Euskararen Gramatika

38.4. -tzeagatik eta -tzearren, kausalak


38.4. -tzeagatik eta -tzearren, kausalak

38.4a Perpaus jokatugabeetan -tzeagatik da perpaus kausal beteak eratzen dituen forma nagusia. Aditz izenari -gatik kausazko postposizioa erantsita sortutako forma da, eta, hortaz, horrekin eraturiko sintagmak postposizio sintagmak dira, kapitulu honen sarreran ikusi ditugunen modukoak (§ 38.1.4b), postposizioak, kasu honetan, perpaus jokatugabea gobernatzen du. Perpaus nagusiko gertakariaren zergatikoa ematen dute aditzera perpaus hauek ere: Lapurretan egiteagatik giltzapean eduki dute (Anabitarte); Neureak eta bi entzun ditut hura puskatzeagatik (Txillardegi).

Predikatuaren barneko osagaia izanik, galdegai izan daiteke -tzeagatik formako perpausa ere, -lako formakoa bezala, (Zergatik zigortu dute lekukoa? —Gezurra esateagatik; Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa), eta harekin juntaturik eman daiteke: Liberalak behin baino gehiagotan salatuak izan ziren antiklerikalak izateagatik eta erlijioaren aurka zihoazelako (Ramirez de Okariz); galdegai kontrastatiboa eratzeko ere erabil daiteke: Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egiteagatik, lagunari kopiatu diolako baizik. Mintzagai ere izan daiteke, baina predikatuaren barneko osagaia izanik, kausala da horrelakotan ere, ez azalpenezkoa: Gezurra esateagatik, jende asko zigortu dute; Jende asko zigortu dute gezurra esateagatik. Galdegai izan nahiz mintzagai izan, bere hartan uzten da, haren perpaus nagusia goragoko beste perpaus batean txertatzen denean: Gezurra esateagatik zigortu bazaituzte, ondo egin dute; Ez dakizu gezurra esateagatik jende asko zigortu dutela?

Azalpenezko perpausak egiteko, ordea, ez du balio forma honek ere, dedukziozkoetan eta aginduetan ikusten den moduan: *Partida galdu dute, burumakur etortzeagatik, baina Partida galdu dute, burumakur baitatoz; *Isil zaitez, gauza gutxi jakiteagatik, baina Isil zaitez, gauza gutxi dakizu eta.

38.4b Jokatugabea izanik, -tzeagatik perpausen aditzak ez ditu subjektu-objektuak markatzen; horixe dute alde nagusia -lako perpausekin. Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna Koldori esaldian, esate baterako, ez da subjekturik aipatzen mendekoan, baina perpaus nagusiari esker berreskuratzen da: ‘Koldo’ da semaforoa gorrian pasatu duena. Subjektua aditzean markatua ez delarik, ondo egokitzen da forma hau zentzu orokorra duten perpausekin, hau da, subjektu zehaztugabea dutenekin, eta, hortaz, hura hobesten da horrelakoetan, zehaztasun gehiago ematen duen -lako forma jokatuaren aldean: EGA titulua izateagatik, bi puntu ematen dira, baina *EGA titulua izaten delako, bi puntu ematen dira.

Forma honetako perpausak, bestalde, perpaus nagusiko jasaile bati begira egon ohi dira. Askotan ez-ageriko osagai bat izaten dute, subjektua edo besteren bat, perpaus nagusian ‘jasaile’ gisa agertzen den osagai batekin erreferentekide dena. Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa esaldiaren mendekoan, esate baterako, ‘lekukoa’ da ez-ageriko subjektua, hau da, ‘gezurra esan duena’, eta horixe bera ageri da perpaus nagusian, jasaile gisa. Ez da ezinbestekoa, ordea, osagai erreferentekideak izatea: Badute gure etxean zerbait irentsirik, nik bertsolarigoan irauteagatik (Xalbador). Edozein kasutan, perpaus nagusian jasailerik ez agertzeak eragozten du mendekoan -tzeagatik forma erabiltzea. Hala, ?Mapa horiek ondo gordeak daude, militarrenak izateagatik esaldia, esate baterako, zalantzakoa da, mapak nekez izango baitira jasaile.

38.4c Kapitulu honen sarreran esan den bezala, -tzeagatik formak kausazko perpausak eta helburuzkoak era ditzake. Nola bereizten dira, bada, biak? Testuinguruak laguntzen du horretan. Perpaus nagusian helburua lortzeko borondatea duen ‘egile’ bat izatea eskatzen du helburuzkoak; hori ez denean, kausazkoa da perpausa, batez ere perpaus nagusian ‘jasaile’ bat baldin bada. Argi erakusten du alde hori ondoko adibide pareak: Gehiegi estutzeagatik apurtu zaio Mikeli gerrikoa eta Lapurreta egiteagatik apurtu du Mikelek kristala; lehenbizikoan gerrikoa apurtzearen jasailea da Mikel, eta hortaz, kausazkoa da perpausa; bigarrenean, berriz, kristala nahita apurtu duen egilea da Mikel, eta, beraz, helburuzkoa da perpausa. Lehenbizikoa -lako perpausaz ordezka daiteke (‘gehiegi estutu duelako’), eta -tzeko perpausaz bigarrena (‘lapurreta egiteko’), § 37.5.1.

Zenbaitetan, itxura bestelakoa izan arren, ‘jasailea’ duena da perpaus nagusia, eta, hortaz, kausazkoa da mendekoa. Barkamena eskatzen dizut zure egunean ez deitzeagatik perpausean, esate baterako, badirudi ‘barkamena eskatzea’ egile bati dagokiola, eta, hortaz, perpausak helburuzkoen taxua duela; baina, ondo begiratuta ohartzen gara barkamena eskatzen duenak ‘barkatua izatea’ eskatzen ari dela, barkamenaren hartzaile izatea, alegia, jasaile izatea, kausazko perpausei dagokien bezala.

38.4d Izan daitezke perpaus anbiguoak, jakina, batera zein bestera uler daitezkeenak, testuinguru komunikatibotik edo egoera pragmatikotik kanpora entzuten badira, behintzat. Auzokoak izutzeagatik zigortu zuten epaileek gizona esaldiko perpaus nagusian ‘jasaile’ bat (gizona) eta ‘egile’ batzuk (epaileak) ditugu; hortaz, bietara uler daiteke esaldia. Jasaileari erreparatuta, kausazkoa izan daiteke mendeko perpausa eta ‘gizona’ haren subjektua (‘gizona’ zigortu zuten, ‘gizonak’ auzokoak izutu zituelako); egileari erreparatzen badiogu, berriz, helburuzkoa izan daiteke perpausa eta ‘epaileek’ haren subjektua (‘epaileek’ zigortu zuten gizona, ‘epaileek’ auzokoak izutzea nahi zutelako). Anbiguoa izan daiteke, halaber, perpausa, jasaile-egile erlazioa argi ez denean: Zer sari dago, lan hori egiteagatik?, hau da, ‘lan hori egin delako’ nahiz ‘lan hori egiteko’. Horrelako kasuetan izan ezik, ordea, ez da zalantzarako biderik izaten perpausotan.

Ezaugarri horietaz gain, bestalde, kontuan izan behar da nagusiaren aurretik gertatu den zerbait edo irauten duen egoera bat aipatzen duela kausazkoak (Gaizki aparkatzeagatik zigortu dute; Gizena izateagatik ukatu diote sarrera), eta prospektiboa dela, aldiz, helburuzkoa, hau da, nagusiko gertakaritik aurrera, etorkizunera, begiratzen duena (Kurtsoa gainditzeagatik saiatu da gaiak ondo ikasten —aurrena saiatu, gero kurtsoa gainditu, alegia—).

Hitz batean esateko, bada, perpaus nagusian jasaile bat izaten da mendekoa kausazkoa denean eta honetan adierazitako gertakariaren aurreko edo aldibereko zerbait aipatzen du. Egunkariko izenburu honek dituen ezaugarriak, hain zuzen ere: Bizkaiko Aldundiak 49 saltoki zigortu ditu, erosketa tiketak gaizki egiteagatik (Berria). Tiketak gaizki egin dutenak dira zigorraren jasaileak, eta zigorraren aurrekoa da tiketak gaizki egitea.

38.4e Kausazko -tzeagatik eta kontzesiozko -tuagatik formen oinarrian dauden adizkiak aspektuak bereizten ditu: etortze aditz izena, esate baterako, [-burutua] da, eta etorri partizipioa, berriz [+burutua]; -gatik atzizkia hartzen dutenean, ordea, neutralizatu egiten da bereizketa hori. Adiera semantiko baterako espezializatu da horietako bakoitza: burutugabeko -tzeagatik formak kausa —edo helburua— adierazten du, bai gertakaria burutugabea denean (Eskerrik asko lanean segitzeagatik), baina baita gertakaria burutua denean ere (Eskerrik asko etortzeagatik, hau da, ‘etorri zarelako’); -tuagatik forma burutua, berriz, kontzesiozkoak eratzeko espezializatu da: Ahalegin franko eginagatik, {ez zuen lortu ∼ ez du lortzen ∼ ez du lortuko} lanpostua.

Gaur egun entzuten dira inoiz partizipiodunak kausal moduan, batez ere izan partizipioaren laguntzarekin392: ?Eskerrik asko etorri izanagatik; ?Zoriondu dute, azterketa ondo egin izanagatik. Ez dirudi erabilera gomendagarria denik, ‘etortzeagatik’ eta ‘egiteagatik’ baitira hor forma egokiak. Alderantzizkoa ere ez da gomendatzekoa, jakina: Eta izugarri izateagatik, ez al zitekeen bihozbera izan…? (Anabitarte). Kontzesiozkoa denez, izugarri {izanagatikizan arren} izango litzateke hor forma egokia.

38.4f Mendebaldekoa den -tzearren forma ere kausazko perpausak eta helburuzkoak eratzen ditu, -tzeagatik formak bezala. Hau ez bezala, ordea, batez ere helburuzkoetan erabiltzen da hura. Kausazkoetan ohikoegia ez izan arren, ez da, hala ere, ezina: Erdaraz egitearren markesak zirela uste zuten; Eskerrik asko denei, guri laguntzearren. Honekin ere izan daitezke perpaus anbiguoak: Zer sari daukagu hori egitearren?

Postposizio honekin ere gertatzen da -tzearren kausa-helburuzkoaren eta -tu arren kontzesiozkoaren arteko aldea: Mila esker etortzearren, baina Garaiz etorri arren ez du lekurik aurkitu aretoan.

38.4g Ekialdeko euskalkietan -turik forma erabiltzen da inoiz giza jarrera adierazten duten eskerrak (eman), atsegin izan, urriki izan eta ahalke izan gisako aditzekin: Jainkoari eskerrak bihurtzen dituzte […], batek irabazi handi bat eginik, bertzeak bere burua irabazterat utzirik (Laphitz); Etxerat itzuli (zen), ziolarik, atsegin zuela, Jainkoaren aitzinean agertzeko behar zuena eginik (Hiriart-Urruti); Urriki dugu Iruñean ez gelditurik, ostatu on batean (J. Etxepare); Aita ahalge zen semeak ohointza hori eginik (Lafitte).

Perpaus jokatugabeez ari garela, gogora daiteke -turik, -tuta, -tutakoan eta -tzean formekin eraturiko perpausek modua, denbora edo dena delakoa adierazteaz gain, azalpena ere iradoki dezaketela zenbaitetan: Polizia {ikusirik ∼ ikusita ∼ ikusitakoan ∼ ikustean}, korrika hasi ziren manifestariak. Formari dagokionez perpaus horiek kausazkoak ez diren arren, adiera hori ere iradokitzen dute, kausazko irakurketa erantsiz inferentziaz perpausaren esanahiari (§ 38.1.3).

392 Tradizioan ere aurkitzen dira kausazko -tuagatik batzuk (ikus § 39.3.3); -tu izanagatik formakoak, berriz, gaztelaniazko ‘por haber hecho’ gisakoen parekoak izan daitezke.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper