Euskararen Gramatika

39.1.3. Aurkaritzako diskurtso markatzaileak eta kontzesio perpausak


39.1.3. Aurkaritzako diskurtso markatzaileak eta kontzesio perpausak

39.1.3a Kontzesio perpausen ordez, EGLU-III liburukiak (93-133) aztertzen dituen aurkaritzako diskurtso markatzaileak erabil daitezke (hala ere, badarik ere, hargatik, haatik, guztiarekin…): alegia, bi perpaus beregainen arteko oposiziozko edo aurkaritzako lotura, erlazio adbertsatiboa.

39.1.3b Ekar ditzagun hona hasierako adibide sortako perpaus batzuk, eta ikus dezagun beste era batera nola antola daitezkeen: Nahiz bizkarreko mina duen, kirola egitera joan da; Betebehar asko baditu ere, beti aurkitzen du tarteren bat lagunentzat.

Horiek aurkezteko beste modu bat honako hau litzateke: Bizkarreko mina du; hala ere, kirola egitera joan da; Betebehar asko ditu; hargatik, beti aurkitzen du tarteren bat lagunentzat.

Bi esaldien arteko erlazio horren berri emateko, egitura sintaktiko bat baino gehiago erabil daitezke. Egitura horietako bat menderakuntza dugu: nahiz … -en, -tu arren, ba-… ere, -tuagatik… menderagailuen bitartez txertatzen ditugu mendeko perpausak perpaus nagusietan; bigarren aukeran, perpaus beregainak ditugu, juntaduraz nahiz alborakuntzaz juntatuak, eta horiek semantikoki elkarri lotzeko diskurtso markatzaileak erabiltzen dira (hala ere, hargatik, haatik…). Azken hauetan, parataktikoki lotutako egitura hauetan, bigarren perpausean kokatzen da diskurtso markatzailea, menderakuntza (kontzesio perpausa) erabili izan bagenu perpaus nagusia litzatekeen horretan, hain zuzen. Diskurtso markatzaile horiek anaforikoak ditugu, aurreko perpausaren erreferentekide diren anaforikoak: Bizkarreko mina du; hala ere, kirola egitera joan da. Bizkarreko mina du; hala [bizkarreko mina duela] ere, kirola egitera joan da.

Jar dezagun beste adibide pare bat: Gaztea da; haatik, badaki burua non duen; Gaztea da; haatik [gaztea izanagatik], badaki burua non duen; Betebehar asko ditu; hargatik, beti aurkitzen du tarteren bat lagunentzat; Betebehar asko ditu; hargatik [betebehar asko izanagatik], beti aurkitzen du tarteren bat lagunentzat.

39.1.3c Aurkaritza adierazteko bi modu horiek bateragarriak ere izan daitezke: esaldi berean, enfasi edo indar berezia lortzeko edo, erabil litezke bi baliabideak, menderakuntza bidezkoa eta diskurtso markatzaileen bidezkoa.

Hona literatura tradizioko adibide batzuk: Nahiz hertsia den, baituke ordean eremu puska bat halere (Hiriart-Urruti); Nahiz gaba zen, halarik ere Apez Handiaren etxe hartarat bilduak ziren populuko aintzindariak (Joanategi); Nahiz hekien mintzaiak ez ditezken berdinak, halarik ere biak elkarren heinekoak dire, direlakotz bada Europa guziko zaharrenak (J. P. Arbelbide).

Adibide horietan, mendeko kontzesio perpausak ditugu, baina, horretaz gainera, perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzailea ere agertzen zaigu. Halako egitura misto enfatikoak erabiltzea, hau da, bi baliabideak (kontzesio egitura eta diskurtso markatzailea) batera erabiltzea, oso baliagarria izan daiteke zenbait kasu berezitan; adibidez, mendeko perpausa luze samarra izanik, perpaus nagusiaren haria berreskuratzeko; edo, orobat, kontzesioa adierazteko erabili dugun egitura guk nahi bezain indartsua ez den kasuetarako ere: alegia, argi uzteko hor kontzesio balioa eman nahi izan diogula, eta ez beste bat406. Aurkaritza egituren metatze hori arrunt samarra da aztertzen ari garen perpausetan.

406 Gauza bertsua gertatzen da juntagailuekin ere: hauei ere gehitu ohi zaie diskurtso markatzaile bat (ikus EGLU-III (Lokailuak) liburukia: 27).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper