Euskararen Gramatika

38.1. Sarrera: kausa, ondorioa, helburua


38.1. Sarrera: kausa, ondorioa, helburua

38.1.1. Kausa-ondorioaren adierazpenak

38.1.1a Bat baino gehiago dira gertakarien arteko ‘kausa-ondorio’ erlazioa aditzera ematen duten perpaus motak, edota erlazio hori oinarri dutenak. Kausazko perpausek perpaus nagusiko gertakaria eragin duen kausa seinalatzen dute: Euria egin duelako datoz ibaiak haziak; baldintzazkoak ere (ikus 34. kapitulua) erlazio horren gainean eraikiak izan daitezke, gertakari eragilea hipotesi moduan aurkeztuta: Euria egiten badu, ibaiak haziko dira; kontzesiozkoek (ikus 39. kapitulua) kausa gauzatu dela esan bai, baina hark iradokitzen duen ustezko ondorioa bete ez dela adierazten dute: Euria egin badu ere, ez dira ibaiak hazi; helburuzko perpausek (ikus 37. kapitulua), berriz, aurrera begiratu eta lortu nahi dena seinalatzen dute perpaus nagusiko gertakariaren eragile modura, xedea delarik haren kausa: Errieta egin nien haurrei, isil zitezen; eta ondoriozkoek ere aurrera begiratzen dute, perpaus nagusiko gertakariak eragin duen ondorioa seinalatuz: Halako euri jasa egin zuen, non ibaiak hazita baitzetozen.

38.1.1b Kausa-ondorio erlazioan oinarritzen dira, bada, perpaus horiek guztiak, zein bere modura bada ere. Ikusten den moduan, kausazkoek, baldintzazkoek eta kontzesiozkoek erlazioaren lehen elementuari begiratzen diote, kausari (‘euria egin’), baina baldintzazkoek hura hipotesi moduan aurkeztuz (‘egiten badu’) eta kontzesiozkoek, esan bezala, haren betetzeak iradokitzen duen ondorioa ukatuz (‘euria egin du’, bai, baina…). Helburuzkoek eta ondoriozkoek, berriz, bigarren elementuari begiratzen diote, ondorioari, helburuzkoek hura xede gisa seinalatuz (‘haurrak isiltzea’) eta ondoriozkoek gauzaturiko gertakari moduan aurkeztuz (‘ibaiak haziak etortzea’).

38.1.2. Kausazko perpausak eta helburuzkoak

38.1.2a Aipatutako perpaus horietan guztietan kausazkoak eta helburuzkoak dira elkarrengandik hurbilen daudenak. Gertakariaren kausa adierazten dute biek, baina ez datoz bat kausa hori aurkezteko moduan. Kausazkoek atzera begirako ikuspegia dute, gertakari nagusia eragin duena haren aurretik —edo, artean irauten badu, aldi berean— kokatuz eta, hortaz, gauzatutzat emanaz (‘euria egin du’, goiko adibidean). Helburuzkoak, berriz, prospektiboak dira; gertakari nagusitik aurrera begiratzen dute, subjektu egileak duen xedea haren eragile gisa aurkeztuz eta hura gauzatu denik esan gabe (ez da esaten, goiko adibidean, ‘haurrak isildu diren’, baina helburu hori lortzea da errieta egitearen kausa).

38.1.2b Aldeak alde, ordea, ezaugarri berdinak ere badituzte kausazko eta helburuzko perpausek, biak ere kausaren adierazle direnez. Hasteko, biak izan daitezke zergatik galderaren erantzuna: Zergatik mugitu duzu aulkia? —{Traban zegoelako ∼ Trabatik kentzearren}. Bestalde, juntaturik ere ager daitezke: Dirua behar duelako eta gurasoen nahia betetzearren hasi da lanean; Ez da kontzertuetara joaten musika maite duelako, bere burua agertzeagatik baizik; Gaur goiz etxeratu da, edo nekatua zegoelako edota, beharbada, telebistan futbol partida ikusteko. Eta, are gehiago, forma gehienetan bereiz badira ere, -tzeagatik eta -tzearren formetan bat datoz, forma ‘motibatibo’ horiek kausazko nahiz helburuzko perpausak era baititzakete, aurrerago ikusiko den moduan: Ilunpean ibiltzeagatik {erori da ∼ itzali du argia} (§ 38.4).

Kausazko perpausak aztertuko dira kapitulu honetan, helburuzkoak beste kapitulu baterako utzita (37. kapitulua). Aipatu ditugun beste perpaus motak, berriz, zein bere lekuan aztertzen dira.

38.1.3. Kausa adierazten duten egiturak eta hura iradokitzen dutenak

38.1.3a Berariaz kausa seinalatzea xede duten perpausek eta sintagmek forma jakinak erabiltzen dituzte adierazpen hori gauzatzeko, -lako, bait-, -gatik eta horrelakoak, alegia: etorri delako, etorri baita, etortzeagatik; nekeagatik. Horiek gabeko perpaus batzuek, hala ere, berariaz seinalatu ez, baina iradoki behintzat egiten dute kausazko adiera, irakurketa hori erantsiz, inferentziaz, beren esanahiari.

38.1.3b Hala, juntaturiko perpausetako lehenak kausa iradoki dezake (gau iluna da eta ez da ezer ikusten), edo alboraturiko perpausetakoak (gau iluna da, ez da ezer ikusten). Berdin, erabilera zabala duen -larik formarekin eginiko perpausek: Hain ona delarik, nola ez maita (Lafitte). Edo partizipioarekin eginiko sintagma adberbialek: Partida irabazita, pozik ziren jokalariak; Polizia ikusitakoan, lasterka hasi ziren. Zenbaitetan, perpausen esanahia bera aldatu egiten da; hala, esate baterako, denborazko formakoek kausa edo azalpena adieraz dezakete: Horrek esan duenean, ez da zalantzarik horrela dela; Laguna larri ikustean, ospitalera eraman zuten; Zuk erran duzun puntutik, sinesten dut (Lhande); Amodiotik aingeru hori kontzebitu den ordutik, / ni segur nago Jainko maiteak deitzen duela zerutik (Xalbador).

38.1.3c Aditz batzuek ere berekin daramate kausazko esanahia: Eurite handiak uholdeak ekarri ditu; Harrokeriak eraman zuen txorakeria horiek esatera. Horrelako egiturak, iradokizun mailako edo aldaturiko kausa-adierazpena egiten dutenez gero, ez dira hemen aztertuko.

38.1.4. Kausa adierazten duten formak

38.1.4a Berariaz kausa adierazten duten formak, bere aldetik, ez dira denak mota batekoak eta ez dituzte denek egitura sintaktiko berak eratzen. Diskurtso markatzaileak dira batzuk, testu mailakoak, esaldien edo solas zatien arteko lotura gauzatzen dutenak: Etxera joan da; izan ere, nekatuta dago. Perpaus mailako egitura sintaktikoak eratzen dituzte beste batzuek. Postposizio sintagmak eratzen dituzte postposizioek, izen sintagma gobernatuz: Zugatik egin du; menderagailuek, berriz, mendeko perpaus jokatuak eratzen dituzte: Gehiegi erre dutelako hondatu zaie janaria; bestalde, postposizioek aditz izena gobernatuz mendeko perpaus jokatugabeak ere era ditzakete: Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna.

38.1.4b Diskurtso markatzaile guztiek bezala, kausazkoek ere esaldi bi elkartzen dituzte, markatzailea daramanak bestean esaten denaren azalpena eskaintzen duelarik, baina haren mendeko izan gabe. Hala, izan ere, alabaina, bada, ezen, zeren eta zergatik (eze) kausazko markatzaile gisa erabil daitezke (ikus 42. kapitulua).

Izan ere esapidea bere osoan da diskurtso markatzaile, perpausaren hasieran nahiz tartean kokatua: Auto berria erosi du; izan ere, zaharra ez zebilen ondo; Zaila da, izan ere, testuak ongi ulertu ahal izatea (Mitxelena). Gipuzkoan eta Bizkaian erabiltzen da batez ere, XIX. mendearen amaiera aldetik hona382. Alabaina batez ere aurkaritzako markatzaile gisa erabiltzen da gaur egun mendebaldean, baina kausazko bezala batez ere ekialdean: Zer jendetzak bildu ahal ziren haren aditzeko! Alabaina halako famako predikaria zen (Zerbitzari); Ikaslerik nehor kasik ez, edo guti. Gizon gazteak alabaina […], nahiago hiri handia (J. Etxepare). Bada lokailuak —lagunartean, ba— bestelako erabilerak ditu, baina inoiz kausa ere adierazten du, Hegoaldeko euskalkietan batez ere: Ez dut agurtu, bada ez dut ezagutu; Eraman ezazu, bada on egingo dizu383. Ezen —edo ezi(k)— Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da kausazko adieran: Segur naiz plazer eginen diodala, ezen bera ere kantari pollita da (Xalbador). Zeren eta zergatik (eze) formak -n edo bait- menderagailuekin erabiltzen dira maizenik, baina haiek gabe ere erabiltzen dira, aurrerago ikusiko den moduan: Presta zaitezte ondo partidarako, zeren nork irabazten du ondo prestatu gabe?; Agudo plater pare bat, zergatik gosearekin ez dugu ikusten (Soroa).

38.1.4c Beste postposizioek bezala, kausazkoek ere ohiko postposizio sintagmak eratzen dituzte, izen sintagmarekin doazenean. Hala, -gatik: Nekeagatik utzi nuen lasterketa; Nigatik egin dute hori; Eskerrik asko opariagatik; ‘kausazkoak’ dira horrelako sintagmak, nigatik egin dute esanda, esate baterako, ‘nire kausaz’ egin dutela adierazten baita, eta, hain zuzen ere, kausazko perpausekin juntaturik eman daitezke: Ni euskarari nago, bihotzez eta gogoz, ez ederrarengatik bakarrik, baina gurea delakotz (Xalbador). Postposizioa berez genitiboari eransten zaio (Koldorengatik, semearengatik, semeengatik), baina izenkia mugatzailerik gabea edo mugatu singularra denean genitiboaren atzizkia agerian eman gabe utzi daiteke (Koldogatik, nigatik, semeagatik) (EGLU-I: 433-437). Erakuslearekin eginiko horregatik sintagmak aurretik aipatutako zerbaiti egiten dio erreferentzia, hura perpaus nagusiko gertakariaren kausa edo arrazoi gisa seinalatuz: Ez dut ezer txarrik egin. (Arrazoi) horregatik, ez diet epaileei beldurrik.

Postposizio hori emankorra da euskalki guztietan izen sintagmak gobernatuz. Ez horrela, ordea, mendebaldeko -arren postposizioa, hau ez baita, aditz izenaz beste, izen gutxirekin baizik erabiltzen kausa adieran (beldurrarren, lotsarren, pozarren): Lotsarren negar-malko onik isuri omen zuen (Zaitegi); Pozarren dira andreak erotu (Arrese Beitia); Beldurrarren esan ditu Nikanorrek, esan dituenak (Erkiaga).

Instrumentalaren -z atzizkiarekin eginiko postposizio sintagmek ere kausa adieraz dezakete, moduaz gain, gogo edo gorputz egoerarekin zerikusia duten izenekin batik bat: Ez da gosez hilko (Labaien); Egin behar ez nituenak eta beldurrez nahiz lotsaz egin ditudanak, (Mitxelena); esapide intentsiboa eratzen da izen bereko genitiboa aurretik duela: Beldurraren beldurrez ez zekien zer egin ere (F. Bilbao); Damuaren damuz alde egin zuen mutikoak Nekaneren albotik (Erkiaga). Halaber, -en kausaz esapideak, testu zaharretan ageri denak, adiera hori du, bistan denez: Bere hutsen kausaz Jaunak sutara egotziak (Etxeberri Ziburukoa); Zeinaren kausaz askok egin ohi dituen ezer balio ez duten matrimonioak (Otxoa Arin). Berdin, -en indarrez esapideak ere: Penaren indarrez egun guzti hartan mokadurik irentsi ez zuen (G. Arrue). Eta -en kariaz Iparraldekoak edo goi mailakoak: Lagunen kariaz egin du hori.

Kausa adierazten duten postposizio gisa joka dezakete beste forma batzuek ere: -i esker(rak), esate baterako: Sebastian honi eskerrak, jan eta lo ederki egiten genuen (I. Alkain eta A. Zavala); Arta zenbaiti esker, aberea ez zen horretarik hil (Lafitte). Iradokizun negatiboa du, berriz, -en erruz esapideak: Lagunaren erruz galdu zuen diru guztia. Orobat aipa daitezke, azkenik, aurrerago azalduko diren dela-eta eta dela kausa esapide eginak: Hurrengo partida dela eta, aztoratuta dabiltza zaleak; Bozak direla kausa, sutan jarria da herria.

38.1.4d Bestelakoak dira, azkenik, kausazko perpausak eratzen dituzten formak. Adizki jokatuarekin eginek menderagailua daramate: Berandu {etorri delakoetorri baitaetorri denez gero}; jokatugabeak, berriz, esan bezala, aditz izenari postposizioa erantsita eratzen dira: Berandu {etortzeagatik ∼ etortzearren}. Perpaus horiek dira, jokatuak zein jokatugabeak, ondoko ataletan aztertuko direnak.

382Izan + ere’ sekuentzia zenbaitetan ez da diskurtso markatzaile, izan aditzarekin eginiko «aditza, aditza + ere» egitura enfatikoa baizik (bolada txarra etorri zaigu, etorri ere; lasai dago eserita, egon ere bezala, alegia, halakoxea da, izan ere, ‘izan’ aditza bere indarrean delarik). Villasanteren iritziz, egitura horretatik sortu da, hain justu, izan ere markatzailea (1986: 241). Edozein kasutan, zaila da, izan ere edo halakoxea da, izan ere bezalakoak bietara uler daitezke, ‘izan’ aditzaren esanahia indarrean duen egitura gisa nahiz diskurtso markatzaile bilakaturiko esapide bezala (§ 42.23.6).

383 Gaztelaniaren pues-en parekoa da erabilera hau. Azkuek (1923-1925: sec. 725, 491) eta Altubek (1929: 10) okertzat eman zuten.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper