Euskararen Gramatika

39.2.2. Kontzesio perpausen funtzioa, kokagunea eta barne hurrenkera


39.2.2. Kontzesio perpausen funtzioa, kokagunea eta barne hurrenkera

39.2.2a Kontzesio perpausa ez da berez aditz nagusi baten edo predikatu baten osagarri; adjuntua da. Perpausaren mintzagai egiturari dagokionez, berriz, mintzagai izan ohi da, ezin da perpauseko galdegai izan. Ezin da, beraz, galdegaiaren kokalekuan joan; beti dago etena adjuntu hauen eta aditzaren artean —galdegaiaren eta aditzaren artean ez bezala—: Pobrea banaiz ere / erosiko dut etxe hori.

Baldintzazko perpausak bezala, kontzesiozkoak egitura ‘bimenbre’ bateko zati dira: prodosia eta apodosia. Bestelako adjuntu arruntek ez bezala, kontzesiozkoek (prodosiek) debekua dute perpausaren gunean joateko.

39.2.2b Askotan, perpaus mota hauen mintzagai izaeraren adierazgarri, komak bereizita agertuko zaizkigu. Perpaus nagusiaren aurretik doanean, eten bat izaten du ondoren mendekoak; perpaus nagusian tartekatuta doanean, koma artean agertu ohi da; eta perpausaren bukaeran badoa, aurretik koma duela. Hona, hurrenez hurren, adibide bana: [Garbiki ageri den arren], hain gare tontoak non bethi huts bera egiten baitugu (Duvoisin); Asmu hekiek guziak, [ez diren arren bardinak], oro elkar iduritsuak dira (Duvoisin); Ai nola zu hunen urrun zauden, [dakizun arren Jainkoa zeinen den gozoz bethea] (Duvoisin).

39.2.2c Kokapenari dagokionez, eta goiko adibideetan ikusi dugun bezala, mugikorra da kontzesio perpausa: perpaus nagusiaren aurretik, hartan tartekatuta edo haren ondoren agertu ohi da; perpaus nagusitik etenen bidez ongi bereizita.

1. [[Kontzesio perpausa] … ]P

2. [ … [Kontzesio perpausa] … ]P

3. [ … [Kontzesio perpausa]]P

Mendeko perpausaren luze-laburtasunak izan lezake kokalekuarekin zerikusia; adibidez, perpaus nagusian tartekatzen dugunean, normalean ez da oso luzea izaten perpaus nagusiaren haria eteten duen kontzesio perpausa.

Edozein kasutan ere, perpaus nagusiaren tarteko hori ez da kontzesio perpausaren kokagune ohikoena. Gainerako bi kokaguneak dira ohikoagoak, perpaus nagusiaren aurretik nahiz ondoren. Eta bi horien artean, baldintzazko perpausetan gertatzen denaren antzera, arruntagoa dela esan genezake mendeko perpausa hasieran ematea.

39.2.2d Kontzesio perpausetako elementuen barne hurrenkerari dagokionez, aditza hainbat lekutan aurkitu daitekeela esan dezakegu. Nolanahi ere, zehaztapen batzuk egin nahi genituzke aditzaren kokalekuari buruz:

1. Euskalkien artean, oro har mendebaldekoetan indar handiagoa duela ematen du aditza bukaeran emateko joerak; ekialdekoetan aditzak mugikorragoa dirudi: atzean bezala, aurrerago ere ager daiteke, baina betiere kontzesio egituraren arabera (adibidez, errazagoa izango da aditza amaieran ematea [perpaus nagusia + nahiz …] gisako egituran).

2. Mendeko perpausa luze samarra denean, bai ekialdean eta bai mendebaldean, aditza oso gutxitan ematen da mendeko perpausaren bukaerako posizioan (adibidez, mendeko perpausaren barnean beste mendeko perpaus bat duelako —osagarri bat normalean—, edo osagai asko edo luzeak dituelako); kontzesio perpausa ezezkoa denean ere arrunt samarra da aditza atzean ez ematea (ezezko partikulak aditza bere arrimura biltzen du)408, aditz nagusiaren eskuinetik doanean bereziki.

Ikus ditzagun, hasteko, aditza mendeko perpausaren azken muturrean duten adibide batzuk: [Gabak etxera baino lehen hartu ninduan arren], nere barrua argitan nekarren (Etxaniz); [Jokaldi batzuetan dirua haruntza ta honuntza ibili zan arren], azkenerako, zaldun gazte beltxeranaren eskuetara jun zan dana (Barrensoro); Zure bihotz oroz nahi duzu nere salbamendua, bada nik ere nahi dut, eta [mundu guztia galduko badut ere], horrekin atara behar naiz garaitiar (Duvoisin).

39.2.2e Arestian esan dugun bezala, ez da halakorik gertatzen zenbait kasu jakinetan. Horietako bat dugu kontzesio perpausean mendeko perpaus bat, normalean osagarria, txertatzen den kasua; halakoetan ez ohi da eman bukaeran kontzesio perpauseko aditza. Ezen askotan gertatuko zaie jende prestuei arratsean ez kausitzea egun hartan bekatuketarik egin dutela, bederen ezagutza osorekin, gainerakoan [segur den arren guziek ere, erdi oharkabean bederen, asko huts egiten dugula egun oroz, jaundone Jakua apostoluak dioen bezala] (Duhalde); Ai nola zu hunen urrun zauden, [dakizun arren Jainkoa zeinen den gozoz bethea] (Duvoisin). Gauza bera gertatzen da kontzesio perpausa beste arrazoi batzuengatik denean luzea: Eta halarik ere han berean egotu zen, [nahiz bazuen egun guziz penitentzia bat ainitz pairarazten ziona: beti eta beti jendez inguratua izatea] (Joanategi).

39.2.2f Ezezko perpausetan ere, lehen esan dugun bezala, ohikoa da aditza mendeko perpausaren aurrealdean kokatzea, gehiagotan Iparraldeko testuetan eta nahiz …-en egituraren kasuan, -en arren menderagailuaren kasuan baino: Izurritea sartzen denean herri batean, [ez dituen arren hil-arazten guziak], bat-bedera beldur da bere buruarentzat (Larregi); Zerua bera ilhun da, [nahiz ez den lanhorik] (J. Etxepare).

408 Bereizketa bat egin nahi dugu, hala ere, egitura biren artean: bitxiagoa gertatzen da ezezko perpausetan -en arren menderagailua kontzesio perpausaren aurrealdera ekartzea, nahiz …-en ekartzea baino: a) Etxera noa [nahiz ez den oraindik umeak oheratzeko ordua]; b) Etxera noa [ez den arren oraindik umeak oheratzeko ordua].

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper