera]. Horren alboan, bada beste ondorengo molde hau ere, erlatiboaren erabilera arruntekoa: Erabaki dugunaren arabera egin du Peruk bere proiektua. Oraingoan honela deskribatuko genuke: [[[perpaus erlatiboa] Ø-aren] arabera]. Lehenengoan, adierazmolde finko bat izateaz gain, esan dezakegu arau izena dela perpaus erlatiboaren ardatza. Bigarrenean, ostera, arau ez da perpaus erlatiboaren ardatza, bien artean hutsik dagoen izen bat baitago genitibo kasuarekin markatua. Aipaturiko adibideok, horrexegatik, beste era hauetara eman ahal izango genituzke: lehenengoa, ‘erabaki dugun bezala egin behar dugu’; bigarrena, ‘hartu dugun erabakiaren arabera egin du Peruk bere proiektua’.

Antzeko adibideak erraz aurkitzen dira aipatu ditugun izenekin. Ondoko adibideetan lehenengo biak perpaus erlatibo arruntak dira (moduzkoen artean sartzen ez ditugunak), eta hurrengo biak moduzkoak (kasu honetan, modu- izena hartzen dutenak ardatz gisa). Erlatibo arruntak: Aurretik etorri zirenen modura heldu ziren langile berriak ere, izerditan eta nekaturik; Gaur erabaki dugunaren moldera, bihar ezinezkoa izanen da ezer egitea. Moduzkoak: Aurreko astean etorri ziren moduan etorri ziren oraingoan, izerditan eta nekaturik; Gaur erabaki dugun moldera, bihar ere erabaki dezakegu.

40.14c Jarraian tradizioko adibideak emango ditugu. Modu izen erabilienak, eta bakoitzak har ditzakeen postposizioen araberako lekukotasunak ekartzen saiatu gara.

40.14d Antz (antzera): Lagundu zion mutilari etxeraino aspaldian ikusi gabeko nagusiari zakur leialek egin ohi dioten antzera (Agirre); Eta eskua iragan zion laztanduz biloetan, aita besoetakoak berari egin ohi zion antzera (Mirande).

40.14e Arau (arau, arabera, araberan): Halatan hor-izan den oro, behin hor-date berriro, lehen zen arau (Mirande); Hainitz gauzaren gainean jujamendu emaiten duzu munduko afekzioneak gogora ekartzen derautzun arauera (Pouvreau); […] dan-dana erromantzeak abesten duan araberan (Berrondo).

40.14f Era (eran, erara): Eta egizu Jangoiko berak nahi duen eran (Mendiburu); ta eskribidu egizuz paper baten nik esaten deutsudazan erara (Añibarro).

40.14g Gisa (gisa, gisan, gisara): Baina mundua, berak nahi duen gisa dabil, eta ez nik edo zuk nahi genukeen bezala (Villasante); Pilatok esan zien, baldin gaizkilea dela badakizue, hartu eta zuek zeuok juzgatu ezazue, zeuon legeak dioen gisan (Lardizabal); Antiguara igoniko gizadiak menditik behera jaitsi zirenerako, bazetozen txalupak, parra parra, patxada onean, ekaitzik ez dagoen egunetan etorten diran gisara (Agirre).

40.14h Modu (moduan, modura): Dakidan moduan egin dut: ez eskatu niri besterik; Geuk egin bihar ditugu geure legeak, gura dogun modura (Agirre).

40.14i Molde (moldean, moldera): Eta hori nahi duen aldi guztian, eta nahi duen bezain denbora luzean, bai eta oraino on iruditzen zaion xedeagatik, eta plazer duen moldean (Haraneder); […] gure obra on guziak hark egiten baititu gutan, fruituak arboretik heldu diraden moldera (Leizarraga).

Perpaus adjuntuak izanik, kokapenari dagokionez ez dute betebehar sintaktiko berezirik, eta perpausaren hasieran, tartean edo amaieran ager daitezke. Nolanahi ere, adibideei begira, ohartzen gara gehienak perpaus nagusiaren eskuinean agertzen direla.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper