Euskararen Gramatika

38.3. -lako(tz), kausala


38.3. -lako(tz), kausala

38.3a Gaur egun -lako da, mendebaldeko euskalkietan, perpaus kausal jokatuak egiteko erabiltzen den forma nagusia; -la menderagailuari -ko adnominala erantsita eratutako forma da, izenaren perpaus osagarrietan ageri dena bera. Hortaz, erabilera bi ditu mendebaldean forma honek, izenlagunari dagokiona bat (gezurra esan diotelako kontu horrekin asper-asper eginda nauka) eta aditzaren modifikatzaileari dagokiona bestea, kausazkoa (gezurra esan diotelako haserretu da)385. Ekialdeko euskalkietan ere erabiltzen da forma hori, -lakotz aldaeran usu, era horretan bereiziz izenaren osagarria (gezurra esan diotelako kontua) eta aditzaren modifikatzailea (gezurra esan diotelakotz haserretu da)386.

38.3b Predikatuaren barneko osagai izanik, gorago aipatu diren ezaugarriak ditu -lako perpausak. Hala, zergatik? galderari erantzun diezaioke: Zergatik errespetatzen duzue? —Zaharra delako. Eta galdegaia ere izan daiteke, jakina, aditzaren aurre-aurrean kokatua inoiz (zaharra delako errespetatzen dugu), baina maizago aditzaren eskuinera atzeratua, batez ere luze samarra denean, horrelakoetan ohikoak diren eten-intonazioekin: Errespetatzen duguurteek pertsona beneragarria egin dutelako. Ezezko perpausetan ere, zergatik osagaia izan daiteke esaldiko galdegaia, ezeztapenak perpaus osoa besarkatzen duenean, eta -lako perpausak bete dezake orduan funtzio hori, baiezkoetan bezala: Zergatik ez da etorri? —Gaixorik delako ez da etorri387. Beste batzuetan, ordea, kausazko perpausa da ezeztapenak besarkatzen duen ukagaia, eta orduan ohiko lekuan kokatzen da hau, adizkiaren ondoan, sintetikoetan, eta adizki bien artean, analitikoetan (ez dugu zaharra delako errespetatzen, hau da, ‘errespetatzen dugu, baina ez horregatik’)388; horrelako perpausei kontrasteko galdegai baieztatua gehitzen zaie maiz, zergatiko ukatuari baiezko bat kontrajarriz, ez A, B baizik egituran: Ez dugu zaharra delako errespetatzen, jakintsua delako baizik. Ezezko mota honetan ere atzeratu egiten da maiz -lako perpausa, baina aditzaren ondoko eten-intonazio bereziak egin gabe: Ez dugu errespetatzen urteek pertsona beneragarria egin dutelako, jakintsua delako baizik. Ez-baiko kontraste hori alderantziz ere egin daiteke: Jakintsua delako errespetatzen dugu, ez zaharra delako. Kontrastean emandako osagai biak -lako forma dutenak izan daitezke, goiko adibideetan ikusten den bezala, baina beste kausazko nahiz helburuzko forma batzuekin konbinatuta ere eman daiteke -lako perpausa: […] eta hargatik triste ziren; ez baitezpada galdu zituztelakotz, baina zeren ez zitzaien emana haiei ere Jesus Jaunarentzat beren odolaren isurtzea (Joanategi); Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu, ez gaitz delakotz hainbat kanten ematea, baina minbera baita egia maitea (Hiribarren); Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egin duelako, lagunari kopiatzegatik baizik; Ez du lasterketa utzi nekatua zelako, lagunari laguntzeagatik baizik.

38.3c Sarritan -lako perpausa aurreko hargatik, horregatik edo horrelako elementu kataforiko batek iragarria ematen da: Hargatik maite ditut gaurko gazte asko: tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako (Mitxelena); Horregatik saldu zidan bada etxe hau, bera Dublinera zihoalako (Atxaga). Erakuslearen edukia biltzen duen aposizioa da -lako perpausa, horrelakoetan, eta galdegaitzat har daiteke, hura galdegai denean (‘tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako [maite ditut]’, alegia).

Gorago aipatu ditugun hiru kausa motak adieraz ditzake -lako perpausak, objektiboa, oinarri logikoa duena edo motibo subjektiboa seinalatzen duena. Harritu, damutu, izutu, lotsatu, poztu, loriatu, ikaratu, miretsi, deitoratu eta gisa horretako aditzek adierazten dituzten giza jarrera edo emozioen kausa ere adieraz dezake: Aberastuta natorrelako harritu al zarete?; Miresten dituzte langile trebeak direlako.

38.3d Mintzagaia ere izan daiteke -lako perpausa, perpaus nagusiaren eskuinaldean kokatua inoiz: Lagun guztiak haserretu zaizkizu gezurra esan duzulako; Ez zara agertu, beldur zinelako (Labaien); Nire nagusiak orain hiru egun, bidean utzi ninduen, gaixotu nintzelako (Lardizabal). Baina ezkerraldean kokatua beste zenbaitetan, galdegai-aditzen aurrean, nolabaiteko hanpadura markatuz: Gezurra esan duzulako, lagun guztiak haserretu zaizkizu; Hiru urte lehenago lapur bat aurkitzen lagundu ziolako, oso adiskide zuen (Garate). Beste mintzagai baten ondoan ere joan daiteke, haren eta galdegaiaren artean tartekatua: Euskal letretan, apal izanagatik edota apala delako, aski nabarmendu da bere boza azkenaldi honetan (Mitxelena).

38.3e Mintzagai diren -lako perpaus kausal hauen ‘pareko’ dira, itxuraz, azalpenezko formekin eratzen diren perpaus batzuk: Auto berria erosi du zaharra ondo ez zebilelako; Auto berria erosi du, zaharra ez zebilen-eta ondo. Itxura gorabehera, ordea, eta esanahia bertsua izanik ere, desberdinak dira perpaus mota bi horiek, gorago esan den bezala: -lako perpausak, predikatuaren barnekoa izanik, honek aipatzen duen gertakariaren kausa ematen du aditzera zuzenean; azalpen perpausak, berriz, perpaus nagusiaren kanpoko modifikatzaileak dira eta hartan esandakoaz hiztunak eransten duen azalpena ematen dute aditzera. Eta, jakina, bakoitzak bere ezaugarriak ditu; hala, § 38.2 atalean aipatzen direnez beste, goragoko perpaus baten mendekoaren mendeko izateari dagokiona (auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilelako, ederki egin du; *auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilen-eta, ederki egin du), edo galderaren barneko osagai izateari dagokiona (partida galdu behar al dugu gaur ere sasoian ez zaudetelako?; *partida galdu behar al dugu gaur ere, sasoian ez baitzaudete?)389.

38.3f Gogoan izan behar da, bestalde, azalpenezko perpaus guztiek ez dutela parean -lako perpaus kausalik; hala, esate baterako, dedukziozkoek (etxean daude, leihoak irekiak baitaude*etxean daude leihoak irekita daudelako). Aginte perpausek ere berezkoa dute azalpenezko perpausa hartzea, agindua ematearen justifikazioa eskaintzen baitu mendekoak (joan zaitez ohera, {berandu baita ∼ berandu da eta}), eta, hortaz, ez dute erraz onartzen -lako perpausa (?joan zaitez ohera berandu delako); onargarria dute, ordea, mendeko perpausa aginduaren esparruan sartzen bada (joan zaitez ohera berandu delako, ez nik esan dizudalako), agindua ez baita hor ‘ohera joatea’, ‘horregatik joatea’ baizik.

Dena dela, egungo hiztun batzuek -lako perpausaren erabilera zabaltzeko joera dute, eta azalpenezkoez bereizi gabe jotzen dute hartara. Berdintsu zaie Etxera joan da, berandu baitzen esatea nahiz Etxera joan da, berandu zelako esatea. Ez da egokia, ordea, -lako formaz baliatzea predikatuaz kanpoko azalpen perpausak eratzeko. Halakoetan, aurrerago ikusiko den moduan, bait- edo -eta enklitikoa dira forma egokiak: Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzu-eta gaia — ?Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzulako gaia (Garzia 2014a: 161). Eta, zer esanik ez, dedukziozkoetan eta agintezkoetan: *Galdu dute, burumakur datozelako; *Isil zaitez, ezer ez dakizulako.

38.3g Zenbaitetan bi perpausetan banatua ematen da esaldia, aurrenekoan esandakoari argibideak eransten dizkiolarik bigarrenak, -lako perpausak: Lasterketak interes berezia izango du, bertan izango direlako munduko txirrindularirik handienak (Euskadi Irratian entzuna). Perpaus nagusiko osagaitzat —haren mintzagaitzat— har daiteke hor, beharbada, mendeko perpausa; baina pentsa daiteke, halaber, alboratutako perpaus bi ditugula, hau da, lehena esan ondoan bestea eranstea bururatu zaiola hiztunari, hartan esandakoa nolabait argitzeko-edo. Lehena erabat osatua da, bere galdegaia eta guzti (‘interes berezia’), eta bigarrenak beste galdegai bat ematen du, -lako perpausa hain zuzen ere, bigarren perpausari dagokiona; galdegaia baizik ez du ematen bigarren honek, perpausaren gainerakoa aurrekotik berreskuratzen baita. Honako hau izango litzateke, bada, esaldi horren irakurketa: Lasterketak interes berezia izango du. Bertan munduko txirrindularirik handienak izango direlako [izango du interes berezia]. Alboratutako perpaus bi direnez, tartean etena egiten da; idatzian koma, puntu eta koma nahiz puntua eman daitezke390. Dena dela, zalantzakoa izan daiteke batzuetan, idatzian batez ere, -lako perpausa nagusiaren osagaia —haren mintzagaia— ala gehikuntzaz alboraturiko perpausa den.

38.3h -lako perpausen barneko ordenari dagokionez, esan behar da beste mendeko askotan bezala hauetan ere perpausaren azken buruan ematen dela menderagailua bere aditzarekin. Horrela da beti, hain zuzen ere, galdegai izanik aditz nagusiaren aurrean denean: [Gezurra esan duzulako] nago haserre; *[Esan duzulako gezurra] nago haserre; haren eskuinean denean ere azkenean doa inoiz: Ez dizut ezer eskatuko, behar dudan guztia badudalako; hasieran eta tartean ere eman daiteke, menderagailua aditz nagusira hurbilduz: Ez dizut ezer eskatuko, badudalako behar dudan guztia; Ez diot ezer aipatu, berak badakielako gorabehera guztia (Arejita 1985: 190). Ezezkoetan, berriz, azken buruan joan ohi den adizki jokatua aurrera ekar daiteke: [Agurrik egin ez dizutelako] al zaude haserre?, baina baita [Ez dizutelako agurrik egin] al zaude haserre? ere.

38.3i Hiztun guztiek onartzen ez badituzte ere, batzuentzat onargarriak dira -lako perpausaren barruko osagai bati buruzko galderak, eta ez bakarrik oihartzun-galdera gisa: Nor etorri delako zaudete pozik?; Zer ikusi dutelako hasi dira korrika?; Zeinen aurka jokatu behar dutelako daude hain urduri Aviron taldekoak?

38.3j Sintagma motibatiboek balio kontzesiboa izaten dute inoiz. Balio hori izan dezake -lako perpausak ere, perpaus nagusia ezezkoa denean: Hitz berri gehiegi dituelako ez diogu ukatu behar ondo merezi duen txaloa (Mitxelena). Aurkaritza adierazten dute horrelako perpausek: horrela, adibidean, ‘hitz berri gehiegi izateak’ txaloa ukatzea ekarriko lukeela pentsa daiteke, baina kasu honetan ez da hala gertatzen (“Hitz berri gehiegi baditu ere, ez diogu txaloa ukatu behar”).

38.3k Forma honi inesiboko -n atzizkia erantsita -lakoan forma eratzen da. Oinarrian izenlaguna dagoenez, pentsatzekoa da forma horren azpian ez- ageriko izen bat dagoela, ‘uste’, ‘iritzi’ edo horrelako adiera duena, hain zuzen ere; etorri delakoan perpausaren azpian, esate baterako, etorri delako [uste]an perpausa dagoela, alegia. Ikusten denez, [uste]an da sintagma horren burua, eta horrek erabakitzen du sintagmaren esanahia eta balioa. Zenbaitetan egon aditzaren osagarria da, Adiskide zintudalakoan nengoen, baina beste batzuetan kausa adierazten duen adjuntua da: Lapurra zelakoan atxilotu zuten; Barbero batengana eraman omen zuten, hark sendatuko zuelakoan (Atxaga). Aldea badago -lako eta -lakoan perpausen artean: -lako perpausa, kausal betea da (Igandea zelako geratu zen ohean); -lakoan perpausa, berriz, ustezko kausal modura irakurtzen den perpausa da, esan bezala (Igandea zelakoan geratu zen ohean). Ustea, iritzia edo aitzakia adierazten du -lakoan perpausak, uste hori perpaus nagusiko gertakariaren zergatiko gisa ulertuz; hortik, adieraren ‘subjektibotasuna’391. Inoiz -lako soila erabiltzen da -lakoan formaren lekuan, forma biek duten erlazioa agerian utziz: Peril handia da nihork bata har dezan bertzea delako [], zeren bata on izanagatik, bertzeak kalte egin lezake (Pouvreau).

385 Kausazko -lako formaren jatorria izenlaguna dela iradokitzen du de Rijkek: “As to origin, causal -lako can be identified with the suffix used to link sentential complements to nouns, provided one allows a non-overt instrumental noun to account for the meaning ‘cause or reason’” (2008: 600).

386 Villasantek dio aski berria dela -lako(tz) forma hau, kausazko adieran: “Sorprende en gran manera el constatar que este sufijo, tan usado hoy para expresar la causalidad, no aparezca hasta bastante tarde en los textos” (1986: 241). Mitxelenak, hala ere, gogoratzen du ex silentio froga herrena dela beti, eta honako Leizarragaren testu hau aipatzen du: Ez dizuet izkiriatu ukan, egia ezagutzen ez duzuelakotz; aitzitik zeren hura ezagutzen duzuen, eta gezurrik batere ez baita egiatik (1 Jo 2,21) (Villasante 1976: 150 oh.).

387 Bestelakoa da, noski, Gaixorik delako, ez da etorri esaldia, zeinetan galdegaia ez adberbioa baita eta perpaus kausala, berriz, mintzagaia den.

388 Ikus de Rijk 1998b, Ortiz de Urbina 2003b eta Garzia 2014a.

389 Galderatik kanpo eman daiteke azalpenezko perpausa (Partida galdu behar al dugu gaur ere? Ez baitzaudete sasoian), baina, ikusten denez, esanahia desberdina da, egindako galderaren arrazoia azaltzen baitu azken honek.

390 Hala dio Garziak, zeinek gehikuntza deitzen dion horrela antolatzen den funtzio informatiboari (2014a: 51, 70). “Funtzio berezi bat baino areago, egia esan, galdegai-funtzioaren agerraldi berezi bat da” (2014a: 71 oh.).

391 Villasante mintzo da ‘subjektibotasun’ honetaz, Txillardegi aipatuz (Villasante 1986: 242).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper