Euskararen Gramatika

40.8. -tua(k)


40.8. -tua(k)

40.8a Partizipioari artikulua —eta, dagokionean, pluraleko marka— erantsiz osatzen da molde hau, eta batzuetan moduzko balioa adieraz dezake. Erabilera eta ingurune sintaktikoari dagokionez badu parekotasuna aurretik eman ditugun -tuta eta -turik moldeekin, baina badira desberdintasunak ere. Partizipioa artikuluarekin ematean adjektibo funtzioan jartzen da, eta horren ondorioz, predikazioari loturik agertzen dira horrelako egiturak, bai predikatu nagusi modura (Nekatua nago), bai bigarren mailako predikatu gisa (Aldatua itzuli da Ameriketatik); aurrekari bat izaten dute, eta aurrekari horrekin nahitaezkoa du numero komunztadura: Laguna sendatua ikusi dut; Lagunak sendatuak ikusi ditut. Bestalde, euskararen eremu guztietan ez dira gauzak berdin gertatzen.

40.8b Ekialdean -tua(k) moldea izan/ukan aditzekin ager daiteke: apaindua da; apainduak dira; behartuak dira/dituzte; ahantziak dira/ditugu431. Mendebaldean ez da ohikoa, gaur egun behinik behin, ekialdeko azken joskera hori [partizipioa + -a(k) + izan/ukan]; horien ordez egon/eduki aditzetara jotzen da (apaindua dago; apainduak daude; behartuak daude/dauzkate; ahantziak daude/dauzkagu), baina hauek ere prosa landuan azaltzen dira bereziki; mendebaldean -tuta eta -turik erabiltzen dira nagusiki horrelako egituretan (apainduta/apaindurik daude; ahaztuta/ahazturik dauzkagu). Beraz, aditz horiekin, eta oro har predikazio atributiboa onartzen duten aditzekin (ibili, iruditu, aurkitu, ikusi…) euskarak ondorengo aukerak ditu: ekialdean, ahantziak/ahantzirik zeuden/zebiltzan; mendebaldean, ahaztuta/ahazturik zeuden/zebiltzan. Orokorra, hortaz, -turik moldea dugu; mendebaldean -tuta nagusitu zaio ia erabat; -tuta arrotza da ekialdean; eta gauza bera gertatzen da mendebaldean, prosa landutik kanpo, -tua(k) moldearekin. Horiek horrela, esan beharra dago -tua(k) formaz baliatzen diren halako joskerak ekialdekoak direla soilik, izatez.

40.8c Moduzkotasunaren esparru zabalean, zer motatako balioekin erabiltzen da -tua(k) moldea? Esan bezala, predikazioari lotua azaltzen da: Laguntzarik ez badugu, galduak gara/gaude; Nekatuak aurkitu nituen ikasleak; Atzerriko egonaldiaren ondoren zeharo antzaldatua itzuli zen Mirentxu; Ahantziak ditugu zuk eman zenizkigun aholkuak; Mindua du oraindik belauna izandako erorikoagatik; Askatuak ikusi dizkiot oinetakoaren lokarriak haur horri; Sukaldeko lanak bukatuak utzi eta lotara joan zen Mikel; Bustia iritsi nintzen etxera erauntsiaren ondoren. Era honetako moduzkoak predikatu nagusi nahiz bigarren mailako predikatu izan daitezke, eta elementu predikatiboen ezaugarri eta baldintza guztiak betetzen dituzte; euskalki eta erabilera kontuak alde batera utziz, -tuta eta -turik moldeekin bezalako balioa izaten dute.

Batzuetan tarteki modura edo pausaz bereizita ere azaltzen dira molde honen gainean eraikitakoak, eta orduan ere balio predikatiboa izaten dute. Adibidez, ondorengo adibidean bigarren mailako predikazioa dago: Mutikoak, arbolara igoa, sagarrari heldu zion; hots, kasu horretan, ‘sagarrari horrela (arbolara igorik (zegoela)) heldu’ adierazi nahi izan lezake; subjektuari begirako egoera bat azaltzen da, eta aldi berean, nola heltzen zaion sagarrari. Adibide gehiago: Eta haien otoitzez eta nigarrez hunkitua, eriak ukitzen ditu, benedikatzen ditu, eta gaitz guzietarik sendatzen (Laphitz); Josuk, behingoz ikasgelan adi jarria, irakaslearen argibideak entzun zituen; Herriko txirrindulari taldeak, azken garaipenekin indartua, ibilbide gogorrari aurre egin zion; Zuzendari zaharrak, guztiz nekatua, arazoari heldu behar izan zion. -tua(k) moldea duten era honetako adibideek, beste batzuetan, nolakotasuna edo ezaugarria adierazten dute modua baino gehiago, nolabaiteko atribuzioa: Bere baitharik atheraia, Jainkoa baithan sartua, hainbertze nigar egiten zuen, non begiak eritu baitzitzaizkion (Laphitz); Gazte gaixoak, horrela ikasia, ezin zuen bestela jokatu; Neskatoak, kanpoan jaio eta hazia, ez zuen ohitura haren berri; Gazteek, lan horietan ohitu gabeak, asko sufritu zuten; Untzia ordukotz urpe egina, goiti heldu da, bera eta bere gizon guztiak oso (Laphitz). Nolanahi ere, -tua(k) moldeko perpausa beti absolutiboan joaten da, erreferentzia egiten dion subjektua edo aurrekaria ergatiboa izanda ere. Eta ohartzen bagara, eman ditugun adibide guztietan subjektuari buruzkoak dira mendeko perpausak; baina ez da nahitaezko baldintza sintaktikoa, subjektuetara asimilatzen diren datiboekin ere azal daitezke: Mutikoari, bestela ohitua, ez zitzaion bururatu horrelakorik. Ez dirudi, bada, berezko muga formalik dagoenik, baina bai subjektuena izaten den rol semantiko hori betetzen dutenak direla aurrekari, nahiz morfosintaxiari dagokionez ez izan subjektu.

-tua(k) moldearekin osatutako tarteki hauetaz ari garela, bada nabarmendu beharreko beste ezaugarri bat ere: ezin dute denbora ondokotasunezko baliorik adierazi. -tuta eta -turik moldeen gainean eraikitakoek bai, haiek ematen zuten horretarako aukera. Horrela, Mutikoak, arbolara igorik/igota, sagarrari heldu zion adibidean, -tuta edo -turik moldeekin, bi balio izan ditzake azpimarratutako zatiak: batetik, bigarren mailako predikazioaren balioa; bestetik, denbora- ondokotasunezkoa, aditz laguntzailea isilean uzten denean edo -eta enklitikoa dagoenean bezalatsu: Mutikoak, arbolara igo, eta sagarrari heldu zion / Mutikoak, arbolara igo eta, sagarrari heldu zion. Aldiz, -tua erabiliz, Mutikoak, arbolara igoa, sagarrari heldu zion moldearen adjektibo izaeraren ondorioz, lehenengo balioa bakarrik aurkituko dugu, eta bi gertakariren (‘arbolara igo’ – ‘sagarrari heldu’) denbora ondokotasunaren zentzu narratiboa ezinezkoa gertatzen da. Halakoetan, bada, ez dira sinonimo artikuluduna (-tua) eta bestelako moduzko moldeak (-tuta, -turik): lehena adjektibo sintagma da, eta -tuta/-turik dutenak, berriz, adberbialak. Esanahi alde hori dela eta, artikuluduna da aukera bakarra narratiboki interpreta ez daitezkeen testuinguruetan: Neskatoak, kanpoan jaio eta hazia, ez zuen ohitura haren berri; hor ezinezkoak dira -tuta eta -turik (*Neskatoak, kanpoan jaio eta hazirik/hazita, ez zuen ohitura haren berri). Izan/egon aditzen baten isiltzearekin lot daiteke joskera hori, [‘kanpoan jaio eta hazia (zelarik / baitzen / zen eta)’], eta hura agerian ematea litzateke halako joskerarik ez darabilten hizkeren aukera: kanpoan jaio eta hazi(a) zen eta / zenez.

431 -tuta eta -turik atzizkiak ez dira bateragarri (oro har, zubereraz eta beste hizkera bakanen batean izan ezik) izan/ukan lotura aditzekin: *ahantzirik/*ahaztuta dira/ditugu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper