Euskararen Gramatika

39.3.3. -gatik postposizioaren bidez eratuak


39.3.3. -gatik postposizioaren bidez eratuak

39.3.3a Motibatiboaren -gatik atzizkia aditz partizipioari lotuz osatzen dira molde honetako perpausak; ugariak dira adibideak literatura tradizioan; betiere, esan bezala, aditz jokatugabeak baliatuz eratutakoak. Aditz jokatuaren bidez (aditz jokatua + -en + -gatik) eratutako perpausen adibiderik ez da ia literatura tradizioan, eta, baldin bazen, ez da ezagutzen gaur egungo erabileran410. Aditz jokatugabea erabiltzea da -gatik-en bidez kontzesio perpausak eratzeko modu emankor bakarra gaur egun.

Aditzaren zein formari atxikitzen diogun postposizioa (aditz partizipioari edo aditz izenari), horren arabera zentzua aldatzen da. Lehendabiziko formaren bidez kontzesio perpausak lortuko ditugu batez ere (kausazko balioa duela ere erabili izan da zenbaitetan tradizioan); bigarrenaren bidez, kausazkoak edo helburuzkoak. Bietan, -a mugatzailea erabiltzen da.

-TUAGATIK → KONTZESIOA / (KAUSA)

Hankan min hartuagatik, lasterketa guztia osatu zuen.

Behin eta berriz esanagatik, ez didate kasurik egiten.

-TZEAGATIK → KAUSA / HELBURUA

Egia biribilak esateagatik baztertu dute.

Eskerrik asko bilerara etortzeagatik.

Sarrerak merkeago lortzeagatik egin ginen bazkide.

39.3.3b Esparru geografiko zabal samarra hartzen du kontzesio egitura honek (mendebaldean eta ekialdean erabiltzen da); badirudi, nolanahi ere, ez dela asko erabiltzen mendebaldeko testuetan.

Ekar ditzagun hona, handik eta hemendik, tradizioko adibide batzuk: Zahar gaixtoak, zahartuagatik, badu gogoa, indarra zaika falta (Axular); Larru- gorrian ibilliagatik, ez ziran batere lotsatzen (Ubillos); Kanpoz pobre ta urrikarri ta umil agertuagatik, iduki lezake horrek barruna uste baino aberatsago ta harroagoa (Beobide); Emoidazuez arren bakotxak luma batzuk; jaioko jatzuez barrijak, ta ez jatzube igarriko gitxi batzuk kendubagaiti (Mogel); Pixka batian ez naiz ahaztuko / sartuagatik lurpian, / nere aitamenak izango dira / beste larogei urtian (Txirrita); Jendea plazan egonagatik / Prantzesari itxogiñez, / artasoroan etzanda ura / bapo siesta egiñez (Txirrita); Guzurretan iñok hartuagaitik etziran lotsatuten (Agirre).

39.3.3c Amaieran -an atzizki espletiboa ere erantsi izan zaio -tuagatik menderagailuari erdialdeko euskaran: Arrantzale jendia beti dabil justu, / saiatubagatikan ezin aberastu (Arrantzaleen bizitza); Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere iloba (Apaolaza).

39.3.3d Adibideetan ikusten den bezala, aldaera desberdinetan aurkitu dezakegu postposizio hau: -gaitik, -gaittik, -gaiti, -gatikan…

39.3.3e Egitura honetan ere, badira forma indartuak. Batetik, oso ohikoak dira ere diskurtso markatzaileak enfatizatutako kasuak: Eta nehork erranagatik ere ezetz, etzaitzula lagunduko, eztuzu sinhesten (Axular); Hala irudituagatik ere, ez naiz aske (Txillardegi); Monicak, jatorduaz kanpora egarriak itotzen zegoela esanagatik ere, ura ukatzen zion (Kardaberaz).

Bestetik, baditugu perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzaile bat txertatuta agertzen diren kasuak ere: hargatik, ordea eta abar. Jendek izanagatik gutaz erraiteko, hargatik sort herria ez dut mendratuko (Xalbador).

39.3.3f Bi eratara eman daiteke ezezko perpausa, beste moldeetan bezala.

a) [aditz partizipioa + ez + -agatik]

Lehendabiziko moldeak ez partikula aditz partizipioaren eta postposizioaren artean kokatua darama: Zuk ezer ekarri ezagatik, mahaian beti jarri dizut eguneroko ogia (Urruzuno).

b) [ez + aditz partizipioa + -agatik]

Bigarren hau da arruntena; honek aditzaren aurretik darama ezezko partikula: ez egonagatik, ez joanagatik eta abar. Berak ez izanagatik ere oro gure erlisione berekoek, eder eta ohoragarri zaizkote elizan eta kanpoan gure Fedeaz ematen ditugun ageri guziak (Zaldubi).

39.3.3g Kontzesiozkoak ez diren -gatik postposizioa duten molde batzuk ere badira, eta zerbait gaineratuko dugu haietaz.

Aditz partizipioari lotuta batez ere kontzesio balioa duela esan dugu; ez beti, ordea, bai baitira literaturan kausazko balioa dutenak ere411. Gaur egungo erabileran, ordea, kontzesio balioa nagusitu da -gatik postposizioa duten egituretan, eta bitxia da kausazko balioa duen erabilera. Eskerrik asko liburu aurkezpenera etorri izanagatik, eta halakoak entzuten dira gaur egun, han eta hemen, baina iruditzen zaigu aspektu burutua markatzeko erabiltzen dela gehiago forma hori, bestela zalantzarik gabe Eskerrik asko liburu aurkezpenera etortzeagatik erabiliko litzatekeelako.

Aditz izenari ere lot dakioke -gatik postposizioa, baina beste balio bat hartzen du halako moldeak: kausa-helburuzkoa (ikus 37-38 kapituluak). Hona pare bat adibide: Autoa gaizki aparkatzeagatik zigortu naute; Eskerrik asko lanean segitzeagatik.

Badu kasu honek lehenago aztertu dugun -tu arren egiturarekin paralelismorik; kasu honetan, bestean bezala, mendekoaren balioa aldatu egiten da oinarritzat hartzen duen aditzaren formaren arabera.

ARREN:

- KONTZESIOA:

-tu arren

- KAUSA/HELBURUA:

-tzearren

-GATIK:

- KONTZESIOA/(KAUSA):

-tuagatik

- KAUSA/HELBURUA:

-tzeagatik

410 Bakarra aurkitu dugu OEHko corpus osoan (Villasantek Sintaxis de la oración compuesta liburuan jasotzen duen bera) eta beste bakar bat XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan. Hauek biak besterik ez ditugu jaso: Baiña har dezaket bigarren bat ere. Zeren oraiño zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere (Axular); Berhain, ezein ere gizon ez zegoenagatik, hara joan zen (Krutwig, Igibarziaren iphuinak).

411 Hona kausazko balioa duten adibide batzuk: Zu nigan ikusi, ta damuz, ta pozez nere bihotz hau urtu bedi: damuz, zure Ontasuna ofendituagatik; eta pozez, gaur niri zuk egin didazun mesede honegatik (Kardaberaz); Gazteak, ez handitzen denean, ta ez zahartuagatik, utziko ditu bere gazte ohitura gaiztoak (Mendiburu); Eta nola zahartuagatik, hezurrak gelditu baitzaizkitzu, hala gelditu zaizkitzu usantza, aztura, eta handik sortzen diren mugidak, abiadurak, eta inklinazino gaixto guztiak ere (Axular).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper