Euskararen Gramatika

38.5. Bait-, kausala eta azalpenezkoa


38.5. Bait-, kausala eta azalpenezkoa

38.5a Erabilera zabala du bait- formak menderakuntzan. Mota desberdinetako perpausak eratzen ditu; erlatiboak, osagarriak eta ondoriozkoak, besteak beste, baina baita kausazkoak ere: Banoa, ordu baita 2. arauan (“<em>baitu</em>, <em>baikara</em>, <em>bainaiz</em>”; Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua).</p> ">393. Menderagailua izanik, ez da adizki alokutiboekin bateragarri: Hik ere etxera joan beharko huke, berandu {baita ∼ *baituk ∼ *baitun}. Bestalde, menderagailuekin ohi denez, ez du perpausean beste menderagailurik onartzen (*etorri baitelako)394, eta aditzak ez/bai, omen/ei edo bide partikulak daramatzanean, hauek bait-en aurreran kokatzen dira: Orai sos poxi baten igortzen hasia natzaio, mementoan lanik gabe omen baita (J. B. Etxepare); Astia bagenu, hobekixeago beha geniezaioke, ez bide baita nolanahikoa (J. Etxepare).

Menderagailu hau berez ekialdeko euskalkietakoa da, zubereran beit- aldaera du. Bestelako adieretan ez ezik, kausazko balioarekin ere maiz erabiltzen da euskalki horietan, eta, hain zuzen ere, bai kausalak eta baita azalpenezko perpausak eratzen ditu. Mendebaldeko euskalkien tradizioan, berriz, ezezaguna izan da ez hain aspaldi arte, baist- formak bizkaierazko testu zaharretan dituen agerpen batzuk gorabehera; azken aldian, hala ere, eta ekialdeko euskalkien eraginez beharbada, sartua da mendebaldeko euskalkietan ere, gipuzkeran XIX. mendetik aurrera eta bizkaieran XX. mendetik aurrera batez ere395. Euskalki hauetan, ordea, ekialdekoetan ez bezala, kausazko adiera baizik ez du, eta, hain zuzen ere, azalpenezko perpausak eratzen ditu. Hori dela eta, bereiz aztertuko dira ondoko paragrafoetan bait- kausalak eta bait- azalpenezkoak, ekialdekoak haiek eta euskalki guztietakoak hauek. Hurrengo atalean ikusiko dira, berriz, menderagailu honek aurretik zeren partikula duelarik eratzen dituen perpausak.

38.5b Bait- kausala. Gehienetan azalpenezko perpausetan erabiltzen da bait- menderagailua, baina testuinguru jakin batzuetan kausal gisa interpreta daitezkeen perpausak ere eratzen ditu, esan bezala, ekialdeko euskalkietan. Hala, esate baterako, perpausak zertako? galderari erantzuten dionean: Eta hori zertako? Komunioak Sakrifizioa osotzen eta betetzen baitu (J. P. Arbelbide). Edo hura anaforiko duenean: Ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako etorri naizen (J. B. Elizanburu). Halaber, -lako perpausarekin juntaturik doanean: Baina epela baitzara eta ez zarelakotz ez hotza ez beroa, hasiko natzaizu ene ahotik aurtikitzen (Duvoisin). Edo harekin, nahiz -lakoan perpausarekin, kontrastean denean: Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu, ez gaitz delakotz hainbat kanten ematea, baina minbera baita egia maitea (Hiribarren); […] otso batek bildots gazte bat jan zuela, gose baitzen eta ez bildotsa baino azkarragoa zelakotz (M. Elizanburu); […] kartsuki miresten ninduzula zeruko aingeruen gisan, ez aingeru bat nintzelakoan, baina zurea bainintzen (Xalbador).

Halaber, giza jarrera edo emozioak adieratzen dituzten atsegin izan, damu izan, urriki izan eta horrelako aditzekin ere erabiltzen da bait- perpausa: Atsegin dut ikusten baitzaituztet ene inguruan (J. Etxepare); Urriki bezala dut, beldur zozo batengatik egoten bainaiz etxetik gehiago atera gabe (Barbier); Damu dut ez bainuen bihi bat paperetan ezarri (Xalbador). Horrelakoak, kausal gisa eta, batzuetan bederen, osagarri gisa ere uler daitezke; bait- menderagailua, hain zuzen ere, adierazpen perpausen osagarrien menderagailua izan daiteke (§ 30.6.2.5).

Bait- perpausa ez da, edozein kasutan, guztiz -lako perpausaren parekoa, ez baitirudi aditzaren aurre-aurrean kokatzeko aukera duenik galdegai gisa, baiezko perpausetan (*berandu baita joan dira), eta ezta adizkien artean ukagai gisa, ezezkoetan (*ez da haserre baita joan).

38.5c Bait- azalpenezkoa. Aipatutako kasu jakin horietan izan ezik, azalpenezkoak dira bait- formarekin eraturiko perpausak. Hauek, gainera, esan bezala, bai ekialdean bai mendebaldean erabiltzen dira gaur egun. Predikatuaren kanpoko modifikatzaile dira, ohi bezala, bait- perpausa horrelakoetan. Argi ikusten da hori aginduetan: Jauna, Zuk otoi zerbait zerutik egizu, / gure behar orduen berri baitakizu (Xalbador); Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik (X. Amuriza). Edo galderetan: Zer gertatu zaio zure lagunari?, kolore txarra baitu. Baina adierazpenetan ere gauza bera dugu: Ez dut mundu honetan izan sosegurik, ez baitut ezagutu amaren mintzorik (J. P. Arbelbide); Entzun, ez zuen ezer entzuten, bikotea urrun samar baitzegoen (Garate). Adierazpenezkoak, hala ere, anbiguoak izan daitezke, zalantza zor baitaiteke zenbaitetan bait- perpausa predikatuaren barnekoa den eta, hortaz, kausala, ala kanpokoa den eta azalpenezkoa. Etxean ez zen jateko eskasik, baitzen ausarki ogi, esne, arno, atzar, eta bildots (Narbaitz) esaldian, adibidez, ‘ogia ausarki izatea’ etxean ‘jatekorik eskas ez izatearen’ arrazoi edo kausa gisa uler daiteke (‘ogia ausarki zelako’), baina baita idazleak ematen duen azalpen gisa ere (‘ogia ausarki zen eta’). Arrazoi bera aurkezteko modu bi dira, gorago esan den bezala.

38.5d Dedukziozko perpausetan, bai, agerikoa da azalpen balioa (zerbait gertatu zaio lagunari, kolore txarra baitu; ez daude etxean, ez baitute telefonoa hartzen); segurki, antza eta horrelako adberbioek edo aditzaren modalitateak indartu egiten dute inoiz perpausak duen dedukzio balioa: Irudipen bat izan duzu segurki, esan zion Xalbatek, nik ez baitut ezer entzun (Etxaide); Ahaztu egingo zitzaion gutuna bidaltzea, beti izan baita pertsona serioa.

Azalpenezko bait- perpausa, bestalde, -eta enklitikozkoaz edo izan ere diskurtso markatzailea duenaz —edo are juntadura soilaz— ordezka daiteke: Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du eta; Zerbait gertatu zaio; izan ere, kolore txarra du; Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du.

Zenbaitetan badirudi azalpenezko bait- perpausa, ohiko jokabidearen aurka, mendeko baten mendekoa dela, ondoko adibide honetan bezala: Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago, nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua (Laphitz). Ez dago, ordea, hor inolako kontraesanik, bait- perpausa ez baita perpaus osagarriaren mendeko, aurreko esaldi osoarena baizik ([Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago], nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua).

38.5e Bait- azalpenezkoaren ohiko lekua nagusiaren eskuinean da, goiko adibideetan ikusten den bezala, adierazpenaren, aginduaren edo galderaren ondoan haien arrazoia ematen delarik. Dedukziozkoetan berezkoa dute leku hori eta ezin dira nagusiaren aurrera pasatu: ??Burumakur baitatoz, partida galdu dute. Gainerakoetan, ordea, ez da debeku ezker muturrean joatea: […] eta zahagirik ez baitut nik hemen, errekako uretik edan ezak, ordainez, trago bat ona (Barbier); Baina hotza baitzen gaua eta haize bizi bat ari, laster ernatu zen (J. P. Arbelbide); Baina Jainkoaren loriak hala galdatzen baitu, urteak eta urteak ez zaizkio sobera izanen liburuen erdian (Laphitz). Ez eta nagusian tartekatua joatea ere: Bospasei egunez, negua baitzen, elurrean bide egin zuten (Laphitz); Ez nuke honekin, lekua ez baita batere egokia, aurrera jo nahi (Mitxelena). Adibideetan ikusten denez, bestalde, mendeko aditza perpausaren azkenean ematen da maiz (bikotea urrun samar baitzegoen), baina baita ondoan beste osagairen bat duela ere inoiz (hotza baitzen gaua).

393 Ikus menderagailua aditzari lotzen zaionean gertatzen diren aldaketa fonetikoak eta horien idazkeraz Euskaltzaindiak eman duen 2. arauan (“baitu, baikara, bainaiz”; Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua).

394 Izan ere diskurtso markatzailearekin, berriz, erabiltzen da inoiz, ohikoa ez den arren: Izan ere hik gure pozari / pozik erantzun baitiok (E. Arrese), ikus OEH s. v. izan ere.

395 Ikus, honi buruz, OEH s. v. bait.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper