Euskararen Gramatika

40.9. -tuz (-tuaz)


40.9. -tuz (-tuaz)

40.9a Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz lortzen da moduzko perpaus jokatugabe hau. Balio beza orain idatzi berri dugun esaldi honek adibidetzat: Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz lortzen da moduzko perpaus jokatugabe hau. Nola lortzen da moduzko perpaus hau? ‘Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz’. Nola? galderari erantzuten dio forma horrek: … gehituz. Gauza bera gertatzen da instrumental marka duten hainbat adberbio moduzkorekin ere: nekez, berriz, zinez, oinez, gogoz, berariaz-z instrumentalaren bidez lortzen dute modu adiera: adberbio hauek -z marka izenki bati erantsiz, eta moduzko perpausek perpaus bati (edo perpausaren aditz jokatugabeari) erantsiz: -tuz. Adibidez: Asko irakurriz lortuko duzu jakintza; Lantokian ordu asko sartuz aberastu zen; Ezagunei laguntza eskatuz osatu zuen taldea; Lan eginez dirua egiten dela esan dit amonak; Marmarka ari izanez deus guti erdietsiko dugu; Batzuk irakurriz ilustratzen dira; beste batzuk, aldiz, entzunez; Euskara bera indartzen da euskalkien ekarria aprobetxatuz; Aldeko haizea baliatuz igo dute aldapa txirrindulariek; Ezina ekinez egina.

40.9b Atalburuan -tuz eta -tuaz formak eman ditugu: bien arteko banaketa zeren arabera gertatzen den ez dakigularik, esan behar da forma mugatuan eta mugagabean erabili izan dela molde hau: alde batetik, -tuaz [-tu + -a + -z] eta beste alde batetik, -tuz [-tu + -z]. Beraz, -tuz eta -tuaz formak aurkituko ditugu gure literatura tradizioan; erabilera baliokidean aurkitu ere. Iparraldean ez da -tuaz erabiltzen, eta Hegoaldean biak erabiltzen dira, -tuz eta -tuaz. Literatura tradizioan, -tuaz dago zabalduagoa Hegoaldean, baina gaur egungo erabileran -tuz ari zaio nagusitzen. Ikus ditzagun tradizioko adibide batzuk. -tuz: Hekien artean zegoen, beharriak landaturik, papera eskuan, entzun guztiak izkribatuz (J. P. Arbelbide); Ile-izarra ezagutuko duzu azienden ixter-arteari gibeletik ongi begiratuz (Duvoisin); Eskerrak bihurtu ondoan, barnez egin zuten elizaren ingurua, aldare guzietan otoitz egiten baratuz (Laphitz); Hazitik dator ordea landarea, eta ahizpek bere amaren jokaeraren ikasbide hartuz, lotsagarriro zapuztu zuten (Etxaide); Jaunaren hitzak jauzi egin zuen, haragia hartuz, mundura (Orixe). -tuaz: Eta zein zara zu, galdetu zion Jenobebak zutik jarri, eta zulo hartarantz begiratuaz (G. Arrue); Hala ere, tostak kendu eta lasaiki aztertuaz, zuloa non egin erabaki zuen (Anabitarte); Egunero ordu laurden bat erlojuak atzeratuaz iritsi ziren Cuba izena duen erkalaren parera (J. A. Irazusta); Oina doi doi aldatuaz, eta eskuan zeraman argia ozta eramanaz, bere nagusiaren aurretik nolabait eskailerak igo zituen (G. Arrue).

40.9c -tuz eta -tuaz moldeen alboan, -tzez forma ere badugu, aditz izenaren gainean eraikia, eta beste balio batzuen artean modua ere adieraz dezakeena. Esan daiteke -tzez forma duten adibide klasikoak gehienbat ekialdeko egileen izkribuetan ageri direla (bereziki zubererazkoetan), eta ez direla oso arruntak: Luzatzez geroti gerora egitekoak, ardiesten du nehor herioak (Oihenart).

40.9d -tuz/-tuaz moldea erabiliz eraikitako moduzko perpausak ez dira beti -turik eta -tuta moldekoen baliokide izaten. Begira ditzagun adibide hauek: Babarrunak janda etorri naiz lanera; Babarrunak janez etorri naiz lanera. Lehenengoan modu-balioa duen gertaera burutu bat ematen zaigu: nola etorri den adierazten du, baina ‘nola’ hori, kasu honetan, dagoeneko burututa dagoen ekintza baten bidez adierazten da; bigarrenean, -tuz moldea erabiliz, ez da gertaera burutua adierazten: une horretan gertatzen ari den ekintza bat ematen zaigu, eta ekintza horren bidez deskribatzen dugu modua. Desberdintasun hori erakusten duten bikoteak sortzea ez da zaila, bereziki perpaus nagusiko aditzak mugimendua edo aldaketa adierazten duenean: Eusko Gudariak abestuta/abestuz etxeratu ziren; Negar eginda/eginez sartu zen; Elkarren artean gogor eztabaidatuta/eztabaidatuz inguratu zitzaizkigun. Are gehiago, -tuz moldearen bidez batzuetan ezinezko gertatzen da ‘moduzko egoerak’ adieraztea: Harriturik/*harrituz nago; Lo gutxi eginda/*eginez etorri naiz; Ikusleak asperturik/*aspertuz daude; Buruan ongi jarrita/*jarriz darama txapela aitonak. Iduri du -tuz moldea erabiliz bereziki aditzari begirako moduzko perpaus adjuntuak osatzen direla; perpaus nagusiko aditzak adierazten duen ekintza zer prozesuren bidez edo zer eratara gauzatzen den adierazten dutenak.

Begira diezaiogun ondorengo adibideari ere: Orain langintza biak utzirik bere jaiotetxean, Jauregin, kondaira zaharra eta euskara aztertuaz bizi dana (Labaien). Lehenengo mendeko perpausak, -turik moldea daramanak, adiera burutua du, eta egoera bat azalduz neurri batean modua ere adieraz dezake (‘langintza biak utzirik bizi da’); bigarrenak ere, -tuaz moldekoak, modua adierazten du, baina ia ez da modu-balioko gertaera burutu bat, edo egoera bat, baizik bizitze-ekintza une horretan nola ari den gauzatzen edo gertatzen (‘kondaira zaharra eta euskara aztertuaz bizi’)432.

Beste testuinguru eta adibide batzuetan, ordea, bi moldeak nahiko pareko gerta daitezke: Saiatuta/saiatuz lortzen dira emaitza onak. Beharbada -tuta erabiliz ‘saiatu ondoren’ adiera gehiago bideratuko da, eta -tuz erabiliz ‘saiatze ekintzaren jarduera’ azpimarratu nahiko da, baina testuinguru gehienetan biak antzeko gertatuko zaizkigu. Berdin ondorengo bikoteekin ere: Iruzur eginda/eginez lortu dute arrakasta; Etxean gelditurik/geldituta/geldituz ez duzu lanik aurkituko. Ez dugu ahaztu behar -turik eta -tuta moldeak gai direla aditzari begirako moduzko perpausak osatzeko ere: Hitz eginda/hitz eginez konpontzen dira arazoak; Lagun guztiak behartuta/beharturik/behartuz osatu genuen zerrenda; Bi aldeak mahai batean eserarazita/eserarazirik/eserarazirik lortu genuen greba deialdia bertan behera uztea. Antzera gertatzen da aditzarekin lotura txikiagoa duten hauetan ere: Hitz horiek esanik/esanda/esanez, bileratik irten zen; Esku artean zituen lanak alde batera utzirik/utzita/utziz, anaiari laguntzera joan zen; adibide hauetan kanpoko moduzkoak ditugu.

40.9e -tuz eta -tuaz moldeen balioaz ari garelarik, ezin da aipatu gabe utzi gaur egungo zenbait testutan azaltzen den erabilera bat: ??Leihotik erori zen, hanka hautsiz. Zertan urruntzen da hau orain arte eman ditugun adibideetatik? Mendeko perpausean adierazten dena (‘hanka haustea’), perpaus nagusiko ekintzaren (‘leihotik erori’) ondorioa da; leihotik erori ondoren gertatu zena. Ez die orain arte eman ditugun moduzkoen moldeei jarraitzen (aditzak adierazten duena nola betetzen den adieraztea; eta abar), eta tradizioan ongi finkatu gabea da. Sasi-menderatu ere deitu izan zaie, eta juntaduraren bidez ematekoak diren bi proposizio menderatu-forman ematen dira. Hona badaezpadako erabilera honen adibide gehiago: ??Gauari amaiera emateko gitarraren laguntzaz abesti batzuk kantatu ditugu, era honetan amaiera emanez egunari; ??Galdera errazetan huts egin du, harridura sortuz lehiakideengan. Esan bezala, era honetako egituretan tradizioan juntadura egituretara jo izan da nagusiki. Lehenengo adibidea hartuz: Leihotik erori zen, eta hanka hautsi zuen. Edo aditz laguntzailearen elipsiarekin: Leihotik erori zen, eta hanka hautsi; Leihotik erori eta hanka hautsi zuen. Beste bi adibideetan ere egokiago jotzen dira juntaduradun egiturak. Adibidez: […] eta era honetan gauari amaiera eman diogu; Galdera errazetan huts egin du, eta harridura sortu lehiakideengan.

40.9f Oker bat zuzentzen: -tuz ≠ -tzen. Gaur egun maiz aski ez dira behar bezala bereizten -tuz formadun moldeen eta -tzen formadunen eremuak; nahastu egiten dira, eta batzuetan bigarrena lehenaren ordez erabili. Aditz nagusiari egiten zaion galderaren erantzunak bereizten ditu bata eta bestea. Nola? galderari erantzunez gero, -tuz formadunak izango genituzke; eta zertan? galderari erantzunez gero, berriz, -tzen formadunak.

Eman dezagun adibide bat: Irakurriz ikasi dute haurrek; Irakurtzen ikasi dute haurrek. Bi perpausak dira zuzenak, eta ematen du bi adibide hauetan bataren zein bestearen eremuak ongi mugatuta daudela. Lehenbiziko adibidean, ‘nola ikasi duten’ da kontua, hau da, ikasteko moduaz ari gara, eta beste zerbait ikasi dute, ez irakurtzen. Bigarren adibidean, berriz, haurrek ikasi dutenaz ari gara, ‘zer egiten ikasi duten’ edo ‘zertan ikasi duten’ da kontua; eta kasu honetan, irakurtzen ikasi dute. Hau litzateke lehenbiziko perpausa osatzeko modu bat: Irakurriz ikasi dute haurrek ingelesezko testuak interpretatzen. Bigarrena osatzeko aukera posible bat: Asko ahaleginduz eta gurasoen laguntzari esker azkenean irakurtzen ikasi dute haurrek.

Kontua da batzuetan nolakotasuna adierazteko -tzen formadun moldeak erabiltzen direla, oker erabili ere, -tuz/-tuaz formadunak erabili beharrean. Moduzkoak dira -tuz atzizkia dutenak, eta osagarri argumentalak, berriz, -tzen dutenak. Ondorengo adibideetan, bikoteko bigarren formak okerrak dira, modua baita perpausek eskatzen dutena, ez osagarria: Ongi elikatuz/*elikatzen segurtatzen da osasuna; Hitz eginez/*hitz egiten konpontzen dira arazoak; Arituz/*aritzen ikasi dut pianoa jotzen.

40.9g Oinarrian -tuz/-tuaz formak hartuta, badira zenbait esapide eta molde era batera edo bestera modua adieraz dezaketenak, bakoitzak bere ñabardura eta ezaugarriekin. Haien arteko batzuk azalduko ditugu.

40.9h Errepikapenak (esanaren esanaz, ikasiaren ikasiaz…). Aipatutako esapideak bezalakoak ugariak dira euskaraz (entzunaren entzunaz, eginaren eginaz…). Ohart gaitezen bigarren osagaian -a artikulua azaltzen dela. Nolakotasunaz gainera, gertaera behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dute: Esanaren esanaz, azkenean, berritu du nortasun-agiria; Ikasiaren ikasiaz atera du medikuntza karrera Asierrek. Aurreko adibide hauetan argi eta garbi geratzen da behin eta berriz esanez gero edo etengabe ikasten egon ondoren nahi dena lortzen dela: dela nortasun-agiria berritzea, dela medikuntza karrera ateratzea. ‘Zerbaiten bidez’ edo ‘zerbaiten poderioz’ (ikustearen poderioz) lortzen da perpaus nagusiko aditzak dioena gauzatzea. Adibide horien parekoak ere badira testu klasikoetan. Hona hemen batzuk: Maiz gertatu ohi da, izan ere, honelako liburuetan, […], idazlea esanaren esanaz asperturik bezala mintzatzen zaigula, besteren ahotik entzuna hotz-hotzean birresaten, […] (Mitxelena); […] aren egon-ezina geldi-erazi ikasiaren ikasiaz ta irakatsiaren irakatsiaz (Zaitegi).

40.9i -tuaz batera. Berez -tuaz moldean oinarritzen da, baina moduzkoak baino gehiago denborazkoak direla esan behar da, denbora-kutsua nagusitzen zaiola moduzkoari: horregatik aztertu ditugu denborazkoen atalean. Adibide gutxi batzuk baizik ez ditugu jasoko hemen: […] nasa gainean zutik, ondo jantziriko bost gizon egozan, alkarregaz autuan, eguzki epela hartuaz batera (Agirre); Honeek iruteko behar dira goruburuan apaindu, eta ardatzean batu haria eginaz batera (Mogel).

40.9j -tuz joan / -tzen joan perifrasiak. Moduzko perpausak baino gehiago aditz perifrasiak dira: molde honetan joan aditzak ez du adierazten puntu batetik besterako mugimendu fisikoa; hemen aspektu balioa adierazten da, eta partizipioko aditzak adierazten duen ekintzaren jarraikia eta ekintzaren mailako gehitzea azpimarratzen du egitura honek. Ikus ditzagun tradizioko adibide batzuk: Megalitos edo urraida-aldian hasi eta keltatarren azken- bultzaraino langai eta beste tresnak geldiro-geldiro aldatuaz zihoazen (J. M. Barandiaran); Orain beinolako giro hura aldatuaz doa (Villasante); […] landatu duzun amodioa, ta jaiera, gehituaz, handituaz, ta sutuaz joango da (Larramendi); Honela zuzenduaz joango da bekataria bere bizieran, ta aurreratuaz onak birtutearen bide ederrean (Agirre Asteasukoa). -tuz joan moldeak askoz tradizio sendoagoa du; -tzen joan aukera azken urteetan ari da zabaltzen Hegoaldean.

40.9k -tuz … -tuz errepikak. Halako errepikek, oro har, gertaera behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dute: Ekinez-ekinez lortu du lasterkariak txapelketa irabaztea; Saiatuz-saiatuz lortzen dira garaipenak. Partizipioak soilik azaltzen dira errepikaturik, beste inolako perpaus-elementurik gabe, eta marka bera hartzen dute egiturako bi zatiek.

432 Beharbada partizipioari eransten zaion morfemaren izaerak izan lezake eragina balio desberdin horretan, -tuta eta -tuz moldeen kasuan behintzat. -ta-k eta juntagailuan du jatorria, eta errazagoa zaio ondokotasuna edo horretatik erator daitezkeen erlazioak adieraztea; eta horrek eragiten du modu-balioa duten gertaera burutuak bideratzea. -z postposizioa, berriz, nagusiki instrumentala da, eta lotuago legoke aditzari, eta aditzak adierazten duen ekintza hori nola jazotzen den deskribatuko duen moduari edo erari (oinez ibili; eskuz margotu; zinez esan; nekez iritsi eta abar).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper