Euskararen Gramatika

40.13. -ela eta -elarik


40.13. -ela eta -elarik

40.13a Euskal testuetan garai eta euskalki guztietan oso erabiliak izan dira -ela/-elarik atzizkidun perpaus adberbialak. Morfema hauek, betiere aditzari erantsita, adiera askotako perpausetan ageri dira. Esaterako, denborazkoetan (Sei urte nituela hasi nintzen eskolara), moduzkoetan (Adurra dariola begira gelditu zen agure gaixoa), kausazkoetan (Hain ona delarik, nola ez maita), kontzesiozkoetan (Oraindik haurra delarik, zaharrek bezala hitz egiten du). Sailkatzen errazak ez diren perpausak eratzen ere agertzen zaizkigu -ela / -elarik morfema hauek. Adibidez, lerro batzuk gorago kausazkotzat jo dugun horri ezarri diogun adiera baldintzazkoa ere izan daiteke (‘Hain ona bada, nola ez maita?’). Moduzkoen atalaren hasieran ere eman dugu egoera horren berri: menderagailu batzuk adieraren aldetik nahiko irekiak direla esan dugu, eta balio batean baino gehiagotan azaldu daitezkeela.

Ba al dago desberdintasunik bi menderagailu hauekin osatutako mendeko perpausen artean? Gramatikari gehienen ustez, bi morfema hauek balio berdintsuz erabiltzen dira, bata nahiz bestea gehiago edo gutxiago erabiltzea, gehienbat, euskalkien tradizioari egotzita. Gramatikari batzuk bien arteko diferentzia azpimarratzen saiatu dira, -ela, gehienetan, aditz sintetikoekin erabiltzen dela esanez eta -elarik, ostera, sintetiko eta analitikoekin.

Baina testuak aztertu ondoren, ez da erraza bien arteko bereizketarik egiten, moduzko perpausei dagokienez behintzat. Garai eta euskalki guztietan ageri dira -ela atzizkidun perpausak, eta tradizioan denborazko eta moduzko balioaz erabili izan dira gehienbat. Euskalkien arabera, -elarik gehiago edo gutxiago agertzen da. Bizkaierazko testuetan oraintsu sartu da -elarik forma. Gipuzkerazko testuetan ugariago dira. Ekialdeko testuetan maiztasun handia du, baina moduzko perpaus garbietan baino areago bestelakoetan: denborazkoetan (Eguzkia irten zelarik, bideari ekin genion), kontzesiozkoetan (Badelarik bertze janari asko, bat ez da laborearen orde jar daitekeenik. Duvoisin) edo kausazkoetan (Radarrak jarri direlarik, autoen abiadura motelduko da).

Ondoriorik atera ahal baledi, beraz, hauxe esango genuke: -ela/-elarik morfemak balio berdintsuko perpausak eratuz agertzen direla, eta euskalkien barneko koherentzia eta usadioek ezartzen dutela diferentzia. Hala ere, -ela tradizioan bereziki denborazkoetan eta moduzkoetan agertu ohi da; -elarik, berriz, beste mota askotara ere zabaldu izan da, eta horregatik, perpaus mota batzuetako -elarik formak ezin ditugu -ela soilaz trukatu.

Hona, batarekin nahiz bestearekin, tradiziotik bildutako adibide batzuk: Ahoan pipa motsa zuela eta hamabost egunean kendu bageko okotz-bizarretatik behera adurra zeriola zegoen aguretxo batek […] (Agirre); Agertu zitzaion behin ate ondoan eskeko bat, […] buruko txapela ere koipez beterik, erdi-erdian leiho biribil bat zuela, bertatik ile pila bat ageri zitzaiola (Kirikiño); Bakarrik ezin eraman nezakeen gurutze bat soinean nuela atera ninduten Jerusalendik eta jaiki-erori eta erdi arrastan nenbilela eraman ninduten Kalbarioko mendira (Mendiburu); Maiz meza entzun dut debozione gabe gogoa berzetan nuela, horra huna begiak nerabiltzala eta solasen nengoela (Etxeberri Ziburukoa); Huna beraz non naizen ifernuan, dio errabian dagoelarik (Duhalde); Xoriek ez dagite hazirik, uztarik. Eta badute zer jan, alfer daudelarik (Oxobi); Iruten ari nauzu, kiloa gerrian, ardura dudalarik nigarra begian (J. D. Salaberri). Ikusten dugu -ela eta -elarik moldeko perpausak modua adierazteko beste egitura batzuen parean edo juntaturik ager daitezkeela.

40.13b Moduzko balioa dutenean, erabilera predikatiboan agertu ohi dira molde honetako perpausak, bai predikatu nagusi modura (Zer egin ez dakiela dago Miren) bai bigarren mailako predikatu modura (Buruan txapela zuela sartu zen elizara Jon). Har ditzagun, Lafitteren gramatikatik jasotako adibide bi hauek, argigarri izan daitezkeelakoan: Baratzeari datxikiola badugu erletegi bat; Mutiko gaixoa ikusi dut, herrestan zabilala. Lehen kasuan perpaus nagusia “badugu erletegi bat” da; datxikiola “erletegi bat” sintagmaren egoera deskribatzera dator, eta ez perpaus nagusi osoa deskribatzera. Gauza bera esan behar dugu bigarren adibideaz ere: herrestan zabilala “mutiko gaixoa” sintagmari dagokio, eta ez perpaus nagusi osoari edo haren aditzari. Ondoko adibidea ere molde honetakoa da: Buruan txapela duela etorri da Andoni. ‘Andoniren etorrera’ nola gertatu den baino gehiago, Andoni nola zegoen esaten da -ela duen mendeko perpausaren bidez. Ez dira azaltzen aditzari begirako moduzko adjuntu bezala: *Iruzur egiten zuela lortu zuen Iñakik emaitza (iruzur eginik; iruzur eginez); *Arrebaren giltza zerabilelarik ireki zuen atea (erabilita; erabiliz). Molde honetako egiturek ez dute benetan aditzeko gertakaria nola betetzen den adierazten.

Erabilera predikatiboa izan ohi dute, bada, -ela edo -elarik daramaten moduzko perpausek, eta lehen eta bigarren mailako predikazioan azaldu ohi diren ezaugarri guztiak agertzen dituzte (ikus § 40.4). Horrelakoak dira tradiziotik ekarri ditugun adibideak ere. Aspektuari dagokionez, burutugabetzat interpretatzen dira, egoera nahiz jarduera deskribatzen eta zehazten dute: osagarri predikatiboek ‘une bateko’ egoera edo jarduera bat adierazten baitute; eta ez dituzte berezko ezaugarri iraunkorrak adierazten (*Begi urdinak dituela etorri da Andoni). Hortik, ziurrenera, morfemok sarritan adizki sintetikoei itsastea.

40.13c Azken urte hauetan -elarik duten perpausekin tradizioan lekukotasunik ez duen erabilera bat hasi da agertzen. Begira ondorengo adibideari: ??Ane leihotik erori zen, hanka hautsi zuelarik. Adibide honetan ‘hanka haustea’ ondorio bat da, ‘Ane leihotik erortzearen’ ondorioa; eta denboran ere perpaus nagusian adierazten dena baino beranduago gertatzen da. Tradiziotik kanpoko erabilera horretakoak izango genituzke ondorengoak ere: ??Apustuen munduan buru-belarri sartu zen, azkenean diru guztia galdu zuelarik; ??Kixote liburuen munduan murgildu zen guztiz, burua galdu zuelarik; ??Ostiralean irten zen jaietara, handik bi egunera itzuli zelarik etxera. Baina -ela eta -elarik daramaten perpausek, denborazko direnean, aldiberekotasuna adierazi izan dute (ikus 36 Denborazko perpausak § 36.4); edo, moduzko erabileran, bigarren mailako predikazioa bideratzen dute. Aurrekoak bezalako adibideak sasi-menderatuak dira, eta era egokian emateko bide bat juntadura da (Ane leihotik erori zen, eta hanka hautsi zuen); aditz laguntzailearen elipsiaz ere baliatu gaitezke (Ane leihotik erori zen, eta hanka hautsi).

40.13d Perpaus nagusiaren eskuinaldean agertzen dira gehienetan, haren osagaietako baten moduzko zertzeladaren bat gehituz. Jakina, beste edozein osagai bezala, perpaus nagusiaren galdegai gisa agertzen direnean, haren aditzaren ezkerraldean joango dira. Galdegai izan gabe ezkerraldean agertzen direnean, ostera, moduzkoak barik, denborazkoak, kausazkoak edo beste izan ohi dira maiz (Irakaslea sartzen zelarik, umeak isildu egiten ziren).

Moduzko perpausa ezezkoa denean eta aditz nagusiaren galdegai gisa erabiltzen bada, ezezko morfema eta aditz laguntzailea ez dira ohi denez aurreratzen: Ezer ulertzen ez duela dago. Perpaus osagarrietan, adibidez, ez da horrelakorik izaten: Esan didate ez duela ezer ulertzen.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper