Euskararen Gramatika

39.3. Kontzesio egiturak


39.3. Kontzesio egiturak

39.3a Orain arteko bi ataletan kontzesioaren inguruko azalpen orokorrak eman ditugu. Hirugarren atal honetan, kontzesio egitura bakoitza aztertuko dugu banan-banan, eta bakoitzaren berezko ezaugarrien berri emango dugu: besteak beste, egituraren antolaera, formazko aldaerak eta distribuzio geografikoa aztertuko ditugu.

Kapitulu honen bigarren atalean (§ 39.2.1b) eman ditugun adibideen hurrenkerari jarraituko diogu atal honetan: kasu bakoitzean erabiltzen diren marken, postposizioen edo izenordainen arabera egingo ditugu multzo nagusiak; alegia, kontzesio gailuen arabera, gehien erabiltzen direnetatik gutxien erabiltzen direnetara joanez: nahiz marka dutenak, arren postposiziodunak, -gatik postposizioa darabiltenak, baina enklitikoa… eta abar. Horietako bakoitzaren barruan, aukera guztiak aztertuko ditugu, menderagailu bat baino gehiago erabil baitaiteke talde gehientsuenetan; menderagailu horien araberako azpisailkapenak egingo ditugu multzo nagusietan.

39.3b Sailkapena bestela ere egin zitekeen; adibidez, egitura bakoitzean erabiltzen den menderagailuen arabera, eta atal bakoitzaren barruan, marken eta postposizioen arabera ordenatu azpiatalak. Ez dugu sailkapen mota hori erabili: batetik, kontzesio balioaren ezaugarri formal nagusiak marka, postposizio, diskurtso markatzaile, izenordain eta abar horiek direla iruditzen zaigulako, eta ez menderagailuak. Menderagailuak, perpaus mota hauetan, menderakuntza bideratzeko elementuak dira batez ere, txertatzea ahalbidetzeko, eta ez kontzesio balioa emateko (eta esan dugu perpaus mota hau bereizteko irizpide nagusia logiko-semantikoa dela). Bestetik, menderagailuen araberako sailkapena eginez gero, sakabanaturik geratuko lirateke nahiko antzekoak edo hurbilekoak diren egiturak (menderagailu desberdina izan arren marka edo postposizio bera dutenak). Azkenik, orain arteko gramatiketan ere hala egin izan delako, tradizio horri jarraituko diogu geuk ere.

39.3.1. Nahiz markaren bidez eratutako egiturak

39.3.1a Nahiz markaren honako aldaera hauek behintzat erabili izan dira literatura tradizioan kontzesioa adierazteko perpausetan: nahiz (hemendik aurrera gainerako guztiak ordezkatzeko erabiliko duguna), na(h)iz eta, na(h)iz ta, na(h)iz da, na(h)i ta, nahi bada…

Guztiak dira nahi izan aditzaren erabilera gramatikalizatuak; gramatikalizatuak diren bezala beste kontzesio molde batean erabiltzen diren oinarri bereko izenordain zehaztugabe batzuk: nornahi, zernahi eta abar (§ 39.3.11). Badirudi, beraz, paper berezia jokatzen duela nahi izan aditzak kontzesioan.

Goiko aldaera horien artean, eta daramatenak ikusten ditugu: kasu horietan espletibo hutsa da eta (nahiz eta…). Beste diskurtso markatzaile eta juntagailu batzuekin ere erabiltzen da balio berezirik ez duen eta hori: baizik eta, harik eta, zenbat eta, zeren eta…

39.3.1b Markaren beraren formari gagozkiola, batzuetan instrumentalaren -z markarik gabe ere erabiltzen da (na(h)i ta). Nahi bada, berriz, zubererazko eta erronkarierazko testuetan aurkitzen da kontzesioko diskurtso markatzaile lanetan, -en edo -ela menderagailudun aditza lagun duela, hurrenez hurren.

39.3.1c Mendeko perpausaren barne hurrenkerari dagokionez, nahiz markagailua kontzesio perpausaren aurreko muturrean doa ia sistematikoki euskalki guztietan; egitura baliagarria izango zaigu, beraz, hasiera-hasieratik kontzesio balioaren berri eman nahi dugun kasuetarako: adibidez, mendeko perpaus luzeak ditugunean.

Aditza, berriz, hainbat lekutan eman daiteke mendeko perpausean, perpaus motaren, haren luze-laburtasunaren eta euskalkiaren arabera (§ 39.2.2).

39.3.1d Menderagailuak aipatu ditugunez, azter dezagun orain nahiz-en bidez eratzen den kontzesio perpaus batek zein eratako moldeak izan ditzakeen gaur egun. Bat baino gehiago, esan dugunez. Ikus ditzagun eskema honetan:

A) NAHIZ (ETA) … -TU (ADITZ JOKATUGABEA)

B) NAHIZ … -EN MENDERAGAILUA (ADITZ JOKATUA)

C) NAHIZ … Ø (ADITZAREN ELIPSIA)

Lehenbiziko biak dira molde erabilienak:

[Nahiz eta diru asko izan], ez naiz inora joango oporretan.

[Nahiz diru asko dudan], ez naiz inora joango oporretan.

-TU partizipioarekiko egiturak mendebaldean erabiltzen dira batez ere (ekialdean ere badira idazle batzuen adibide bakan batzuk: Duvoisin, Elizanburu, Mattin eta Xalbadorrenak).

Ikus ditzagun aditz partizipioarekin osatutakoa moldearen adibide batzuk: Trumoia hurbil ote zegon iduripenak eman zion, nahiz ta zein aldetatik joko zun ezin igarri (Etxaide); Bada aipatu ditudan hitzak ez dira baztertzekoak, nahiz eta erdaratikoak izan (Mitxelena); Badira emakume batzuek bidean bilatzen dituzten txotx guztiak etxera eramaten dituztenak, nahiz eta etxean gurdikada egurrak saltzeko euki (Agirre); Bada munduan gosez hiltzen denik, nahiz ta janariak izan (Villasante); Uriko mutil guztiak ondotxu ekien aldi edo belaun-aldi hartako lorarik usaintsuenak zeintzuk ziran, nahiz ta aberatsak ez izan neskatilok (Erkiaga).

Aditz jokatuaren gainean eraikitako egitura gutxi erabiltzen da mendebaldeko literatura tradizioan: Orixe, Nemesio Etxaniz, Basarri, Balendin Enbeita, Gabriel Aresti, Manuel Lasarte eta Uztapideren lanetan aurkitu daiteke, besteak beste; alabaina, horietan ere partizipioduna da erabiliagoa.

Ekialdekoa da batez ere aditz jokatuaren gainean eraikitako egitura (ikus EGLU-VI: 244); partizipiodun kasu bakan batzuk badira, hala ere, Duvoisin, Elizanburu, Mattin, Xalbador eta Miranderen lanetan.

Gaur egungo erabilera estandarrean, bi egiturak erabiltzen dira, aditz jokatua eta jokatugabea dutenak.

Aditza isildutako egiturari dagokionez, badira halakoak nahiz-ekiko kontzesiozkoetan. Izan ere, gorago esan bezala, aditzaren elipsia arrunt samarra da perpaus mota hauetan. Huna erregebide-sahetsean, etxe bat dena leiho, biziki luzea, [nahiz askitto apala Ø] (J. Etxepare); [Nahiz giristiño hiria Ø], hiri galdu bat zen Goa (Laphitz); [Nahiz da harrixa Ø], ez dot galduko nik gaurko erromerixa (T. Etxebarria).

39.3.1e Nahiz (eta) marka iragarlea mendeko perpausaren hasieran kokatu ohi da: kontzesio molde bakarra da mendeko perpausaren hasieran kontzesio markaren bat duena (gainerakoek atzerago eraman ohi dute kontzesioa adierazteko gailua, mendeko aditzaren arrimura: -tu arren, -tuagatik…). Perpaus hasieran kokatuta, kontzesio perpausaren iragarle moduko bat dugu nahiz (eta).

39.3.1f Sarri samar ageri dira nahiz markagailua duten egituretan molde erredundanteak: hiztun askorentzat zalantzagarriak izango dira gutxienez, baztertzekoak ez baldin badira; horren arrazoia kontzesio gailuen bikoiztapena da. Idazle batzuek inoiz erabili izan dituzte, baina baditugu arrazoiak ereduzkotzat behintzat ez jotzeko: idazle bakar batek ere ez ditu sistematikoki erabiltzen, eta askotan bertsoak izaten dira (bertsoaren neurria osatu beharraren baldintza ere hor dago); bestalde, perpaus amaigabeak-edo iruditzen zaizkigu batzuk, anakoluto gisakoak. Ikus ditzagun adibide batzuk: Ez gera konturatzen / edadez sarritan, / nahiz-ta ikusi arren zar hauek begitan, / begira nola dauden orain inbiritan, / gazte ez gera izango iñor bi alditan (Uztapide); Neure bizitza zelangoa dan egiten nua autortu, nahiz-ta gizonak gura ez arren azeria ontzat hartu (B. Enbeita); Halaz guztiyaz ere jaten, / gogotikan saia, / nahiz atea egon arren, / izugarri zalla (JanEd II); Horregatik, nahiz eta ezaguerarik argitsuenean aukeratuta ere, lokatzean finkatzen dugu oinarria, eta bere gainean eraikitzen dugun guztia berehala erortzen zaigu hauts bihurtuta (Mitxelena).

Lehendabiziko adibideak bertsoak dira, eta horietan bertsoaren neurria gorde beharrak azaldu dezake kontzesio gailuen erredundantzia. Prosazko adibideak ere baditugu, ordea, eta idazle batenak baino gehiagorenak; ezin da ukatu, beraz, erredundantzietarako joera bat badela halako perpausetan, nahiz, esan bezala, gaur egun ez ditugun gomendatzen.

39.3.1g. Nahiz markadun egituren erabilera distributiboa.

Bada -ela menderagailuaren erabilera bat (-en menderagailuarena ere badena), orain arteko nahiz-dun kontzesio perpausen berdin-berdina ez dena. Kontzesio perpaus batzuetatik hurbil dagoen distribuzio egitura duena da.

Adibidez, nik esaten badut berdin zaidala euria ari duen nahiz eguraldi ona den berdin-berdin aterako naizela kalera, ideia hau azaltzeko badira bi modu behintzat: a) Zernahi eguraldi dela ere, kalera aterako naiz; b) Nahiz dela euria, nahiz dela eguzkia, kalera aterako naiz.

Lehendabiziko moldea aurrerago aztertuko dugu, (§ 39.3.11). Bigarrenari buruz ari ginen egitura distributiboa aipatu dugunean: bai kasu batean bai bestean, kalera aterako naiz. EGLU-III liburukian (17-18) aipatzen genuen banakaritza deitutako juntadura mota hori. Han genioen hitz edo partikularen bat errepikatuz gauzatzen zela banakaritza, alborakuntza hutsez edo juntagailu baten bidez (eta, edo, nahiz, zein) loturik. Juntagailua bera ere izan daiteke errepikatzen den partikula (edo… edo…; nahiz… nahiz…).

39.3.1h Asko dira euskaraz kontzesio balioa adierazteko eskura ditugun egitura distributibo edo banakaritzazkoak: errepikatzen den elementuaren eta erabiltzen den juntagailuaren arabera, konbinazioak ia kontaezinak dira; kasu honetan nahiz duten perpausez ari garenez, horiek dituzten moldeak bakarrik bilduko ditugu. Nolanahi ere, § 39.3.9 azpiatalean aztertuko ditugu banakaritza molde guztiak. Hona hemen nahiz marka duten egitura distributiboak:

a) NAHIZ -eLA A NAHIZ -eLA B, + Perpaus Nagusia

Agur eta irri ona / darizuz limuri, / nahiz ipar hotza dala, / nahiz dala sargori (Gandiaga); Nahi txantxetan zuazala, nahi benetan zuazala, bardin bardin erreko zaituz hango subak (Astarloa).

b) NAHIZ (DELA) A eta B, + Perpaus Nagusia

Obeditua nahi det nik izan / nahiz dala orain ta gero (Illarramendi).

c) NAHIZ (DELA) A edo B -eLA, + P. Nagusia

Nahiz dala lehenagotik elizakoak hartzen dituztela, edo hoiek ezin harturik bihotz damu egizkoa egiten duela… (ArgiDL).

d) NAHIZ (DELA) A (eta) BERDIN (OROBAT, IGUAL) B, + P. Nagusia

Ez nuen uste zanik / holako jatuna; / nahiz dala bixiua / berdin da atuna (Zepai, in Uztapide, Lengo Egunak Gogoan).

e) NAHIZ DEN A NAHIZ (DEN) B, + P. Nagusia

Debotak, aithor dezagun, / hilzeko bat bederak, / nahiz den gau, nahiz egun, / ditugula Bezperak (Argainaratz).

f) NAHIZ -eN A NAHIZ -eN B, + P. Nagusia

Nahiz joan den, nahiz heldu den (Gazteluzar).

g) NAHIZ B-A NAHIZ B, + P. Nagusia

Nahiz plazara joan bedi / nahiz juan iturrira, / nork ez du arreta jartzen / haren ibilira? (Bilintx).

39.3.1i Azkenik, aipatu behar dugu nahiz-ek balio bat baino gehiago izan ditzakeela; kasu bakoitzean erabiltzen dugun aditzari edo, hobeto esanda, aditzaren formari erreparatzen badiogu, konturatuko gara balio desberdin horietaz: kontzesio balioaz eta hura ez bestelakoez.

Kontzesioaz gain, helburua edo nahia ere adieraz dezake nahiz-en bidez osatutako perpausak Iparraldeko testuetan, baina betiere, kontzesio moldeekin konparatuz, aditzean edo nahiz-en kokagunean aldaketaren bat duelarik.

Honako adibide hauek, esate baterako, ez dira kontzesiozkoak: Hetaz ere artha hartzen du, nahiz eta noizpait bederen harenganat itzul ditezen (Duhalde); Eriarena eginez, maltzurki, dena elhe goxo ariko zauzkik nahiz eta hi kontsolatu (J. B. Etxepare); Haur bat iduri zuen bethi zukre murtxatzen ari nahiz eta bere gorputza azkartu (J. B. Etxepare); Gero, lanerat itzultzen da xixtuetan, bazkaria tenoreko nahizik moldatu (Barbier); Bere laguner ez nahiz bizkarkin izan (Laphitz).

Esan bezala, ez dira kontzesiozkoak: guztiak dira helburu edo guraria balioa dutenak (beste euskalki batzuetako nahirik, nahian edo nahi izanik formek dutena). Esanahiaren aldetik nabarmena da desberdintasuna. Baina formaren aldetik badira desberdintasunak haien eta kontzesio balioa dutenen artean: batetik, Iparraldean ez da ohikoena aditz partizipioa erabiltzea nahiz kontzesiozkoetan; bai, ordea, helburuzkoetan409; bestetik, subjuntiboko aditzak helburuzkoetan erabiltzen dira, eta ez kontzesiozkoetan; azkenik, aditz partizipioaren ostean ere joan ohi da askotan nahiz helburuzkoa (-tu nahiz); inoiz ere ez kontzesiozkoa.

Formari buruzko zehaztapen hauetaz gain, desberdintasun nabarmenena da kontzesiozko erabileran nahi izan aditza gramatikalizatuagoa dagoela beste erabileran baino. Hau da, helburuzkoetan nahi izan aditzaren esanahia esplizituagoa dela.

39.3.2. Arren postposizioaren bidez eratutako egiturak

39.3.2a Nahiz marka mendeko perpausaren hasieran kokatzen dela esan dugu; arren postposizioa, berriz, kontzesio perpausaren bukaeran kokatu ohi da normalean. Enklitiko modura erabiltzen da arren, eta esanahi askotarikoak ditu euskalkien arabera. Guk kontzesio erabileran aztertuko dugu, hartarako ere erabiltzen baita, aditz baten atzetik lotuz; dakigun bezala, aditz jokatuari lot dakioke (-en arren; ikus EGLU-VI: 250), baina baita aditz jokatugabeari ere (-tu arren; ikus EGLU-VII: 263).

39.3.2b Arren postposizioaren aldaerarik ez dago (zenbaitetan h-arekin eman izanaz gain); halaxe erabiltzen da euskalki guztietan. Mendeko perpaus osoari bagagozkio, ordea, molde desberdinak aurkitu ditzakegu atal honetan ere, oinarri duen aditzaren forma desberdinen arabera:

a) Aditz partizipioa + arren: Gertatua gertatu arren, len bezin adiskide arkituko nazu (Barriola); Kontuz ibili arren eta juiziyuan, iñor aberasten ez da ofiziyuan (Bilintx); Harrotxo ibili zarie, baia zeuenak badaruazuez, gaztiek eta senduek izan arren (Kirikiño); Arnoldo, bere emazteak eta alabeak egiñalak egin arren, ez zetorren bere konortera (Agirre).

b) Aditz jokatua + -en + arren: Ustez txikia zarean arren ezta zu lango haundirik (B. Enbeita); Asmu hekiek guziak, ez diren arren bardinak, oro elkhar iduritsuak dira (Duvoisin); Izar dagon arren, illun gorotza da (Orixe); Gizon honen izena esan bihar dautsuet, berari atsegin izango etxakon arren: Julian Abando (Kirikiño).

Aditz partizipioarekiko moldea ia mendebaldeko literaturan bakarrik erabiltzen dela esan daiteke: Iparraldeko adibideak oso bakanak dira; -en menderagailua duen moldea, berriz, orokorra da: ekialdean eta mendebaldean erabiltzen da (nahiz partizipiodunak izan nagusi mendebaldean).

39.3.2c Aditzik gabeko egituretan ere erabili izan da arren sarri samar; batez ere bizkaierazko jardunean. Batzuetan, esanahiz kontzesiotik urrunduz, izenei eta izenondoei atxikirik: pozarren, lotsarren, Jainkoarren eta abar. Beste batzuetan, aditzaren elipsiaren ondorioz, ez + arren egitura arrunt samarrean: Baña, zuek ez arren, izan eban gizajeak nok adarra jo (F. Bilbao); Edertasun eta abotsik ez arren, ostera, zeozer onik izan behar eban, antza (F. Bilbao).

39.3.2d arren + ere: arren postposizioari ere diskurtso markatzailea lotu izan zaio, enfasia emateko-edo, zenbait kasutan; batez ere, baina, aditz jokatugabeko kontzesio perpausetan, mendebaldeko erabileran. Hona adibide batzuk: […] berak asko eta gazte frenu-gabeak izan arren ere, gertakizuna egiyaz, inguramen guziei ondo begiratu ezkero, mirari-modutzat euki leikeana (J. I. Arana); Gaia berez oso ona izan arren ere, era arrunt gordin eta nabarmenean azaltzen digulako eragotzi lezaiguke (M. Atxaga); Tentuan eta arretaz ibilli arren ere, zenbat ez-behar bide-bazterretan (M. Atxaga).

39.3.2e Arren-en erabilerei dagokienez, bestelako balio batzuk izan ditzake mendeko perpausak; aditzaren zer formarekin doan eta perpausaren barneko ordena zein den, halako balioa izango du:

Illustration

Zenbait gramatikatan esaten da helburuzko perpaus batzuek (aditz subjuntiboa dutelarik) aurretik iragarleren bat izan dezaketela; horien artean dago aurreko azpiatalean aipatutako nahiz(ik) eta; berdintsu, arren eta ere: Arren eta jin dadin… ekialdekoa da, eta batez ere literarioa dirudi erabilera horrek.

39.3.2f Nolanahi ere, mendeko perpausaren hasieran ez ezik (hori da normalena) aditzaren ondoren ere joan daiteke arren helburuzkoa: Eskaldun guzia da egun gonbidatzen / Has dadin izpirituz zerbeiten moldatzen, / Yakin dezaten arren gure ondokoek / Nolako gaiak zuzten hekin arbasoek (Hiribarren). Kasu honetan ez da adierazi nahi ‘nahiz jakin dezaten’, baizik ‘jakin dezaten (amoreagatik)’, ‘jakiteko’ edo horien antzeko zerbait.

39.3.2g Aditz jokatugabeko moldeei dagokienez, oinarritzat partizipioa hartu edo aditz izena hartu, perpausaren balioa aldatu egiten da:

KONTZESIOA: -tu arren. Amodioa nik ere badut / neskatxa gaztiarentza, / andre bat ona ekarritzen dut / hori izan arren beltza (Mattin); Behin batean Alkar gaixotu zitzaion, eta abel-sendalariari deitu arren, ez zan agiri ta ez zan agiri (G. Mujika).

HELBURUA/KAUSA: -tzearren. Putz egitiarren pezeta bi? Ez jauna; putz egiten jakitziarren (T. Etxebarria); Zuk irago dituzuz esturak, larritasunak eta neke gogorrak, zeure semeak aberats itxitearren (Iturzaeta); Bizia emango luke berari ontasuna ekartze-arren (Barriola); Akorda zaite, ni etsai hoietatik libratze-arren zure odola ta bizia eman zenduela (Kardaberaz).

Helburuzko eta kausazko balioa duten halako perpausak dagokien ataletan aztertuko ditugu xehekiago, kapitulu honetan kontzesiozko egituraz ari baikara.

39.3.2h Kontzesio perpausa ezezkoa denean, bi hurrenkera ditugu aukeran molde honetan ere:

a) [aditz partizipioa + ez + arren]: mendebaldeko testuetan batez ere. Gizonik hill ezarren, zaldija ohostu dauena (Frai Bartolome); […] ta huts eginak ezagutu bihar ditube teologijarik jakin ez arren (Mogel); Oraindio berandu izan ez arren, lehenbailehen jo beharko dute igitaiak gal-zuztarra (Barrensoro).

b) [ez + aditz partizipioa + arren]: gainerako hizkeretan batez ere. Baña, hoiek danak Pernandori gertatuak ez izan arren, Pernandoren izena len baño illuntxuagoa gelditzen ote da (G. Mujika); Pernando berriz, Salamancara ez joanagatik, ikastola bat zer zan ez jakin ta ere, irakurtzen ikasteko behar zuen erakusle bat ez arkitu arren, beti izango da gure artean gogoangarria, buruan beste askok etzuten argitasunak dizdiz egiten ziolako (G. Mujika); Barnez hotzak ez egon arren, ez dira berehala berotu (Orixe); Ez uste arren, katua xaguak ito Eibarren (Garate).

39.3.3. -gatik postposizioaren bidez eratuak

39.3.3a Motibatiboaren -gatik atzizkia aditz partizipioari lotuz osatzen dira molde honetako perpausak; ugariak dira adibideak literatura tradizioan; betiere, esan bezala, aditz jokatugabeak baliatuz eratutakoak. Aditz jokatuaren bidez (aditz jokatua + -en + -gatik) eratutako perpausen adibiderik ez da ia literatura tradizioan, eta, baldin bazen, ez da ezagutzen gaur egungo erabileran410. Aditz jokatugabea erabiltzea da -gatik-en bidez kontzesio perpausak eratzeko modu emankor bakarra gaur egun.

Aditzaren zein formari atxikitzen diogun postposizioa (aditz partizipioari edo aditz izenari), horren arabera zentzua aldatzen da. Lehendabiziko formaren bidez kontzesio perpausak lortuko ditugu batez ere (kausazko balioa duela ere erabili izan da zenbaitetan tradizioan); bigarrenaren bidez, kausazkoak edo helburuzkoak. Bietan, -a mugatzailea erabiltzen da.

-TUAGATIK → KONTZESIOA / (KAUSA)

Hankan min hartuagatik, lasterketa guztia osatu zuen.

Behin eta berriz esanagatik, ez didate kasurik egiten.

-TZEAGATIK → KAUSA / HELBURUA

Egia biribilak esateagatik baztertu dute.

Eskerrik asko bilerara etortzeagatik.

Sarrerak merkeago lortzeagatik egin ginen bazkide.

39.3.3b Esparru geografiko zabal samarra hartzen du kontzesio egitura honek (mendebaldean eta ekialdean erabiltzen da); badirudi, nolanahi ere, ez dela asko erabiltzen mendebaldeko testuetan.

Ekar ditzagun hona, handik eta hemendik, tradizioko adibide batzuk: Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta (Axular); Larru- gorrian ibilliagatik, ez ziran batere lotsatzen (Ubillos); Kanpoz pobre ta urrikarri ta umil agertuagatik, iduki lezake horrek barruna uste baino aberatsago ta harroagoa (Beobide); Emoidazuez arren bakotxak luma batzuk; jaioko jatzuez barrijak, ta ez jatzube igarriko gitxi batzuk kendubagaiti (Mogel); Pixka batian ez naiz ahaztuko / sartuagatik lurpian, / nere aitamenak izango dira / beste larogei urtian (Txirrita); Jendea plazan egonagatik / Prantzesari itxogiñez, / artasoroan etzanda ura / bapo siesta egiñez (Txirrita); Guzurretan iñok hartuagaitik etziran lotsatuten (Agirre).

39.3.3c Amaieran -an atzizki espletiboa ere erantsi izan zaio -tuagatik menderagailuari erdialdeko euskaran: Arrantzale jendia beti dabil justu, / saiatubagatikan ezin aberastu (Arrantzaleen bizitza); Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere iloba (Apaolaza).

39.3.3d Adibideetan ikusten den bezala, aldaera desberdinetan aurkitu dezakegu postposizio hau: -gaitik, -gaittik, -gaiti, -gatikan…

39.3.3e Egitura honetan ere, badira forma indartuak. Batetik, oso ohikoak dira ere diskurtso markatzaileak enfatizatutako kasuak: Eta nehork erranagatik ere ezetz, etzaitzula lagunduko, eztuzu sinhesten (Axular); Hala irudituagatik ere, ez naiz aske (Txillardegi); Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (Kardaberaz).

Bestetik, baditugu perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzaile bat txertatuta agertzen diren kasuak ere: hargatik, ordea eta abar. Jendek izanagatik gutaz erraiteko, hargatik sort herria ez dut mendratuko (Xalbador).

39.3.3f Bi eratara eman daiteke ezezko perpausa, beste moldeetan bezala.

a) [aditz partizipioa + ez + -agatik]

Lehendabiziko moldeak ez partikula aditz partizipioaren eta postposizioaren artean kokatua darama: Zuk ezer ekarri ezagatik, mahaian beti jarri dizut eguneroko ogia (Urruzuno).

b) [ez + aditz partizipioa + -agatik]

Bigarren hau da arruntena; honek aditzaren aurretik darama ezezko partikula: ez egonagatik, ez joanagatik eta abar. Berak ez izanagatik ere oro gure erlisione berekoek, eder eta ohoragarri zaizkote elizan eta kanpoan gure Fedeaz ematen ditugun ageri guziak (Zaldubi).

39.3.3g Kontzesiozkoak ez diren -gatik postposizioa duten molde batzuk ere badira, eta zerbait gaineratuko dugu haietaz.

Aditz partizipioari lotuta batez ere kontzesio balioa duela esan dugu; ez beti, ordea, bai baitira literaturan kausazko balioa dutenak ere411. Gaur egungo erabileran, ordea, kontzesio balioa nagusitu da -gatik postposizioa duten egituretan, eta bitxia da kausazko balioa duen erabilera. Eskerrik asko liburu aurkezpenera etorri izanagatik, eta halakoak entzuten dira gaur egun, han eta hemen, baina iruditzen zaigu aspektu burutua markatzeko erabiltzen dela gehiago forma hori, bestela zalantzarik gabe Eskerrik asko liburu aurkezpenera etortzeagatik erabiliko litzatekeelako.

Aditz izenari ere lot dakioke -gatik postposizioa, baina beste balio bat hartzen du halako moldeak: kausa-helburuzkoa (ikus 37-38 kapituluak). Hona pare bat adibide: Autoa gaizki aparkatzeagatik zigortu naute; Eskerrik asko lanean segitzeagatik.

Badu kasu honek lehenago aztertu dugun -tu arren egiturarekin paralelismorik; kasu honetan, bestean bezala, mendekoaren balioa aldatu egiten da oinarritzat hartzen duen aditzaren formaren arabera.

ARREN:

- KONTZESIOA:

-tu arren

- KAUSA/HELBURUA:

-tzearren

-GATIK:

- KONTZESIOA/(KAUSA):

-tuagatik

- KAUSA/HELBURUA:

-tzeagatik

39.3.4. Baina enklitikoaren bidez eratuak

39.3.4a Kontzesiozkoen kapitulu honen hasieran esan dugu menderakuntzaren bidez nahiz juntaduraren bidez eman zitekeela aurkaritza erlazioaren berri. Ekar ditzagun hona hango adibide batzuk:

Gaixo dagoen arren, kalera irten da (MENDERAKUNTZA)

Nahiz xentimorik ez duen, ardotarako beti izaten du zerbait (MENDERAKUNTZA)

Gaixo dago, baina kalera irten da (JUNTADURA)

Xentimorik ez du, baina ardotarako beti izaten du zerbait (JUNTADURA)

39.3.4b Esan dugu, halaber, bi egituren arteko erlazio semantikoa hain estua izanik ez dela harritzekoa aurkaritzako juntadura izatea kontzesio egituretako baten jatorria, atal honetan aztergai dugun egituraren jatorria, alegia. Har dezagun goiko adibideetako bat: Gaixo dago, baina kalera irten da. [A, baina B] egitura dugu hor. Egitura hori trukatu egin daiteke, eta [B, A-baina] bihurtu (tarteko pausuan baina lehen osagaiari atxikiz [A-baina / B]): Gaixo dago, baina kalera irten daGaixo dago-baina, kalera irten daKalera irten da, gaixo dago-baina.

Gertatu dena, beraz, izan da baina juntagailua, hasiera batean aurretik etenaldia zuena, aurreko osagaiari lotu zaiola (lehenbiziko perpauseko aditzari); ahoskeran (eta idazkeran ere bai) nabarmena da hori: batetik, azentuari dagokionez, aurreko aditzarekin unitate prosodikoa osatzen du baina-k; ezin du baina-k azentu nagusia hartu; bestetik, etenaldia gertatzen da baina-ren ondoren. Kasu batzuetan hurrenkera aldaketa ere gertatzen da. Enklitizazioa esaten zaio gertatu den prozesu horri, baina-ren enklitizazioa, klitiko bihurtzea412.

39.3.4c Distribuzio geografikoari dagokionez, erdialdeko eta mendebaldeko hizkeretan erabiltzen da baina enklitikoa, idatzizko jardunean nahiz ahozkoan, eta aldaera hauetan aurkitu daiteke, besteak beste, literatura tradizioan: baina, baiña, baña, baia, baie, baiño, baño

Hona, enklitizazio prozesu horren adibide batzuk: Kosta yatan baña, azkenian oratu neutxian belarrietatik txarrikume loditxuenari (F. Bilbao); Kosta jak baiña, azkenean asmatu dok biziera bardinbako bat (F. Bilbao); Marikontze eskallu, txatxala, eskel, petralari ta zuri, biori, arpegiko narrua kenduko deutsuet nik, neure atzamarrakaz, lodia daukazue baña (Agirre).

39.3.4d Baina enklitikoaren kokapenari dagokionez, gehienetan aditz jokatuaren ondoren, hari loturik, joan ohi da (baina enklitikoa daraman perpausaren azken muturrean gehienetan); horregatik esan ohi da egitura hauetan juntagailua baino gehiago menderagailua dela, bestelako menderagailuetan gertatzen den bezala aditzari lotu izan zaiolako baina enklitikoa (gauza bera gertatzen da eta enklitikoarekin kausazko perpausetan); horregatik ari gara aztertzen egitura mota hau menderakuntzaren barruan, beste kontzesio menderagailuekin batera.

Gainerako menderagailuekin batera sailkatu dugu, haiek osatzen dituzten perpausen distribuzio sintaktiko bera dutelako baina enklitikoaren bidez osatzen direnek. Berdin-berdin eman dezakegu ondorengo informazioa baina enklitikoaren bidez nahiz beste kontzesio menderagailuren baten bidez:

Gogo handirik ez dudan arren, egingo dut.

Nahiz gogo handirik ez dudan, egingo dut.

Gogo handirik ez dut baina, egingo dut.

Eguzkiak jotzen duen arren, hotz handia egiten du.

Nahiz eguzkiak jotzen duen, hotz handia egiten du.

Hotz handia egiten du, eguzkiak jotzen du baina.

39.3.4e Mendeko perpausek oro har duten mugikortasuna du, gainera, baina enklitikoa duen perpausak: berdin ager daitezke, adibidez, perpaus nagusiaren aurretik, ondoren nahiz haren barruan tartekatuta. Hona hemen adibide argigarri batzuk baina enklitikoa duen perpausaren mugikortasun horren berri emateko: a) perpaus nagusiaren aurretik: [Motza ta gauzak esango ditue nigaitik baina], ezagututen dot nik zeiñ zer dan ta zetan dabilen (Agirre); b) perpaus nagusian tartekatuta: Emazteak ostera, [diru zaletxoa zan baina], ezeban gura bere seme kutuna iñoren morroikintzan ikusterik: etzan horretarako hazia (Agirre); c) perpaus nagusiaren ondoren: Nik bi andregai izandu ditut, panplonesa ta bilbaina, emandakua hartu iten det [eskian ez nabil baina] (Txirrita).

Perpaus nagusian tartekatua agertze horrek erakusten du ez duela perpaus juntatu batek duen jokamolde sintaktikoa: baina hori perpaus juntatu batzuen arteko gailua balitz (juntagailua balitz), ezin izango litzateke horrela agertu; bi perpaus beregainen artean bakarrik joango litzateke: [A baina B]. Kasu honetan, ordea, hau dugu egitura: [B (A baina) B]. Lehendabiziko kasuan (juntaduran) A perpausa beregaina da, eta ezin izango da inoiz tartekatu juntatua daraman beste perpausean (B perpausean): perpaus juntatu batek ez du halako mugikortasunik; hala genioen EGLU-IV liburukian (9). Bigarrenean, berriz, baina daraman mendeko perpausa litzateke A hori, mendeko perpaus adberbial asko bezala mugikorra dena.

39.3.4f Baina enklitikodunetan gertatzen diren ordena aldaketa horiek, gainera, ez dakarte esanahi aldaketarik; perpaus juntatuetan gertatzen diren ordena- aldaketek, berriz, EGLU-IV liburukian (9-10) esan genuen bezala, esanahi aldaketa dakarte berekin.

Bi baina horien distribuzio desberdinek adierazten dute aztergai dugun egitura honetakoa ez dela juntagailua.

39.3.4g Gorago esan dugu baina enklitikoa aditz jokatuari lotzen zaiola gehienetan (horren lekuko dira azpiatal honetara bildu ditugun adibide gehienak), aditza non-nahi doala ere. Aditzari lotze hori ez da, hala ere, beti gertatzen: inoiz, beste osagai batzuk tartekatzen dira aditzaren eta partikularen artean (erabilera horretan, menderagailuen jokaeratik zertxobait urruntzen da baina enklitikoa: haiek beti doaz aditzari lotuta)413.

Menderagailu bete-betea behintzat ez da, beraz; are gutxiago halako perpausetan gertatzen den beste fenomeno bati erreparatzen badiogu: adizki alokutiboak erabiltzen dira baina enklitikoa duten perpausetan; mendeko perpaus hutsetan, berriz, ez da halakorik gertatzen (ikus EGLU-IV: 8). Hona adibide pare bat: Asko ta asko yagozak, mutil, Mezatarako beti nagi aurkitxen diranak, beste gauzetarako bizkorrak ixaten dozak baña (Kirikiño); Txakur txikirik be eneukian patrikeran, gaur be asko gehiagorik etxekoat baña (F. Bilbao)414.

Iritziak iritzi, indartsuagoak direlakoan gaude baina enklitikoa menderagailuekin lotzen duten argumentuak haietatik bereizten dutenak baino. Juntagailuen distribuzioaren guztiz bestelakoa du baina enklitikoak, eta menderagailuenaren oso antzekoa du, nahiz ez dituen haien ezaugarri guzti-guztiak.

39.3.5. -tuta ere / -turik ere / -tu gabe ere / -tu ezik ere

39.3.5a Aditz partizipioan oinarritutako mendeko perpaus adberbial batzuei ere erantsiz osatzen dira bi egitura hauek, kontzesio egituren artean maiz erabiliak direnak.

-turik ere menderagailua ekialdean erabiltzen da batez ere (mendebaldeko idazle batzuek ere erabiltzen dute), eta -tuta ere, mendebaldean (bizkaierazko testuetan, be(re) forma hartzen du: -tuta bere). Erruz erabiltzen dira bi egiturak kontzesioa adierazteko.

39.3.5b Ekar ditzagun lehenik eta behin bi moldeen adibide batzuk.

-tuta ere: Hagaitik diño Espiritu Santubak, gaztiak gaztetan hartuten daben bidiari, zahartuta bere ez deutsala itxiko (J. J. Mogel); Honelanguentzat da kaltetsuba konfesino jenerala; bada hamar eginda bere, bihurtuko dira lehengo bildurretara, ta kenduko ditubalako ustian, gehituko jakoz (Mogel); Guztiak bat eginda bere, ezin konjurau legije endemoniadu bat (Frai Bartolome); Baina gabak ordubak emonda bere, ez dira palta, ez plazaan, ta ez bideetan neskaak, eta mutilak (Frai Bartolome); Zur egonda ere beti zorigaitzak atzematen gaitu (Orixe); Egiñalak eginda ere, ezin astoa mogitu (G. Mujika); Hoiek guziyak adituta ere andria etzan jaikitzen (Txirrita); Seiretan mugituta ere badiñagu aski denbora (Etxaide); Eskua moztuta ere axeriak axeri gelditzen dira; hankaezurrak hausita ere otsoak beti otso (Agirre).

-turik ere: Hitz laburtxuak izanik ere, horiek jakin bihar dira noiz ta nola esan (Beobide); Zure lana ederki eginik ere, ez dautzute eskerrik izanen (Lafitte); Hogoi, hamabortz, hamar, bia, bat, batere; / Bihi bat ez ageri, bilhaturik ere (Hiribarren); Bainan luzaturik ere, herioa bethi heldu da (Hiribarren); Bizia nahi duzun beste luzaturik ere, beti iruditzen zaigula labur (Villasante); Axalean zertxobait aldaturik ere, bizimodua, uste, iritzi eta sinesteak ohiturazkoak ziren, gurasoengandik zetozenak (Mitxelena).

39.3.5c Esaldi hauek moduzko, baldintzazko eta denborazko ñabardurak ere izan ditzakete.

Nola egiten dira mendeko perpaus hauen ezezko formak? Aukera bat baino gehiago dago hemen ere: hiru molde erabil daitezke, adibide hauetan ikusiko dugun bezala:

[ez …-tuta ere], [ez …-turik ere]

Hain ona ez izanda ere, lur gose xamarra izan arren, ondo bakandua ta iñausia izan bada, hektareako hamar metro gutxienez ematen ditu urtean (Munita); Baiña ez jakinda ere, une bakoitzeko sentipenak erakusten dio zer egin behar duen (Villasante). // Hamasei hilabethetan aldatzen dira bazterreko hortzak, eta hekien ordainak, ez izanik ere hain xuri, hazkarragoak dira (Duvoisin); Gelan dagoen nor-nahik ikusiko du, mediumtasun izpirik ez izanik ere (Mirande).

[-tu ezta ere], [-tu ezik ere]

Bildur naiz, ondore hori, zuek nahi izan ezta ere, ez ote duten zuen ikasleek aterako (Villasante); Goi ta beko maizterrak, oso aberatsak izan ezta ere, bai ongitxo jaioak, txurikerietan ta gezur goxoak esaten aski ohituak, arpegiz arpegi Don Juan deituarren, gero atzetik, Juan Amots esaten zioten (Agirre). // Hobe lizake, noski, legeok zuhur ba’lira: izan ezik ere, bete beharrak genituzke, haren ustez, matxinadarik sor eztedin (Zaitegi); Esteberen anaiak egin-aitorra aintzakotzat hartu ezik ere laguna salbatu beharrez, beste artzaien aitorrak ontzat jo beharrekoak ziran (Etxaide).

[-tu gabe ere]

Emakumeai urteak galdetzea itsusia da. Galdetu gabe ere badakizkitzu zenbat ditudan (Barriola); Haragia jan gabe ere, jasoko dizkiat bai nik hemengo zaku habek (S. Salaberria); Ni ganik ihes, deus gaizkirik egin ez dudalarik, deusetan kondenatua izan gabe ere (Larzabal); Entzunen zutela zioten guziek, jakin gabe ere zeren galdatzerat zohan (Laphitz).

39.3.6. (Baldin) ba-… ere, -tuz gero ere: baldintzazkoetan oinarrituak

39.3.6a Kapitulu honen lehen atalean, aipatu dugu baldintza perpausetako protasiari ere gehituz kontzesio egitura bat era daitekeela (lehenago ere aipatu genuen, EGLU-VII liburukian: 186-187)415. Normalean, aditz jokatudunekin gertatzen da hori gehiago jokatugabeekin baino. Lehendabizikoa bigarrena baino arruntagoa da:

Lagunek eskatzen badidate ere, ez naiz etxetik aterako.

Lagunek eskatuz gero ere, ez naiz etxetik aterako.

Beste kontzesio egitura batzuetan, -ela/-elarik eta -tuta/-turik menderagailuak dituztenetan, moduzko perpausari ere eransten diogun bezala, kasu honetan baldintza perpaus bati atxikitzen diogu. Baldintza horretan esaten dena gorabehera, protasitik ondorioztatzen denaren kontrakoa adieraziko du perpaus nagusiak.

Nolanahi ere, bigarren atalean aipatu dugun puntu bat gogorarazi nahi genuke hemen; han esaten genuen edozein perpaus baldintzazko ezin zitekeela kontzesio perpaus bilakatu ere hartu ondoren. Zerikusia du horrek, noski, kontzesio perpausek galdegai izateko duten ezintasunarekin. Hala, galdegai ez diren baldintza perpausak bakarrik bilakatu ahal izango ditugu kontzesiozko, mintzagai direnak.

39.3.6b Baldin marka baldintza perpausetan erabiltzen den bezala, era honetako kontzesio perpausetan ere erabil daiteke. Haietan bezala, hautazko elementua da (ikus 34. kapitulua).

Baldin hori mendeko perpausaren hasieran koka daiteke, aditzetik bereiz, edo aditzari aurretik loturik. Hona baldin-en mugikortasuna erakusten duten bi adibide: Bainan ez; baldin jaun done Inaziok erakutsi izan badu-ere saila, ez da gutiago egia orhea eta orhapena, guziak aita Kardaberazi zor diotzagula (Duvoisin); Bada, ez balin-banaki-ere ala aphalgura, ala hanpurus naizen, ariarik aski banuke hanpurus naizela uste izateko (Duvoisin).

Mendeko perpaus luzeak diren kasuetarako gerta daiteke baliagarria baldin-en aurreko muturreko kokagune hori, Lafittek berak dioen moduan (1944: § 784). Adibidez, honako kasu honetan: Eta baldin ungiz oraino baino rigoroskiago eta gogorkiago punitu nahi bagintuk-ere: eta plaga baten lekhuan ehun rezebitzeko gintuen orduan-ere: eta are berze orduz heure Israeleko populuaren falten korrejitzean usatu ukhan duan maledikzione guziak gure gainera eror balitez-ere, konfesatzen eta kontradikzionerik batre gabe aithortzen diagu zuzen onez eta mereziz gintukeela (Leizarraga).

Ba-… ere kontzesio egituran ere-k mendeko aditz jokatuari jarraitzen dio normalean, ez beti, ordea: Ezen berak ez badu maite ere, ez du jasango berea zelako gizona beste batena izatea (Mirande); Io badeza dardoaz ere gorputzaren erditik (Etxepare).

39.3.6c Ba-… ere egituraren klixe bihurtutako erabilera bat ere badugu: aditz komunztadurarik onartzen ez duena eta ahozko hizkuntzan behintzat ba-… ere kontzesiozko arruntak ez bezala ahoskatzen dena (ikus EGLU-III: 76-78). Erabilera zurruna du, finkoa, murritza; beti adizki berarekin eta forma berean. Diskurtso markatzailea da gehiago kontzesio egitura emankorra baino.

Hori badare egin behar dugu.

Egizu hori badare.

Egin itzazu horiek badare.

*Egin itzazu horiek badira ere.

39.3.6d Bestalde, ere-rik gabeko ba-dun egitura batzuek, zuzentasunaren mugan betiere, kontzesio balioa izan dezakete: ez da berez kontzesiozko forma, baina batzuetan, testuinguruak lagundurik, erabil daiteke kontzesioa adierazteko: Triste bazaude, ez duzu ezagun; Joxe euskaraz ondo mintzatzen bada, haren anaia ez da batere ondo moldatzen.

Horren antzekoa litzateke gaur egun ugaltzen ari zaigun erabilera bat; inongo aurkaritzarik izan gabe ere, kontzesiozko moldeetara jotzen da berez juntadura bidez egin zitekeen kasu batzuetan: Errealak galdu badu ere, Osasunak irabazi egin du.

39.3.6e Bukatzeko, aipatu nahi genuke ba-… ere duten egitura batzuk ez direla, beste kasu batzuetan gertatzen den bezala, nahitaez kontzesiozkoak. Adibidez, honako hauek kontzesio balioa baino gehiago dute baldintzazkoa: Etxera noa, norbait etorri bada ere; Etxea garbi eduki behar dut, norbait badator ere; Norbaitek preguntau ezkero be lotsagarria da zer erantzun ez jakitzia (San Martin); Beha ginauden, guardak iraganen baziren ere (= pour le cas où le douaniers paseeraient) (Lafitte 1944: § 889)416.

39.3.6f Aditz jokatugabeko moldeei dagokienez, -tuz gero + ere, -tu ezik + ere, -tu ezean + ere, -tzera + ere egiturak ditugu, gehiegitan erabiltzen ez direnak, bide batez esateko. Gotzon Garatek (1988) dio -tuz gero ere egitura gramatiketatik jaso duela, ez baserrietatik. Ez nuke nik, ahal izanez gero ere, inor joatera behartuko (Mitxelena 1988a); Haur da hirurgarren erremedioa, emaztetarik begiratzeko, hekin ez kutsatzeko, eta kutsatuz gero ere, garbitzeko, gogoaren deliberamendua, borondatearen bertze aldera deliberatuki itzulirik iartzea, eta egoitea (Axular).

Batzuetan, gainera, denbora kutsua du kontzesiozkoa baino gehiago. Honako hauek, adibidez: Bigarrena, sortu zela gelditurik Andre dana Maria erdi baino lehen, erditzean, eta erdiz gero ere Birjina (Materre); Mundu honetan alkar batzandurik, ta nastaurik bizi dira onak deungekaz: hil ezkero bere, toki baten lurpetuten dituez: baña Judizioko egunean ezta halan izango (Añibarro).

39.3.6g Aditz jokatugabeekiko egituretan, zalantzarik gabe -tuta ere egitura da -tuz gero ere egitura baino askoz erabiliagoa kontzesioa adierazteko. Eskua moztuta ere axeriak axeri gelditzen dira; hankaezurrak hausita ere otsoak beti otso (Agirre); Hoiek guziyak adituta ere andria etzan jaikitzen (Txirrita); Bertsolari bat ez bada haizu hoinbesteren esatera, berriz baimena lortuta ere ez noa kantuz hastera (Xalbador).

EGLU-VII liburukian, baldintzazko perpausak aztertu genituenean, esan genuen ere eranstean sarritan kontzesiozko balioa lortzen zela, baina -tzekotan atzizkiaren kasuan ohikoena baldintzazko adiera dela. Adibide hauek gaineratzen genituen: Gaiñera, hastekotan ere, ez ezkonduarekin hasi, holakuak ez baidute sekula atarramentu onik ekartzen (Etxaide); Lehenbiziko horrek badu kide zaharragoa eta hedatuagoa, noski, eta, erabiltzekotan ere, beti bezala hitz batean idaztea aski dugu (Mitxelena 1972b).

Lehenengo adibidean, adierazten da, norbaitekin hasi behar badu, hobe duela ezkonduekin ez hasi; bigarrenean, hitz bati buruz ari delarik, hitz hori erabili nahi bada, nola idatzi beharko litzatekeen gomendatzen da. Baldintza adierazten da, eta ez kontzesioa.

39.3.7. -ela/-elarik + ere

39.3.7a Moduzko bi menderagailu horiei ere gehituz eratzen diren egiturak aztertuko ditugu atal honetan.

Berdin al da kontzesio perpausa hauek ere-rekin eta hura gabe ematea? Galdera horri erantzuten ahaleginduko gara ondorengo lerrootan.

Zenbait gramatikatan, menderagailu hutsezko formak kontzesiozko egituren artean sailkatu izan dira. Lafitterenean, adibidez, hala gertatzen da -elarik-en kasuan. Adibide hauek ematen ditu bere gramatikan: Deus ere ez dakielarik, jakintsunaren fama bildu harek (Lafitte 1944: § 885); Sei urthe dituelarik, zer uste duzu ongi dakiela katichima (Lafitte 1944: § 762).

Guk ez ditugu gauzak hain argi ikusten. Gure ustez, kontzesioa adierazteko, era askoz garbiagoa da menderagailu horri ere eranstea. Horrekin ez dugu esan nahi goiko bi adibideek kontzesio baliorik ez dutenik; bai, ordea, ez direla zehazki kontzesioari lotutako formak. Balio dezakete, testuinguru jakin batzuetan, kontzesioa adierazteko, baina ez da hori kontzesioa adierazteko forma arrunta. Gauza bera esan dezakegu kontzesio balioa izan dezaketen beste forma batzuei buruz ere, nahiz berez kontzesioari lotutako formak ez izan. Adibidez, honako hauek: Gaixorik dago eta kalera doa; Euskalduna da eta erdaraz ari da beti; Hain eri baitzen, ez zen batere izitu (Lafitte 1944: § 885).

39.3.7b Pragmatikaren aldetik, ezin esan kontzesiozkoak ez direla, baina proposizioen arteko joko semantikoei esker; sintaxiaren aldetik, baina, ez dira kontzesiozko egituren artean sartzekoak eta bidezko juntadura nahiz bait- menderagailua duen perpausa.

Era horretako egiturez § 39.3.12 azpiatalean mintzatuko gara, aipatzeko besterik ez baldin bada ere.

-ela eta -elarik berez kontzesiozko formen artean sartzeko zalantzak direla eta, horretarako arrazoi bat baino gehiago ditugu.

Batetik, literatura tradizioan ez dira adibide asko huts-hutsean hala emanik kontzesio balioa dutenak. Ta zuek, indartsuak zaretela, laguna behar dezute zugatz zirzil bat gurdira jasotzeko (Agirre); On da guretzat zenbait aldiz kontra errailleak ditugun eta paira detzagun, bai eta gutaz iujeamendu gaixtorik eta makurrik eman dezaten, ongi egiten dugularik, eta intenzione onarekin (Pouvreau); Euskal deitura duelarik, ez gaitu gehiegi maite euskaldunok (Mitxelena).

39.3.7c Bestetik, ere gabe doazenean, menderagailu hutsa nahikoa iruditu ez, eta beste “laguntza” batzuez baliatu izan dira idazleak kontzesio balioa ziurtatzeko. Horietako bat da perpaus nagusian nabarmenduta eman dugun aurkaritzako diskurtso markatzaile bat edo juntagailu bat sartzea: Ordea gaitzetik heldu den beheramendua maite dugularik, guzia gatik re hura ekharri duen gaizkia erremediatu behar dugu on eta zuzenezko diren bideez, guzien gainetik guk egin gaizkia kontuzkoa eta seinalatua denean (Pouvreau); Halakoak behar handia dute midiku espiritual on baten eskuetan erorteko; zeren nola bihotzeko kharmintasun hura baitute sorkuratik, gaitz da hari garaitzea, eta berez bekhatu eztelarik, bainan eskas-makhur bat xoilki delarik, guziarekin ere perillosa da, zeren, hura dela bide, iujeamendu arinak eta gaizki erranak sartzen eta nausi iarten baitire ariman barrena (Pouvreau); Iainkoak athera zaitu ezdeus hartarik zure egitea gatik zaren bezalakoa, zure beharrik etzuelarik, bainan bere ontasun hutsaz (Pouvreau); Konzientziak minzatzen usatua eztelarik, eztaki alabaina ixilik ere egoiten (Axular).

39.3.7d Horiekin batera, erabiltzen den baliabide nagusia da ere eranstea, -ela/-elarik menderagailua huts-hutsean eman beharrean. Lehenago ere (§ 39.2) aipatu dugu diskurtso markatzaile horrek kontzesioa adierazteko duen garrantzia; kontzesio molde askotan aurkitzen dugula, baita horien baliokide izan daitezkeen aurkaritza diskurtso markatzaileetan ere; era berean, ere zenbait perpausi erantsiz gero, perpaus horri kontzesio balioa ematen diogula ere esan dugu: adibidez, baldintzazko eta moduzko perpausei. Aukera guztien artean, muga-mugako kasu bat hartzen da, perpaus nagusian adierazteko hala ere hortik ondoriozta dezakeguna ez dela betetzen.

Alferra bada, ez dute lantegian hartuko.

Langilea bada ere, ez dute lantegian hartuko.

Zaharkitua zaudelarik, ez duzu maratoia bukatuko.

Sasoi betean zaudelarik ere, ez duzu maratoia bukatuko.

Jakina, ez gara esaten ari -elarik duena ere-rik gabe ere eman ezin daitekeenik, kontzesio baliorik ez duenik; baina ziurragotzat jotzen da ere eta guzti ematea, hori gabe zenbaitetan ilun geratuko litzatekeelako. Adibide kopuruetara begiratzen badugu ere, konturatzen gara askoz ugariagoak direla ere dutenak gabeak baino; aitortu beharra dago, nolanahi ere, -ela ere eta -elarik ere egitura duten adibideak ere ez direla oso ugariak417. Ekar ditzagun literatura tradiziotik horietako batzuk: Hura berriz, txit bihotz oneko zala ere, hasarrekor zan (Orixe); Begira ea egin izan dozunez guzurraren ganeko yuramenturik; bada guzur txikia ta txantxazkoa dala bere, beti da bekatu mortala (Añibarro); […] da harako don Pablo baten gizara, zahar-zaharra zala bere, herririk herri ebillen Iesukristoren legea zabaltzen, bere gaztetako gaiztokeri guztiak autortuaz (Agirre); Gazte samar geralarik ere, […] ari gatzaizu […] munduko berri ikasten (Lizardi); Mundu huntan bizi zareiño nahi eztuzularik ere ganbiakor izanen zare (Xurio); Gainerako lagunek, bizi eta egiazko direlarik ere, itzaliak dirudite haren aldean (Mitxelena 1988a).

39.3.7e ere-ren laguntzarekin ere, ordea, badira anbiguo edo ilun gerta daitezkeen kasuak; alegia, kontzesioaz bestelako interpretazioren bat izan dezaketenak. Beste zenbait moldetan gertatzen den bezala (ba-… ere-ren kasuan eta -tuz gero-renean, adibidez), ikusiko dugu -ela(rik) ere duten adibideak ere ez direla nahitaez kontzesiozkoak; bestelako balio batzuk ere izan ditzaketela.

Batzuetan argi dago ez direla kontzesiozkoak; beste batzuetan ez dago hain argi kontua. Izan ere, muga irristakor samar batekin egiten dugu topo hemen, -ela edo -elarik hutsa duten kasuetan bezala: denbora, modua, kontzesioa… Batzuetan ez da erraza horietako zein balioren aurrean gauden jakitea418.

Denborazko edo moduzko interpretazioa ere eman dakieke zenbait perpausi; hona batzuk: Horiek, ordea, egonik ez dute, ez baitaude, iges baitoaz. Nor doakie atzetik haragi-irritsez? Nork atzeman, bertan daudela ere? (Orixe); Trintxera haietan ura zegoan, bañan, nahi ez genduala ere, lo hartzen genduan; lo premi handia baigenduan (S. Salaberria); Eta Gabirian behi-kontu nebillela ere, makiña bat aldiz egon nintzan negarrez gure aita eta ama gogoratuta, pentsaturik ez nituala gehiago ikusiko (S. Salaberria); Txikiago zala ere orobat izan zituen, ta estasis hoien testigua Aioa izandu zan (Kardaberaz); Ta jan-zahar dagola bere, edateko beti gertu dabillen ezkero, maskartu ta txatxartu da errime, Nikanor mutil gaztea (Erkiaga).

39.3.7f Distribuzio geografikoari dagokionez, oro har -ela-duna mendebaldekoa da eta -elarik duena ekialdekoa. Mendebaldean -ela ere baino gehiago erabiltzen da, nolanahi ere, aditz jokatugabea duena (-tuta ere). Izan daiteke interpretazioaren aldetik aipatu berri dugun desabantailagatik? Baliteke; hala ere, gogorarazi behar dugu aditz jokatugabea dutenak ere ez direla erabat gardenak interpretazioaren aldetik, hauek ere bai baitute jokatudunek duten arazo hori419.

39.3.8. Galdetzailea + ere + bait-/-en

39.3.8a EGLU-V liburukian (248) aztertu genuen erlatibozko molde baten eite handia duela kontzesio egitura honek; korrelaziozko perpaus erlatiboak deitu genituen han; perpaus erlatibo horietan izenordain bat izaten da, perpaus nagusiko erakusle anaforiko baten aurrekaria dena; perpaus erlatiboko aditzak, berriz, bait- menderagailua darama. Korrelazioa izenordainaren eta erakuslearen artean gertatzen da: Nor ere baitago nitan ta ni hartan, eta harek ausarki ekartzen du fruitu (Leon).

Liburuki hartan bertan (EGLU-V: 251) aipatzen da badela era horietako perpaus erlatiboen eta kontzesiozko mota baten arteko harreman handia, zenbait kasutan interpretazio bikoitza izateraino. Han esaten da testuinguru egokietan kontzesio balioa izan dezakeela izenordainak, eta horren ondorioz kontzesio balioa hartzen dutela perpaus horiek:

Non ere gordetzen baita, ez zaigu handik eskapatuko.

Nork ere salatuko baitu, hari ez zaio barkatua izanen.

Kasu hauetan, interpretazioa erlatibozkoa ez ezik kontzesiozkoa ere izan daiteke:

Gordetzen den lekutik ez zaigu eskapatuko (ERLATIBOA)

Salatzen duenari ez zaio barkatua izanen (ERLATIBOA)

Edozein lekutan gordetzen dela ere, harrapatuko dugu (KONTZESIOA)

Nornahi dela ere salatzen duena, ez zaio barkatuko (KONTZESIOA)

39.3.8b Hala ere, normalean kontzesio balioa duten perpausetan ez da korrelaziorik izaten izenordainaren (galdetzailearen) eta perpaus nagusiko erakusle anaforikoaren artean, bigarren hori ez baita agertzen.

39.3.8c Menderagailuari dagokionez, bai -en eta bai bait- izan ditzake halako kontzesio perpausetako aditzak.

Ekar ditzagun hona adibide batzuk:

a) -en menderagailua dutenak: Zonbat ere jauna den (pour seigneur qu’il soit) (Lafitte 1944: § 885); Zeiñ ere zeran handi ta luze, eztezu iritxiko (Larramendi); Eztezazula niholatako mandaturik enzun, zein ere aitzakiagatik nahi den (Pouvreau); Baña zein ere handiak liraken irabazte horiek, ez lukee pits bat balioko (Mendiburu); Zein ere ondasun ugariak dituen batek, gizonaren bizia eztago ondasun asko izatean (Iraizoz); Ciceron tristea, lurreko onragatik, bere erretorika guziaz zeñ ere zan, ta lenago alegin guziaz prestaturik zeñ ere zegoen, halere […] hutsegiteko bildurrak beti (Kardaberaz).

b) Bait- menderagailua dutenak: [Jonathas] etzitzaion batere bekaxtu Dabiti, zenbat baitzen ere arrotza (Larregi); Zenbat flako bai zare ere, zerbitzatu gogo duzun Jainkoak borthiztuko zaitu (Baratziart); Zein haundi baitire, gu iduriak dira erregeak (Arotzarena); Zer izanen baita ere ethorkizunaz, gero Iainkoaren miserikordiara ihes eginen badugu ere, orai eskuen gaiñean, presentean eztugu plazerik utzi nahi, eta penarik hartu (Axular).

39.3.9. Banakaritza egiturak

39.3.9a Aurrerago, § 39.3.1. azpiatalean, aipatu dugu badela nahiz marka duten kontzesio perpausen egitura distributibo bat; esan daiteke kontzesioa adierazteko egituretako bat izan daitekeela banakaritza ere. Ekar dezagun hango adibide bat: Nahiz dela euria, nahiz (dela) eguzkia, kalera aterako naiz.

EGLU-III liburukian (17-18) aipatua dugu banakaritza deitutako juntadura mota hori. Han esaten da era honetara gauzatzen dela banakaritza edo distribuzioa:

hitz edo partikularen bat errepikatuz,

alborakuntza hutsez (juntagailurik gabe) edo juntagailuren baten bidez (eta, edo, nahiz, zein, ala) loturik. Juntagailua bera ere errepika daiteke (edo … edo …; nahiz … nahiz…).

39.3.9b Era askotakoak dira, beraz, euskaraz egitura distributiboak edo banakaritzazkoak: errepikatzen den elementuaren arabera eta erabiltzen den juntagailuaren arabera, kontaezinak dira konbinazioak.

39.3.9c § 39.3.1. azpiatalean eman ditugu nahiz daramaten egitura distributiboak; hangoei honako hauek gehitu behar zaizkie, menderakuntzaz ari garelarik —adizkiak (edo menderagailuak) errepikagai diren kasuak ditugu (alborakuntzaz nahiz juntaduraz)—:

Dela A dela B, + Perpaus Nagusia: Dela zurekin dela zu gabe, ni banoa; Gizon gazteak alabainan, dela argitzeko, dela bere adin ederraz gozatzeko, nahiago hiri handia (J. Etxepare).

Izan dadin A, (juntagailua) izan dadin B, + P. Nagusia: Izan dadin egunez, izan dadin gauez, iristen zarenean kasu egin; Zeren, zurea balinbada, semea izan dadin, edo izan dadin alaba, ez baitu aitaren egiterik (J. B. Elizanburu).

Subjuntiboa A, (juntagailua) subjuntiboa B, + P. Nagusia: Zurekin eraman dezazun ala etxean geldi dadin, nik ez dut ikusiko.

Batzuetan bigarren adizkia isilduta ere bai: Zezar-en adichkide izan dadila ala etsai [ø], ez diote barkatuko (Lafitte 1944: § 760).

Dela A, nahiz (eta, edo) dela B, + P. Nagusia: Dela zurekin nahiz dela zu gabe, ni banoa; Eguraldi ona dela edo txarra dela, kalera irtengo naiz.

Juntagailua ere izan daiteke errepikagai:

Edo A -ela, edo B -ela, + P. Nagusia: Edo hau falta duela edo bestea falta duela, beti eskean dabil; Ikasi behar dituzu, edo elizara zatozela, edo liburuaz edo bestez baliatzen zerala (Agirre Asteasukoa).

Hona, bestalde, aditz jokatugabea oinarritzat hartuz osatuak:

Nahiz A aditz partizipioa, nahiz B aditz partizipioa, + P. Nagusia: Nahiz goizean joan nahiz arratsaldean (joan), lanean aurkituko duzu; Ekusiko dituzu […] asko emakume […] jauntzi mota berriai jarraitzen nahiz etxea gaizki geratu, nahiz etxeko pakea galdu (Agirre Asteasukoa).

Zein A aditz partizipioa, zein B aditz partizipioa, + P. Nagusia: Zein bekatu guztia ezkutatu, zein estalgarriekin eskusatu, oro bat da (Mogel).

Aditz partizipioa A, aditz partizipioa B, + P. Nagusia: Goizean joan, arratsaldean joan, lanean aurkituko duzu; Goiz izan, berandu izan, nik lanean jarraituko dut; Egunak etorri, egunak joan, ez da bere onera etortzen Pantxika; Ibili eta ibili, ez zuen herririk ikusten.

Banakaritza kasu guztietan balioa bertsua dugu; EGLU-IV liburukian emendiozko juntaduran (bai … bai; ez … ez) eta hautakaritzazkoan (nahiz … nahiz; zein … zein) bereizita ageri badira ere, guztietan “orobatasun”ezko deitu dezakegun balioa dugu, indiferentziazkoa, alegia: berdin zaigu bata zein bestea, aditz nagusian adierazten dena gertatuko da. Batzuetan, banakaritzako bi kasuak (gogorarazi nahi dugu, bestalde, bi juntagai baino gehiago ere izan daitezkeela egitura distributiboetan) muturrekoak izaten dira (goiz izan, berandu izan); beste batzuetan, besterik gabe juntatzen diren bi perpaus, muturrekoak izan beharrik ez dutenak; gertukoak ere izan daitezke: Lagunekin irten dela, familiarekin joan dela, gaur ere Olatz ikusi gabe gelditu gara.

39.3.10. Perpaus erlatiboan oinarrituak: datorrena datorrela…

39.3.10a “Axolagabetasuna” dei genezakeen zerbait adierazten da kontzesio mota hauetan ere, indiferentzia: berdin zaigu zer gertatzen den, edozer gertatuta ere, den egoerarik muturrekoena edo makurrena gertatzen dela ere, horretatik ondoriozta dezakegunaren kontrakoa gertatuko da perpaus nagusian. Diren posibilitate guztiak hartzen dira kontuan, berdin zaigula esateko, posibilitate horietako bat gogoan dugula (normalean muturreko kasu bat) perpaus nagusikoa beteko dela esateko.

Honako hau da halako perpaus moten egitura osoa:

P. erlatiboa + aditzai + -eN + erlatiboaren burua + hondarkia + aditzai + -eLA

Den lekuan dela, aurkituko dut.

39.3.10b Erlatiboaren buruak ez du nahitaez agertu behar. Ikusi berri dugun adibidea eta honako hau, adibidez, burudunak dira: Dabilen tokian dabilela, ez da alferrik galduko. Hauek, berriz, ez: Datorrena datorrela, zuk segi zeure martxan; Dakiena dakiela, ez naiz Joxeren beldur.

Egitura honetako parte den perpaus erlatiboa nahiko murritza izaten da normalean. Askotan aditza bera bakarrik erabiltzen da (Den lekuan dela; Dabilen lekuan dabilela). Bitxiagoak izaten dira zenbait osagai dituzten perpaus erlatiboak: Gure etxera gaur goizean goiz datorrena datorrela, ez diot atea irekiko.

39.3.10c Egitura hauetan, bestalde, ikusi dugu bi aditz daudela: perpaus erlatibokoa eta -ela menderagailua daramana; bi aditz horiek berbera izan behar dute halako egituretan: horregatik jarri diegu biei azpi-indize bera goiko formulan. Ez dira egokiak bestelakoak: *Dagoena datorrela, …; *Dabilena datorrela, …

Berbera diogunean ez gara ari aditz erro berari buruz bakarrik, baita aditzaren denbora eta aspektu ezaugarri berari eta pertsona berari buruz ere: *Datorrena zetorrela, …; *Datorrena etortzen dela, …; *Etorriko dena datorrela, …; *Datorrena datozela, …

Orain arte adizki sintetikodun adibideak aipatu ditugu, ohikoagoak direlako, baina horrek ez du esan nahi adizki analitikoekin ere egin ezin daitezkeenik egitura hauek. Hona adibide bat: Eraman nazak Lea ikustera, kostatzen dena kostatzen dela (X. Amuriza).

39.3.10d Erabileraren poderioz, finkatutako egiturak sortzen dira askotan, batzuk erabat lexikalizatuak: Dena dela (baina *Zena zela, ez genion kasurik egin); Dena den (baina *Zena zen)

39.3.10e Egitura honek adizkirik gabeko beste egitura baten antza du; orain arteko kasuetan perpausez mintzatzen ginen (eta, beraz, aditzez), eta oraingoan izenez arituko gara, errepikatzen diren izenez. Lehen aditzekin bezala, orain izenekin ere gertatzen da gauza bera, forma desberdinean “errepikatzea: iritziak iritzi, …; usteak uste, …; kontuak kontu, …; legea lege, …

Balio bertsua dutela esan daiteke; desberdintasuna, batean aditzak erabiltzen direla (perpausak), eta bestean izenak ditugula (izen sintagmak); agerian behintzat.

Hona esapide hauen egitura:

Izenai + mugatzailea + izenai + -Ø (mugagabea)

Iritziak iritzi (direla), …Iritziak iritzi, …

Ekar ditzagun hona aipatu ditugun egituren adibide batzuk: Zarena zarela, oker zaude zure ustean (Etxaide); Datorrena datorrela, baietza emon bihotz- eske datorrenari (Erkiaga); Euskaldun izakerearen zabaltzaillea izan gura neuke nabillen tokian nabillela (Agirre); Baiña egozan lekuan egozala, ezagun izaten zan Mendiolan nagusi-etxekoandrak zeintzuk ziran (Agirre); Eta, degun suertea degula, berdin geldituko gaitun (J. M. Barandiaran); Hil zuenak hil zuela, zeruan bego haren arima bake sainduan (Etxaide); Esanak esan eta usteak uste, guk ere gehi dezakegu […] harako Etxepareren ezkutariak bere damatxoari aurpegira ziona (Mitxelena); Iritziak iritzi, noan orain gure artean, agertu berrian bertan, izan zuen harreraz mintzatzera (Mitxelena).

39.3.10f Perpausetatik sintagmetara jauzi egin dugularik, aipa ditzagun sintagmen arrimuan erabiltzen diren bi postposizio, azpiatal honetan aipatu ditugun egituren balio bertsua dutenak: despit eta gorabehera.

Izen sintagmekin erabiltzen dira, ez aditzekin: genitiboaren ondoren lehenbizikoa (-en despit, -en despitez: deabruaren despit; infernuaren despit…), eta absolutuaren ondoren bigarrena (-ø gorabehera: eragozpen horiek gorabehera, …).

Hona zer dakarren Euskaltzaindiaren Hiztegiak gorabehera postposizioaren balioaz: “Dagokion izen sintagmak adierazten duena kontuan hartu gabe edo kontuan harturik ere”.

Ekar ditzagun adibide batzuk, hiztegi horretatik (gorabehera postposizioarenak) eta OEHtik (despit-enak):

Eragozpen horiek gorabehera, aurrera egitea erabaki dute; Giputzak malguagoak dira, zenbait haserrealdi gorabehera; Ni gorabehera, egingo dute; Bada aldea, nik esaten dudana gorabehera, bi argitaraldien artean.

Deabruaren despit, zure arima gaixoa salbatuko da (Tartas); Gaitz hunen erremedioa da (eziñbertzezko herra hunen despit) presuna hura maitatzeko zure ahalen egitea (Haraneder); Haren ungi egin guzien despit, ez dut harenzat izatu bihotz bekhaizti bat baizen (Mihura); Zuk, Jauna, zuk xarmatzen nauzu / Zeruko xarma puxantez; / hautsiko tut fiñean sokak / Ifernuaren despitez (Gazteluzar).

39.3.11. Edo-galdetzailea/galdetzailea-nahi + -ela/-en/-elarik + (ere)

39.3.11a Edozer eta zernahi gisako izenordain zehaztugabeak erabiliz sortzen diren kontzesio egiturez arituko gara atal honetan. Bi eredutako izenordainak, beraz: edo- dutenak (ekialdean erabiltzen ez direnak, edozein izan ezik) eta -nahi darabiltenak. Edozein galdetzailerekin konbina daitezke, eta izenordain zerrenda luzea osatu: edozer, edonor, edonon, zernahi, nonahi, noiznahi, nolanahi

-en, -ela nahiz -elarik menderagailuak izan ditzake era honetako kontzesio perpauseko aditzak, subjuntiboan nahiz indikatiboan.

Horretaz gain, kontzesio perpausetan nonahi agertzen den ere diskurtso markatzailea ere ager daiteke.

39.3.11b Aurreko azpiataleko moldeak duen balio bera du egitura honek ere, lehen aipatu dugun axolagabetasunezkoa edo indiferentziazkoa dei genezakeena. Berdin zaigu mendeko perpausean esaten dena: hori oztopoa izan badaiteke, ez da nahikoa izango perpaus nagusian adierazten den ekintza ez betetzeko; perpaus nagusiko ekintza bete egingo da.

  Datorrena datorrela, aurre egingo diot arazoari.

  Nornahi datorrela ere, ondo hartuko dut etxean.

Perpaus horiek biak esaten ditugunean, perpaus nagusikoa eragozteko moduko egoera bat dugu gogoan, egoera muturrekoena; adibidez, ez dugu pentsatzen aldeko gauza bat datorrela, orduan ez baikenuke arrazoirik hari aurre egiteko.

39.3.11c Edozein kasutan ere, gogoan duguna gauza bat da, eta gauzatzen dugun egitura beste bat: egitura horretan egoera guztiak hartzen ditugu aintzat, aukera guztiak. Hala ere, aukera horiek guztiak ez dira eragozpen izango perpaus nagusian adierazten dena ez betetzeko.

Ekar ditzagun adibide batzuk:

a) -ela menderagailua daramaten indikatibozko aditzak: Urrikaldu zaitez nitaz, nornahi zarela ere (Atxaga); Zelatariak, non-nahi dela, ez baitira lo egoten sekula (Etxaide); Zer nahi zela, jakinen zuen nola erantzun hori gertatuko balitz! (Mirande); Sartuko dira torre, eta gazteluetan; igoko dira mendien gañera, ezkutatuko dira lize-zuloetan, baña alferrik, zeren, noranahi dijoazela, eta non nahi ezkuta ditezela, atxituko dituan su erretzalle hark (Agirre Asteasukoa); Ezin badut, badakit behintzat nonahi dirala ere, len-geroetan ez baiña berton dirala (Orixe).

b) Batzuetan -elarik menderagailua ere ager daiteke: Izenez “Tolosa” zala erantzun zion umildade guzian, Toledoko zapata-konpontzaille baten alaba zala; eta nun-nahi zegolarik ere, hantxe serbituko zuala eta bere nagusitzat izango zuala (Berrondo).

c) -en menderagailua dutenak: Idokitzen deregu, elizan usatu forman, hiruretan hogei egün penitenzia, zoin ordenatürik edo manhatürik beilükie, eta zoinez zordün beylirate Jinkuaren justiziari, zernahi gisaz den: erran hoeiek balio dükeie bethierekoz (Mercy); Zerbait ezagutuko baldin badugu, zernahi ere den, izatez izan behar du aurrenik eta ez da oraingoz, […] (Mitxelena 1972b).

d) Subjuntiboko aditzak dituztenak: Edo zoin hil dadin (= quelle que soit la victime) (Lafitte); Edonun izan dadien (= où qu’il soit) (Lafitte); Zer nahi den gerta dakiola, eztezake deusek ere justua trista (Axular); Bizitzako goiberak noranahi bultza gaitzatela ere, oroitzapen hoiek han geldituko zaizkitzu aparteko bazter sakratuan betiko tinkaturik, ametsezko lurraldea bailitzan (Villasante).

39.3.11d Forma hauetako batzuk lexikalizatu egin dira, eta aurkaritzako diskurtso markatzaile bihurtu. EGLU-III liburukian aztertu genituen honako hauek: nolanahi ere, …; nolanahi den, …; zernahi gisaz, …; edozelan bere, …; edozein modutan ere,

Gehienetan jatorrizko egituran zuten aditzik gabe agertzen dira, nahiz batzuetan geratzen den aditza ere (nolanahi den):

  Nolanahi ere den

Nolanahi ere

  Zernahi gisaz den

Zernahi gisaz

  Edozein modutan dela(rik) ere

Edozein modutan ere

39.3.12. Kontzesioa adieraz dezaketen beste zenbait egitura

Era aski desberdineko egiturak sartuko ditugu atal honetan. Atal oso bat osatzeko adina ez diren egiturak dira. Batetik, esapide modukoak. Bestetik, kontzesio balioa izan dezaketen egitura batzuk: ez berez kontzesioari lotuak direlako, baina bai testuinguru jakin baten laguntzarekin kontzesio balioa izan dezaketelako. Irakurleak esango du testuinguru egoki baten laguntzarekin egitura askok eta askok izan dezaketela kontzesio balioa, eta halaxe da; hala ere, horietako batzuk bakarrik aipatuko ditugu. Zergatik batzuk eta beste batzuk ez? Horietako batzuk gramatika lan garrantzitsuetan kontzesiozko egituren artean sartu izan direlako. Bada arrazoi nahikoa, hala iruditzen zaigu behintzat, haien gainean zertxobait esateko.

39.3.12.1. Ez delakoan ere / Ez idurian ere

  Zirimiri honekin, ez delakoan ere, bustitzen ari gara.

Egitura zurruna da, inongo aldaketarik ez jokorik onartzen ez duena: ezin dugu ez baiezko moldean jarri, ez eta izan aditza ez beste bat erabili ere; pertsona eta denbora ezaugarriek ere, adibide horretan ditugun horiexek behar dute izan: ezin dugu erabili ez hirugarrenaz beste pertsonarik, ez eta indikatiboko orainaz beste aditz formarik. Ez dira erabiltzen, adibidez, honako hauek: *Badalakoan ere, denbora ez doa aurrera; *Pentsatzen ez dugulakoan ere, bustitzen ari gara.

Ez delakoan ere eta ez idurian ere dira, beraz, kontzesio balioa duten egiturak. Lehendabizikoaren literatura idatziko testigantzarik ez dugu aurkitu OEHko corpus osoan; ahozko hizkuntzan, hala ere, oso arrunta da. Mendebaldeko hizkeretakoa da lehenbiziko hori. Hona adibide batzuk: Ez delakoan ere, denbora aurrera doa. (Ez dirudien arren, …); Ez dalakoan bere, hasi da eguraldia freskatzen.

Bigarrena (Ez idurian ere, horrek badaki nola jotzen den soinua) ekialdekoa da, eta bada idatzizko testigantza bat edo beste: Ez-idurian hark kabiari beste zuloa atzean egiten dio, handik joateko aurrekoa tapatzean, erakutsiaz pentsa zagula nola atera sartzean (Otaño).

Kontzesiozko beste egitura askotan bezala, paper garrantzitsua betetzen du ere-k halakoetan ere.

39.3.12.2. Bait-

Aurreko ataletako batean ikusi dugu bait- menderagailua erabiliz osa zitekeela kontzesio perpaus mota bat, nor ere bait- erakoa. Horiek alde batera utzita, gatozen orain bait- menderagailuaren beste erabilera batera, beste inolako ezaugarri formalik ez duen erabilerara, hain zuzen.

Galdera bat eginez hasiko gara: kontzesiozko moldeak dira honako perpaus hauek? Hain eri baitzen, ez zen batere izitu; Hain aspaldian eria baitzen, halere jin hura gure ikusterat420.

Adibide hauek Lafittek bere gramatikan jasotzen zituen, eta han esaten du kontzesiozko “proposizioen” artean bait- ere badagoela.

Horretan izan ezik, ez dugu, ordea, inongo gramatiketan aurkitu bait-en kontzesio erabilerarik. Villasantek, adibidez, dio balio anitzeko menderagailua dela bait-; kasu bakoitzean testuinguruak esaten digula zein balio duen. Erlazio atzizki soila dela dio, eta testuinguru bakoitzaren arabera hartzen duela balio bat edo beste.

Hori horrela bada, kontzesiozkoetan sartzeko arazorik ere ez genuke izango; goiko adibideen zentzua hori baita.

Hala ere, gramatika gehienetan jaso ez delako, literaturan ere gutxitan erabili izan delako, ez zaigu iruditzen beste egitura batzuen mailan jar daitekeenik kontzesioa adierazteko gaitasunari dagokionez behintzat. Goiko adibide horietan testuinguruak laguntzen digu, baina beste askotan ez zaigu iruditzen bait-en erabilera egokia izan daitekeenik kontzesioa adierazteko; interpretatzen zaila delako.

Gainera, esan dugun bezala, Lafittek ematen dituen bi perpausetako batean aurkaritzako diskurtso markatzailea erabiltzen du (halere) perpaus nagusian; bait- menderagailua kontzesio balioa bermatzeko nahikoa ez den seinale.

Hori horrela izanik, kontzesio balioa testuinguru egoki batean adieraz dezaketen egituren artean sailkatuko dugu, baina ez nahitaez zuzenean kontzesioari loturik dauden egituren artean421.

39.3.12.3. -eta

Har ditzagun honako perpaus hauek:

Euskalduna da, eta ez du ia euskaraz egiten (KONTZESIOA-ADBERTSATIBOA)

Gaixorik dago, eta kalera doa (KONTZESIOA)

Gaixorik zegoen, eta ez da kalera irten (KAUSA-ONDORIOA)

Lana bukatu du, eta kalera irten da (DENBORA)

Perpaus juntatuak ditugu guztiak; beraz, adibide bakoitzaren ondoren jarri ditugun kontzeptuak ez dagozkie maila sintaktikoari, mendeko perpaus motei, baizik semantikari, izan dezaketen balioari. Ez dira mendeko perpausak; perpaus juntatuak dira. Egia da, baina, eta juntagailuaren bidez juntatutako perpaus konplexuek gehientsuenetan izan dezaketela ñabardura bat: kausa-ondorioa, hurrenkera kronologikoa, adbertsatiboa… Beraz, perpaus juntatuen erlazioaren araberako balioa izango dugu perpaus juntatu konplexuan.

Hala ere, ezin esan dezakegu mendeko perpausak direnik.

Mendeko perpausak dira, nolanahi ere, hurrenez hurren kontzesiozko perpausetan eta kausazkoetan aztertu ditugun baina eta eta enklitikoa dutenak: Arropa asko jantzi dut, bero dago baina; Aurten ez naiz oporretara kanpora joango, diruz larri nabil eta.

39.3.12.4. -ela(rik)

-ela(rik) menderagailudun perpausak aipatu besterik ez dugu egingo, § 39.1.5.2 atalean aztertu baitugu auzi hau. Han esaten zen ez zela normalena halako perpausak ere-rik gabe ematea, kontzesio balioan bederen.

Hala ere, testuinguru egoki batean, beste egitura asko bezala, gai da perpausari kontzesio balioa emateko.

Honelakoei ez diegu aitortu beste kontzesio egitura batzuen maila: batetik, ez direlako adibide asko ere gabeak; bestetik, ere gabe erabiltzen denean ere, autoreek beste estrategia batzuk erabili izan dituztelako kontzesio balioa bermatzeko (adibidez, perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzaile bat txertatzea).

39.3.12.5. -elako

Hau ere ez da kontzesioari zuzenean lotutako menderagailu bat, baina balio dezake perpausari testuinguru jakin batean kontzesio kutsua emateko.

Har ditzagun perpaus hauek, adibidez: Hitz berri gehiegi dituelako ez diogu ukatu behar ondo merezi duen txaloa (Mitxelena 1972b)422; Aberatsa dalako ezta gehiegi poztutzen: eta pobrea dalako ezta gehiegi penatzen (Gerriko).

-elako menderagailua duten perpaus horiek kausazkoak baino gehiago kontzesiozkoak dira. Perpaus nagusiko aditzak ezezko forma behar du hori horrela izateko; baiezko forma baldin badu, kausazko balioa izango du. Molda dezagun Gerrikoren adibidea, perpaus nagusia baiezko eran jarriz, hori erakusteko: Aberatsa delako pozten da: eta pobrea delako penatzen da. Mendeko perpaus horrek ez du kontzesioaren zantzurik.

409 Lafittek bere gramatikan (1944) dio, hala ere, ez direla euskararen gramatikara oso ongi egokitzen nahiz-eta bere aita ikusi gisako helburuzkoak; hobeto, dio, bere aita ikusi nahiz.

410 Bakarra aurkitu dugu OEHko corpus osoan (Villasantek Sintaxis de la oración compuesta liburuan jasotzen duen bera) eta beste bakar bat XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan. Hauek biak besterik ez ditugu jaso: Baiña har dezaket bigarren bat ere. Zeren oraiño zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere (Axular); Berhain, ezein ere gizon ez zegoenagatik, hara joan zen (Krutwig, Igibarziaren iphuinak).

411 Hona kausazko balioa duten adibide batzuk: Zu nigan ikusi, ta damuz, ta pozez nere bihotz hau urtu bedi: damuz, zure Ontasuna ofendituagatik; eta pozez, gaur niri zuk egin didazun mesede honegatik (Kardaberaz); Gazteak, ez handitzen denean, ta ez zahartuagatik, utziko ditu bere gazte ohitura gaiztoak (Mendiburu); Eta nola zahartuagatik, hezurrak gelditu baitzaizkitzu, hala gelditu zaizkitzu usantza, aztura, eta handik sortzen diren mugidak, abiadurak, eta inklinazino gaixto guztiak ere (Axular).

412 Antzeko klitizazio-prozesua gertatzen da eta juntagailuarekin. Hura ere juntagailu izatetik kausa-azalpenezko menderagailu izatera pasatzen da: Haserre nago, eta ez etorri koplekinHaserre nago-eta ez etorri koplekinEz etorri koplekin, haserre nago eta.

413 Gutxitan gertatzen da, dena dela, aditzaren ondoren ez joatea baina (aurretik aditza ez beste osagairen bat izatea, alegia). Hona hemen adibide bakan horietako bat: Artobero, etzan bera haiñ argia ta gauzak ikasten erreztasun handikoa be baña, jatorri onekoa ta guraso begiratuen semea zan, da baekizan Kristiñauak nahi ta nahi ez jakin behar dituan gauza danak, zerbait gehiagogaz (Agirre).

414 Hemen ere, gauza bera esan dezakegu eta-ri buruz ere: adizki alokutiboekin erabiltzen da menderagailu erabilera horretan: Hago isilik motel, horiek zorakeriak dituk eta! (Elhuyar hiztegia).

415 Hona zer genioen han: “Ildo horretan, kontuan izan behar da baldintzazkoei ERE lokailua eranstean askotan kontzesiozko irakurketa lortzen dela: horrela gertatzen zen aditz jokatuekin (BA-… ERE), eta horrela gertatzen da sarritan baldintzazko batzuekin (bereziki, -TUZ GERO, -TU EZIK, -TU EZEAN eta -TZERA(T)):

416 R. M. Azkuek ere halako zerbait zioen (1923-1925: 709 atala): “A veces tiene otro matiz distinto, como en euria badagi bere por si lloviera (Micoleta, 25-2)”. Lafittek ere halako zerbait dio bere gramatikan (1944: § 889): ez dela nahasi behar frantsesezko si galderazkoa eta si baldintzazkoa; euskaraz supositiboa denean egokiena “pour le cas oú”ren bidez itzultzea dela dio.

417 Adolfo Arejitak Euskal Joskera gramatikan aipatzen du hori: “oso gitxitan agertzen diran arren” (1985: 172).

418 OEHk ere honako hau dio ere sarreraren barruan: “Detrás de una oración condicional forma una oración concesiva. Incluimos aquí las construcciones de participio con -(i)k y de -(e)la(rik) (con verbo conjugado), aunque en algunos casos el valor concesivo no es del todo claro”. Adibide hauek ematen dira han: Biak, seglare zirala ere, relijiosoen bizitza egin zutenak (Kardaberaz); [Pekatua] eragozten eztienak, hartarako kargua eta obligazioa duelarik ere (Gerriko); Txit bihotz oneko zala ere, hasarrekor zan (Orixe).

419 Ikus, bestela, OEHk zer dioen egitura hauei buruz: “En oraciones concesivas con ere precedido de participio con -TA (-DA) y de participio seguido de (e)ta (da). El valor concesivo de algunos ejemplos puede ser dudoso”.

420 Bigarren adibide honetan, diskurtso markatzaile anaforikoa dugu (halere), kontzesio perpausaren anafora dena. Horrek, jakina, laguntzen du kontzesio interpretazio egokia egiten.

421 Zentzu horretan ulertu beharko genituzke Lafitteren hitzak (“Bait- peut avoir la valeur de concession”).

422 Adibide hauetan, autoreek markatu ez duten arren, etenaldi bat dago -elako menderagailuaren ostean: alegia, mintzagai moduan interpretatu behar da -elako duen mendeko perpausa, eta ez galdegai moduan.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper