Euskararen Gramatika

39.2. Kontzesio perpausen ezaugarriak


39.2. Kontzesio perpausen ezaugarriak

Kontzesio perpausen kapitulu honetako hirugarren atalean aztertuko ditugu xehekiago kontzesioa adierazteko erabiltzen diren egituren xehetasunak eta berezko ezaugarriak banan-banan (§ 39.3): besteak beste, erabilera, formazko aldaerak eta banaketa geografikoa. Bigarren atal honetan egitura guztien aurkezpen orokorra egingo dugu, eta kontzesio perpaus guztiek oro har partekatzen dituzten ezaugarriak ekarriko ditugu.

39.2.1. Kontzesiozko egituretako menderagailuen inbentarioa eta adibideak

39.2.1a Kontzesio perpausetan ager daitezkeen menderagailuak (atzizkiak eta aditz forma jokatugabeak) eta horiekin batera erabili ohi diren bestelako elementuak (markak, diskurtso markatzaileak, postposizioak, galdetzaileak, izenordainak…) konbinatuz lortuko ditugu kontzesio egitura guztiak.

Gaur egun gehien erabiltzen diren egiturak bakarrik bildu ditugu kapitulu honetan, gaur egungo euskal hiztunak eskura dituenak. Egitura zaharkituak eta gaur egun emankorrak ez direnak ez ditugu jaso: gehienez ere aipamen labur bat egin dugu. Erabilerari dagokionez, egiturak banan-banan aztertzen ditugunean ikusiko dugun bezala, egitura guztiak ez dira bata bestearen truke nolanahi erabiltzekoak.

39.2.1b Hona hemen, kontzesio egitura garrantzitsuenak literatura tradizioko zenbait adibidetan gauzatuak, hirugarren atalean agertzen diren hurrenkera berean, lehenbizi kontzesio gailuen arabera, eta gero menderagailuen arabera: Nahiz herrixka bat den, badu bizitzeko, eta asko herriri trufa egiteko (Hiribarren); Gizon honen izena esan bihar dautsuet, berari atsegin izango etxakon arren: Julian Abando (Kirikiño); Min hartu arren, eutsi dio sendo eta han gelditu da (Barriola); Ahoa nekatzen bada ere, bihotza ez da nekatuko (Duvoisin); Eginahalak eginda ere, ezin astoa mugitu (G. Mujika); Hitz laburtxoak izanik ere, horiek jakin behar dira noiz eta nola esan (Beobide); Hi urkamendian hagoala ere, Jainkoari beldurrik hartzen ez diok (Lardizabal); Diyotalarik ere nahitasun bikaina, nere amoriyuak falta du ordaina (Bilintx); Ez egizu hori esan, jauna, edozein euskaldunen aurrean, danak dakie baina (Agirre); Bolara baten emanagatik bertako uraren famak, ardo pixka bat beharrezko du osasun ona daukanak (Uztapide); Zernahi ere den, egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria (Mitxelena); Urrikaldu zaitez nitaz, nornahi zarela ere (Atxaga); Baina zein ere handiak lirakeen irabazle horiek, ez lukee pits bat balioko (Mendiburu); Txahala esaten iako edozein behikumeri, dala arra, dala emea (Mogel); Datorrena datorrela, baietza emon bihotz-eske etorrenari (Erkiaga).

39.2.2. Kontzesio perpausen funtzioa, kokagunea eta barne hurrenkera

39.2.2a Kontzesio perpausa ez da berez aditz nagusi baten edo predikatu baten osagarri; adjuntua da. Perpausaren mintzagai egiturari dagokionez, berriz, mintzagai izan ohi da, ezin da perpauseko galdegai izan. Ezin da, beraz, galdegaiaren kokalekuan joan; beti dago etena adjuntu hauen eta aditzaren artean —galdegaiaren eta aditzaren artean ez bezala—: Pobrea banaiz ere / erosiko dut etxe hori.

Baldintzazko perpausak bezala, kontzesiozkoak egitura ‘bimenbre’ bateko zati dira: prodosia eta apodosia. Bestelako adjuntu arruntek ez bezala, kontzesiozkoek (prodosiek) debekua dute perpausaren gunean joateko.

39.2.2b Askotan, perpaus mota hauen mintzagai izaeraren adierazgarri, komak bereizita agertuko zaizkigu. Perpaus nagusiaren aurretik doanean, eten bat izaten du ondoren mendekoak; perpaus nagusian tartekatuta doanean, koma artean agertu ohi da; eta perpausaren bukaeran badoa, aurretik koma duela. Hona, hurrenez hurren, adibide bana: [Garbiki ageri den arren], hain gare tontoak non bethi huts bera egiten baitugu (Duvoisin); Asmu hekiek guziak, [ez diren arren bardinak], oro elkar iduritsuak dira (Duvoisin); Ai nola zu hunen urrun zauden, [dakizun arren Jainkoa zeinen den gozoz bethea] (Duvoisin).

39.2.2c Kokapenari dagokionez, eta goiko adibideetan ikusi dugun bezala, mugikorra da kontzesio perpausa: perpaus nagusiaren aurretik, hartan tartekatuta edo haren ondoren agertu ohi da; perpaus nagusitik etenen bidez ongi bereizita.

1. [[Kontzesio perpausa] … ]P

2. [ … [Kontzesio perpausa] … ]P

3. [ … [Kontzesio perpausa]]P

Mendeko perpausaren luze-laburtasunak izan lezake kokalekuarekin zerikusia; adibidez, perpaus nagusian tartekatzen dugunean, normalean ez da oso luzea izaten perpaus nagusiaren haria eteten duen kontzesio perpausa.

Edozein kasutan ere, perpaus nagusiaren tarteko hori ez da kontzesio perpausaren kokagune ohikoena. Gainerako bi kokaguneak dira ohikoagoak, perpaus nagusiaren aurretik nahiz ondoren. Eta bi horien artean, baldintzazko perpausetan gertatzen denaren antzera, arruntagoa dela esan genezake mendeko perpausa hasieran ematea.

39.2.2d Kontzesio perpausetako elementuen barne hurrenkerari dagokionez, aditza hainbat lekutan aurkitu daitekeela esan dezakegu. Nolanahi ere, zehaztapen batzuk egin nahi genituzke aditzaren kokalekuari buruz:

1. Euskalkien artean, oro har mendebaldekoetan indar handiagoa duela ematen du aditza bukaeran emateko joerak; ekialdekoetan aditzak mugikorragoa dirudi: atzean bezala, aurrerago ere ager daiteke, baina betiere kontzesio egituraren arabera (adibidez, errazagoa izango da aditza amaieran ematea [perpaus nagusia + nahiz …] gisako egituran).

2. Mendeko perpausa luze samarra denean, bai ekialdean eta bai mendebaldean, aditza oso gutxitan ematen da mendeko perpausaren bukaerako posizioan (adibidez, mendeko perpausaren barnean beste mendeko perpaus bat duelako —osagarri bat normalean—, edo osagai asko edo luzeak dituelako); kontzesio perpausa ezezkoa denean ere arrunt samarra da aditza atzean ez ematea (ezezko partikulak aditza bere arrimura biltzen du)408, aditz nagusiaren eskuinetik doanean bereziki.

Ikus ditzagun, hasteko, aditza mendeko perpausaren azken muturrean duten adibide batzuk: [Gabak etxera baino lehen hartu ninduan arren], nere barrua argitan nekarren (Etxaniz); [Jokaldi batzuetan dirua haruntza ta honuntza ibili zan arren], azkenerako, zaldun gazte beltxeranaren eskuetara jun zan dana (Barrensoro); Zure bihotz oroz nahi duzu nere salbamendua, bada nik ere nahi dut, eta [mundu guztia galduko badut ere], horrekin atara behar naiz garaitiar (Duvoisin).

39.2.2e Arestian esan dugun bezala, ez da halakorik gertatzen zenbait kasu jakinetan. Horietako bat dugu kontzesio perpausean mendeko perpaus bat, normalean osagarria, txertatzen den kasua; halakoetan ez ohi da eman bukaeran kontzesio perpauseko aditza. Ezen askotan gertatuko zaie jende prestuei arratsean ez kausitzea egun hartan bekatuketarik egin dutela, bederen ezagutza osorekin, gainerakoan [segur den arren guziek ere, erdi oharkabean bederen, asko huts egiten dugula egun oroz, jaundone Jakua apostoluak dioen bezala] (Duhalde); Ai nola zu hunen urrun zauden, [dakizun arren Jainkoa zeinen den gozoz bethea] (Duvoisin). Gauza bera gertatzen da kontzesio perpausa beste arrazoi batzuengatik denean luzea: Eta halarik ere han berean egotu zen, [nahiz bazuen egun guziz penitentzia bat ainitz pairarazten ziona: beti eta beti jendez inguratua izatea] (Joanategi).

39.2.2f Ezezko perpausetan ere, lehen esan dugun bezala, ohikoa da aditza mendeko perpausaren aurrealdean kokatzea, gehiagotan Iparraldeko testuetan eta nahiz …-en egituraren kasuan, -en arren menderagailuaren kasuan baino: Izurritea sartzen denean herri batean, [ez dituen arren hil-arazten guziak], bat-bedera beldur da bere buruarentzat (Larregi); Zerua bera ilhun da, [nahiz ez den lanhorik] (J. Etxepare).

39.2.3. Ere kontzesio perpausetan eta diskurtso markatzaile aurkaritzakoetan

39.2.3.1. Ere kontzesio perpausetan

39.2.3.1a Kontzesio perpaus mota askok partekatzen duten ezaugarria da ere diskurtso markatzaileak lagunduta gauzatzea. Kontzesiozkoen molde gehientsuenetan aurkitu dezakegu diskurtso markatzaile hori; kontzesio balioa adierazteko duen garrantzia erakusten du horrek; batzuetan hark bideratzen du kontzesio balioa perpausetan, nahitaezkoa delarik halakoetan kontzesio perpausa osatzeko: adibidez, ba-… ere, -tuta ere, -tuz gero ere egituretan. Beste batzuetan badirudi kontzesio balioa indartzeko edo ziurtatzeko erabiltzen dela; alegia, ere gabe okerra izan gabe ere, kontzesio balioa bermatuko edo indartuko luke diskurtso markatzaile horrek: esate baterako, …-ela ere, …-elarik ere, …-en arren ere, …-tuagatik ere.

Ere-ri esker agerian geratzen dira kontzesio perpausen bi ezaugarri: emendioa eta aurresuposizioa. Egoera jakin bati (dela baldintza, dela modua) beste egoera edo baldintza bat eransten zaio —emendioa—, normalean beste muturrekoa, eta, erantsitako egoera hori gorabehera, ez da betetzen aurretik uste izandako ondorioa —aurresuposizioa—.

39.2.3.1b Hori guztia ere markatzailearen ezaugarri batetik dator, emendio hutsa egiteko ez ezik beste zerbaitetarako ere balio baitu: emendio hori egiten dugunean enfasi berezia emateko perpausari. Beste era batera esanda, ere daraman egitura batek bi esanahi izan ditzake, egoera bakoitzaren arabera interpreta daitezkeenak: emendio hutsa egiten dugu, edo interpretazio enfatikoa ematen dugu.

39.2.3.1c Bigarren interpretazio horretan ikusten dugu ere-ren ezaugarri berezi hori; ondoren ere daraman edozein perpausek kontzesio balioa izan dezake, testuinguru jakin batean. Adibidez, perpaus hau hartzen badugu, Hori Mikelek ere egin dezake, emendio hutsa izan daiteke (beste norbaitek bai, baina Mikelek ere bai), edo balio enfatikoa izan dezake: hain erraza izanik, adibidez, Mikelek ere, bere trakestasunean, egin dezake. Hori bezalako egitura genuke honako hau ere: Den pertsonarik dorpeenak ere egin dezake hain lan ederra.

Kontzesio balioa luke betiere lehen atalean aipatu ditugun baldintzak betetzen badira: aditzean adierazten den ekintza gertatzeko oztopoa adierazi behar da; desegokia litzateke honako perpaus hau: #Den pertsonarik trebeenak ere egin dezake hain lan ederra.

Hona, azkenik, ere har dezaketen kontzesio egiturak: ba-… ere, …-(e)n arren ere, …-tuagatik ere, nornahi ere …-(e)n, …-tuz gero ere, …-(e)la ere, …-(e)larik ere, …-tuta ere, zer gerta ere, nor ere bait-…, …-turik ere, …-tzekotan ere, …-tzekotz ere.

39.2.3.2. Ere diskurtso markatzaile aurkaritzakoetan

39.2.3.2a Lehenengo atalean, harremanetan jarri ditugu kontzesio perpausen bidezko menderakuntza eta aurkaritzako diskurtso markatzaileak erabiliz egiten den perpausen arteko lotura semantikoa. Formari dagokionez ere badute antzekotasun handia bi moldeek. Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaileekin kontzesiozkoetan gertatzen den gauza bertsua gertatzen da; horietan ere, erruz erabiltzen da ere. Moduzko zenbait adberbiori (kontzesio perpausetan, moduzko perpausak lirateke haien parekoak) ere gehitzen zaie aurkaritzako diskurtso markatzaile bihurtzeko. Funtsean gauza bera adierazteko bi modu dira: menderakuntzaren kasuan perpausen bidez (aditz jokatua nahiz jokatugabea dutenak), eta aurkaritzako diskurtso markatzaileen kasuan perpaus horiek ordezkatzen dituzten elementu anaforikoen bidez. Guztiei (perpausei eta anaforei) ere erantsiz lortuko dugu balio bera, bai perpausean, eta bai hari erreferentzia egiten dion anaforan: hurrenez hurren, esaten denetik ateratzen dugun ondorioaren kontrakoa adieraziz perpaus nagusian, eta diskurtso markatzailearen bidez lotutako perpausetatik bigarrenean.

Diru asko irabazten du + -elarik → Perpaus adberbiala

  [Diru asko irabazten duelarik]P ere, ez da zoriontsua.

  [Diru asko irabazita]P ere, ez da zoriontsua.

Hala → Adberbio anaforikoa (aurreko perpausari erreferentzia egiten diona)

   Diru asko irabazten du. [Hala (= diru asko irabazten duelarik)]Adb ere, ez da zoriontsua.

39.2.3.2b Kontzesiozko moldeetan egin dugun gauza bera egin dezakegu, hortaz, diskurtso markatzaileen kasuan ere; elementu komuna ere da, aztertzen ari garen balioan hain garrantzitsua dena. Batzuetan ezinbestekoa izango da, eta beste batzuetan lagungarria, osagarria: hala ere, hala eta guztiz ere, guztiarekin ere, halarik ere, nolanahi ere, badarik ere, halaz ere, edozein kasutan ere, horratik ere, halatan ere, edonola ere…

39.2.3.2c Halaber, aurkaritzako diskurtso markatzaileen eta kontzesio perpausen arteko harreman estuaren berri ematen digute jatorriz kontzesio egiturak ziren batzuek ere, zeinak gero, lexikalizazio prozesu baten ondorioz, aurkaritzako diskurtso markatzaile bihurtu baitira: EGLU-III liburukian aztertu genituen halakoak; honako hauek, besteak beste: dena dela, nolanahi den, nolanahi ere, edonola ere, edozein modutan ere, edozelan bere eta abar.

Horietan, lehenbizikoak kontzesiozko molde honetan du jatorria: datorrena datorrela gisako egitura erlatibodunetan: [aditzai + -en erlatiboa + (erlatiboaren burua) + aditzai + -ela]. Gainerakoek: [galdetzaile zehaztugabea (edo + galdetzailea / galdetzailea + nahi) + (ere) + aditza + -ela/-en]; alegia, zernahi (ere) den eta edozer (ere) den motakoetan.

39.2.4. Aurkaritza diskurtso markatzaileak kontzesio perpausen indargarri

39.2.4a Kontzesiozkoen eta aurkaritzako diskurtso markatzaileen arteko harremana kapitulu honen lehen atalean aipatu dugu (§ 39.1.3). Han genioen mendeko kontzesio perpausak berdin-berdin eman zitezkeela aurkaritzako juntagailuen bidez ere. Are gehiago diogu orain, kontzesiozko menderakuntza erabiltzen denean ere, aurkaritzako diskurtso markatzaileak erabil daitezke perpaus nagusian: balio beraren bi gauzatze, bata bestearen osagarri eta indargarri. Edozein kasutan ere, bietako batekin nahikoa litzateke, eta hautazkoa da biak batera erabiltzea:

Ez dut diru askorik. Hala ere, Vietnamera joango naiz oporretan.

Nahiz diru askorik ez dudan, Vietnamera joango naiz oporretan.

Nahiz diru askorik ez dudan, hala ere, Vietnamera joango naiz oporretan.

39.2.4b Hona hemen literatura tradizioko adibide gehiago: Nahiz ez den errex iguzkiari so egoitea, begiak itsutu gabe, halere, kapeluaren azpitik eta herrien artetik behatuz ageri zen errexki (Hiriart-Urruti); Eta Pierrisek erran ziezon, baldin guziak eskandaliza baditez ere, ni ez ordea (Leizarraga).

39.2.5. Aditzaren elipsia

39.2.5a Kontzesio perpausetan, ohikoa izaten da mendeko perpauseko aditza isiltzea. Isildutako aditz hori berreskuratzen erraza denean gertatzen da normalean: perpaus nagusiko aditz berbera delako, edo, bestela, izan aditza edo, testuinguruak lagunduta, hori bezain berreskuraerraza den aditz bat delako.

39.2.5b Aditzaren elisioa gertatzen da nahitaez aditza euskarritzat behar ez duen kontzesio gailuren bat daramaten moldeetan: adibidez, baina enklitikoa, nahiz marka eta arren postposizioa; halakoetan, aditzaren elipsiak menderagailuarena dakar berekin, baina geratzen da artean perpausaren kontzesio balioaren berri emango duen elementu bat, marka (nahiz), nolabaiteko menderagailua ere baden juntagailua (baina) edo postposizioa (arren).

Hona mendeko aditzaren isiltzearen adibide batzuk literatura tradiziotik bilduak: Abiatzean, anbulantzetako karrosa dirudi gure beribilak, [nahiz puska batez ttipiago] (J. Etxepare); [Nahiz girixtino hiria], hiri galdu bat zen Goa (Laphitz); [Nahiz ta gorputzez osasuntsu], ez zan luzaro bizi izan, berrogeta bederatzi urtedun hil baitzitzaigun (Gaztelu); [Egun gitxi arren], nekatu naz oro (Lauaxeta); Badakit nik, [zu bestean ez arren], nahiko biharginak dozuzana semeak (F. Bilbao); Neure gogoz eta ahal ixan baneu, geure-geure esakunak baino ez nittuzan nik ezarriko erderazkuen ordiakotzat; [baina neure aleginak arren], batzuren batzuk baino ezin ixan dodaz imiñi (Otxolua); Gizajoak, [berandutxo baiña], […], leziño polit bat hartu eban egun hatan (F. Bilbao).

39.2.6. Zer aditz motarekin osa daitezkeen kontzesio perpausak

39.2.6a Kontzesio perpausetan, bereizketa nagusia hau da: aditz jokatuak / jokatugabeak. Aditz jokatudunak nahiz jokatugabedunak izan daitezke kontzesio perpausak; batzuk bezainbat erabiliak besteak. Batzuetan distribuzioa dialektala (edo geografikoa) dugu; adibidez, arren eta nahiz-en bidez osatutakoen artean, Hegoaldean jokatugabeak dira nagusi (nahiz eta-en oso gutxi dira; aditz jokatua + …-en + arren ere ez dira asko). Ekialdeko testuetan, berriz, aditz jokatua duten egituren nagusitasuna erabatekoa da bi kasu horietan.

Beste zenbait kasutan, ez dago euskalkikako distribuziorik: bi adizkien artetik bakarra erabiltzen da euskalki guztietan. Adibidez, jokatugabea da erabat nagusi (eta bakarra, gaur egun bederen) -gatik postposizioaren bidez osatzen den moldean, ekialdean zein mendebaldean: (ni) izanagatik … / *naizenagatik… Oinarrian baldintza perpausak dituztenetan ere, ohikoagoa da aditz jokatuduna jokatugabeduna baino: etortzen bada ere / etorriz gero ere. Beste egitura batzuetan, azkenik, aditz jokatuduna bakarrik erabiltzen da: zernahi ere + aditz jokatua (den, izan dadin…); nor (ere) + aditz jokatua (den, baita…); datorrena datorrela gisakoak…

39.2.6b Aditzaren moduari dagokionez, indikatiboko adizkiek dute nagusitasuna kontzesio perpausetan: Egia garratz eta mergatza dan arren, egia beti (Eguzkitza); Ezagutu zaitut, nahiz ez zintudan behin ere ikhusi (Laphitz); Bizten hasia delarik ere, non dugu Larramendiren izena eta omena? (Mitxelena).

Subjuntibokoak ere erabili izan dira, ordea, zenbait kasutan. Adibidez, edozein edo nornahi izenordain zehaztugabeak dituzten egituretan (nornahi izan dadin): Zernahi izan dadin, Mediterranea deitzen duten itsasoak holako erresumarik ez du bere uhartzean, hedoiezko erresumarik ez bertzerik (J. Etxepare).

39.2.7. Kontzesio gailuen metatzea

39.2.7a Gorago aipatu dugun bezala, eta aldaera estilistiko gisa, kontzesio balioa indartzeko-edo, arrunt samarra da halako perpausetan menderakuntzako gailuen (diskurtso markatzaileen eta menderagailuen) metatzea.

Jakina, hona ekarri ditugun metatzeen onargarritasun maila ere ez da bera eta erabatekoa: batzuk erabat onargarriak gertatzen zaizkigu; beste batzuk, gutxiago, edo, are gehiago, ez genituzke gomendatu ere egingo.

39.2.7b -tu arren + ere. Gorago aipatu dugu ere-k paper garrantzitsua jokatzen duela kontzesio perpausetan; egitura berez kontzesiozkoei ere erants dakieke zenbaitetan. Hona adibide batzuk: Danik aberats eta altsubena ixan arren be, ezin daikela iñok esan iñoren bihar-ixanik eztauala iñoiz ixango (Otxolua); Aita neuk bere ezin eginda sinistu, ikusi arren bere dudan naz aurkitu (Arrese Beitia); Gaia berez oso ona izan arren ere, era arrunt gordin eta nabarmenean azaltzen digulako eragotzi lezaiguke (M. Atxaga).

39.2.7c -tuagatik + ere. Eta nehork erranagatik ere ezetz, etzaitzula lagunduko, eztuzu sinhesten (Axular); Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (Kardaberaz).

39.2.7d nahiz (eta) + -en arren. Gaur egungo erabilera jasoan eta idatzian nekez onartuko genukeen arren, arrunt samarra da erredundantzia mota hau, batez ere XX. mendeko testu herrikoietan eta bertso eta neurtitzetan; zenbaitetan, dirudienez, bertsoa osatzeko beharrezkoak diren silabak eskuratzeko edo. Aditz jokatudunekin nahiz jokatugabeekin gertatzen da hori. Hona hemen adibide batzuk: Nahiz haunditu eta gaur kale-etxe bezela jarria dagoan arren, garai hartan etxe koxkor bat zan (S. Salaberria); Pertsonen eta animalien bizitzarako derrigorrezkoa degu ura, nahiz eta merezi duen ixtimaziorik ematen ez diogun arren (Lasarte); Zugatz zahar bati nahiz-ta adarrak hasi arren igartuten, ekaitz artian ibilia da bere frutuak emoten (B. Enbeita).

39.2.7e nahiz eta + ba-… ere. Era honetako adibideak ere badira literatura tradizioan, baina ez lukete lekurik gaur egungo erabileran. Pagatu beharko didazute bai, nahiz ta Briareo erraldoiaren besoak baino ugariagoak mugitzen badituzute ere (Berrondo); Neuk aginduten dautzut etzarala beragaz ezkonduko, nahiz ta galerazoteko ludi guztija erre ta kiskaldu bihar balitz be (Kirikiño).

408 Bereizketa bat egin nahi dugu, hala ere, egitura biren artean: bitxiagoa gertatzen da ezezko perpausetan -en arren menderagailua kontzesio perpausaren aurrealdera ekartzea, nahiz …-en ekartzea baino: a) Etxera noa [nahiz ez den oraindik umeak oheratzeko ordua]; b) Etxera noa [ez den arren oraindik umeak oheratzeko ordua].

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper