Euskararen Gramatika

39.3.5. -tuta ere / -turik ere / -tu gabe ere / -tu ezik ere


39.3.5. -tuta ere / -turik ere / -tu gabe ere / -tu ezik ere

39.3.5a Aditz partizipioan oinarritutako mendeko perpaus adberbial batzuei ere erantsiz osatzen dira bi egitura hauek, kontzesio egituren artean maiz erabiliak direnak.

-turik ere menderagailua ekialdean erabiltzen da batez ere (mendebaldeko idazle batzuek ere erabiltzen dute), eta -tuta ere, mendebaldean (bizkaierazko testuetan, be(re) forma hartzen du: -tuta bere). Erruz erabiltzen dira bi egiturak kontzesioa adierazteko.

39.3.5b Ekar ditzagun lehenik eta behin bi moldeen adibide batzuk.

-tuta ere: Hagaitik diño Espiritu Santubak, gaztiak gaztetan hartuten daben bidiari, zahartuta bere ez deutsala itxiko (J. J. Mogel); Honelanguentzat da kaltetsuba konfesino jenerala; bada hamar eginda bere, bihurtuko dira lehengo bildurretara, ta kenduko ditubalako ustian, gehituko jakoz (Mogel); Guztiak bat eginda bere, ezin konjurau legije endemoniadu bat (Frai Bartolome); Baina gabak ordubak emonda bere, ez dira palta, ez plazaan, ta ez bideetan neskaak, eta mutilak (Frai Bartolome); Zur egonda ere beti zorigaitzak atzematen gaitu (Orixe); Egiñalak eginda ere, ezin astoa mogitu (G. Mujika); Hoiek guziyak adituta ere andria etzan jaikitzen (Txirrita); Seiretan mugituta ere badiñagu aski denbora (Etxaide); Eskua moztuta ere axeriak axeri gelditzen dira; hankaezurrak hausita ere otsoak beti otso (Agirre).

-turik ere: Hitz laburtxuak izanik ere, horiek jakin bihar dira noiz ta nola esan (Beobide); Zure lana ederki eginik ere, ez dautzute eskerrik izanen (Lafitte); Hogoi, hamabortz, hamar, bia, bat, batere; / Bihi bat ez ageri, bilhaturik ere (Hiribarren); Bainan luzaturik ere, herioa bethi heldu da (Hiribarren); Bizia nahi duzun beste luzaturik ere, beti iruditzen zaigula labur (Villasante); Axalean zertxobait aldaturik ere, bizimodua, uste, iritzi eta sinesteak ohiturazkoak ziren, gurasoengandik zetozenak (Mitxelena).

39.3.5c Esaldi hauek moduzko, baldintzazko eta denborazko ñabardurak ere izan ditzakete.

Nola egiten dira mendeko perpaus hauen ezezko formak? Aukera bat baino gehiago dago hemen ere: hiru molde erabil daitezke, adibide hauetan ikusiko dugun bezala:

[ez …-tuta ere], [ez …-turik ere]

Hain ona ez izanda ere, lur gose xamarra izan arren, ondo bakandua ta iñausia izan bada, hektareako hamar metro gutxienez ematen ditu urtean (Munita); Baiña ez jakinda ere, une bakoitzeko sentipenak erakusten dio zer egin behar duen (Villasante). // Hamasei hilabethetan aldatzen dira bazterreko hortzak, eta hekien ordainak, ez izanik ere hain xuri, hazkarragoak dira (Duvoisin); Gelan dagoen nor-nahik ikusiko du, mediumtasun izpirik ez izanik ere (Mirande).

[-tu ezta ere], [-tu ezik ere]

Bildur naiz, ondore hori, zuek nahi izan ezta ere, ez ote duten zuen ikasleek aterako (Villasante); Goi ta beko maizterrak, oso aberatsak izan ezta ere, bai ongitxo jaioak, txurikerietan ta gezur goxoak esaten aski ohituak, arpegiz arpegi Don Juan deituarren, gero atzetik, Juan Amots esaten zioten (Agirre). // Hobe lizake, noski, legeok zuhur ba’lira: izan ezik ere, bete beharrak genituzke, haren ustez, matxinadarik sor eztedin (Zaitegi); Esteberen anaiak egin-aitorra aintzakotzat hartu ezik ere laguna salbatu beharrez, beste artzaien aitorrak ontzat jo beharrekoak ziran (Etxaide).

[-tu gabe ere]

Emakumeai urteak galdetzea itsusia da. Galdetu gabe ere badakizkitzu zenbat ditudan (Barriola); Haragia jan gabe ere, jasoko dizkiat bai nik hemengo zaku habek (S. Salaberria); Ni ganik ihes, deus gaizkirik egin ez dudalarik, deusetan kondenatua izan gabe ere (Larzabal); Entzunen zutela zioten guziek, jakin gabe ere zeren galdatzerat zohan (Laphitz).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper