Euskararen Gramatika

39.1.5. Beste egitura hurbileko batzuk


39.1.5. Beste egitura hurbileko batzuk

39.1.5.1. Baldintza perpausak

39.1.5.1a Baldintza perpausekin ere, orain arteko gramatiketan esan izan den bezala, badute kontzesio perpausek lotura. Baldintza perpauseko protasiari ere gehitzen badiogu eta ondore perpausaren kontrakoa eman, kontzesio perpaus bihurtuko dugu baldintzazko perpausa:

Langile ona balitz, onartuko lukete lantegian (baldintza) →

Langile ona balitz ere, ez lukete onartuko lantegian (kontzesioa)

Gaixorik badago, ez da lantegira joango (baldintza) →

Gaixorik badago ere, lantegira joango da (kontzesioa)

Aurretik genuen aurresuposizio bati (alferra balitz, ez lukete onartuko lantegian; sasoi onean badago, lantegira joango da) horren kontrakoa edo beste muturrekoa den baldintza bat gehitzen diogu kontzesio perpausean ere-ren bitartez; gehitu dugun baldintza hori gorabehera, perpaus nagusian adierazitakoa berdin-berdin beteko da: [Alferra balitz] eta [(baita) langile ona balitz ere], ez lukete onartuko lantegian; [Sasoian badago] eta [gaixorik badago ere], lantegira joango da. Kontzesio perpausa osatzerakoan, lehenbiziko baldintza normalean ez da esplizituki ematen, eta geratzen dena perpaus nagusian adierazitakoari oposizioa egiten diona da:

[Alferra balitz] eta [(baita) langile ona balitz ere], ez lukete onartuko lantegian.

39.1.5.1b Aditz jokatudun perpausetan nahiz jokatugabeetan gertatzen da hori:

Asko ikasiz gero, ekainean dena gaindituko dugu (baldintza) →

Asko ikasiz gero ere, ez dugu dena gaindituko ekainean (kontzesioa)

Kontzesio perpausetan nolabaiteko baldintza bat dago. Har ditzagun adibide hauek: Datorrena datorrela, nire etxeko ateak irekiak izango ditu; Zernahi gerta dadin gure artean, lagun izaten jarraituko dugu. Horietan esan nahi dena honelako zerbait litzateke: “nire etxeko ateak denentzat daude irekiak, baita etsairik sutsuena etortzen bada ere; hari ere sartzen utziko diot”, “berdin zait gure artean zer gertatzen den; gauzarik okerrena gertatzen bada, hala ere, lagun izaten jarraituko dugu”. Baldintza bat jartzen da, baldintzazko perpausetan bezala, eta esaten dugu berdin zaigula baldintza edo oztopo hori, eta perpaus nagusian adierazitakoa gertatuko dela.

Azken finean, perpaus nagusian adierazten dena galarazteko nahikoa ez den baldintza bat da kontzesioa; galarazte hori gertatzeko, gauzak muturreraino eramaten dira aztertzen ari garen perpaus hauetan. Perpaus honetan, Ateri badago, kalera irtengo naiz, kalera irteteko baldintza bat jartzen ari gara: ateri egotea. Nolabait esanda, kalera ateratzea erraztu dezakeen baldintza bat. Honako honetan, berriz, Elurra ari badu ere, irtengo naiz kalera, kalera irteteko oztopo izan daitekeen baldintza bat ari gara jartzen, beste muturreko baldintza bat. Oztopoak oztopo, ordea, kalera aterako naiz.

39.1.5.1c Baldintzazkoen eta kontzesiozkoen artean dagoen desberdintasuna aurresuposizioan datza. Kontzesiozkoetan, hautsiko den aurresuposizio bat dugu, eta baldintzazkoetan ez dago aurresuposiziorik: protasian esaten dena betetzen bada, apodosikoa ere beteko da, ez dago bestelako usterik edo aurresuposiziorik horien azpian (Dirua badut, kontzertura joango naiz; Dirua banu, kontzertura joango nintzateke). Baldintza erreala nahiz alegiazkoa izan, protasikoa betetzen bada apodosikoa ere beteko dela (edo beteko litzatekeela) bakarrik adierazten dugu baldintzazkoekin; beste ezer ez. Kontzesiozkoetan, ordea, (Dirua badut ere, ez naiz joango kontzertura; Dirua banu ere, ez nintzateke kontzertura joango), bestelako zerbait ere badago, nolabaiteko ustea edo aurresuposizioa: dirua badut edo banu, kontzertura joango naiz edo nintzateke, hurrenez hurren. Hala ere, ez da aurresuposizioa betetzen: usteak uste, ez naiz (edo ez nintzateke) kontzertura joango.

39.1.5.2. Beste zenbait adberbio perpaus (-ela(rik), -tuta, -turik…)

39.1.5.2a Har ditzagun literatura tradizioko adibide batzuen egokitzapen hauek: Mutil koskorra zelarik, asko zekien; Nahi ez nuelarik, horretan sartu behar nuelako ustetan abiatu nintzen; Gurutze horretan isilik zaudela, hitz egiten didazu.

Batzuetan kontzesio balioa nahikoa argi ikusten da, baina ez beti; balioa argi ikusten ez den horietan, bestelako mendeko perpaus batzuen balioekin nahas daitezke. Izan ere, muga irristakor samarra dago, besteak beste, denborazkoen, moduzkoen eta kontzesiozkoen artean. Horregatik, askotan beste zerbaiten beharra sumatzen da kontzesio balioa bermatzeko, hura indartzeko. Helburu horretarako, ere askotan erabili izan da menderagailua duen aditzari erantsirik: Mutil koskorra zelarik ere, asko zekien; Nahi ez nuelarik ere, sartu behar nuelako ustetan abiatu nintzen (Mitxelena); O Nere Salbadorea. Ta nola Gurutze horretan isilik zaudela ere, hitz egiten didazun (Kardaberaz).

39.1.5.2b Aditz jokatugabeekin ere berdin gertatzen da: Gogoko ez dudala jakinik, egun osoa igarotzen du Unaik ni zirikatzen; Gogoko ez dudala jakinik ere, egun osoa igarotzen du Unaik ni zirikatzen. Moduzko perpaustzat interpreta litekeenari ere gehitu zaio hor ere kontzesio balioa bermatzeko.

Perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzaile bat ematea izan liteke beste aukera bat: Mutil koskorra zelarik, asko zekien hargatik; Ezer ere ez dakielarik, fama handia bereganatu du halere. Literatura tradizioan ugariak dira halakoak: Kontzientziak mintzatzen usatua ez delarik, ez daki alabaina isilik ere egoiten (Axular); Ordea gaitzetik heldu den beheramendua maite dugularik, guziagatik ere hura ekarri duen gaizkia erremediatu behar dugu on eta zuzenezko diren bideez (Pouvreau).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper